188. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Ordenantza, Nagoreko gibel-urtegiko espazioaren eta josteta eta aisia erabileren antolamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2022ko apirilaren 5ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Nagoreko gibel-urtegiko espazioaren eta josteta eta aisia erabileren antolamendua arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 17koan, bai eta udalaren iragarki-taulan ere, eta, jendaurrean egon zen bitartean bi erreklamazio aurkeztu ziren.

Artzibarko Udalak, 2022ko abuztuaren 2an eginiko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Nagoreko gibel-urtegiko espazioaren eta josteta eta aisia erabileren antolamendua arautzen dituen ordenantza, eta aurkeztutako alegazioak baiestea. Jarraian, testu osoa argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Nagoren, 2022ko abuztuaren 2an.–Alkatea, Carlos Oroz Torrea.

NAGOREKO GIBEL-URTEGIKO ESPAZIOAREN ETA JOSTETA ETA AISIA ERABILEREN ANTOLAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Nagoreko presa, Urrobi ibaiaren gibel-dikea, Itoizko urtegiak eragindako ingurumen-inpaktua zuzentzeko eta lehengoratzeko neurrien parte da, eta balio estrategikoko espazio bat eratu du Pirinioetako eta Pirinioaurreko lurralderako. Espazio horretan eta Artzibarko hiriburua den Nagoreko hirigunean bertan biltzen dira hainbat baliabide, paisaia, kultura, jolas eta kirol alorretan, hain zuzen ere, oinarritzen direnak gibel-dike horrek sortzen duen ur-xafla egonkorrean.

Baliabide multzo horrek, eremuaren lurralde-garapen jasangarrirako potentzial ukaezina duenak, kudeaketa koordinatua behar du, Nafarroako Gobernuaren, urtegiko lurren eta haren ingurune hurbilaren jabe den aldetik, Artzibarko Udalaren eta Nagoreko Kontzejuaren artean.

NAGOREKO URTEGIKO ESPAZIOAREN ETA JOSTETA
ETA AISIA ERABILERAK ARAUTZEKO ARAUAK

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Nagoreko urtegia (Urrobi ibaiaren gibel-presa) sustatzearen ondoriozko espazioa eta josteta eta aisia erabilerak arautzea, lurraldea egituratzeko proiektu estrategiko gisa.

Aplikazio-eremua izanen da urtegiaren perimetro-bidearen eta NA-1720 errepidearen (Nagore-Garralda izenekoa) eta 21. poligonoko 36. lurzatiaren (Artzibarren E azpilurzatia) arteko espazioa.

2. artikulua. Artzibarko Udalaren eskumena.

Ordenantza hau ematen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.1 eta 139-141. artikuluetan ezarritakoaren arabera udalak dituen eskumenak erabiliz.

2. KAPITULUA

Seinaleak

3. artikulua. Seinaleak jartzea.

Artzibarko Udalak aginduko du Nagoreko urtegiko josteta eta aisia erabilerarekin zerikusia duten seinaleak jartzea, kentzea eta ordeztea, lehen artikuluan zehaztutako aplikazio-eremu osoan, honako hauek biltzen dituena: Angordoiko (Nagore) eta Artziko bainatzeko eremuak, perimetroko pasealekua eta aparkalekuak.

4. artikulua. Aplikazioa.

Ordenantza honen xede den espazioaren erabiltzaileak behartuta daude informazio-seinaleei men egitera eta beren jokabidea seinale horien mezura egokitzera.

3. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

5. artikulua. Arau orokorrak.

Baimena ematen da aparkatzeko Angordoiko (Nagore) bainu-eremuko eta Artziko bainu-eremuko aparkalekuetan, honako baldintza hauekin:

5.1. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere aparkalekuaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da ibilgailua non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkalekua mugatzen dute zoladuran marraztutako marra zuriek.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

Gelditzea da ibilgailua 2 minutuz baino gutxiagoz ibilgetzea, jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutuz baino gehiagoz ibilgetzea, baldin eta zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.

Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

5.2. Aparkalekuetarako sarbidea arautuko da urtero onesten den erabilera-ordutegia adieraziz. Itxiera-ordutegitik aurrera, aparkalekuak ibilgailurik gabe egonen dira (baimendutako ibilgailuak izan ezik).

6. artikulua. Ibilgailuak, autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.

6.1. Turismoek, karabanek, atoiek, erdi-atoiek eta autobusek Angordoiko eta Artziko bainu-eremuetako aparkalekuetan aparkatu beharko dute.

Autobusek bakarrik aparkatzen ahalko dute horretarako berariaz prestatutako plazetan.

Une oro errespetatuko da mugikortasun urriko pertsonentzako plazen erabilera, Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

Ontziak garraiatzen dituzten atoiak horretarako berariaz prestatutako aparkalekuan aparkatuko dira.

6.2. Debeku da aparkalekuan (asfaltoan) eta espaloietan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

4. KAPITULUA

Bainua

7. artikulua. Bainu mota eta uretarako sarbidea.

7.1. Bainatzea baimenduta dago seinaleztapenaren arabera ezarritako eremuetan.

7.2. Bainu-denboraldia urtero baimenduko da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren urteko ebazpenean xedatutakoaren arabera.

7.3. Bainua ez dute ezein langilek zainduko; beraz, bainulariek beren borondatez eginen dute beti, beren erantzukizunpean.

7.4. Soilik sar daiteke uretara Angordoiko (Nagore) eta Artziko bainu-eremuetatik.

5. KAPITULUA

Nabigazioa

8. artikulua. Erabilera.

8.1. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak xedatutakoaren arabera arautuko da era guztietako ontzien nabigazioa urtegian.

6. KAPITULUA

Txakurrak edukitzea

Maskoten jabeen betebeharrak

9. artikulua. Maskotak edukitzea bainu-eremuetan.

Txakurren gunea izanen da Artziko bainu-eremuan horretarako seinaleztatutako espazioa. Txakurrek lotuta egon beharko dute une oro, eta animaliaren arduraduna bertan dela eta haren kontrolpean.

Nagoreko bainu-eremuan ezin da txakurrik egon.

Kasu guztietan, jabeek nahitaez garbitu behar dute haiek eragindako edozein gorozki edo zikintze.

Gainera, legedian xedatutakoaren arabera arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei nahitaez animalia bakoitzaren arraza-tipologiarako egokia den muturrekoa jarri beharko zaie. Kontrolpean eraman beharko dira bi metrotik beherako kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako zakur bat baino gehiago eraman.

Ez dago baimenduta txakurrak sartzea uretan edo legar-eremuetan.

10. artikulua. Maskotak edukitzea bainu-eremuetatik kanpo.

Urtegia inguratzen duen bide perimetrala txakurrentzat egokia da. Eremu horretan, jabeek une oro kontrolatu beharko dituzte. Nagoreko herrigunetik igarotzean, txakurrak lotuta egon behar dira.

11. artikulua. Kutsadura akustikoa.

Espazioaren “ondare sentsoriala” babesteko, ez dago baimenduta erabiltzea megafonoak, bozgorailuak edo soinuak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten tresnak, baldin eta bizilagunei eta erabiltzaileei enbarazu egiten badiete eta natura-ingurunea asaldatzen badute, Artzibarko Udalaren, Nagoreko Kontzejuaren edo Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena duten jarduerak izan ezik.

12. artikulua. Ibilgailu motordunak erabiltzea.

Ordenantza honen eremuan, ez dago baimenduta ibilgailu motordunak aparkalekuetatik kanpo erabiltzea, larrialdiak eta Artzibarko Udalaren, Nagoreko Kontzejuaren, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren edo beste erakunde ofizial batzuen berariazko baimena duten ibilgailuak izan ezik.

13. artikulua. Hondakinen autokudeaketa.

Gune hori kudeatzen da zero hondakineko eremu gisa.

Erabat debekatuta dago lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.

Pertsonek beren hondakinez arduratu beharko dute.

7. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

14. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Baimendutako aparkalekuetatik kanpo aparkatzea.

b) Aparkalekuan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

c) Aparkalekuetan ibilgailua aparkatuta edukitzea, gaitutako ordutegitik kanpo.

d) Ez betetzea informazio-seinaleetan adierazitakoa.

e) Baimenik gabe nabigatzea.

f) Ontzi motordunekin nabigatzea.

g) Ontzi bat erabiltzea desinfekzio-estazioan garbitu gabe.

h) Angordoiko (Nagore) bainu-eremuetan txakurrak eramatea, bai eta Artziko bainu-eremuan haientzat egokitutako eremutik kanpo ere.

i) Txakurrak aske eramatea Artziko bainu-eremuan haientzat egokitutako eremuan.

j) Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.

k) Lurrera edo uretara botatzea edo uztea paperak, plastikoak, botilak, zigarrokinak, janari-hondarrak edo beste edozein hondakin organiko edo ez-organiko.

l) Kutsadura akustikoa eragitea.

m) Ibilgailu motordunak aparkalekuetatik kanpo erabiltzea, baimenik gabe.

n) Urtegiaren inguruan kanpatzea baimenik gabe.

15. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

Arau-hauste arinetan berrerortzea.

16. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

Arau-hauste astunetan berrerortzea.

17. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

18. artikulua. Xedapen orokorrak.

18.1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira.

18.2. Artzibarko Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren esku jarriko dira.

8. KAPITULUA

Zehapen prozedura

19. artikulua. Prozedura

Prozedura izapidetuko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

20. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta prozedura buka daiteke berariazko ebazpenik eman behar izan gabe. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

21. artikulua. Eskumena.

Ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzeko eskumena Artzibarko alkateari dagokio, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1n) artikuluaren arabera, kontzejuko eta udaleko langileei ordenantza honetan jasotako zehaztapenak betetzen direla ikuskatzeko ematen zaizkien ahalmenak ukatu gabe.

22. artikulua. Kalte-ordainak.

Bainu-eremuetan, inguruko pasealekuetan eta aparkalekuetan kalteak izaten badira, horiek egin dituztenen kargura konpondu beharko dira. Kalte horien zenbatekoa administrazio-bidetik zehaztuko da.

Artzibarko Udalak ez du izanen erantzukizunik aparkatzeko eremuan uzten diren ibilgailuetan gerta daitezkeen lapurreta, egintza bandaliko edo kalteengatik.

Iragarkiaren kodea: L2211657