193. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

209/2022 FORU AGINDUA, irailaren 1ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2022. urtean Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak ematea arautzen duten oinarriak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu zenetik, Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluan ezarritakoa betearaztera jo du, artikulu horren bidez botere publikoen esku uzten baita gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean modu libre eta eraginkorrean parte-hartzeko baldintzak sustatzea.

Apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak, aitortza emateko gazteriaren arloan zerbitzuak ematen egindako ibilbide bati eta izan diren jarduketa nabarmenei, berdin pertsonek, elkarteek, instituzioek eta erakunde publiko zein pribatuek eginak izan.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.4 artikuluak xedatzen duenez, “gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta sariak emanen dira horretarako”.

Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak eratzen dituen apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariari behar diren xedapenak eman ditzan dekretu hau garatu eta betearazteko; departamentuen egitura berria eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egungo atxikipena kontuan harturik, eskudantzia hori Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ematen zaiola ulertu behar da.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak sortu zuen Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa eta haren estatutuak onetsi zituen, non azaltzen baita, 2. artikuluan, erakundea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak emandako plangintza eta politika orokorreko jarraibideen menpe dagoela.

2022an gazteriaren arloko sariak emateko prozedura arautu eta artikulatzeko asmoz, beharrezkoa da sari horiek emateko deialdiaren oinarriak ezarriko dituen foru agindu bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2022. urtean Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak ematea arautzen duten oinarriak, zeinak foru agindu honen eranskinean ageri baitira.

2. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutura eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera.

Iruñean, 2022ko irailaren 1ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

I. ERANSKINA

2022. urtean Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak ematea arautzen duten oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak 2022. urtean emateko araubidea ezartzea.

2. Helburua.

Sarien helburua norbanakoen edo taldeen lana eta ibilbidea goraipatzea da. Hala, sarituak izan daitezke Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia, berdintasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz lanean ari diren pertsonak, elkarteak eta taldeak, instituzioak eta erakunde publiko zein pribatuak.

3. Eremua.

Gazteriaren arloko sariak I. eranskin honen 2. oinarrian aipatzen diren pertsonek edo taldeek jaso ditzakete.

4. Saria.

Honako sari kategoria hauek ezarri dira:

–Gazteari saria.

–Parte-hartze sozialari saria.

–Instituzio edo erakundeari saria.

Sari gisa, gizartearen aitortza irudikatzen duen bereizgarri bat eta egiaztapen diploma bat emanen dira.

4.1. Gazteari saria.

Sari horren bidez 14 urtetik 30 urte bitarteko gazte nafar bat goretsiko da, haren ibilbide pertsonala gainerako gazteentzat eredugarria delako eta estuki lotuta dagoelako gizarte modernoen berezko balioekin (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizimodu osasungarria, etab.).

Sari bat edo bi eman daitezke: bata, balio guztiak biltzen dituen gaztea nabarmentzeko, eta bestea, berariazkoagoa, azpimarratu nahi den balio jakin bat goraipatzeko.

4.2. Saria parte-hartze sozialari.

Sari horren bidez nabarmenduko da Nafarroan aintzatetsiriko talde edo elkarte bat, gazteriak parte hartzeko ekintzak bideratzen dituena, jardun handikoa, gazteek eraginkortasunez parte har dezaten bermatzen duena Nafarroako garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, eta, azkenik, Nafarroako Foru Komunitatean diharduena, edo, beste lurralde batean jardun arren, lana eta irudia, zalantzarik gabe, Nafarroarekin loturik dituena.

4.3. Saria instituzio edo erakundeari.

Sari honen bidez, erakunde edo entitate publiko edo pribatu baten lana goretsiko da, gazteen aldeko lanarengatik nabarmentzen dena eta bideak eskaintzen dituena gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko. Instituzio edo erakunde horrek berezko nortasun juridikoa izan beharko du, Nafarroan helbideraturik egon beharko du eta haren jarduera eremu bakarrak, edo lehentasunezkoak behinik behin, gazte nafarrek osatzen duten multzoa izan beharko du.

4.4. Nafarroako Gazteriaren Institutuak aukera izanen du sari bat edo gehiago emateko, aipamen berezi gisa, gazteen arloan eragina duten gertakari azpimarragarriak goraipatzeko.

4.5. Laugarren oinarri honetan aipatutako sari bat edo gehiago eman gabe utz daiteke.

5. Agiriak eta aurkezteko epea.

5.1. Sariak emateko proposamenak deialdi honekin batera (II. eranskina) argitaratzen den eskabidean aurkeztuko dira. Inprimakia Nafarroako Gazteriaren Institutuko web orrian egonen da eskuragarri. (www.juventudnavarra.es/eu). Eskabide-orria oso-osorik bete beharko da. Hala egiten ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala eskatuko da zuzenketa.

Honako hauek proposatzen ahal dituzte Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko sariak jasotzeko hautagaiak: Nafarroako Foru Komunitateko Gazte Entitateen Zentsuan inskribaturik dauden gazte erakundeek, Nafarroako Gazte Kontseiluak, Nafarroako toki entitateek, Nafarroako Foru Komunitatean dauden unibertsitateek eta hedabideek, eta gazteriaren arloko esparru sozialean jarduten duten erakunde publiko edo pribatuek.

5.2. Sariak emateko proposamenak aurkeztu ahal izanen dira foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita eta 2022ko urriaren 31 arte. Proposamenak, ahal dela, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira.

Horrez gain, eskabidea aurkez daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuta.

6.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak batzorde teknikoa izendatuko du. Batzorde horrek aztertuko du jaso diren proposamenen egokitasuna, sari bakoitzarentzat ezarritako ezaugarrien arabera, eta bost proposamen aukeratuko ditu, gehienez ere, sari bakoitzarentzat. Aholku batzordeak bost horien gainean hartu beharko du erabakia.

7. Aholku batzordea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko ditu aholku batzordea osatuko duten kideak, web orrian eta gardentasun atarian argitaratuko den ebazpen baten bidez. Batzorde hori osatuko dute gazteriaren esparru sozialean aritzen diren norbanako eta entitate batzuek. Aholku batzordeak gazteriaren sariak emateko azken proposamena igorriko dio zuzendari kudeatzaileari.

Batzordeak bere barne arau berariazkoei jarraikiz jardunen du. Batzordeko buruak kalitateko botoa izanen du.

8. Ebazpena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onetsiko da gazteen arloko sariak nori emanen zaizkion. Ebazpena sarituei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian argitaratuko da. (www.juventudnavarra.es/eu).

II. ERANSKINA

Proposamena (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2211902