189. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2022 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak ezartzen dituena Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularreko ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurarako, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 1eko 123/2022 Ebazpenaren bidez ezarri ziren Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularra eta horretan onartua izateko eta hasteko prozeduraren egutegia, 2022-2023 ikasturtean. Ebazpen horretan xedatu zen onartua izateko prozeduraren egutegia osatuko zutela, batetik, izena emateko eta ikaspostuak esleitzeko epe arruntak, eta, bestetik, ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurak. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura horretan eskaintzen dira, eskaintza modularraren lanbide modulu bakoitzerako, ikaspostu hauek: epe arruntean ikaspostua lortu zutenek matrikula egin ez dutelako hutsik geratu direnak, eta itxaron zerrendan egonik ikastetxeak ikaspostu bat esleitu zien pertsonen ikaspostuak.

Hezkuntza Departamentuak ekintza positibotzat jotzen du Genero-berdintasunaren sustapenerako prestakuntza espezifikoa eskaintzea, modulutan antolatuta, ulertzen baitu eskaintza hori bat datorrela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen printzipioekin. Gehienbat, Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren titulua dutenei zuzenduta dago. Hain zuzen, 2021-2022 ikasturtean hasi zen eskaintzen, eta bat dator, esan bezala, apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen xedearekin. Izan ere, balioen aldaketa bultzatzen laguntzen du goi mailako teknikariaren titulazioa duten pertsonen artean. Aldaketa horren bidez, emakumeen posizio soziala, ekonomikoa eta politikoa indartu nahi da, haien autonomia eta ahalduntzea sendotzeko.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak ezartzeko, Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularreko ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari dagokionez, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean. Horrenbestez,

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onarpen eta matrikulazio jarraibideak onestea Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintzako modularreko ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurarako, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean, ebazpen honen eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxera.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 25ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Inskripzioa eta matrikula egiteko jarraibideak, Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularreko ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurarako. 2022-2023 ikasturtea.

1.–Sartzeko baldintzak.

Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularreko lanbide moduluetan ikaspostua eskatu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

–“Gizarte eta kultur komunitatearentzako zerbitzuak” lanbide-arloko edo arlo baliokide bateko goi mailako teknikariaren titulua edukitzea.

–Aurreko atalean aipatutako lanbide-arloa ez den beste bateko goi mailako teknikariaren titulua edukitzea, edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren goi mailako titulua, Kirol teknikariaren goi mailako titulua edo horien baliokidea.

–Goi mailako zikloetara sartzeko eskatzen diren tituluetako bat edukitzea.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularreko lanbide-moduluetako ikaspostu hutsak esleitzeko, zerrenda bat eginen da izena eman duten ikasleekin, lehentasun-hurrenkeraren arabera, honako irizpide hauei jarraituz:

–Lehenik: “Gizarte eta kultur eta komunitatearentzako zerbitzuak” lanbide-arloko goi mailako teknikariaren titulua edo baliokidea dutenak, eta Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrenik: aurreko ataleko lanbide-arloa ez den beste arlo bateko goi mailako teknikariaren titulua, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulua, Kirol teknikariaren goi mailako titulua edo horien baliokidea dutenak, eta Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Hirugarrenik: Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren titulua, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulua edo Kirol teknikariaren goi mailako titulua dutenak eta aurreko bi egoeretako ezeinetan daudenak, eta goi mailako zikloetara sartzeko eskatzen diren baldintzetako baten bat dutenak.

2. Aurreko atalean adierazitako lehen, bigarren eta hirugarren irizpideak aplikatuta ateratzen diren taldeetako bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenik: Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularrean gainditutako lanbide modulu kopuruaren arabera, gainditutako modulu gehien dituenetik gutxien dituenera.

–Bigarrenik: Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko edo Kirol irakaskuntzen goi mailako teknikariaren tituluaren batez besteko notaren arabera, edo, kasua bada, goi mailako ziklora sartzeko betekizun den tituluaren araberakoa, nota altuenetik baxuenera.

Espedientean edo ziurtagirian batez besteko nota jakiterik ez bada, beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Hirugarrenik: puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan aplikatzeko egindako zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da.

3.–Ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura.

1. Onartua izateko epe arruntaren matrikulazioa amaitu ondoren hutsik geratzen diren ikaspostuak eskainiko dira Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularreko lanbide modulu bakoitzean.

2. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduran onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betikoa argitaratuko dira.

4.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaileek eskaera bakar bat aurkeztuko dute, behar bezala beteta, ekainaren 1eko 123/2022 Ebazpenean ezarritako epean. Ebazpen hartan ezarri zen Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularrean onartua izateko prozeduraren egutegia 2022-2023 ikasturterako. Eskaera horretan adieraziko da zein lanbide modulutarako eskatzen den inskripzioa. Eskaera hori inskripzio-orriaren ereduaren araberakoa izanen da; Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoaren “Lanbide Heziketako eskaintza modularra, Genero-berdintasunaren sustapenerako” tramitearen fitxan dago eskuragarri eredu hori, eta fitxara Hezkuntzako Departamentuaren webgunetik sar daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/formacion-profesional/inscripcion-2022-2023/oferta-gs-modular

2. Inskripzio-orria Hezitzaile Eskola ikastetxe bateratura zuzendu beharko da, edo bertako bulego administratiboetan aurkeztu.

Ikastetxeak eskaera-orriaren fotokopia zigilatua emanen die ikasle eskatzaileei, sarrera-data adierazita.

Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Erregistro telematikoan, Educa atariaren bitartez, aipatu ikastetxera zuzenduta.

b) Aurrez aurrez, aipatu ikastetxean.

3. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

4. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, eranskin honen lehenbiziko jarraibidean adierazitako sarrera-baldintzak betetzen dituztela frogatu dutenek.

5. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

5.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduan jasotzen dena izanen da, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den hezkuntza Espainiakoen baldintza berberetan erdiesteko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

2. Hona hemen inskripzio-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

– NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularrean sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.

–Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularrean gainditutako lanbide moduluen kopurua frogatzeko agiria. Lanbide moduluak Hezitzaile Eskola ikastetxe bateratuan gainditu badira, ikastetxeak ofizioz sartuko du informazio hori inskripzioan.

–Aurkeztutako goi mailako teknikariaren tituluaren edo goi mailako zikloetara sartzeko betekizun den tituluaren batez besteko nota frogatzen duten agiriak.

–Hala badagokio, Nafarroako errolda edo laneko esperientzia frogatzen duen dokumentazioa, eranskin honen 6. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

6.–Laneko esperientzia eta Nafarroan erroldatuta egotea frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileen kasuan: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Beren konturako langileen kasuan: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangaiaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

7.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Agiri bidez egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

8.–Zozketa.

2022-2023 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularrean onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2022ko martxoan egin zen.

9.–Onarpena.

Ikaslea Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularraren lanbide modulu batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean onartutako ikasleek matrikula egin ez dutelako.

10.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularra ematen duen ikastetxean argitaratuko dira, bai eta Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoaren “Lanbide Heziketako eskaintza modularra, Genero-berdintasunaren sustapenerako” tramitearen fitxan ere.

2. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda argitaratzeko egunak eta erreklamazioak eta matrikula egiteko epeak ekainaren 1eko 123/2022 Ebazpenean ezarritakoak dira, harta ezarri baitzen Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularrean onartua izateko prozeduraren egutegia 2022-2023 ikasturterako.

3. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

4. Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularraren lanbide moduluetan matrikula egin dutenak ez badira eskoletara agertzen ikasturtea hasi eta 15 eguneko epean, horretarako bidezko arrazoirik gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Matrikula zer ikasketetarako egiten den, horiei buruzko datuak: Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularraren lanbide moduluak eta hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira legezko balioa duen identifikazio dokumentazioan agertzen direnekin.

Ikastetxeak bestelako dokumentazio gehigarriak eska diezazkieke ikasleei.

2. Matrikula egiteko eskatuko den dokumentazioa ikusgai jarriko da ikastetxearen iragarki-taulan eta webgunean.

3. Matrikula egiteak eskubidea ematen du oro har 2023ko ekainean egitekoa den amaierako ebaluazioko deialdi arrunt bat izateko.

12.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

13.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren matrikulazioa bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Ikasturtearen hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

14.–Genero-berdintasunaren sustapenerako moduluen eskaintza.

Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularraren moduluetan inskribatu direnen kopurua hamabostetik beherakoa bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk ere kontuan hartuta. Aldagai horiek dira, besteak beste, kasuko taldean matrikulak izan duen bilakaera historikoa, lurralde kohesioko irizpideak eta Nafarroako ekoizpen eta zerbitzu sektoreei ematen zaien erantzuna.

15.–Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren ondoko eskolatzea.

Ikaspostu hutsen esleipena bukatu ondoren –halakorik gertatzen bada–, zilegi izanen da 2022ko urriaren 31ra arte ikasle gehiago sartzea hasitako ikasturtean, betiere ikaspostu hutsik eskaini gabe gelditutako inor ez badago ikasposturik gabekoen lehentasun zerrendan. Ikaspostuen esleipen hori ikastetxe bakoitzak ebatziko du.

16.–Matrikulen bateraezintasuna.

2022-2023 ikasturtean Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularrean matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

a) 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko irakaskuntzen ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, izan ikastetxe berean nahiz beste batzuetan.

b) 2022-2023 ikasturtean Nafarroan Lanbide Heziketan matrikulatzearekin, eskaintzaren edozein modalitatetan.

c) 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko probetan matrikulatzearekin, ikaslea matrikulatuta badago ziklo berari dagozkion lanbide moduluetan.

d) Zer modulutan matrikulatzen den, 2022 eta 2023an haiei dagozkien gaitasun-unitateetako lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozedura batean parte hartzearekin.

e) Matrikulatuta dagoen moduluetako gaitasun-unitateei lotutako enplegurako prestakuntza ikastaroak egitearekin.

Matrikula egiten edo parte hartzen bada, aldi berean, Nafarroako Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularraren lanbide moduluetan eta aurreko letretan adierazitakoetan, eskaintza modularraren lanbide moduluetan egindako matrikula bertan behera geratuko da, ofizioz.

17.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta haren eranskina ikastetxeko iragarki-taulan jarriko da ikusgai onarpen eta matrikulazio prozesuak amaitu arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

18.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

19.–Komunikazio bideak.

–Genero-berdintasunaren sustapenerako eskaintza modularra irakasten duen ikastetxea.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoak: 848 426628 - 848 426036.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2211756