187. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

44/2022 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Uharte Arakilgo hirigune tradizionala eta Zerradoa auzoa lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzen dituena.

Uharte Arakilgo Udalak eskatu du herriko hirigune tradizionala eta Zerradoa auzoa lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Horretarako, arau subsidiarioen antolamendu xehatuko hirigintza determinazioen aldaketa egin du, eta birgaitzeko laguntzak arautzeko ordenantza bat onetsirik dauka.

Nafarroako Gobernuak ere, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, herri horretako bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Hori horrela, eta Sakanako Mankomunitateko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Uharte Arakilgo hirigune tradizionala eta Zerradoa auzoa lehentasunez gaitu beharreko eremu deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Uharte Arakilgo hirigune tradizionala eta Zerradoa auzoa lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.

2. Uharte Arakilgo Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ez da izanen lehentasunez birgaitu beharreko eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

3. Foru agindu hau Uharte Arakilgo Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Sakanako Mankomunitateko Birgaitze Bulegoari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko irailaren 7an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2212128