192. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

881E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen eraginari buruzko txostena “Abaigar, Antzin, Legaria, Murieta eta Oko udal-mugarteetan Ega ibaiaren inguruan ibai pasealeku bat egokitzeko eta seinaleztatzeko proiektua”-ri dagokionez, udal horiek sustatua berau.

Proiektuaren xedea da egokitzea Ega ibaiaren ondotik doan 7.600 metroko pasealekua, Abaigar, Murieta eta Okorako adarrekin. Ega ibaiaren ertzeko trazadura Natura 2000 Sarean dago, zehazki “Ega eta Urederra ibaiak” Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE-ES 2200024).

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izanen dira “I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei”.

2021eko urriaren 19an, Murietako Udalak espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak, 2022ko otsailaren 3an, informazio osagarria eskatu zuen, eta bereziki ingurumen dokumentua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan jasotako edukiarekin. 2022ko maiatzaren 5ean, sustatzaileak dokumentazio hori helarazi zuen.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin zien, 2022ko maiatzean, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Zehazki, 8 kontsulta egin dira: Basoak Kudeatzeko Atala (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua), Ibai Ingurunearen Atala (Biodibertsitatearen Zerbitzua), Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia, Lizarrako kirol ehiztarien eta arrantzaleen elkartea, Ekologistak Martxan (Lizarra), Salvemos el Ega bizirik eta Teder elkartea. Horietatik, Basoak Kudeatzeko Atalaren (2022ko uztailaren 19an) eta Ibai Ingurunearen Atalaren (2022ko uztailaren 21ean) erantzunak jaso dira, eta horietan sastrakak kentzeari, lur-mugimenduei, ibilguak gurutzatzeari eta atsedenlekuei buruzko gogoetak daude jasoak, eta horiek kontuan hartu dira ingurumen eraginaren txosten honetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena eman beharrari buruz txosten horretan ezarritako moduan.

Proiektuaren deskribapena:

Proiektatutako jarduketaren helburua da Ega ibaiaren inguruan, mendiko bizikletek ere erabil dezaketen oinezkoentzako bidezidor bat egokitzea eta seinaleztatzea. 7.600 metroko luzera izanen du, 2 metroko zabalera gehienez, eta lurrezko zoru bat edo zoru balarkara (zagorrik gabe). Era berean, hiru adar txiki seinaleztatzea proposatzen da, lehendik dauden bideetatik barrena. Horietako bi Oko eta Legariako hiriguneak trazadurarekin lotzeko dira; hirugarren adarrak (hiri barnekoa), berriz, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea Murietako ibai pasealekuarekin lotuko du.

Hiru jarduketa mota bereizten dira: sastrakak kentzea eta inausketa, lur-mugimenduak eta zenbait erreten eta erreka gainditzeko azpiegiturak sortzea, bai eta jolas-eremuetan dagokion seinaleztapena eta altzariak jartzea ere, jarraian zehazten den moduan:

–Zenbait tartetan –memoriako 16. orrialdean zehaztuak– aurreikusita dago landaredia kentzea (motosegaz) eta bidea egokitzea (makina arinekin), dauden irregulartasunak gutxitzeko. Bide guztien zabalera 2 metrokoa izanen da.

–Bost pasabide eraiki behar dira ibilgu txiki naturalen gainean, eta bi Abaigarko errotako irteeraren eta hustubide-kanalen gainean. Halaber, egun dauden sei pasabide kenduko dira. Aurreikusitako lur-mugimendu bakarrak errekasto eta ubideen gaineko pasabide horiek eraikitzetik eratorritakoak dira. Jarduketa horiek oso txikiak direnez, eremu horretan berrerabiliko dira lurrak (ez da beharrezkoa zabortegira eramatea).

–Trazadura osoa uholde-arriskuko eremuan dagoenez, mantentze-lanak minimizatzeko, ibilbideko puntu oso zehatzetan baino ez da erabiliko zagor artifiziala (aurreikusitako egituren aurreko eta atzeko 5 metroetan).

–3 atsedenleku proposatzen dira: Antzin, Legaria eta Murieta. Horietatik, Legariakoa da berria, gainerakoak badaude jada eta osatu besterik ez dira eginen.

–Seinaleei dagokienez (balizak, seinaleak eusteko zutoinak eta informazio-kartelak), homologatutako ibilbideetako antzeko sistema erabiliko da.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua:

Aurkeztutako ingurumen agiria (2022ko apirila) bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin.

Ibai pasealekua “Ega eta Urederra ibaiak” Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE-ES 2200024) barruan igarotzen da 5,8 km-ko luzeran, eta trazaduraren 4,3 km-tan jardun behar da. Ibilbidearen gainerako zatia jada badauden bideek osatzen dute.

Erasan gehienak makaldietan, laboreetan eta, neurri txikiagoan, landaretza naturalean sorraraziko dira. Landarediaren gaineko inpaktuak hauetan ardaztuko dira: sastrakak kentzea eta pasealekua egokitzea, 2 m-ko zabalera erabilgarria gera dadin –guztira, 8.740 m²-ko azalera–. Ibai pasealekuko 1,3 km-tan aurreikusten da sastrakak kentzeko eta egokitzeko lanak egitea, eta, tarte horretan, jarduketa hori ibilguarekiko 10 metroko distantziaren barruan eginen dira behe uretan (ingurumen dokumentuan honela daude identifikatuak planoan: “Sastrakak kentzeko eta egokitzeko tarteak, 10 m-tik beherako distantzian ibilguarekiko”). “Salix alba eta Populus alba espezieetako galeria-basoak” 92A0 habitataren gaineko erasana txikia da (ibai pasealekua 50 metro lineal inguru gainjartzen da habitat horri dagokionez, hau da, 100 m², 1,05 kilometro-puntuan).

Ingurumen dokumentuan (7. kapitulua) proposatzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriek, kasu batzuetan, proiektua gauzatzearen ondoriozko inpaktuak kontrolatuko dituzte, eta beste batzuetan, gutxitu. Ustiapen fasean, urtero sastrakak kentzea eta bidea inbaditzen duten zuhaitzen eta zuhaixken adarrak inaustea aurreikusten da.

Aipatzekoa da jarduera itzulgarria dela: bidezidorra atzera eraman daiteke etorkizunean, ibaiertzeko zerrenda handitu behar izanez gero, KBEren Kudeaketa Plana aplikatzearen ondorioz (araudi espezifikoaren 1.2 puntua: “Ibaiaren ibilguaren ondoan zuhaitzak botaz gero (arraseko mozketak), gutxienez 5 metro zabal izanen den zerrenda errekuperatuko da ibilguaren ondoan, eskualdeko landare espezie naturalekin.”)

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Kontsulten emaitzari dagokionez, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, aldeko txostena eman zuen 2022ko uztailaren 28an, baldintzak ezarrita; hori guztia, indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzearen kalterik gabe, eta, bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortzearen kalterik gabe.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. “Abaigar, Antzin, Legaria, Murieta eta Oko udal-mugarteetan Ega ibaiaren inguruan ibai pasealeku bat egokitzeko eta seinaleztatzeko proiektua” izeneko proiektuak, zeina udal horiek sustatu baitute, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten diren baldintzetan, eta, beraz, ez da hari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

1. Bidezidorretik ibilgura dagoen gutxieneko distantzia, uren araudian definitzen denez:

–Basoberritzeko makaldietatik igarotzen diren tarteetan, ibilgura gutxienez 10 metroko tartea utziko da (horrek aldaketa batzuk dakartza, adibidez: 5+570 kilometro-puntutik ur emaria neurtzeko estaziora).

–Jabetza partikularreko belar-laboreen tarteetan, bidezidorra lurzatiaren ertzeko laborantzatik joanen da, ibarbasoari eragin gabe.

–Murietako igerilekuen ondoko tartearen kasu partikularrean (4+470 KPtik 4+700 KPra), ibilguaren oso hurbil baitoa, bidezidorra hesiaren oinera mugituko da.

2. Antzinen, ibarbasoko landaretzaren gaineko erasana minimizatu beharko da, Ega gaineko zubiaren (NA-132-A errepidekoa) eta 1+300 KParen arteko zatian: zabalera 1,5 metrora murriztuko da gehienez, eta, beharrezkoa izanez gero, ibilguaren pasealekua urrundu eginen da, eta landaretzaren kanpoko ertzetik trazatuko da.

3. Sastrakak kentzeko lanen ingurumen baldintzatzaileak:

–Sastrakak kentzeko lanak soil-soilik bidezidorraren trazaduran eginen dira (gehienez, 2 metro), eta ibilgutik hurbilen dagoen zerrendari bilakaera naturala izan dezan utziko zaio.

–Adarrak oinarritik inausiko dira, eta orbaintze-gune biribila utziko da zauriak behar bezala itxi daitezen.

–Zuhaitzen bat moztu behar izanez gero, Basozaintzari jakinarazi beharko zaio, haiek oniritzia eman eta markatzeko: Lizarra 1 (948554824, 686504345, gmaestellanorte@navarra.es), edo Lizarra 2 (848420150, 608062639, gmaestellasur@navarra.es).

–Urteko mantentze-lanak (sastrakak kentzea eta bidea inbaditzen duten zuhaitzen eta zuhaixken adarrak inaustea) birrintzeko eskuzko prozeduren edo prozedura mekanikoen bidez eginen dira, eta ez da herbizidarik aplikatzen ahalko, ezta desugerketarik egin ere landaredian. KBEn ez da ibilgailurik sartuko mantentze-lanetarako (lehendik dauden pistetatik izan ezik).

–Ez da utziko inguruan metatutako landaretza pilarik, eta in situ ebakitako materiala erretiratu edo birrindu beharko da.

4. Lur mugimenduak. Ibilguaren inguruan lur mugimendu txikiak eginez gero, materiala laborearen aldera jarri eta zabalduko da, eta ez da lur kordoirik utziko.

2022ko udazken-neguan moztuko diren makaldi helduetan, gomendatzen da gutxieneko lanak egitea han ibili ahal izateko; izan ere, moztu eta landatu ondoren, trazadura berregin beharko da (onena zatika egitea izanen litzateke, mozketak eta landaketak egin ahala).

5. Aurreikusitako urrats berrietatik, proiektuko 7 eta 10 zenbakiko urratsek –“Mendi arteko erretena (Oko)” (3+750 KPn) eta “Abaigarko errotako hustubidea” (6+230 KPn), hurrenez hurren– ez egiteko modukoak dirudite, hurbileko beste pasabide batzuk baitaude, eta nahikoa izanen litzateke bidezidorra minimoki aldatzea. Beraz, alternatiba horiek aztertuko dira.

Erreken gaineko zubi berri guztiak Egaren ibilgutik gutxienez 10 metrora egonen dira (bereziki kontuan hartu behar da Allartako erretenaren gainean aurreikusitakoa, 5+260 KPan).

Pasabide horietan harri-lubetak eraikitzeari dagokionez, azpiegiturak babesteko egon daitezkeen alternatibak hartu behar dira kontuan, eta bakoitzak ematen duen babesa balioetsi behar da ibai bioingeniaritzako teknikak erabilita, hala nola erriberetan landatzea, adarrak jartzea, hesiak jartzea, Krainer hormak... Nolanahi ere, harri-lubeta eraikitzea erabakitzen bada, ingurumen eragina minimizatzeko, landare-lurrez beteko dira harrizko blokeen arteko hutsuneak, eta aurrez hormonatutako sahats-hesolak jarriko dira (Salix eleagnos subesp. hostoestua, S. purpurea edo S. triandra). Hesolak inguruetatik edo baimendutako mintegietatik etorriko dira, eta 2-3 cm-ko diametroa izanen dute gutxi gorabehera, eta 60-80 cm-ko luzera.

6. Ez da seinalerik eta altzaririk jarriko jabari publiko hidraulikoaren eremu barnean. Kontuan hartzen bada jolas-guneak uholde-arriskuko eremuan daudela, bereziki saihestuko da korronteak eraman ditzakeen paperontzi eta altzari berriak (bizikletentzako aparkalekuak) gaitzea (aurreikusitako karteletan adieraz daiteke bisitariek inguruko edukiontzietara eraman behar dutela zaborra). Legarian mahaiak dituen eremu bat dago zubiaren eskuineko zubi-brankaren ondoan –kasu horretan, uholde-arriskuko eremutik kanpo–, eta hobetu egin daiteke alternatiba nagusi gisa.

7. Obra-zuinketarako, lanak hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatuko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es o 848 426689). Ez da obra hasten ahalko bulego horrek ez badu obra-zuinketa trazaduraren tokian bertan baliozkotzen.

8. Obren egutegia: ibilgua ukitzen duten lanak ekainetik azarora bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko. Ibilguaren ertzeko lanek, batez ere sastrakak kentzeak, bisoi europarra hazteko garai kritikoa saihestuko dute (apirila-abuztua); beraz, lan horiek iraila eta martxoa bitartean eginen dira.

9. Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

10. Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

11. Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean paratzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean paratzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Abaigar, Antzin, Legaria, Murieta eta Okoko udalei, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Ibai Ingurunearen Atalari eta Basozaintzari (Lizarra 1 eta 2 mugapeak) helaraztea, dagozkion ondoreetarako.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2211841