189. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

128/2022 EBAZPENA, abuztuaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdi bat, linea batzuk zuzen ditzaten, bat etorrita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan, eta Europar Batasunak finantzaturiko Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 643303.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak helburu du arauak ezartzea baliabide naturalak (eta bereziki, naturaguneak eta basaflora eta basafauna) babestu, lehengoratu, zaindu eta hobetzeko. Haren 54. artikuluan, aurreikusten du beharrezko neurriak hartzea basa bizi den biodibertsitatea babesten dela bermatzeko. Beste aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerek bateragarriak izan behar dutela ingurumenaren babesarekin.

Linea elektrikoak dira hegazti-faunaren heriotza ez natural gehien eragiten dituen faktoreetako bat, asko hiltzen baitira elektrokutatuta edo haien aurka talka eginda.

Nafarroan, arazo horretaz ohartu ziren jada 1991. urtean, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi baitzen urte hartan, zeinaren bidez instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ezarri baitziren, hegazti-fauna babesteko asmoz.

Estatuan, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko. Era berean, zenbait betebehar ezarri ziren, linea elektrikoek bete beharreko baldintza tekniko batzuk, hegazti-fauna elektrokutaturik edo talkaz hil ez zedin. Horrez gain, mekanismo eta aurrekontu batzuk gaitu ziren arau horren aurretik jarritako lineak zuzentzearen kostua finantzatzeko.

Betetze aldera abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpena eman zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez mugatu baitziren hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak, eta xedatu baitzen babes-eremuak argitaratzea, aplikatu zedin, Nafarroan, abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua, zeinaren bidez neurri batzuk ezarri baitziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko.

Gerora, errege dekretu horretako 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpena eman zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, zeinetan zehaztu baitzen Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak (errege dekretu horren bidez ezarri ziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak). Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta linea horien jabeei jakinarazi zitzaien.

2020ko abenduaren 14an, Europar Batasuneko Kontseiluak 2020/2094 (EB) Erregelamendua onartu zuen, zeinaren bidez Europar Batasunaren tresna bat ezarri baitzen COVID-19aren krisiaren osteko susperraldia babesteko. Espainiako estatuan, funts horiek azkar eta eraginkortasunez inberti zitezen, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez premiazko neurri batzuk onetsi baitziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana exekutatzeko.

2021eko otsailaren 18an, EBAOn argitaratu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, zeinaren bidez ezarri baitzen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa. Erregelamendu horrek ezarri zituen Batasunaren helburuak, finantzaketa, finantzaketa-modalitateak, Mekanismoaren esparruan, eta finantzaketa hori emateko arauak.

Arau horien babesean, 2021eko apirilaren 14ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak erabaki bat onetsi zuen, zeinaren bidez formalizatu baitziren kreditu batzuk banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa (kreditu horiek linea elektrikoak aldatzeko erabiliko dira, hegazti-faunan kalterik eragin ez dezaten, eta sartuta daude aipatutako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan). Erabaki horren harira, 1.306.676,95 euro transferitu zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari. Horrela, bada, 2022ko ekainaren 20ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren erabakiaren bidez aldatu egin zen, puntualki, 2021eko apirilaren 14an hartutako erabakia: exekuzio-epeak handitu ziren, kredituak banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa, ordea, ez ziren aldatu.

Eskualde mailan, eta Next Generation funtsak eraginkortasunez eta efizienteki kudeatuko direla bermatze aldera, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez presako neurriak onetsi baitziren kudeatu eta exekutatu zitezen Suspertzerako Europako Bitartekotik etorritako funts europarrekin finantza daitezkeen jarduketak.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroaren 2021eko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez, formalizatu egin ziren autonomia erkidegoekin 2021erako hartutako finantza-konpromisoak, lerro honetakoak: abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzeko lerroa, linea elektrikoak aldatzeko. Lerro hori finantzatu da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura, eta Nafarroari 1.306.676,95 euro dagozkio. Ordainketa 2021eko maiatzaren 28an egin zen.

Jarduketa hau kokatzen da, hain zuzen ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionaleko 4. osagaiko (Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta horien biodibertsitatea kontserbatzea eta lehengoratzea) 2. inbertsioan (Lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea) ezarritako neurriaren garapenean.

Jarduketaren oinarria, funtsean, deialdi hau da, zeina norgehiagokako araubidean eginen baita eta zeinak helburu baitu bete dadila 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa, goi-tentsioko linea elektrikoak egokitzea helburu duten proiektuak finantzatzeko, Ingurumeneko Konferentzia Sektorialean adostutako inbertsioaren bidez.

Laguntza horiei osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa- eta kontrol-mekanismoak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen agindu espezifikoak ere, horiek aplikatzea nahitaez bete beharrekoa izanen baita.

Ebazpen honetan aurreikusitako finantzaketa ez da Estatuaren laguntzatzat hartzen; izan ere, ingurumena eta energia babestearen arloko estatu-laguntzei buruzko 2014-2020 aldirako Jarraibideen (Batzordearen 2014/C 200/01 Jakinarazpena) 15.e) apartatuaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira biodibertsitatea kontserbatzeko laguntzak, zeinak arautu behar baitira Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuei (SIEG) aplikatu beharreko arauen arabera. Bestalde, Altmark epaian adierazitako lau irizpideak betetzen direnez, laguntza horiek guztiz bateragarriak dira barne-merkatuarekin, betetzen baitira Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko 2012/21/EB Erabakian ezarritako baldintzak. Erabaki horretan ezartzen da nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluaren 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren zenbait enpresari zerbitzu publikoa emateagatik konpentsazio modura ematen zaizkien dirulaguntzak.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Ingurumeneko zuzendari nagusiari 1.306.676,95 euroko gastua konprometitzeko.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 104/2022 Ebazpenaren bidez, “Linea elektrikoak zuzentzeko dirulaguntzak, hegazti-fauna babesteko” jarduketa kudeatzeko plana onetsi zen (jarduketa hori sartzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. osagaiaren barruan).

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan zuzen ditzaten, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honi erantsi zaizkio.

3. 1.306.676,95 euroko gastua baimentzea, 2023ko eta 2024ko gastu-aurrekontuetako “MRR C4. Linea elektrikoak” izeneko 740003 74300 7701 261700 partidaren kargura (partida hori 2022ko gastu-aurrekontuko 740003 74300 7701 261700 partidaren baliokidea da, zeinak “MRR C4. Linea elektrikoak” izena baitu). Kopuru hori honela banatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

2023

(eurotan)

2024

(eurotan)

740003 74300 7701 261700

1.306.676,00

0,95

Proiektu hori E-21/000456-01 PEP elementuan kontabilizatuko da.

4. Halaxe xedatzen baitu 58. artikuluan 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeak, dirulaguntza horiek emanen dira 2023ko ekitaldiaren kargura, eta 2024ko ekitaldira aldatu ahal izanen dira justifikatzeko unean.

5. Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izanen da kreditu egoki eta nahikoa egotea laguntzak finantzatu ahal izateko ekitaldi horretako aurrekontuaren kontura.

6. Eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean.

9. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

LINEA ELEKTRIKOEN TITULARREI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2022KO, 2023KO ETA 2024KO EKITALDIETAN LINEA BATZUK ZUZEN DITZATEN, ABUZTUAREN 29KO 1432/2008 ERREGE DEKRETUAK EZARTZEN DUENAREKIN BAT

XEDAPEN KOMUNAK

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da goi-tentsioko linea elektrikoak abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetara egokitzearen ondoriozko gastuak konpentsatzeko laguntzen araubidea ezartzea, norgehiagokan. Errege dekretu horrek goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen ditu.

Laguntza horiek ez dira Estatuaren laguntzatzat hartzen; izan ere, ingurumena eta energia babestearen arloko estatu-laguntzei buruzko 2014-2020 aldirako Jarraibideen (Batzordearen 2014/C 200/01 Jakinarazpena) 15.e) apartatuaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira biodibertsitatea kontserbatzeko laguntzak, zeinak arautu behar baitira Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuei (SIEG) aplikatu beharreko arauen arabera. Bestalde, Altmark epaian adierazitako lau irizpideak betetzen direnez, laguntza horiek guztiz bateragarriak dira barne-merkatuarekin, betetzen baitira Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko 2012/21/EB Erabakian ezarritako baldintzak. Erabaki horretan ezartzen da nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluaren 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren zenbait enpresari zerbitzu publikoa emateagatik konpentsazio modura ematen zaizkien dirulaguntzak.

Goi-tentsioko linea elektrikoak eroale biluziekin egokitzeko proiektuak finantzatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak indarra hartu zuenean bazeudenak (dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko). Zehazki, hegazti-fauna babesteko araudia betetzen ez duten euskarriak eta baoak, zeinak kokaturik dauden goi-tentsioko aireko linea elektrikoen inbentarioan agertzen diren lineen babes-eremuetan (linea horiek jasota daude Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean).

Jarduketa hau kokatzen da, hain zuzen ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionaleko 4. osagaiko (Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta horien biodibertsitatea kontserbatzea eta lehengoratzea) 2. inbertsioan (Lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea) ezarritako neurriaren garapenean.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedea da natura-baliabideak, bereziki naturaguneak, basa flora eta fauna, babestu, leheneratu, zaindu eta hobetzeko arauak ezartzea. Lege horren 54. artikuluak ezartzen du behar diren neurriak hartuko direla basa egoeran bizi den biodibertsitatea zainduko dela bermatzeko. Eta, bere aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerak bateragarriak izan behar direla ingurumenaren babesarekin.

Inguruabar horiek aintzat hartuta, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko.

Beste alde batetik, Nafarroan, 1991. urtean jada arazo horien berri jakin zelarik, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen, zeinak arau teknikoak jartzen baitzituen instalazio elektrikoetarako, hegaztifauna babesteko xedez; dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du arau horiek honako hauek bete behar dituztela: a) eraikitzen diren instalazio berriak; b) dauden instalazioen handitzeak edo aldaketak.

Betetze aldera abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpena eman zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezabatu baitziren mugatu baitziren hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak, eta xedatu baitzen babes-eremuak argitaratzea, aplikatu zedin, Nafarroan, abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua, zeinaren bidez neurri batzuk ezarri baitziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko.

Gerora, errege dekretu horretako 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpena eman zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, zeinetan zehaztu baitzen Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak.

Dirulaguntza honen xedea da linea elektrikoei buruz eta hegaztiak babesteari buruz indarra duen araudia betetzea, linea elektrikoek fauna mota horren gainean dituzten ukipenak prebenitu eta gutxitzeko.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurria zuzentzen zaie lehen aipatutako babes-eremuetan kokaturik dauden eta 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintza teknikoak betetzen ez dituzten goi-tentsioko linea elektrikoen titularrei, pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu izan.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Aurreko oinarrian zehaztutakoak neurriaren onuradun izateko, inbertsioren bat egin behar dute linea elektrikoak egokitzera begira, horiek hegaztiak elektrokutatzeari buruzko indarreko araudira egokitzeko.

2. Onartuak izateko irizpide hauek bete beharko dituzte laguntza-eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

b) Onuradun izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoarekin.

c) Foru Ogasunarekin bere zerga betebeharretan eta/edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

3. Onuradun izateko exijitzen diren inguruabarrak betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da eskaera egiten den unean.

5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak, betebeharrak eta baztertutako jarduerak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean sartuta dauden goi-tentsioko aireko lineen inbentarioan dauden linea elektrikoei buruzko proiektuak (ebazpen horrek zehazten du Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak).

2. Jarduketa diruz lagungarriak izanen dira lineak egokitzeko proiektuak egitea eta exekutatzea, baldin eta helburutzat badute babes-eremuan kokatutako euskarriak eta baoak zuzentzea, eta egiturak zuzentzeko jarduketak badituzte, bermatzeko betetzen direla, gutxienez ere, elementu eroaleen arteko segurtasun-neurriak, eta zehaztapen teknikoak betetzen direla, zeinak arautu baitira abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 6., 7. eta 8. artikuluetan. Diruz lagungarriak izanen dira, era berean, hegazti-faunaren talka-arriskuak minimizatzeko neurriak hartzera zuzendutako proiektuak, bete dadin lehen aipatutako errege dekretu horren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoa. Horrez gain, I. eranskinean adierazitako zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte.

Jarduketa mota hauek izanen dira, eta horiek aplikatzeko, teknika erabilgarri onenak erabiliko dira beti:

a) Euskarrien gurutzetak zuzentzea edo ordeztea, isolatzaileen kateak ordeztea, gurutzeten edo erdi-gurutzeten gaineko tentsio-elementuak kentzea, edo armatuak ordeztea.

b) Tentsioan dauden elementuen arteko lotura-zubiak isolatzea, eta eroaleak eta beste tentsio-elementu batzuk isolatzea zorroen edo plastikozko elementu aurreformatu eta homologatuen bidez, betiere jarduketa gehigarri gisa, egiturazko aldaketak zer euskarritan aplikatzen diren, euskarri horien segurtasuna indartzeko.

c) Hegazti-salbatzaileak edo ikusizko seinaleak jartzea, bat etorrita, gutxienez ere, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 7. artikuluan emandako ohar orokorrekin.

3. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, dagokion deialdian ezarritako epean egiten badira.

4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Zuzeneko eta zeharkako zergak, horien artean BEZa.

b) Erakunde onuradunaren zeharkako kostuak: kudeaketa- eta administrazio-gastu espezifikoak (gastu arruntak barnean direla, hala nola argia, ura, gasa, telefono finkoa, Interneterako konexioa edo telefonia mugikorra).

c) Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, peritu-gastuak, administrazio-gastu espezifikoak eta banku-bermearen gastuak.

d) Oro har, argi zehaztuta ez dauden edo diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastu guztiak.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Goi-tentsioko aireko linea elektrikoen titularrentzako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da: Balorazio Batzorde Teknikoak onetsitako aurrekontuaren ehuneko ehun, ken zerga arloko araudian salbuestea edo itzultzea ezartzen diren zeharkako zergak.

3. Ezarritako jarduketen gehieneko zenbateko diruz lagungarriak kalkulatzeko, gehieneko prezio unitarioak hartuko dira oinarritzat, zeinak ezarri baitira goi-tentsioko linea elektrikoak zuzentzeko zerbitzuen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren esparru-akordioan. Prezio horiek ikus daitezke Nafarroako Gobernuren Interneteko atariaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) zerbitzu-katalogoko fitxetatik deialdi honi dagokion hartan sartuta. Baldin zerrenda horietan deskribatu ez diren elementuak edo jarduketak erabili behar badira, horien erabilera eta aurkeztutako zenbatekoa justifikatu beharko dira, merkatuko prezioetara egokituta.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Elektrokutatzeko arriskua zuzentzen duten eskaerak lehenetsiko dira, talka egiteko arriskua zuzentzekoak soilik direnen aldean.

3. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

(puntuak)

Katalogatutako espezieen hilkortasun-intzidentziak*¹

7

Katalogatu gabeko espezieen intzidentziak*¹

3

Kontserbazio bereziko eremuetako lineak, baldin haien kudeaketa planeko neurrien artean sartuta badago lineak egokitzea.

12

Galzoriko hegaztien berreskurapen planen batek ezartzen dituen eremuetan dauden lineak

12

Lineak, zeinentzat deialdi hau argitaratu aurretik aurkeztu baita zuzenketa-proiektua Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuan, 1432/2008 Errege Dekretua betez

15

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean*² elektrokutatzeko 5. arrisku-maila duten lineak

6

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean*² elektrokutatzeko 4. arrisku-maila duten lineak

4

Partikularrak

20

Banatzaile txikiak eta ekoizle txikiak*³

15

Ekoizleak

5

*¹ Puntuazio guztia emanen da justifikatzen den heriotza kasu bakoitzarengatik.

*² 70/2018 Ebazpena, martxoaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zehazten duena Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

*³ Banatzaile txikitzat jotzen dira beren sareetara 100.000 bezero baino gutxiago konektatuta dituzten banatzaileak (Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legea), eta ekoizle txikitzat, beren instalazio guztien potentzia osoaren batura 10 MW baino handiagoa ez dutenak.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, lehenagoko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe. Azken proiektu edo ekintzarako behar beste kreditu ez badago onartu zaion aurrekontuaren ehuneko ehun emateko, aurrekontuan erabilgarri gelditzen den dirua emanen zaio. Lehen adierazi den moduan, elektrokuzio arriskua zuzentzeko proiektuek lehentasuna izanen dute talkak zuzentzeko proiektuen aldean.

2. Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortu duen eskabidea lehenetsiko da; berdinketan bere horretan jarraitzen badu, 2. irizpidekoak, eta horrela, hurrenez hurren, berdinketa hautsi arte. Irizpide guztiak aplikatuta ere azken proiektuek berdinduta jarraitzen badute, lehentasuna izanen du eskabidea aurreneko aurkeztu duenak.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

1. Laguntzen onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak.

2. Dirulaguntzen onuradunek, zehazki, betebehar hauek dituzte:

2.1. Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean.

2.2. Laguntza ongi eman dela eta inbertsioa ongi egin dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

2.3. Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

2.4. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ingurumen Eraginaren Atalak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2.5. Proiektuak edo ekintzak deialdian adierazitako epean gauzatzeko eta ordaintzeko konpromisoa.

2.6. Dirulaguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.7. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

2.8. Beharrezkoak direnean, nahitaezko lizentziak eta baimenak izatea, diruz lagundutako jarduerak hasten diren unean.

2.9. Deialdi honen babesean finantzatutako jarduketa guztiek aipatutako printzipioa errespetatu behar dute, hau da, ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa, DNSH printzipioa (Do No Significant Harm);halaxe xedatu baita Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan –zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen baita–, hura garatzeko araudian –bereziki, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” aplikatzeko Gida Teknikoari buruz Batzordeak emandako Komunikazioa–, eta Kontseiluaren Betearazpen Erabakian, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzkoan.

2.10. Dirulaguntzaren xede diren jardueren izaera publikoaren eta finantzaketaren publizitate egokia egitea, 20. oinarrian adierazitakoaren arabera.

10. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaera linea elektrikoaren titularrak sinatu beharko du, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hirurogei egun naturaleko epean aurkeztuko da.

2. Lineen titularrek nahi beste eskabide aurkeztu ahal izanen dituzte; hala ere, eskabide bakarra aurkeztuko da zuzendu beharreko linea bakoitzeko.

3. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, horretarako ezarritako eredua betez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da. Eskabidearekin batera II. eranskinean (“Laguntza-eskabideari erantsitako inprimakiak”) zehazten diren agiriak aurkeztuko dira:

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu.

d) IFZren kopia.

e) Ebazpen honetako 9. oinarriko “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan zehazten baita ezen ez dela beste laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu jarduera bererako.

g) Dirulaguntzak emateko eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea bil ditzan beharrezkoak dituen dokumentuak egiaztatzeko eskatzaileak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta eskubidea eta beharrezko sarbideak ematea bermatzeko beren eskumenak beteko dituztela, bai Batzordeak, bai Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), bai Europako Kontuen Auzitegiak, bai Europako Fiskaltzak baita agintaritza nazional eskudunek ere. Eskatzaileak BAIMENIK EMATEN EZ BADIO laguntzak ematen dituen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, egiaztagiri hau aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

h) Linea zuzentzeko proiektua, zeinetan, gutxienez ere, honako hauek adieraziko baitira:

a.–Linearen kokapena, trazaduraren deskribapena eta eskalako planoa, 1:25.000 eskalan, gutxienez ere.

b.–Argazki-erreportajea, aukera emanen duena euskarri bakoitzaren egoera zein den banan-banan ikusteko.

c.–Instalatu beharreko euskarri eta armatu motak.

d.–Isolamendu-sistemen ezaugarriak, justifikatuta homologatuta daudela, gutxienez ere, zuzenduko diren lineen tentsiorako.

e.–Atari zabalean mozketa duten etengailuen eta ebakitze eta transformazio instalazioen deskribapena.

f.–Hegaztiak babesteko instalatu beharreko gailuen ezaugarriak eta, hala badagokio, horien kokapena, bai eta lineetan habiak egitearen aurkako neurriak eta talken aurkako neurriak.

g.–Aurrekontu zenbatetsia, 6.3 oinarrian aipatutako kostu unitarioak aipatuta.

i) Datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez.

j) Zeharkako printzipioen konpromisoaren adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeari dagokionez:

–Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko beharrezko neurriak hartzea, eta, ez-betetzerik izanez gero, dagokien agintariei jakinaraztea.

–Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea, DNSH printzipioa (Do Not Significant Harm).

k) Interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduketei dagokienez.

4. Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den, eta datu babesturik baldin bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari sarbidea izateko.

5. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamabost egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ingurumen Eraginaren Atalari dagokio; atal hori Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari atxikita dago.

2. Espedientea prestatzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonen interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) jasoko da espedientean. Adierazpen hori bat etorriko da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren IV. eranskinean jasotako ereduarekin.

12. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena hiru hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Burua: Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Ingurumen Jarraipenaren Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Ingurumen Eraginaren Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

3. Batzordeko kide bakoitzak Biodibertsitatearen Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Batzordeko kide guztiek interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) sinatu beharko dute. Adierazpen hori bat etorriko da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren IV. eranskinean jasotako ereduarekin. Era berean, bilera bakoitzaren hasieran, Batzordeko kideek berariaz adierazi beharko dute interes-gatazkarik dagoen edo ez, eta aktan jaso beharko da.

5. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, beharrezkotzat jotzen diren adina jarduketa eginen dira eskatutako inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

6. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

13. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Balorazio Batzordearen txostena ikusirik, emateko proposamen-txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari bidaliko dio. Bertan adieraziko da entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak; halaber, zerrenda bat gehituko da, non baldintzak bete arren, aski aurrekonturik izan ez eta deialditik kanpo gelditu direnak agertuko baitira.

2. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

4. Emakidak 2023ko ekitaldiaren kargura eginen dira, eta 2024ko ekitaldira aldatu ahal izanen dira, 15. oinarrian ezarritakoa betez.

5. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

15. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Bi egun ezartzen dira lanak egin eta ordainketa-eskaerak egiteko:

–2023ko urriaren 3a, data hori baino lehen amaitutako lanetarako.

–2024ko irailaren 4a, gainerakoentzako.

2. Bada Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren erabaki bat, zeinaren bidez onesten baitira abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzeko kreditu batzuk banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa, arriskuan dauden hegazti-faunako espezie batzuk elektrokutatzen diren linea elektrikoak aldatzeko. Erabaki horretan honako baldintza hau ezarri zen: “Finantzatuko diren proiektu guztiek 2021eko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean hasita egon beharko dute (linea elektrikoak zuzentzeko obren hasiera-data). 2023ko abenduaren 31 izanen da gastu-konpromisoen azken eguna”.

Baldintza hori betetzen dela bermatzeko, 2024ko irailaren 4an justifikatuko diren proiektu guztiek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute 2024ko urtarrilaren 16a baino lehen, zeinetan justifikatuko baita ezen lineak zuzentzeko obrak 2023ko abenduaren 31 baino lehen hasi direla (III. eranskina), 17.4 oinarrian jasotako kasuetan izan ezik.

3. Ordainketa eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (IV. eranskina).

b) Obra amaierako proiektua, non egonen baitira zuzendutako euskarri guztien argazkiak, egindako jarduketa erakutsiko dutenak, eta erabili diren materialak homologatuak daudelako ziurtagiriak, gutxienez jarduketaren xedekoa izan den aireko linearen tentsiorako.

c) Jatorrizko fakturak edo kopiak. Txosten bat erantsi beharko da, jarduera gauzatzeari buruzkoa, zeinetan banakatuta azalduko baitira 6.3 oinarrian adierazitako linea elektrikoak zuzentzeko oinarrizko jarduketa-unitateak.

d) Fakturen ordainagiriak, datu hauek agertuko dituztenak gutxienez: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

e) Onuradunak jatorrizko dokumentazioa eta kontabilitatea aurkeztu beharko ditu, beharrezko egiaztapenak egiteko eskatuz gero.

f) Hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpidez hautatu izanaren justifikazioa, baldin gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeagatiko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen horniduraren edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan.

3. Ordainketa-eskaera aurkeztu ezean deialdian zehazturiko datak baino lehen horretarako ezarritako inprimakiaren bidez, dagokion urtekoa galduko da. Eskaerak aipatutako dokumentazioa ez badu, instrukzioa egiten duen unitateak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

16. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira (ordainketa bakarra eskabide bakoitzeko), egiaztatzen denean dirulaguntza ematea eragin zuen inbertsioa egin dela. Froga hori aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaren bidez eginen da.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko zaizkie onuradunei, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 17. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Emandako laguntza baino gastu handiagoa justifikatzen bada, emakidan esandako kopurua baino ez da ordainduko.

17. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 15. oinarrian adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, dirulaguntza ordainduko da, onartu den kopuruan, eta, lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, benetan frogatzen den inbertsioaren proportzioan.

3. Onetsitako zenbatekoetan ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik hutsik geratzen den zatia azken proiektu diruz lagungarriari ordainduko zaio, seigarren xedapenaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunek frogatzen badute ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

c) Inbertsioa ezin egitea, hornidura-arazo orokortuak direla-eta, baldin eta frogatzen bada materialak behar besteko aurrerapenaz enkargatu direla eta atzerapena gertatu dela onuradunari ez dagozkion arrazoiengatik.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

18. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Europar Batasunaren 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren 191. artikuluan eta Erresilientzia eta Suspertze Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunei ohartarazten zaie ezen deialdi honetako dirulaguntzak, oinarri arautzaile hauen bidez arautuak, bateraezinak direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren –nazionalak zein nazioartekoak– beste dirulaguntza batzuekin. Era berean, kostu berak finantzatzen lagundu duten beste funtsik izan bada, edozein eratakoak izanik ere, eta Europatik kanpokoak badira ere, onuraduna beharturik dago horiei buruzko informazioa ematera.

19. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen eta EBren finantzaketaren publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Publizitatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan eta hura garatzeko arauetan eta eskuliburuetan ezarritakoaren arabera eginen da. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du.

Horretarako, txapa bat jarri beharko da zuzendutako euskarrietako batean, Europar Batasunaren ikurra duena, eta finantzaketa-adierazpen egoki bat duena, zeinetan adieraziko baita “Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU”(https://ec.europa.eu/regional_policy/en/information/logos_downloadcenter/); era berean, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari erreferentzia egiten dion logotipoa gehituko da karteletan, material inprimatuetan, bitarteko elektronikoetan edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo ikus-entzunezko komunikabideetan egiten diren aipamenetan.

21. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. oinarria.-Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan berariaz aurreikusita ez dauden alderdietan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta xedearen arabera aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

23. oinarria.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta berauek aplikatuz diktatutako ekintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Xedapen berariazkoak

Indarreko araudia une oro bete beharko da, hala Estatukoa nola Nafarroakoa. Orobat, baldintza hauek hartuko dira kontuan:

–Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.

–Lurpera jaisteko euskarrietan (edo linea amaierakoetan) elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Ganga erako euskarrietan, eroale nagusia isolatu beharko da. Amarratzeko grapa badago, grapa-estalki bidez estali beharko da.

–Isolamendu distantzia eraginkorra lortzeko, ezin dira bakarrik bastoiak edo luzagarriak erabili lotzeko kateetan.

–Ezin da silikonazko zinta erabili zubiak edo eroaleak isolatzeko.

–Justifikatu beharko da erabilitako materialak homologaturik daudela, behintzat linea elektrikoaren tentsio nominalerako.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabidea eta inprimaki osagarriak.

III. eranskina-Obra-hasieraren erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Ordainketa eskaera.

Deskargatu II. eranskinetik IV.era bitarteko eranskinak.(DOC).

Deskargatu ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea.

Deskargatu gardentasun adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2211303