19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1384E/2021 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldatzen dituena lehenengo eta hirugarren puntuak ebazpen honetan: 107/2019 Ebazpena, azaroaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko eta Biodibertsitate Zerbitzuko titularren esku uzten baitira beherago zehaztutako eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen du lege horren aurretiko foru araudiak kontseilariei esleitzen zizkien ebazteko eskumenak zuzendari nagusiei dagozkiela, salbuespen batzuk gorabehera.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Foru dekretu hori 2019ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7koan.

Era berean, abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, geroko garapena galarazi gabe. Dekretu hori 2019ko abuztuaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Foru dekretu horren xedapen gehigarri bakarrean, 3. apartatuan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, ondare erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.

Era berean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: ingurumenaren babeserako esku-hartzea, ehiza eta arrantza, bai eta gaur egun arlo horretan besteren esku dauden guztiak ere.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez, onetsi zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa; laugarren xedapen gehigarrian aurreikusirik dago zenbait eskumen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea, 96/2019 Foru Dekretuan ezarrita zegoen modu berean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez, ebazpen horretan zehazten diren eskumenak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko eta Biodibertsitate Zerbitzuko titularren esku utzi ziren.

2020ko abenduaren 22an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea. Foru lege horrek ingurumen baimen berri bat sortu zuen, ingurumen ebaluazio bateratua, eta ingurumenaren ukipenak ebaluatzeko araubide berria ezarri zuen.

Horregatik, beharrezkoa da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpena aldatzea, aplikatzekoa den indarreko araudira egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 11. eta 32. artikuluek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren lehenengo eta hirugarren puntuak, zeinaren bidez Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko eta Biodibertsitate Zerbitzuko titularren esku uzten baitira beherago zehaztutako eskumenak. Puntu horiek honela idatzita geldituko dira:

“1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko titularraren esku uzten dira indarreko araudiaren arabera Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkion eskumen administratibo hauek:

a) Honako hauei buruzko ebazpenak ematea: ingurumen baimen integratuen eta ingurumen baimen bateratuen aldaketa nabarmenak, ofiziozko aldaketak, baldintzen aldaketak, aldaketen irizpenak, berrikuspenak, iraungipenak eta suntsipenak.

b) Ingurumen baimen bateratuak emateari eta horien aldaketa nabarmenei buruzko ebazpenak ematea.

c) Etiketa ekologikoaren arloko ebazpenak ematea.

d) Berotegi efektuko gasen emisioak baimentzearen arloko ebazpenak ematea.

3. Biodibertsitatearen Zerbitzuko titularraren esku uzten dira ingurumen ukipenak ebaluatzeko administrazio eskumenak, indarreko araudiaren arabera Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak”.

2. Ebazpen hau interesdunei, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu guztiei eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2118361