187. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

48/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko ekoizpen sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenak, gaitasun digitalari eta genero ikuspegiari buruzko faktore garrantzitsuak jasotzen ditu, eta lanbide heziketari dagozkion zenbait alderdiri eragiten die, hala nola Lanbide Heziketaren sustapenari; araubide bereziko irakaskuntzetatik sartzea errazten du, eta, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Titulua lortzeko aukera berresten die Oinarrizko Lanbide Heziketa egin dutenei, beste gai garrantzitsu batzuen artean.

Foru dekretu honen bitartez, zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek irailaren 15eko 838/2020 Errege Dekretua garatzen du. Azken horren bidez, zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren titulua ezarri eta horren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dira.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek diseinuari buruz onetsi dituen jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako ekoizpen sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio hori, alegia, “Zura zerratzea”, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautzen duena, osatu gabeko hainbat kualifikaziorekin (“Zurean eta deribatuetan prebentzio eta ontze tratamenduak aplikatzea instalazio industrialetan”, abuztuaren 4ko 728/2020 Errege Dekretuak arautzen duena; “Zurezko partikula eta zuntzezko oholak fabrikatzea”, urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretuak arautzen duena; eta “Zuraren eta deribatuen mekanizatua”, eta “Arotz lanen eta altzarien akabera”, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautzen duena), hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Ekoizpen sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Lanbide modulu guztien curriculumak orientabide didaktikoen apartatu bat du. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta, bestetik, ibilbideak diseinatzeko, prestakuntza eskaintzan bertan gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura integratuz. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasatzen ahal den beste ikasketa batzuetara Merkataritza Jardueretako teknikariaren titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren irakaslekuen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 11n egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxoa izeneko lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Zura prozesatzea eta eraldatzea.

b) Maila: 2.- Erdi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxoa.

e) Europako erreferentea: HNSN - 3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Zura prozesatzeko eta eraldatzeko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2 Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Helburu orokorrak, lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. “Zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikaria” prestakuntza zikloaren helburu nagusiak 2A) eranskinean jasota daude.

2 Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen irailaren 15eko 838/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

4. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

5. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotara, betiere onarpenerako ezartzen diren baldintzetan.

2. Zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluak sarbidea ematen du goi mailako heziketa zikloetarako, oinarrizko araudian ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren tituluak sarbidea ematen du Batxilergoaren edozein modalitatetarako eta gobernuak zehazten dituen batxilergoko ikasgaien baliozkotzeetarako, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 4. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin eta gaitasun unitateekin eta Batxilergoko irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokionez, irailaren 15eko 838/2020 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoa bete beharko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Natura ingurunea ustiatzeko eta kontserbatzeko teknikariaren titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 6 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitateetarako.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Espazioak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Espazioek azalera nahikoa eta behar bestekoa izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egin ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Toki nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza espazioek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik gune horietan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Tituluaren baliokidetasunak.

Era berean, Zurgintzako eta altzarigintza eraldaketako teknikariaren tituluak, apirilaren 22ko 730/1994 Foru Dekretuak arautzen duenak, zura prozesatzeko eta eraldatzeko tituluaren (zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen den) ondorio profesional eta akademiko berak izanen ditu.

Bigarrena.–Beste lanbide gaikuntza batzuk.

“Lanerako prestakuntza eta orientabideak” lanbide moduluak gaikuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, irailaren 15eko 838/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2022-2023 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculumaren dokumentu osoa PDFan:

Zura prozesatzeko eta eraldatzeko teknikariaren titulua.

Iragarkiaren kodea: F2207092