195. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzak emateko deialdi bat, Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei zuzendua, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte. DDBN identifikazioa: 644567.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) eskumena du gai honetan, eta modu espezifikoan hel diezaioke gazteriaren arloari; halaxe xedatu baita azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak. Institutuaren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta dirulaguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak helburu du gazteen elkartegintza sustatzea, horrek bide ematen baitu gazteak gizarte-bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten. Horretarako, laguntza eman nahi zaie entitate horiei, gazteentzako programak presta ditzaten eta ekipamendua eskuratu dezaten beren egoitza eta jardueretarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko deialdia, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

090002-09100-4819-232100: Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak

2023

183.000,00

090002-09100-7819-232105: Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza

2023

10.000,00

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 16an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea dirulaguntzak eman dakizkien Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte.

Deialdi honetara bideraturiko aurrekontua, proiektuen apartatuan, 183.000 eurokoa izanen da gehienez, 2023ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2022ko gastu aurrekontuko 090002-09100-4819-232100 partida, “Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak” izenekoa. Horrez gain, 10.000 euro izanen dira ekipamendua erosteko apartatuan, 2023ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2022ko gastu aurrekontuko 090002-09100-7819-232105 partida, “Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza” izenekoa.

2.–Helburua.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da laguntza ematea Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei, partez finantzatuz gazteriaren arloko programak gauzatzeko eta ekipamenduan egiten dituzten gastuak, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartekoak.

Deialdiak onura publikoa dakar, gizartearentzat interesgarria delako gazteen elkartegintza sustatzea, eta bide bat sortzen delako gazteek parte har dezaten beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan.

3.–Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

3.1.–Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitate guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.

3.2.–Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen entitateek, baldin eta legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.2.1.–Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duen entitate baten mende ez egotea, ez ekonomikoki ez instituzionalki.

3.2.2.–Estatutuetan jasota agertzea entitatearen xedea dela gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea.

3.2.3.–Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

4.–Proiektuen eta ekipamendu gastuen kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1.–Proiektuen edukia:

Proiektuak hamalau eta hogeita hamar urte bitarteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

Proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, eta lortu nahi diren helburuak erdiestera bideratuak izan beharko dute, plan egituratu bati jarraikiz.

Gazteen bizi garapena laguntzen duten eta gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Genero ikuspegia kontuan hartu behar dute proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzeko jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia eta astialdia bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

k) Ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak.

Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta obrak egitea helburu dutenak ere.

Proiektu horiek 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarteko epean gauzatu beharko dira.

4.2.–Ekipamendu gastuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuek, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean, dirulaguntzak lor ditzakete ekipamendu gastuetarako, baldin eta gazteen jardueren atalerako eskatzen badute dirulaguntza, eta haren onuradun badira (4.1 oinarria).

Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuek eska dezakete dirulaguntza, entitatearen jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamendua erosteko gastuetarako, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartekoak badira.

5.–Kontzeptu eta gastu diruz lagungarriak.

5.1.–Proiektuak egiteko gastu diruz lagungarritzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraio gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzaren herritik kanpo gutxienez ere gau bateko ostatua behar duten jarduerak. Inguruabar bereziei erantzun nahian, kontuan harturik COVID-19ak osasun arloan ekarri duen ohiz kanpoko egoera, irtenaldietako mantenu gastuak ordainduko dira nahiz eta gaua kanpoan ez pasatu, eta onartuko da jarduera udalerri barnean egitea. Horretarako, arrazoi aski sendoa izan beharko da, eta baimena beharko da.

–Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik aurkeztutako plangintza nabarmen aldatzen denean, egin nahi den aldaketari buruzko eskaera bat aurkeztu beharko da, behar bezala argudiatuta, eta baimena beharko da.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedapenean egindako gastua.

–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, halako proiektuetan non, beren berezitasunengatik, kontratatu behar baitira gauzatuko den proiektuaren arloan adituak diren teknikari profesionalak.

–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

–COVID-19aren prebentziorako materiala: osasun eta prebentziorako materiala erostea, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta.

5.2.–Ekipamendu inbentariagarria eta ekipamendu informatikoa erosteak eragindako gastuengatik dirulaguntza jasotzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuek ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Ekipamendu inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak: altzariak eta tresnak (esate baterako, mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak eta abar).

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun ez-suntsigarriak erostekoak; esate baterako, orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala: etxetresna elektrikoak, su txikiak, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar.

Ekipamendu informatikorako gastutzat jotzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak. Alde horretatik, honako hauek lagunduko dira diruz:

Ekipamendu informatikoa erostea: ordenagailua, inprimagailua, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak (telefono mugikorrak, argazki eta bideo makinak, USBak, GPSak...) eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipo informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

Ondasun inbentariagarriak erostean bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa:

“4. Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, honako arau hauek beteko dira:

a) Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunok dirulaguntzaren xederako. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko letran ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege honen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan”.

Bi urteren ondoan, elkarte onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, baieztatzeko betetzen dutela, oraindik ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan xedatutakoa.

Diruz lagungarriak izateko, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte egin beharko dira.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.–Diruz lagungarriak ez diren kontzeptu eta gastuak.

Deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira honako hauek:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, herriko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen entitateen berezko jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Hiri kanpaldietako mantenu gastuak.

–Elkarteko zein elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteko langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen berezko jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera-eremua gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpaldietara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Entitatearen ibilgailuen aseguruen ordainketa.

–Sariak eta opariak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Gazte elkarteen, gazte atalen eta entitate emaileen barne-funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, esate baterako, egoitzaren alokairukoak, telefonia edo Interneteko gastuak, material inbentariagarri eta informatikoak konpontzekoak, kilometro-gastuak, bidesari eta aparkalekuen ondoriozkoak eta abar.

–Dirulaguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzeneko loturarik ez duten gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako eskersari, lan sari edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar).

7.–Dirulaguntzen gehieneko kopuruak.

7.1.–Proiektuak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 183.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, hainbanaketa eginen da.

7.1.1.–Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da entitateentzako dirulaguntza, eta 8.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.1.2.–Lehen fasean, proiektu bakarrerako dirulaguntza emanen zaio entitate bakoitzari, 11.1.2 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei aurreikusitako gehieneko kopurua emateko, hainbanaketa eginen da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuei helduko litzaieke, gutxieneko puntuazioa lortzen badute. Puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira proiektuok, deialdiari geratzen zaion zuzkidura agortu arte.

7.1.3.–Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 4.1 oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

b) Egoitzaren herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 29 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

Salbuespenez irtenaldia egiten bada baina gaua kanpoan eman gabe, gehieneko gastua parte-hartzaile eta eguneko 10 euro izanen da. Halako salbuespen-egoerak behar bezala arrazoitu eta baimendu beharko dira.

c) Proiektuaren ezaugarriengatik profesionalen zerbitzuak kontratatu behar direnean, horren gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da gehienez ere.

7.2.–Ekipamenduak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 10.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Kreditu hori ez bada nahikoa guztiei aurreikusitako gehieneko zenbatekoa emateko, hainbanaketa eginen da.

7.2.1.–Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez ekipamendua erosteko dirulaguntza, eta, orobat, 1.000,00 euro gehienez ere.

8.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

8.1–Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko (www.nafarroa.eus) “Tramiteak” esteka erabiliz, ahal dela.

Eskaera NGIra zuzendu beharko da eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

8.2.–Eskaerak aurkezteko epea 1 hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3.–Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoaren esteka honetan daude eskuragarri:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-asociaciones-juveniles-2023

9.–Eskaera eta dokumentazioa.

9.1.–Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan eta www.juventudnavarra.es/eu webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztuko dira eskaerak (II. eranskina, 1-5 fitxak), honako agiri hauekin batera:

a) Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik ez dauden gazteen entitateen kasuan:

1.–Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.

2.–Elkartea edo entitatea dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.

3.–Azken zuzendaritza batzordearen erregistroko idatzoharra. Zuzendaritza batzordeak eguneratuta egon behar du.

4.–Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

5.–Elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren NANa, eskatzailea denean; bestela, eskaera sinatzen duenaren NANa eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

6.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, dirulaguntza eskatzen den lehenengo aldia baldin bada edo datuak aldatu baldin badira.

b) Eskaera guztiekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

9.1.1.–Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri hori gehienez hilabete lehenago emana izanen da. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

9.1.2.–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egin dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

9.1.3.–Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik (II. eranskina-1. fitxa).

9.1.4.–Sexu Delitugileen Erregistro Nagusiko ziurtagiri negatiboa (Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua), baldin eta egin beharreko jarduerek adingabeekin harremana izatea badakarte. Hori guztia adingabeekin harremana duten boluntario eta profesional guztiei eskatuko zaie.

Ziurtagiri horrek deialdiaren urte natural berean emana izan beharko du .

9.1.5.–Proiektua eta jarduerak, behar bezala prestatuta eta ekonomikoki baloratuta. Inprimakiak (II. eranskina, 1., 2., 3., eta 4. fitxak) osorik bete beharko dira, eta proiektu eta jarduera bakoitzeko aurkeztu beharko dira.

9.1.6.–Elkarteak proiektuak prestatzen eta jarduerak eta programak planifikatzen daukan esperientzia jasotzen duten agiriak.

9.2.–Ekipamendua erosteko eskaerekin batera aurkeztuko dira, batetik, enpresa hornitzaileen aurrekontua(k), non azalduko baita zer material erosi nahi den, eta, bestetik, 9.1.3 oinarrian adierazitako erantzukizunpeko adierazpena. (II. eranskina - 5. fitxa).

9.3.–Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, NGIk entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

10.1.–Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala arduratuko da dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozeduraren antolaketaz eta instrukzioaz.

10.2.–Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak entitate eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3.–Gaitutako helbide elektronikora (GHE) jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, zeina aurreko paragrafoan ezarri baita.

10.4.–Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere. Datu faltsuak dituztenean, bidezko erantzukizuna eska daiteke.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1.–Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, denak batera:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):

–Jardueren plangintza (10 puntu gehienez).

–Helburu, ekintza eta aurrekontuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu gehienez).

–Emaitzen adierazleak (5 puntu gehienez).

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu gehienez).

Bazkideen %71 eta %100 bitarte: 10 puntu.

Bazkideen %41 edo gehiago eta %71 baino gutxiago: 7 puntu.

Bazkideen %21 edo gehiago eta %41 baino gutxiago: 4 puntu.

Bazkideen %1 edo gehiago eta %21 baino gutxiago: 1 puntu.

Parte hartzen duen bazkiderik ez, edo bazkideen %1etik beherako parte hartzea: 0 puntu.

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

11.2.–Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 4.2 eta 7.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera baloratuko dira.

12.–Dirulaguntza emateko ebazpena, justifikazioa, eta dirulaguntza ordaintzeko ebazpena.

12.1.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

12.1.1.–NGIko zuzendari kudeatzaileak deialdiaren dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

12.1.2.–Dirulaguntzen deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazteko, gaitutako helbide elektronikora (GHE) jakinarazpen elektronikoa igorriko da.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko “Tramiteak” atalean kontsultatzen ahalko dira, www.nafarroa.eus atarian.

12.1.3.–Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

12.1.4.–Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.

12.2.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketaren ebazpena.

12.2.1.–Dirulaguntza justifikatzeko agiriak (III. eranskina) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Justifikazioa NGIri zuzendu beharko zaio, eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

12.2.2.–Diruz lagundutako gastu guztia justifikatu beharko da. Justifikazioak aurkezteko epea 2023ko urriaren 6an bukatuko da. Epez kanpo aurkezten diren frogagiriak ez dira onartuko, ez eta datu faltsutuak dituztenak ere.

12.2.3.–Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren berariazko fitxan eskuratu daitezke.

Justifikaziorako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

12.2.4.–Proiektuak.

a) Proiektuaren memoria orokorra, proiektuaren helburu nagusiei eta horien betetze mailari buruzko informazioa ekarriko duena, proiektuaren ebaluazioa eta programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa (III. eranskina - 1. fitxa).

b) Jarduera bakoitzaren amaierako memoria, informazio deskriptibo hau ekarriko duena: jardueraren emaitzak, jarduera zer tokitan gauzatu den, zer egunetan, parte-hartzaileak, jardueraren ebaluazioa (erabiltzaileek egindakoa eta monitoreek egindakoa), ondorioak, etorkizunean egin daitezkeen jarduketetarako oharrak eta gomendioak; eta ekintza bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraka banakaturik (III. eranskina - 2. fitxa).

12.2.5.–Ekipamendua.

a) Ordaindutako gastu guztietatik dirulaguntzaren xede diren horien fakturen eta frogagirien zerrenda zehatza eta zenbakitua, 7.2 oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Honako hauek jasoko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa (III. eranskina - 3. fitxa).

12.2.6.–Kasu guztietan (12.2.4 eta 12.2.5 oinarriak):

a) Gastuak justifikatzeko, jarduera antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen aldeko fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Fakturak egin behar izatetik salbuetsirik egon arren ziurtagiriak egiten dituzten entitateek, ziurtagirian berean adierazi beharko dute zer arauren arabera dauden salbuetsirik, modu frogagarrian.

Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Agiriak honela aurkeztuko dira:

Karpeta batean, justifikazioan eskatzen diren agiri guztiak, eta ekintzen fitxak, dataren arabera ordenatuak, fakturekin eta dagozkien ordainagiriekin batera. Jarduera zehatz bakoitzerako, fakturak eta beren ordainagiriak Excel orriaren arabera ordenaturik eta zenbakiturik egonen dira (fakturak eta ordainagiriak, baldin horrelakorik bada, zenbaki bera izanen dute), eta aurkibidea izanen dute.

b) Egindako gastuen zerrenda, jarduerak sortutako fakturak xehakaturik. Agiri hori Excel formatuan aurkeztu behar da (III. eranskina - 4. fitxa).

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko zer beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide lortu diren, zehaztuta zer kopuru eskatu den, entitateen izena eta emandako zenbatekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluarekin bat (III. eranskina).

d) Faktura guztiak ordaindu izanaren frogagiria.

12.2.7.–Dirulaguntza Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ordainduko da, behin proiektu teknikoa justifikatu eta, hala dagokionean, diruz lagundutako ekipamendua erosi ondoren.

a) Diruz lagundutako gastuaren %100 justifikatu ezean, egindako gastua murriztu den adina murriztuta ordainduko da dirulaguntza, eta hori, betiere, entitate onuradunak –edo, kasua denean, entitate laguntzaileak– egindako gastua nahiko hurbil badago gastu osotik eta hark ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela.

Onuraduna edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzailea nahiko hurbil badago konpromisoak erabat betetzetik, eta ezbairik gabe erakusten badu horretan ahalegindu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1. p) eta 35.3 artikuluetan aipatutako irizpideak erabiliko dira itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko.

b) Gastuen faktura bidezko justifikazioan, proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduera guztiak adierazi beharko dira.

c) Eskatutako dokumentuak Nafarroako Foru Administrazioan lehenago aurkeztu badira, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko da noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo jaulki ziren, edo zeinetan dauden jasota, baldin bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.7.–Dirulaguntzen deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazteko, gaitutako helbide elektronikora (GHE) jakinarazpen elektronikoa igorriko da.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

13.–Betebeharrak.

13.1.–Xedea bete, proiektua gauzatu eta material inbentariagarria erostea, dirulaguntza emateko arrazoia baita.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

13.2.–Entitate onuradunek dirulaguntzaren xede diren helburuetarako erabili beharko dute dirulaguntza, hori agiri bidez justifikatu, eta NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.3.–Egiaztapen eta kontrol lanak behar bezala egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat (II. eranskina).

13.4.–Halaber, entitate onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute (III. eranskina) azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz (foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera).

Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren dirulaguntza izan dela.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta genero rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

13.5.–Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea (III. eranskina), non adieraziko baita hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean.

Kasu horietan, elkarte onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

13.6.–Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiliko da komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari erantzukidetasunari eta berdintasunezko parte-hartzeari lotutako baloreak sustatuko dira.

13.7.–Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta horietan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, hala nola hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

13.8.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (III. eranskina).

15.–Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

16.–Datuen babesa.

Deialdi hau dela-eta egiten den datu pertsonalen tratamenduan, datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak xedatutakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hauetan adierazitakoa: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu baitzuen; eta 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa, hartan xedatuaren aurkakoa ez den orotan.

17.–Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, dirulaguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita berandutze-interesa ordaintzea ere, hala badagokio. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatutakoari jarraikiz kalkulatuko da berandutze-interes hori, dirulaguntza ordaindu zen egunetik hasita, ezertan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren gainontzeko erantzukizunak.

Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18.–Gardentasun betebeharrak.

18.1.–Entitate onuradunek bete beharko dute bai Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan bai Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

18.3.–Atal honetan aipatzen den informazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, NGIri zuzendua.

18.4.–Onuradunak informazio arloko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezkoa bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

18.5.–Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

18.6.–Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2211350