182. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

143E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: “Laguntzak, deskarbonizazio planak egiteko industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan”. DDBN identifikazioa: 645636.

2030erako Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek azken energiaren kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta komunitate energetikoak sustatzea, eta horretarako, berotegi-efektuko gasen isuria murriztu behar da.

Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean aipatzekoa da industriaren sektorea, eta hor, isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukerak nabarmenak dira.

Horregatik, industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egiteko laguntzen 2022ko deialdi honen asmoa hauxe da: 2030erako Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesteko laguntza ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Laguntzak, deskarbonizazio planak egiteko industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan” izeneko 2022ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

820001-82500-7701-467300: Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakusle den eskualdea

2022

350.000,00

Halaber, 400.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 26an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) Erregelamenduak (Klimari buruzko Europako legeak).

Erregelamendu horrek (EB) zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Horretarako, Europar Batasuneko instituzioak eta estatu kideak, talde bat osatzen dutenez gero, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen asmoa da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egin daitezen sustatuko du 2022. urtean.

Deskarbonizazio plan horien gutxieneko edukia deialdiaren II. eranskinean jaso da.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Industria sektoreko ETEak eta enpresa handiak izaten ahalko dira onuradun, baldin eta dirulaguntza eskatzen dutenean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Haien ekonomia-jardueren sailkapen nazionala hauetako bat izatea:

–07. Mineral metalikoen erauzketa.

–08. Beste erauzketa–industria batzuk.

–09. Erauzketa–industriari laguntzeko jarduerak.

–10. Elikagaien industria.

–11. Edarigintza.

–13. Ehungintza.

–14. Jantzigintza.

–15. Larruaren eta oinetakoaren industria.

–16. Zuraren eta kortxoaren industria, altzariak, saskigintza eta espartzugintza izan ezik.

–17. Papergintza.

–18. Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.

–19. Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak.

–20. Industria kimikoa.

–21. Farmazia–produktuen fabrikazioa.

–22. Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.

–23. Metalezkoak ez diren produktu mineralen fabrikazioa.

–24. Metalurgia; burdinaren, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa.

–25. Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua.

–26. Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.

–27. Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa.

–28. Beste inon sailkatu gabeko makineriaren eta ekipoen fabrikazioa.

–29. Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa.

–30. Garraiorako bestelako materialaren fabrikazioa.

–31. Altzarigintza.

–32. Beste manufaktura–industria batzuk.

–33. Makineriaren eta ekipoen konponketa eta instalazioa.

–35. Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura.

–36. Ura hartu, araztu eta banatzea.

–37. Hondakin urak bildu eta tratatzea.

–38. Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa.

–39. Deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak.

Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioari jarraituko zaio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Enpresa handitzat hartzeko, aldiz, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

Enpresaren tamaina zehazteko, kontuan hartuko dira enpresaren urteko kontuen datuak, itxitako azken hiru ekitaldietakoak (2019, 2020 eta 2021), bai eta hari lotutako eta elkartutako enpresa guztienak ere.

Eskatzaileek laguntzen eskaerari erantsita aurkeztu beharko dute enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) Lantokiren bat Nafarroan edukitzea eta jarduketa diruz lagungarria onuradunak Nafarroan duen establezimendura bideratuta egotea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitate eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzekin, halakorik exijitzen ahal bazaie.

f) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

g) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Apartatu honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen xedea da industriako sektoretan deskarbonizazio planak egin daitezen sustatzea, eta horretarako, onuradunak Nafarroan dituen establezimenduetarako prestatu beharko da plana.

Deskarbonizazio plana aholkularitzako lan bat izanen da, enpresa ingurumen aldetik jasangarriagoa izan dadin lortzeko estrategia globala prestatzera bideratutakoa; horregatik, enpresaren estamentu guztiak inplikatu behar dira, honako premisa hauek hartuta:

–Energia-efizientzian oinarritutako trantsizio energetikoa.

–Berriztagarrien maximizazioa.

–Neutraltasuna berotegi-efektuko gasen isurian.

Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukiak bat etorri beharko du oinarrion II. eranskinean zehaztutakoarekin.

Deskarbonizazio planak behar besteko kualifikazioa dutenek prestatuko dituzte. Horretarako, kualifikazio teknikoari buruzko gutxieneko betekizun batzuk bete beharko dira, zehazki, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren 7.b) artikuluan zehaztutakoak. Errege Dekretu horren bidez transposizioa egiten zaio energia-efizientziari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko Zuzentarauari, energia-auditoretzei, zerbitzu hornitzaileen eta energia-auditoreen egiaztapenari eta energia-horniduraren efizientziaren sustapenari dagokienez. Enpresaren deskarbonizazio plana enpresa horretako teknikari kualifikatuek egiten ahalko dute, edo enpresatik kanpoko profesionalek.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

Jarduera diruz lagungarriarekin lanean hasi aurretik aurkeztu behar da eskaera.

3. Laguntzaren xedeko jarduketak amaitzeko eguna 2022ko abenduaren 9a izanen da, beranduenez.

4. Deialdi honi 350.000 euro esleitu zaizkio, 2022ko gastuen aurrekontuko “Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakuslea den eskualdea” izeneko 820001 82500 7701 467300 partidaren kargura.

5. Deskarbonizazio planen kostuetarako laguntzen zenbatekoak hauek izanen dira:

a) Enpresa handientzat: %38.

b) Enpresa ertainentzat: %48.

c) Enpresa txikientzat: %58.

6. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

AZKEN ENERGIAREN KONTSUMOA, ESTABLEZIMENDU BAKOITZEKO
DESKARBONIZAZIO PLANA NON DEN ABIATZEKOA

(MWh/URTEAN)

LAGUNTZAREN
GEHIENEKO BALIO GARBIA
(eurotan)

9.999 MWh arte (860 PTB)

3.000

10.000 eta 24.999 MWh artean (860 eta 2.150 PTB artean)

5.000

25.000 MWh eta 49.999 MWh artean (2.150 eta 4.300 PTB artean)

7.500

50.000 MWh-tik aurrera (4.300 PTB)

10.000

Enpresak energia arloko auditoretza edo diagnostiko bat egiten badu deskarbonizazio planaren barruan, gehieneko zenbateko horiek handitzen ahalko dira, alegia, taulan finkatutako kopuruak %30ean handitu.

Dirulaguntzaren gehieneko balio garbia zehazte aldera, eskatzaileak laguntzen eskaeran adierazi beharko du azken energiaren kontsumoa, MWh-tan edo petrolio tona baliokideetan (PTB).

Zenbateko horiek establezimendu bakoitzari dagozkio; posible da eskatzaile bat laguntza baten baino gehiagoren onuradun izatea, eta halakoetan, lehen adierazi da zein den establezimendu bakoitzerako muga. Onuradun batek 50.000 euro jasoko ditu gehienez hainbat establezimendutarako eskatzen baditu laguntzak.

Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian justifikatu beharko dira.

7. Genero berdintasuna:

Laguntzaren intentsitatea %1 handituko da jarraian azaltzen diren baldintzetatik betetzen den bakoitzeko. Laguntzaren intentsitatea, osotara, %2 handituko da gehienez. Hauek dira baldintzak:

a) Plantillako gizonek orduko eskuratzen duten lansari gordinaren batezbestekoa plantillako emakumeek orduko eskuratzen duten lansari gordinaren batezbestekoaz zatitzerakoan (2021eko ekitaldiko datuak), zatidura 1,05 edo hortik beherakoa izatea.

Egiaztapena egiteko: 2021eko lansarien erregistroa.

b) Enpresako plantillan dauden emakumeen kopurua %30ekoa izatea, gutxienez.

Egiaztapena egiteko: eskaera inprimakia, eta entitateak Nafarroan dituen kotizazio kontu bakoitzari dagozkien lan bizitzaren txostenak (2021eko abenduaren 31ra artekoak), Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanak.

c) Enpresako ardura edo zuzendaritzako lanpostuetan ari diren emakumeen kopurua %30 izatea gutxienez.

Egiaztapena egiteko: berariazko izendapena eraketa-eskrituretan, Merkataritza Erregistroaren zuzendaritza-karguei buruzko ziurtagiria edo enpresaren Zuzendaritza Batzordearen ziurtagiria.

d) Enpresak 50 lagunetik behera edukitzea plantillan eta adostuta edukitzea kontziliazio-neurriak edo berdintasunari buruzkoak, legeak agintzen dizkionaz haragokoak, edo protokolo bat edo neurri espezifikoak onetsi izana lantokian sexu-jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko. Azpi-irizpide hau egiaztatzeko enpresak eta plantillaren ordezkariek sinatutako akordioaren kopia aurkeztu beharko da.

e) Aitortzaren edo bereizgarriren bat edukitzea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik (esaterako, Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria, NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua” edo genero-berdintasunaren arloko beste batzuk).

8. Laguntza hauen esparrua, oro har, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremua da (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta 15 egunera amaituko.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskaera telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

4. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberako eskabide telematiko horrekin batera beste agiri hauek aurkeztu beharko dira, agiri bereizietan eskaneaturik eta izenarekin behar bezala identifikaturik (adib: “Eskabide telematikoa”, etab.):

a) Eskabide telematikoa, 7. oinarriko b) apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, jarduketaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Enpresa eskatzailearen edo eskatzaileen ordezkariaren ahalordearen kopia, behar bezala inskribaturik, kasua bada, dagokion erregistro publikoetan.

d) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.

5. Eskaera bat aurkeztu beharko da establezimendu bakoitzeko.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren 2022ko uztailaren 5eko Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari 2022. urtean industria sektoreko ETEei eta enpresa handiei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean, deskarbonizazio planak egin ditzaten.

Laguntzen zenbatekoa 3. oinarrian adierazitakoa izanen da.

2. Plan Energetikoaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruz ebazteko.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Onuradunek 2022ko abenduaren 10a baino lehen justifikatu beharko dituzte laguntzaren xedeko jarduketak egin dituztela; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:

a) Gastu diruz lagungarrien guztizkoari dagokion fakturaren edo fakturen fotokopia(k), eta ordainagiriena(k).

b) Deskarbonizazio planaren kopia, euskarri digitalean.

c) Energia arloko auditoretza edo diagnostikoaren kopia euskarri digitalean, halakorik egin bada deskarbonizazio planaren barruan.

d) Hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa.

2. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Konturako ordainketa egiteko edo laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du frogagiriak aurkezten direnetik hiru hilabeteko epean.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Lantokiren bat Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntza onartu zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra duenean (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez duenean ere (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

d) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

f) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

g) Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza onartu aurretik eta bai onartutako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

h) Jasotako dirulaguntzaren berri ematea webgunean, bai eta diruz lagundutako inbertsioak direla-eta onuradunak sortzen duen dokumentazioan ere.

i) Laguntza jaso eta hiru urtera txosten-memoria bat aurkeztea; hartan adierazi beharko da zenbateko inbertsio edo gastu metatua egin den denbora-tarte horretan, diruz lagundutako plana gauzatzearen ondorioz, eta kalkulatu beharko da zenbat energia aurreztu den eta zenbateko isuriak sortu diren. Dirulaguntzaren xede ez diren beste inbertsio batzuk ere txertatzen ahalko dira aipatu txosten-memoria horretan.

j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukiak bat etorri beharko du oinarrion II. eranskinean zehaztutakoarekin.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

4. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak. Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

9. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 7. atalean ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa). Salbuespen hori 36. artikuluan dago jasorik; izan ere, hartan ezartzen da ezen inbertsiorako laguntzek bidea ematen badute Batasunaren arauez harago joateko ingurumenaren babesaren arloan edo Batasunaren araurik ez dagoenean ingurumenaren babes-maila handitzeko, laguntzak bateragarriak izanen direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 3. apartatuko 107. artikuluaren arabera, eta 108. artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita egonen direla, baldin eta artikulu honetan eta I. kapituluan aurreikusitako baldintzak betetzen badira.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukia

Deskarbonizazio planak honako eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:

1. Helburua eta edukia.

2. Establezimenduaren datu orokorrak.

2.1. Establezimenduaren identifikazioa.

–Enpresaren sozietate-izena.

–Zentroaren helbidea.

–Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionala.

2.2. Establezimenduaren datuak.

–Funtzionamendu araubidea (orduak egunean, egunak astean, eta orduak urtean).

2.3. Establezimenduaren ekoizpenaren datuak.

–Erabiltzen dituen lehengai nagusiak. Izena eta urtean erabiltzen den kantitatea.

–Lortzen diren produktu nagusiak. Izena eta kantitatea urteko.

3. Gobernantza.

3.1. Zuzendaritzaren konpromisoa.

3.2. Estrategia korporatiboan nola txertatzen den.

3.3. Interes taldeak.

4. Antolamenduaren testuingurua.

4.1. Antolamenduaren kanpo testuingurua.

4.1.1. Deskarbonizazioaren arloko arau-esparrua, estrategiak eta ekimenak.

4.1.2. Jardunbide onenen/teknologien azterketa sektore horretan eta beste sektore batzuetan.

4.2. Antolamenduaren barne testuingurua.

4.2.1. Energia-auditoretzak.

4.2.2. Karbono-aztarnaren kalkulua.

4.2.3. Oinarrizko linea eta KPI delakoak (Key Performance Indicators).

5. Arrisku eta aukeren azterketa.

6. Helburuen identifikazioa.

6.1. Energia aurreztu eta efizientziaz erabiltzeko neurriak.

6.2. Energia iturrien eta ekipamenduen aldaketa.

6.3. Jatorri bermea duen energiaren erosketa.

6.4. Harrapatu eta konpentsatzeko estrategiak.

6.5. Kostu-efektibitatearen balorazioa.

7. Kontrola eta jarraipena.

8. Komunikazioa.

9. Laguntza publikoak.

10. Deskarbonizazio plana.

10.1. Epe laburrerako ezarpen plana.

10.2. Oinarrien finkapena epe luzeko helburuetarako.

Deskargatu “Deskarbonizazio planaren laburpena” inprimakia (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2211605