190. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

293E/2022 EBAZPENA, irailaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, baimena ematen duena funtsezko aldaketa bat egiteko espezialitate farmazeutikoak fabrikatzen dituen instalazio batean. Instalazioaren titularra Ardena Pamplona SL da, eta Noain Elortzibarko udal mugartean dago.

Egun martxan dagoen instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, aplikaturik abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak); izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.3 taldean.

2022ko otsailaren 16an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, produktu kimikoen biltegia egokitzeko: lehendik zegoen lokal bat bihurtu nahi zuen ontzi mugikorretan gordetako produktu kimikoen biltegi.

2022ko otsailaren 21ean Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak irizpena eman zuen, aldaketa hori funtsezkoa zela adierazita, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, funtsezko aldaketa ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Espedientea tramitatu da bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean xedatutakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoari jarraituta, eta erabilita Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea funtsezko aldaketa bat egiteko espezialitate farmazeutikoak fabrikatzen dituen instalazio batean, gauzatu dadin produktu kimikoen biltegia egokitzeko proiektua. Instalazioaren titularra Ardena Pamplona SL da, eta Noain Elortzibarko udal mugartean dago. Instalazioak eta jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Hirugarrena.–Abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak jarduketa-programa bat aurkeztu beharko du, lurzorua eta lurpeko urak babesteko neurriak mantentzeko eta aldizka gainbegiratzeko.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikagarria izaten jarraituko baitu.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Ardena Pamplona SLri, Noain Elortzibarko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 2an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2211970