195. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5876/2022 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, salbuespenezko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak onesten dituena autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 34.2 artikuluaren arabera, autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemaren lurralde kontseiluari dagokio zentro, zerbitzu eta entitateak egiaztatzeari buruzko irizpide komunak ezartzea.

2021eko urtarrilaren 15ean, lurralde kontseiluaren osoko bilkurak “talka plana” izenekoa onartu zuen. Plan horrek sistema hobetzeko hamabi puntu biltzen ditu, eta horietako batean aipatzen da beharrezkoa dela autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentroak eta zerbitzuak egiaztatzeko 2008ko akordioan zerbitzuen kalitatea indartzeko egin beharreko aldaketei heltzea.

Horrela, 2021eko uztailaren 26an, lurralde kontseiluaren osoko bilkurak oinarrien erabakia eta ibilbide-orria onartu zituen, autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiaztapen-irizpide komunak aldatzeko; era berean, 2008tik indarrean zegoen akordioa berrikusteko eta birformulatzeko beharra onartu zuen.

2022ko ekainaren 28an, elkarrizketa sozialerako mahaian egindako ekarpenak eta partaidetza-prozesuan parte hartutako entitate sozialenak bildu ondoren, gizarte zerbitzuen eta autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemaren lurralde kontseiluak erabaki bat onetsi zuen, autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentroen eta zerbitzuen egiaztapen- eta kalitate-irizpide komunei buruzkoa. Erabaki horretan zehazten dira laguntzak emateko figura eta profil profesionalak, haien kualifikazioa, sailkapena eta eginkizunak, eta ezartzen da laguntzako langileak egiaztatzeko prozedura, bai eta prestakuntza-plan egokiak ere.

Horrenbestez, Eskubide Sozialen Estatu Idazkaritzaren uztailaren 28ko Ebazpenean ezarritakoarekin bat (ebazpen horren bidez onetsi zen gizarte zerbitzuen eta autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemaren lurralde kontseiluaren erabakia), eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onartzen dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako salbuespenezko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak onestea, Zerbitzu Sozialen Estatu Idazkaritzaren 2022ko uztailaren 28ko Ebazpenean aurreikusitako moduan; ebazpen horren bidez gizarte zerbitzuen eta autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemaren lurralde kontseiluaren Erabakia argitaratu zen, hots, egiaztapen-irizpide komunak ezarri zituena autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko.

Bigarrena.–Salbuespenezko gaikuntza. Eskatzaileak eta betebeharrak.

Etxez etxeko laguntzako laguntzaileen, gerokultoreen, zaintzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako salbuespenezko gaikuntza eskatzen ahalko dute 2022ko abuztuaren 11n baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen dutenek:

–Gutxienez hiru urteko esperientzia izatea eta gutxienez 2.000 ordu lan egin izana azken hamabi urteotan kasuan kasuko lanbide kategorian.

–Eskatutako gutxieneko lan esperientzia horretara iritsi gabe, azken 12 urteetan lanbide horretan lan egin dutenak, egiaztatu nahi diren lanbide gaitasunei lotutako prestakuntza jaso badute, 300 ordukoa edo gehiagokoa.

Hirugarrena.–Behin-behineko gaikuntza. Eskatzaileak eta betebeharrak.

Etxez etxeko laguntzako laguntzaileen, gerokultoreen, zaintzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako behin-behineko gaikuntza eskatzen ahalko dute 2022ko abuztuaren 11n baldintza hauek betetzen dutela frogatzen dutenek:

–Salbuespenezko gaikuntzarako baldintzak bete ez arren, konpromisoa hartzen dutenak, erantzukizunpeko adierazpen bidez, lan-esperientzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuetan parte hartzeko –estatuan edo autonomia erkidegoan egiten direnetan–, edo, 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasita (data luzaezina), profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza egiteko.

Laugarrena.–Gaikuntza eskatzeko prozedura.

Salbuespenezko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza prozedurak Foru Komunitateko Administrazioak tramitatuko eta ebatziko ditu, eskatzaileak azken zerbitzuak Nafarroan eman dituenean.

Gaikuntza prozedurak interesdunak eskatuta hasiko dira. Horretarako, eskaera bat aurkeztu beharko dute Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari zuzendua.

Eskaera helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa izanen da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Acreditacion-de-la-cualificacion-profesional-para-trabajar-en-el-area-de-atencion-a-la-Dependencia

Eskabidea, eskatzen diren betebeharren ziurtagiriekin batera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan aurkeztuko da (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Bosgarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Salbuespenezko gaikuntza.

a.–Nortasun Agiri Nazionala edo agiri baliokidea, eskatzailea identifikatu ahal izateko.

b.–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako lan-bizitzaren ziurtagiria.

c.–Lan egin duen enpresak edo enplegatzaileak egindako ziurtagiria, non adieraziko baitira lan egindako aldiak, lanaldi mota, zein lanbide kategoriatan aritu den eta esleitutako eginkizunak.

d.–Prestakuntza eman duen entitateak egindako prestakuntza ziurtagiria, honako hauek adieraziko dituena: prestakuntza-ekintzaren edukia edo emandako arloak, prestakuntza orduak eta egin zeneko data; orobat, adierazi beharko da, modu formalean, eskatzaileak prestakuntza-ekintza gainditu edo ebaluazio positiboa jaso duela edo probetxuz bukatu duela.

b) Behin-behineko gaikuntza.

a.–Nortasun Agiri Nazionala edo agiri baliokidea, eskatzailea identifikatu ahal izateko.

b.–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako lan-bizitzaren ziurtagiria.

c.–Lan egin duen enpresak edo enplegatzaileak egindako ziurtagiria, non adieraziko baitira lan egindako aldiak, lanaldi mota, zein lanbide kategoriatan aritu den eta esleitutako eginkizunak.

d.–Konpromiso idazki bat, adierazteko parte hartuko duela lan esperientzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko autonomia erkidegoek edo estatuak antolatzen dituzten prozesuetan, edo kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza eginen duela.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa kaltetu gabe, eskabidearen eredu ofizialari erantsita, eskatzaileak organo kudeatzaileari ematen dion berariazko baimena aurkeztuko da, zeinaren bidez organo horrek nortasun datuak eta lan-bizitzari buruzkoak egiaztatzen ahalko baititu Gizarte Segurantzaren datu sistemetan eta nortasun datuak egiaztatzeko sistemetan sartuz.

Seigarrena.–Akatsak zuzentzea.

Eskaerak betetzen ez baditu tramitaziorako aipatu diren baldintzak, edo eskatutako dokumentazioa erantsirik ez badu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerrak zuzentzeko edo eskatutako agiriak aurkezteko; adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, ulertuko dela prozeduran atzera egiten duela, behar den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak ezarritako moduan.

Zazpigarrena.–Prozeduraren bukaera.

a) Salbuespenezko gaikuntza.

Salbuespenezko gaikuntza lortzeko prozedura bukatuko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak lanbide gaikuntzaren ziurtagiri bat emanez; bestela, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du eskaera ezesteko. Ziurtagiria edo, hala badagokio, gaikuntza ezesteko ebazpena eman beharko da eskaera Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren erregistroan sartu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Aipatutako epe horretan ziurtagiririk ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Salbuespenezko gaikuntzari buruzko ziurtagiriek estatuko lurralde osoan izanen dute balioa.

b) Behin-behineko gaikuntza.

Behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedura bukatuko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak lanbide gaikuntzaren behin-behineko ziurtagiri bat emanez; bestela, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du eskaera ezesteko. Ziurtagiria edo, hala badagokio, gaikuntza ezesteko ebazpena eman beharko da eskaera Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren erregistroan sartu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Aipatutako epe horretan ziurtagiririk ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Behin-behineko gaikuntzaren ziurtagiriek estatuko lurralde osoan izanen dute balioa, 2022ko abenduaren 31ra arte.

Lan esperientzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko prozesuetan parte hartu ezean, edo profesionaltasun ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza egiten ez bada ezarritako epean, behin-behineko gaikuntzak indarra galduko du.

Behin-behineko gaikuntzek balioa izanen dute 2022ko abenduaren 31tik aurrera baldin eta data hori baino lehen hasi badira profesionaltasun ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako esperientzia edo prestakuntza ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuak.

Zortzigarrena.–Eman diren salbuespenezko gaikuntzak.

Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo autonomia erkidegoetako organo eskudunek emandako salbuespenezko gaikuntzek, lurralde kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakian ezarri eta 2017ko urriaren 19ko Erabakiaren bidez aldatu ziren irizpideekin bat, lurralde nazional osoan izanen dute balioa, eta ez da beharrezkoa izanen salbuespenezko beste gaikuntza bat tramitatzea.

Bederatzigarrena.–Behin-behineko gaikuntzen komunikazioa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak behin-behineko gaikuntza eskatu duten pertsona guztiak identifikatu ditu, bakoitzaren izena, IFZ eta lanbide kategoria adierazita.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonen zenbakizko zerrenda bidaliko zaio IMSERSOri, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Batzorde Delegatuaren barruan behar diren jarduerak koordinatu eta sustatzeko, profesionaltasun ziurtagiria lor dezaten halakorik ez duten langileek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ondoriorik gabe geratzen dira ebazpen hauek: 1653/2018 Ebazpena, martxoaren 13koa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearena, mendekotasunaren arloko lanbide-kategorietarako salbuespenezko gaikuntzarako eta behin-behineko gaikuntzarako prozedurak onesten dituena, eta 3184/2021 Ebazpena, apirilaren 29koa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearena, aldatzen duena martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpena, salbuespenezko behin-behineko gaikuntzaren kasu berri bat sartzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honen edukiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean izanen ditu ondorioak.

Hala ere, lurralde arteko kontseiluaren 2022ko ekainaren 28ko Erabakiak indarra hartzen duen egunean ebatzi gabe dauden eskaerak bertan ezarritako irizpideen arabera tramitatuko dira, interesdunentzat onuragarriagoak diren heinean.

Behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 25ean.–Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordea (zuzendari kudeatzailea ez dagoenez, azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretua), Olga Sala López.

Iragarkiaren kodea: F2212437