189. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Aldaketa, Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2022ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Deikaztelun, 2022ko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Mikel Azcona Molinero.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTENEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta bete daitezela Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa jasoz (haren bidez arautu ziren desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak), bai eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 7ko 52/2002 Foru Agindua betez ere (haren bidez arautzen da desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela Nafarroako Foru Komunitatean).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasuna duen pertsonaren izaera ofizialki aitortua duten pertsona fisikoak, bat etorriz Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorreko testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/20143 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), baldin ondoko egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Desgaitasun murriztua izatea, jarraikiz Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinari.

b) Begirik hoberenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

c) Desgaitasuna duten 3 urtez beherako adingabeak, etengabe behar dituztenak laguntza-produktuak, mugikortasuna larriki mugatzen dutenak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...), aparatu horiek ezinbestekoak badira beren bizi-funtzioetan.

Talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute egoera horiek, desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko.

2.–Desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuen titularrak diren pertsona fisikoak eta juridikoak, baldin eta ematen badituzte autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira abenduaren 14ko 39/2006 Legean, zeina baita autonomia pertsonala sustatzekoa eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzekoa), eta, orobat, ematen badituzte Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak (testu bategin hori onetsi zuen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak).

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta berak soilik erabiltzeko emanen da, erabil dezan joan-etorrietarako erabiltzen dituen ibilgailuetan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuko kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko baizik ez da erabiliko. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak mantendu beharko ditu txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak.

4. artikulua. Balio-epea.

Aparkatzeko txartelen balio-epea bost urtekoa izanen da.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskatu beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio-epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean segituko du aurreko txartel horrek, harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea laburragoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio-epea baino, epe hori bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak eman ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, horrek berekin dakarrenean argi eta garbi nabarmen murriztea haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena eta, orobat, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dutenean.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du ziurtagiria.

Txartel hori sei hilabeterako emanen da gehienez ere, eta urtebetera luzatzen ahalko da, gehienez, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko Erregistro Orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-abizenak.

–Bi argazki, karneterako neurrikoak.

–Nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu eskaera, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek eman beharko dute dokumentazioa.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txosten bat eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, baliozkotu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Ordenantza honen lehen artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisikoek nahiz juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuak egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, baldin eta horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, adierazi beharko dute zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren.

Hasierako eskaera horrek ez baditu eskatutako betekizunak betetzen, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremu osoan balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, organo eskudunek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute.

a) Aparkaleku-plazaren erreserba, etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzea debeku den lekuetan eta kasuetan, autoendako pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen diren eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak honako hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek eskatuz gero. Bere nortasuna frogatzeko, erakutsi beharko du nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia, bizileku-txartela edo identifikaziorako beste edozein agiri ofizial erakutsi beharko du, ez baitu, bestela, aparkatzeko txartela erabiltzerik izanen. 14 urtetik beherako adingabeek nortasuna egiazta dezakete desgaitasun-maila onartzen duen agiria erakutsiz.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztea aparkatzeko txartela emateko eskaturiko betebeharretan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizileku-aldaketa, txartela hondatu edo galdu denean, edo lapurtu badute. Hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da.

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera gelditzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Gainera, legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritako zigorrak jarri ahalko dira.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta daiteke nahiz aldi baterako ken daiteke, baita espedientea izapidetu aurretik ere, zeinean interesdunei entzunaldia emanen baitzaie.

Txartela baliogabetzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko, baliogabetzen den egunetik hasita urtebeteko epean.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den muga-egunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta behin iragandakoan ezarririk dagoen epea Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2210859