195. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

49/2022 FORU AGINDUA, irailaren 26koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Altsasuko esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena (PIG 53 esp.).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Altsasun esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskatu da. Guztira 72 etxebizitzari eragiten die, eta honako 10 atari hauek hartzen ditu:

–Tomas Zumalakarregi plaza 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7.

–Bake kalea 36, 38 eta 40.

Eraikin horiek 1969 eta 1970 bitartean eraiki ziren, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen dute, garai hartako eraikuntza-sistema duena.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Kanpoaldearekin kontaktuan dauden eraikuntza-elementu guztietan esku hartuko da, eta inguratzaile berriek, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren HE1 oinarrizko dokumentuan (Energia-eskaria mugatzea) eraikin berrietarako ezarritako eskakizunak beteko dituzte. Eta irisgarritasun-jarduketei dagokienez, SUA oinarrizko dokumentuan (Segurtasuna eta erabilera eta irisgarritasuna) eta SUA/2 laguntza-dokumentuan ezarritakoa betetzen da.

Horregatik guztiagatik, babesgarritzat hartzen diren jarduketak dira, eta behin-behineko kalifikazioa lor dezakete birgaitze-lan babesgarri gisa.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Altsasuko 10 atari hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (PIG 53 esp.):

–Tomas Zumalakarregi plaza 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7.

–Bake kalea 36, 38 eta 40.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Altsasuko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 26an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2212888