189. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Deialdia, alokairu libreko 14 udal etxebizitza garajedun alokairuan jartzeko. 2022ko iraila

–Aurrekariak.

Lehenengoa.–Familientzako eta gazteentzako udal etxebizitza eta garajeen alokairu librea arautzen duen ordenantza.

Uharteko Udalak, 2021eko otsailaren 8an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Familientzako eta gazteentzako udal etxebizitza eta garajeen alokairu librea arautzen duen ordenantza. Ordenantza hori 2021eko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 4koan.

2022ko apirilaren 27an, hasiera batez onetsi zen ordenantza horren aldaketa, eskaerak baloratzeko irizpide gehiago sartzeko eta errenta konputagarriei buruzko zenbait alderdi argitzeko. Hasierako erabaki hori jendaurrean jarri zen, eta Gizarte Ongizate, Osasun eta Etxebizitza Batzordeak berak aldaketa proposamenak aurkeztu ditu. Horiek horrela, heldu den 2022ko irailaren 1ean egitekoa den osoko bilkurara eramanen da behin betiko onespena.

Bigarrena.–Deialdia hasteko proposamena.

Osasun, Gizarte Ongizate eta Etxebizitza Batzordeak, 2022ko apirilaren 27an egin bilkuran, erabaki zuen hutsik zeuden etxebizitzak adjudikatzeko deialdi berri bat hastea, ordenantzaren aldaketa onesteko tramiteak egiten ziren bitartean. Zentzu horretan, erabaki zen ordenantzaren aldaketak indarra hartu ondoren eginen zirela eskaeren balorazioa eta deialdiaren ebazpena.

Horri dagokionez, ordenantzak ezarritakoa betez, erabaki zen libre dauden etxebizitzak honela banatuko direla bi modalitateen artean: etxebizitza poltsako %50 eta %70 artean familien modalitaterako, eta %30 eta %50 artean 35 urtetik beherako gazteen modalitaterako.

Gaur egun 14 etxebizitza daude hutsik; beraz, horietatik 5 gazteentzat izanen dira eta 9 familientzat.

Alokairuko etxebizitzen udal erregistroaren arabera, erreferentzia zenbaki hauek dituzten etxebizitzak alokatuko dira deialdi honen bidez: 9, 10, 14, 16, 20, 27, 32, 33, 34, 36, 37, 40 eta 42.

Hirugarrena.–Iraungitako alokairu kontratuak.

Bestetik, gaur egun badira hasierako epea amaitua duten alokairuko 9 kontratu, iraungitzear dutenak etxebizitza uzteko edo erregularizatzeko eman zitzaien luzapena, 2022ko irailean eta urrian bukatuko baita.

Hori dela eta, errentari horiei berriz ohartarazi behar zaie alokairua iraungiko zaiela, eta “alokairu libreko” deialdi honetara aurkezten ahal direla beren etxebizitzaren alokairua erregularizatzeko.

–Zuzenbideko oinarriak:

Lehenengoa.–Alokairu horiek arautzen dituen ordenantzaren 8. artikuluak dioenez, “alokairuko etxebizitzen eskaria antzemandakoan, betiere alokairu poltsan etxebizitzak badaude eskuragarri, Alkatetzaren ebazpen bidez eta Osasun, Gizarte Ongizate eta Etxebizitza Batzordeak eskatuta, deialdiak irekiko dira etxebizitza horiek eskatu eta adjudikatzeko. Deialdian adieraziko da zenbat etxebizitza adjudikatuko diren eta horien ezaugarriak zein diren”. Osasun, Gizarte Ongizate eta Etxebizitza Batzordeak deialdia hasteko proposamena egin du, eta ordenantzak alkatetzari esleitzen dio eskumena.

Bigarrena.–Toki Administraziori buruzko Foru Legearen 325. artikuluak ezartzen du behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik sortuko dituztela ondorio juridikoak toki erakundeen osoko bilkurek onetsitako ordenantzek eta haien aldaketek. Beraz, horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondokoak behar dute izan eskabideak aurkezteko epearen bukaerak, eskabideen balorazioak eta adjudikazioen ebazpenak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Alokairu libreko 14 udal etxebizitza eskatzeko eta alokatzeko deialdia hastea, honako baldintza hauen arabera:

–Etxebizitzetatik 9 familientzako modalitaterako izanen dira (ordenantzaren 3.a artikulua).

–Etxebizitzetatik 5 gazteentzako modalitaterako izanen dira (ordenantzaren 3.b artikulua).

–Eskabideak aurkezteko epea izanen da deialdia udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik 2022ko urriaren 14ra.

Bigarrena.–Deialdi honetako balorazio epaimahaia honako hauek osatuko dute: epaimahaiburuak, GIH 2019-2023 taldeko zinegotzi batek eta Geroa Bai taldeko zinegotzi batek, edo haiek eskuordetzen dituztenek.

Hirugarrena.–Alokairu kontratua amaitua dutenei emandako luzapena luzatzea, deialdi hau ebatzi arte, eta, betiere, gehienez 2022ko abenduaren 31ra arte.

Halaber, pertsona horiei ohartaraztea beren egoera erregularizatzeko edo etxebizitza uzteko betebeharra dutela.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren iragarki-taulan argitaratzea, eta bando bat ematea udalerrian zabaltzeko.

Bosgarrena.–Erabaki hau jakinaraztea kontratuaren epe arrunta amaitua duten udal etxebizitzen errentariei. Osoko bilkurari haren berri ematea hurrengo bileran.

Uharten, 2022ko irailaren 6an.–Alkatea, Alfredo Javier Arruiz Sotés.

Iragarkiaren kodea: L2212235