189. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

191/2022 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira ikasleak “Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan onartzeko eta matrikulatzeko prozeduraren jarraibideak, 2022-2023 ikasturterako eta Nafarroako Foru Komunitatean.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 8ko 175/2022 Ebazpenaren bidez, ezarri egin ziren, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan 2022-2023 ikasturtean helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzak –Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan antolatuak– araubide presentzialean egiteko eskaintza, eta bestetik, irakaskuntza horietan ikasleak onartzeko prozeduraren egutegia.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren txostena aztertu da, zeinetan proposatzen baita ezar daitezela Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturtean “Lanbide Heziketa erdi presentzialeko zikloetan” ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan helduei zuzendutako Lanbide Heziketako irakaskuntzak araubide presentzialean –Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan antolatua– egin nahi dituzten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko jarraibideak 2022-2023 ikasturterako, ebazpen honen eranskinean azaltzen dena.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 25ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

“Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialak.
Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozeduraren jarraibideak.
2022-2023 ikasturtea

1.–Sartzeko baldintza orokorrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituztenek ikaspostua eskatu ahal izanen dute “Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialetan:

a) Frogatzea betetzen direla Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartuak izateko prozedura arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduan ezarritako baldintzak (5.1 eta 5.2 oinarrian erdi mailako heziketa zikloetakoak ezarri dira, eta 7.1 eta 7.2 oinarrian goi mailakoak).

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

2.–Ikasleak lehen mailan onartzeko irizpideak.

1. Hezkuntza maila bakoitzean, zerrendak eginen dira LH erdipresentzialeko eskaintzako heziketa zikloetan inskribatzea eskatzen duten helduekin. Eskatzaileak lehentasun hurrenkeran agertuko dira, jarraian adieraziko diren irizpideei jarraituta.

2. “Erizaintzako Zainketa Lagungarriak” erdi mailako heziketa zikloa:

2.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehenik: Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen duten helduak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrenik: Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez dauden helduak.

2.2. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenik: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua baino goragoko mailako titulazio akademikorik ez dutenak eta 1.a) jarraibidean aipatutako sarbide-baldintzetakoren bat betetzen dutenak (DBHko graduatu titulua, oinarrizko lanbide titulua, erdi mailako zikloetara sartzeko prestakuntza ikastaro espezifikoa, zikloetara sartzeko probaren ziurtagiria edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk).

–Bigarrenik: Sartzeko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak: batxilergoko titulua izatea, teknikari titulua edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk.

–Hirugarrenik: Sartzeko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak: goi mailako teknikari titulua izatea, unibertsitateko gradudun titulua edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk.

2.3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenik: Erdi mailan sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera. Hura aterako da ikasketa espedientetik, ikasketa ziurtagiritik edo sarrera-probatik, zein dagokion, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarriko atalen arabera.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrenik: Puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2022ko martxoan egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa delako 2022-2023 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesuetan.

3.–Gizarte Integrazioa goi mailako heziketa zikloa eta Administrazioa eta Finantzak goi mailako heziketa zikloa.

3.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehenik: Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen duten helduak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrenik: Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez dauden helduak.

3.2. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenik: Batxilergoko titulua edo teknikari titulua baino maila handiagoko titulazio akademikorik ez dutenak eta 1.a) jarraibidean aipatutako sarbide-baldintzetakoren bat betetzen dutenak (batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako teknikari titulua, arte plastikoetako eta diseinuko teknikariaren titulua, goi mailako zikloetara sartzeko ikastaroa, goi mailako zikloetara sartzeko probaren edo unibertsitatera sartzeko 25 urtetik gorakoentzako probaren ziurtagiria edo aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk).

–Bigarrenik: Sartzeko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak: goi teknikari titulua, unibertsitateko gradudun titulua edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk.

3.3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenik: Goi mailan sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera, hura aterata ikasketa espedientetik, ikasketa ziurtagiritik edo sarrera-probatik, zein dagokion, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarriko atalen arabera.

Teknikari titulu baten bidez sartu nahi duten pertsonen kasuan, gainditu duten heziketa zikloaren batez besteko nota izanen da sarrerako nota.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrenik: Puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2022ko martxoan egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan.

3.–Ikasleak bigarren mailan onartzeko irizpideak.

1. “Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialeko irakaskuntzen bigarren mailan sartu nahi dutenek egiaztatu beharko dute: betetzen dituztela eranskin honetako 1. jarraibidean ezarritako baldintza orokorrak; gainditu dituztela lehen mailako modulu profesional guztiak, kasuan kasuko Lanbide Heziketako zikloko curriculum antolaketaren arabera, edo gainditzeke dutela, gehienez ere, Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialeko 1. mailan emandako moduluetako edo modulu blokeetako ordu guztien %35.

2. Lehentasun-zerrenda honako lehentasun-irizpide hauen arabera ezarriko da:

a) Lehenik: Lehen mailako modulu guztiak eta, hala badagokio, prestakuntza-blokeak gainditu dituztenak, Nafarroako Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialaren curriculum antolaketaren arabera.

b) Bigarrena: Gainditzeke dituztenak, dagokion Lanbide Heziketako zikloko 1. mailan emandako moduluetako edo modulu-blokeetako ordu guztien %35, gehienez ere.

3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

a) Lehenbizikoa: Bigarren mailara sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera. Lanbide Heziketa erdipresentzialaren zikloetako curriculumera egokituko da apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarrian ezarritakoa. Foru agindu horren bidez oinarri batzuk onetsi ziren, arautuko dutenak ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

b) Bigarrena: Puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2022ko martxoan egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan.

4.–Onarpen prozesua.

1. Epe bakarra dago (epe arrunta) “Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialeko irakaskuntzetan ikasleak onartzeko prozesuan. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

2. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen direnek parte hartuko dute onarpen prozesuaren epe arruntean. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, kurtsoaren hasiera egunetik 15 eguneko epean kurtsoa hasten ez dutenei baja emateagatik, ofizioz.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

5.–Inskripzio orria aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala betea, heziketa ziklo eta ikastetxe bakar baterako. Eskabidea egokituko zaie Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentziala” tramiteen fitxan agertzen diren ereduei, eta helbide honetan eskura daitezke:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Formacion-Profesional-semipresencial-dirigida-a-personas-adultas

2. Inskripzio orria aurkezteko epea da abuztuaren 8ko 175/2022 Ebazpenean ezarritakoa (ebazpen horren bidez ezarri zen hizpide ditugun irakaskuntzetan ikasleak onartzeko prozeduraren egutegia).

3. Zer heziketa ziklo aukeratu, hura ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da inskribatzeko eskabidea.

Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Inskripzio eskabidea bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) “Educa-Atariko” erregistro telematikoa, aukeratutako zikloa ematen duen ikastetxeari zuzendua, eta, horretarako, erabiliko da Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentziala ” izeneko tramiteen fitxaren esteka, helbide honetan dagoena:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Formacion-Profesional-semipresencial-dirigida-a-personas-adultas

b) Aurrez aurre, aukeratutako zikloa ematen duen ikastetxean.

2022-2023 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, inskripzio orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2022-2023 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onartze prozesurako.

4. Inskripzio eskabidean sarrera-baldintza zein den adierazi beharko da, jarraibide honen arabera: Gerta liteke sarrera-baldintza gisa eskatzen den maila apaleneko ikasketa titulua baino ikasmaila handiagoko tituluren bat izatea izangaiek. Horrelakoetan, horixe adierazi beharko dute inskripzio orrian, bakoitzak aukeraturiko zikloari dagokion sarrera-azpitaldean parte har dezan onarpen prozesuan. Hori betetzen ez badute, inskripzio orria ofizioz baliogabetuko zaie, lorturiko ikaspostua galduko dute eta, matrikulatuta izanez gero, matrikula eta zikloko moduluetan lortutako kalifikazio guztiak baliogabetuko dira.

5. Ezin izanen da ziklo batean baino gehiagotan izena emateko orririk aurkeztu, “Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan. Inskripzio eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

6. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu duten pertsonek soilik parte hartuko dute “Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialean onartuak izateko prozesuan.

7. Inskripzio orriak aurkezteko epe arrunta bukaturik, ezin izanen da inola ere beste inskripzio orririk aurkeztu, ez eta aurkeztutako eskabidea aldatu ere.

8. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, baliorik gabe gelditzen ahalko dira osatu gabeko inskripzio-eskabideak, existitzen ez direnak, datuak behar ez diren laukitxoetan dituztenak edo parte-hartzaileak eskatzen ahal dituen ikaspostuekin bat ez datozenak.

9. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

6.–Inskripzio orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio eskabidearen ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da, deusetan galarazi gabe atzerritarren eskubidea espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskripzio eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako zikloan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Eskatutako zikloari dagokion sarrera-nota frogatzen duen dokumentazioa.

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak gordetzeko ezarritako bideren bat erabiliz, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dira, eranskin honen 6. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, erroldatzea edo lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 7. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

7.–Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Desgaitasuna dutenentzat gordetako ikaspostu bat nahi dutenek agiri hauetako bat aurkeztu behar dute egoera hori frogatzeko:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena; edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena; edo Defentsa Ministerioarena.

c) Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

2. Goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik gordetako ikaspostu bat nahi dutenek Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 11ko 41/2021 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar dute (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria, 1.b apartatua).

3. Gordetako ikaspostu horiek eskatzen dituztenek 2022ko irailaren 9ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte egiaztagiri horiek, inskribatzeko gainerako agiriekin batera, inskripzio orria aurkezten duten ikastetxean.

4. Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetako ikaspostu bat eman diezaiotela, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Hirugarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

8.–Esperientzia eta erroldatzea frogatzea.

Aplikatuko da abuztuaren 4ko 80/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 7. jarraibidean ezarritakoa (ebazpen horren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloen eskaintza 2021-2022 ikasturterako, eta, horrekin batera, onesten dira jarraibideak, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorra eta ziklo horien antolamendua eta funtzionamendua).

9.–Ikaspostuak gordetzea.

Aplikatuko da abuztuaren 4ko 80/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 8. jarraibidean ezarritakoa (ebazpen horren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloen eskaintza 2021-2022 ikasturterako, eta, horrekin batera, onesten dira jarraibideak, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorra eta ziklo horien antolamendua eta funtzionamendua).

10.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

11.–Ikasketa-espedientearen batez besteko nota.

Aplikatuko da abuztuaren 4ko 80/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 10. jarraibidean ezarritakoa (ebazpen horren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloen eskaintza 2021-2022 ikasturterako, eta, horrekin batera, onesten dira jarraibideak, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorra eta ziklo horien antolamendua eta funtzionamendua).

12.–Beste hezkuntza sistema batzuetatik etorritako pertsona helduak.

Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, eskabidearekin batera, ikasketen homologazioari buruzko baldintzapeko agiria edo behin betiko egiaztagiria aurkeztu beharko dute ikastetxean, batez besteko nota erakutsiko duena.

13.–Zozketa.

Ebazpen honetan aipatzen den berdinketak ebazteko zozketa, ikasleak 2022-2023 ikasturtean onartzeari dagokiona, Hezkuntza Departamentuan egin zen 2022ko martxoan. Haren emaitza aplikatuko da helduentzako Lanbide Heziketa presentzialeko irakaskuntzetan ikasleak onartzeko prozeduran, Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan antolatutakoetan, hain zuzen.

14.–Onarpena.

Ikaslea helduentzako LH erdipresentzialaren, Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan antolatutakoaren, eskaintzako ziklo eta ikastetxe batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean eranskin honen 18. jarraibidean ezarritako kasuen ondorioz.

15.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala. Inskripzio ikastetxe bakoitzean argitaratuko dira zerrenda horiek.

2. Onartutakoen behin-behineko zerrenda, erreklamazio-epea, onartutakoen behin betiko zerrenda eta matrikulazio-epea abuztuaren 8ko 175/2022 Ebazpenean ezarritako egunetan eginen dira.

3. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

4. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan matrikula egiten duten ikasleak, kurtsoa hasi eta 15 eguneko epean, eskoletara agertzen ez badira arrazoirik azaldu gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

16.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

Aplikatuko da abuztuaren 4ko 80/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 15. jarraibidean ezarritakoa (ebazpen horren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloen eskaintza 2021-2022 ikasturterako, eta, horrekin batera, onesten dira jarraibideak onarpen prozedurari buruz, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruz eta ziklo horien antolamenduari eta funtzionamenduari buruz).

17.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

18.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren matrikulazio epea bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Kurtsoaren hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

19.–Ikastaroaren hasiera eta amaiera egunak.

1. Eskainitako zikloetako lehen mailako eskolak 2022ko urriaren 3an hasiko dira. Era berean, eskainitako zikloetako bigarren eta hirugarren mailetako eskolak 2022ko irailaren 7an hasiko dira.

Eskolak, bietan ere, 2023ko ekainaren 20an amaituko dira, halaxe xedatu baita Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 107/2022 Ebazpenean, zeinetan jarraibide batzuk onesten baitira 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeei dagozkien eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko.

20.–Heziketa zikloen eskaintza.

Talde batean inskribatuen kopurua hamabostetik beherakoa baldin bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk ere kontuan hartuta. Aldagai horiek dira, besteak beste, kasuko taldean matrikulak izan duen bilakaera historikoa, lurralde kohesioko irizpideak eta Nafarroako ekoizpen eta zerbitzu sektoreei ematen zaien erantzuna.

21.–Epe arruntetik kanpo eskolatzea.

Ikaspostu hutsen esleipena bukatu ondoren –halakorik egiten bada–, zilegi izanen da 2022ko urriaren 31ra arte ikasle gehiago sartzea hasitako kurtsoan, baldin eta ikasposturik gabekoen lehentasunezko zerrendako guztiei ikaspostu hutsik eskaini bazaie. Ikaspostuen esleipen hori ikastetxe bakoitzak ebatziko du.

22.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

1. 2022-2023 ikasturtean “Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzen eskaintzako heziketa ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleak Batxilergoko ikasketetan ere matrikulatuta egon daitezke aldi berean, baldin eta, sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

2. Helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan antolatutakoetan, matrikula egitea bateraezina da honako hauekin:

a) 2022-2023 ikasturtean derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan. Salbuespena da aurreko paragrafoan aipatutakoa.

b) 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko probetan matrikulatzearekin, ikaslea matrikulatzen den zikloko modulu beretan.

c) Zer modulutan matrikulatzen den modalitate honetan, haiei dagozkien gaitasun-unitateetako lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozedura batean parte hartzearekin 2022an eta 2023an.

d) Matrikulatuta dagoen moduluetako gaitasun-unitateei lotutako enplegurako prestakuntza ikastaroak egitearekin.

Nafarroan “Lanbide Heziketako ziklo erdipresentzialetan” antolatutako helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzan eta, aldi berean, lehen aipatutako a), b), c) eta d) kasuetan matrikulatu edo parte hartuz gero, ofizioz deuseztatuko da dagokion zikloan egindako matrikula.

23.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta haren eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai onarpen eta matrikulazio prozesuak amaitu arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

24.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

25.–Komunikazio bideak.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua: 848 423232, 848 428981.

Iragarkiaren kodea: F2211723