187. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

43/2022 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Iruñeko 3. esku-hartze orokorreko proiektua luzatzea onesten duena.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat, Eskubide Sozialetako kontseilariaren irailaren 27ko 357/2018 Foru Aginduaren bidez onetsi zen jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua: Salva Doktorearen kalea 1, 3, 5 eta 7, Labayen Doktorearen kalea 17 eta 19, eta Sanduzelai kalea 5, Iruñeko Sanduzelai auzoan (EOP 3).

Foru agindu hori 2018ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 5ekoan. Foru aginduaren lehenengo atalak ezartzen zuen jabe-erkidegoek jarduketa babesgarriaren behin-behineko kalifikazioa eskatu behar zutela lau urteko epean, foru aginduaren datatik hasita, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen.

Iruñeko Udalak luzapen hori eskatu du, beste 4 urtez, eta eremu horretako etxebizitzak birgaitzeko politikaren lehentasunezko xede direla adierazi du.

Nafarroako Gobernuarentzat ere etxebizitzak birgaitzea helburu nagusi bat da (horretarako bideratutako Next Generation funtsak gauzatzen ari da), eta hala dago jasota, halaber, 2018-2028 aldirako Etxebizitza Planean, are gehiago esku-hartze orokorreko proiektu batean sartutako etxebizitzak izanik. Beraz, aurkeztutako eskaera baiesten ahal da, eta beste 4 urtez luzatuko da EOParen indarraldia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Iruñeko 3. esku-hartze orokorreko proiektua beste lau urtez luzatzea onestea. Proiektuan 7 jabe-erkidego hauek daude sartuta: Salva Doktorearen kalea 1, 3, 5 eta 7, Labayen Doktorearen kalea 17 eta 19, eta Sanduzelai kalea 5, Iruñeko Sanduzelai auzoan.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea Iruñeko Udalera, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzura eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 7an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2212125