195. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

882E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita honako proiektu honetarako: “Minden digestio anaerobiorako 160 kW-eko instalazioa, autokontsumorako eta gerakinaren salmentarako, esnetarako behien ustiategi batean, Etxeberrin”. Proiektua Ganadería Etxeberri ENSak sustatu du (653 NA).

2022ko maiatzaren 24an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. taldean, f) epigrafean.

Aldaketaren xedeko abeltzaintzako ustiategia Arakilgo 4. poligonoko 33., 332. eta 333. lurzatietan dago, Etxeberrin. Bertan, esnetarako behi-azienda ukuiluetan hazten da; batez beste, 550 behi heldu daude, eta horiek ordezten joateko aurrerako 450 txahal eta biga.

Kontuan harturik zer nolako ezaugarriak dituen aldaketaren xedeko jarduera nagusiak (esnetarako behien ustiapena, 300 behi baino gehiagotarako lekua duen ustiategian), II. eranskineko 1. taldean, f) epigrafean sartzen da, eta horrenbestez, hor xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 7an emandako 696/2008 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zen esnetarako behien ustiategirako, Arakilgo udal-mugartean. Horren titularra Ganadería Etxeberri ENSa da (653 NA).

Ingurumen baimen horretan aldaketak egin ziren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 1362/2009 Ebazpenaren, abuztuaren 26ko 1751/2009 Ebazpenaren eta maiatzaren 12ko 774/2010 Ebazpenaren bidez.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren txostena egin aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die, ukitutako administrazio diren aldetik, Nafarroako Gobernuaren Abeltzaintza Zerbitzuari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Etxeberriko kontzejuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta interesdun den aldetik, Greenpeace erakundeari. Tramite hori egin ostean, ez da erantzunik jaso. Espedientean Arakilgo Udalaren aldeko txostena dago jasota.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Orain proposatutako aldaketaren xedea da minda biometanizatzeko instalazio bat jartzea ustiategian, 160 kW-ekoa, zeinak energia elektrikoko 1.392 MWh eta energia termikoko 1.348,5 MWh sortuko baititu urtean. Instalazio horrek 300 m² inguru hartuko ditu Arakilgo 4. poligonoko 333. lurzatian, hor dauden pabiloien ondoan. Instalazioa martxan jartzearekin batera berotegi-efektuko gasen isuria murriztuko da, zehazki, 2.043 tona CO2 baliokide urtean. Aurkeztutako agirien arabera, ustiategiko minda guztiak tratatuko dira, hots, urtean 15.678 eta 22.484 tona bitarte.

Orain aldatzen den ingurumen baimen integratuan kontrol eta prebentzio neurri batzuk ezarri ziren, ustiategiko jarduera nagusiak emisio, isuri, hondakin, baliabide kontsumo eta abarrei dagokienez bete beharrekoak. Horrez gain, ingurune naturala eta paisaia babesteari dagokionez, baimenean zehazten zen aurreikusitakoaren araberako landaketak eginen zirela paisaian estetikoki integratzeko, eta eremuko espezieak landatzea baloratuko zela, esaterako astigarrak (Acer campestris), lizarrak (Fraxinus excelsior) edo haritzak (Quercus robur).

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako agiriak ikusirik eta azterturik “Minden digestio anaerobiorako 160 kW-eko instalazioa, autokontsumorako eta gerakinaren salmentarako, esnetarako behien ustiategi batean, Etxeberrin” proposamenaren ondoriozko ingurumen-inpaktua, Ingurumen Eraginaren Atalak aditzera ematen du ezen, kontuan harturik kontsulten emaitzak eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz bildutako irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen ingurumenean, eta, hortaz, proiektuak ez du bete beharko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. “Minden digestio anaerobiorako 160 kW-eko instalazioa, autokontsumorako eta gerakinaren salmentarako, esnetarako behien ustiategi batean, Etxeberrin” proiektuak ez du ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen ingurumenean, kontuan hartzen badira ingurumen baimen berrian emisio, isuri, hondakin, baliabideen kontsumo eta abarrei buruz bilduko diren kontrol baldintzak. Proiektua Ganadería Etxeberri ENSak sustatu du (653 NA).

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Arakilgo Udalera eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2212141