184. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

79/2022 FORU DEKRETUA, irailaren 7koa, zeinaren bidez aldatzen baita urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.

Lehendakariaren foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren irailaren 5eko 18/2022 Foru Dekretuak aldatu du. Aldaketa honetan datza: Nafarroako Gobernuko eledun-eginkizuna kentzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren eginkizunetatik, eta eleduna izendatzea. Lehendakariaren foru dekretu horren azken xedapen bakarrak premiatzen ditu bertan aurreikusitakoak ukitzen dituen departamentuak beren egituren aldaketa aurkezteko Nafarroako Gobernuari.

Abuztuaren 14ko 85/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, galarazi gabe gero garatu ahal izatea. Garapen hori gauzatu zen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez.

Horrenbestez, bidezkoa da urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua aldatzea, haren edukia Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren irailaren 5eko 18/2022 Foru Dekretua aplikatzeak dakartzan eskumen esleipen berrietara egokitzeko.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko irailaren zazpian egin bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Testu berri hau izanen du urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2. apartatuak:

“2.–2. Bereziki, eskudantzia hauek erabiltzea dagokio:

–Nafarroako Gobernuko idazkariari dagozkionak, Gobernuak hartutako erabakien ziurtapena barne, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuak esleitzen dizkionak”.

2. artikulua. Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoaren izena aldatzea urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan.

Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoa aurrerantzean Komunikazio Zerbitzua izanen da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapena berrestea.

Komunikazio Zerbitzuko zuzendari izendatzen da Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoko egungo zuzendaria.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko irailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2212156