184. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

190/2022 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak ezartzen dituena Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroetako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurarako, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 1eko 122/2022 Ebazpenaren bidez, Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen eskaintza eta horietan onartua izateko eta ikastaroak hasteko prozeduraren egutegia ezarri ziren, 2022-2023 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatean. Ebazpen horretan xedatu zen onartua izateko prozeduraren egutegia osatuko zutela, batetik, izena emateko eta ikaspostuak esleitzeko epe arruntak, eta, bestetik, ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurak. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura horretan eskaintzen dira, espezializazio ikastaro bakoitzerako, ikaspostu hauek: epe arruntean ikaspostua lortu zutenek matrikula egin ez dutelako hutsik geratu direnak, eta itxaron zerrendan egonik ikastetxeak ikaspostu bat esleitu zien pertsonen ikaspostuak.

2022-2023 ikasturterako Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen eskaintza sartuta dago Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak sustatutako Lanbide Heziketa Modernizatzeko Planaren “Digitalizazioa eta Lanbide Heziketa” izeneko eremu estrategikoaren barnean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasuna-Next Generation EUk finantzatzen dute plan hori.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak ezartzeko, Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroetako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari dagokionez, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onarpen eta matrikulazio jarraibideak onestea Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurarako, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean, ebazpen honen eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 25ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Inskripzio eta matrikulaziorako jarraibideak, espezializazio ikastaroetako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurarako. 2022-2023 ikasturtea

1.–Sartzeko baldintzak.

Honako hauek eskatzen ahalko dute ikaspostua espezializazio ikastaroetan:

–Lanbide Heziketako erdi mailako edo goi mailako tituluren bat dutenek, kasuan kasuko espezializazio ikastaroaren curriculumaren oinarriak ezartzen eta finkatzen dituzten errege dekretuetan sartzeko baldintza gisa ezartzen direnen artetik. Lehen eta bigarren onarpen taldeetarako titulazio baldintza gisa ondoko estekan adierazitakoak dira:

https://www.educacion.navarra.es/documents/27590/2006088/CE_Requisitos+acceso_cas.pdf

–Erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketako beste titulu batzuk dituztenek, hirugarren onarpen talderako titulazio baldintza gisa ondoko estekan adierazitakoarekin bat:

https://www.educacion.navarra.es/documents/27590/2006088/CE_Requisitos+acceso_cas.pdf

–Erdi mailako zikloetara sartzeko baldintzak betetzen dituztenek, erdi mailako espezializazio ikastaroen kasuan, eta goi mailako zikloetara sartzekoak, goi mailako espezializazio ikastaroen kasuan.

–Espezializazio ikastaroetara sartzeko eskatzen diren baldintzak bete ez arren (erdi mailako edo goi mailako tituluak) egin gogo den espezializazio ikastaroaren profil profesionalarekin lotura daukan enpresa edo lanpostu batean lanean ari direnek; inskripzio-eskaera non egiten den, ikastetxe horrek erabakiko du lotura dagoen.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. Espezializazio ikastaroetarako ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduran, zerrenda bat eginen da izena eman duten ikasleekin, lehentasun-hurrenkeraren arabera, honako irizpide hauei jarraituz:

–Lehena: kasuan kasuko espezializazio ikastaroaren errege dekretuan sartzeko baldintza gisa ezarritakoak betetzen dituztenek eta Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenek, edo, azkeneko bost urtean, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenek lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena: kasuan kasuko espezializazio ikastaroaren errege dekretuan sartzeko baldintza gisa ezarritakoak betetzen dituztenek baina aurreko egoeran ez daudenek.

–Hirugarrena: ondoko estekan hirugarren taldeari eskatutako tituluetako bat dutenek:

https://www.educacion.navarra.es/documents/27590/2006088/CE_Requisitos+acceso_cas.pdf

–Laugarrena: erdi mailako zikloetara sartzeko baldintzak betetzen dituztenek, erdi mailako espezializazio ikastaroen kasuan, eta goi mailako zikloetara sartzekoak, goi mailako espezializazio ikastaroen kasuan.

–Bosgarrena: espezializazio ikastaroetara sartzeko eskatzen diren baldintzak bete ez arren (erdi mailako edo goi mailako tituluak) egin gogo den espezializazio ikastaroaren profil profesionalarekin lotura daukan enpresa edo lanpostu batean lanean ari direnek; inskripzio-eskaera non egiten den, ikastetxe horrek erabakiko du lotura dagoen.

2. Aurreko apartatuan adierazitako lehen, bigarren eta hirugarren irizpideak aplikatuta ateratzen diren taldeetako bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena: Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren tituluaren batez besteko notaren arabera, handienetik txikienera.

Espedientean edo ziurtagirian batez besteko nota jakiterik ez bada, beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrena: Puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan aplikatzeko egindako zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da.

3. Laugarren eta bosgarren irizpideak aplikatu ondotik ateratzen diren taldeak, 1. apartatuan adierazitakoak, honela ordenatuko dira:

–Jarraibide hauetako 1. apartatuko laugarren irizpidea aplikatu ondotik ateratzen den taldea ordenatzeko, Hezkuntza Departamentuan 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan aplikatzeko egindako zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da. Talde honetakoei, lehentasun-zerrendan lehentasunezko hirugarren taldearen atzetik jar daitezen, ikastetxeak “hiru” jarriko die batez besteko notaren eremuan, Educa aplikazio informatikoan.

–Jarraibide hauetako 1. apartatuko bosgarren irizpidea aplikatu ondotik ateratzen den taldea ordenatzeko, Hezkuntza Departamentuan 2022-2023 ikasturteko onarpen prozesuetan aplikatzeko egindako zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da. Talde honetakoei, lehentasun-zerrendan lehentasunezko laugarren taldearen atzetik jar daitezen, ikastetxeak “bat” jarriko die batez besteko notaren eremuan, Educa aplikazio informatikoan.

3.–Ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura.

1. Onartua izateko epe arruntaren matrikulazioa amaitu ondoren hutsik geratu diren ikaspostuak eskainiko dira espezializazio ikastaro bakoitzean.

2. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduran onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betikoa argitaratuko dira.

4.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaileek espezializazio ikastaro bakar baterako eskaera bat, ez gehiago, aurkeztuko dute, ekainaren 1eko 122/2022 Ebazpenean ezarritako epean. Ebazpen hartan ezarri zen espezializazio ikastaroetan onartua izateko prozeduraren egutegia 2022-2023 ikasturterako. Eskaera hori inskripzio-orriaren ereduaren araberakoa izanen da; Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoaren “Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroak” tramitearen fitxan dago eskuragarri eredu hori, eta fitxara Hezkuntzako Departamentuaren webgunetik sar daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/cursos-especializacion

2. Zer espezializazio ikastaro aukeratu den, hura eskaintzen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da inskripzio-orria.

Ikastetxeek eskaera-orriaren fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, sarrera-data adierazita.

Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Erregistro telematikoa, Educa atariaren bitartez, aukeratutako espezializazio ikastaroa ematen duen ikastetxera zuzendua.

b) Aurrez aurre, aukeratutako espezializazio ikastaroa ematen duen ikastetxean.

3. Ezin da espezializazio batean baino gehiagotan aurkeztu inskripzio-orria. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

4. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, eranskin honen lehenbiziko jarraibidean adierazitako sarrera-baldintzak betetzen dituztela frogatu dutenek.

5. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

5.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduan jasotzen dena izanen da, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den hezkuntza Espainiakoen baldintza berberetan erdiesteko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

2. Hona hemen inskripzio-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako espezializazio ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.

–Lanbide Heziketako tituluaren batez besteko nota frogatzen duen dokumentazioa.

–Hala badagokio, Nafarroako errolda edo laneko esperientzia frogatzen duen dokumentazioa, eranskin honen 6. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

6.–Laneko esperientzia eta Nafarroan erroldatuta egotea frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileen kasuan: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Norberaren konturako langileen kasuan: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangaiaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

7.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Agiri bidez egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

8.–Zozketa.

2022-2023 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2022ko martxoan egin zen.

9.–Onarpena.

Ikaslea espezializazio ikastaro eta ikastetxe batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean onartutako ikasleek matrikula egin ez dutelako.

10.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek espezializazio ikastaroak ematen dituzten ikastetxeetan paratuko dira ikusgai, baita Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroak” tramitearen fitxan ere.

2. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda argitaratzeko egunak eta erreklamazioak eta matrikula egiteko epeak ekainaren 1eko 122/2022 Ebazpenean ezarritakoak dira, hartan ezarri baitzen espezializazio ikastaroetan onartua izateko prozeduraren egutegia 2022-2023 ikasturterako.

3. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

4. Espezializazio ikastaroetan matrikula egin duten ikasleak ez badira eskoletara agertzen ikastaroa hasi eta 15 eguneko epean, horretarako bidezko arrazoirik gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Matrikula zer ikasketetarako egiten den, horiei buruzko datuak: espezializazio ikastaroa, horren maila (erdi mailakoa edo goi mailakoa) eta hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira legezko balioa duen identifikazio dokumentazioan agertzen direnekin.

–Ikastetxeak bestelako dokumentazio gehigarriak eska diezazkieke ikasleei.

2. Matrikula egiteko eskatuko den dokumentazioa ikusgai jarriko da ikastetxearen iragarki-taulan eta webgunean.

3. Matrikula egiteak eskubidea ematen du oro har 2023ko ekainean egitekoa den amaierako ebaluazioko deialdi arrunt bat izateko.

12.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

13.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren matrikulazio epea bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Ikastaroaren hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

14.–Espezializazio ikastaroen eskaintza.

Talde batean inskribatuen kopurua hamarretik beherakoa baldin bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk ere kontuan hartuta. Aldagai horiek dira, besteak beste, kasuko taldean matrikulak izan duen bilakaera historikoa, lurralde kohesioko irizpideak eta Nafarroako ekoizpen eta zerbitzu sektoreei ematen zaien erantzuna.

15.–Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren ondoko eskolatzea.

Ikaspostu hutsen esleipena bukatu ondoren –halakorik gertatzen bada–, zilegi izanen da 2022ko urriaren 31ra arte ikasle gehiago sartzea hasitako ikastaroan, betiere ikaspostu hutsik eskaini gabe gelditutako inor ez badago ikasposturik gabekoen lehentasun zerrendan. Ikaspostuen esleipen hori ikastetxe bakoitzak ebatziko du.

16.–Matrikulen bateraezintasuna.

2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako espezializazio ikastaro batean matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

a) 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko irakaskuntzen ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, izan ikastetxe berean nahiz beste batzuetan.

b) 2022-2022 ikasturtean Nafarroan Lanbide Heziketan matrikulatzearekin, eskaintzaren edozein modalitatetan.

17.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta haren eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai onarpen eta matrikulazio prozesuak amaitu arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

18.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

19.–Komunikazio bideak.

–Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroa irakasten duten ikastetxeak.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoak: 848 426628 - 848 426036.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2211724