182. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITUREN

Ordenantza, Eguzki-instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Iturengo Udalak, 2022ko ekainaren 6an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituena Iturengo udal-mugartean.

Iragarkia toki-erakunde honen iragarki-taulan argitaratu zen, baita 2022ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, ekainaren 21ekoan. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betiko bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Iturenen, 2022ko abuztuaren 2an.–Alkatea, Francisco Javier Bereau Miquelarena.

EGUZKI-INSTALAZIOEN ORDENANTZA

Atarikoa

CO2 emisioak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak bultzatzea eraikinetan.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea.

Iturengo Udalak udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak arautu nahi ditu, norberaren kontsumorako diren eta ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak diren instalazio fotovoltaikoak paratzeko baldintzak finkatuz.

Ordenantza idatzi da behar den koherentzia gordez udal planeamenduarekiko, eta jarraikiz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrarekin.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Iturengo udal-mugartean zelula fotovoltaikodun panelen bidez eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Iturengo udal-mugarte osoa da.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plakak edo –panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:

–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

4. artikulua. Eguzki-panelak lurrean paratzea.

Eguzki-panelak edo panel fotovoltaikoak paratzen ahal dira lurzoru urbanizaezineko eta hiri-lurzoruko lurzati edo baratzeetan, autokontsumorako baldin badira.

Ezin dira paratu itxituren, hormen edo pareten gainean, ezta paisaiari edo ikuspegiari eragiten dioten tokietan.

5. artikulua. Eguzki-panelak lurzoru urbanizaezineko eraikinen estalkietan paratzea.

Autokontsumorako energia ekoizteko panel fotovoltaikoak paratzen ahal dira lurzoru urbanizaezineko mota hauetako eraikin guztietan: bizitegi-erabilera dutenak, biltegiak, nekazaritza instalazioak, bordak eta abeltzaintza instalazioak.

6. artikulua. Eguzki-panelak hiri-lurzoruko eraikinen estalkietan paratzea.

Eguzki-panelak paratzen ahal dira Iturengo hiri-lurzoruko eraikin guztietan.

Indarrean diren arau subsidiarioetako eraikuntza babesteko katalogoan sartutako eraikinetan, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena edo baimena beharko da, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 62.7 artikuluak ezartzen duen bezala, eta, horretarako, Udalak erakunde horri igorriko dio aurkeztutako dokumentazioa.

7. artikulua. Dokumentazioa.

Dokumentazio gisa, memoria baloratu bat aurkeztu behar da, barnean planoak dituena eta hasiera data adierazten duena.

8. artikulua. Izapidetzea.

Eguzki-instalazioak paratzeko eskaerak eginen dira aplikatu beharreko sektore edo hirigintza araudiaren arabera.

Autokontsumorako eguzki-energia biltzeko instalazioak, ordenantza honetan ezarritako parametroen araberakoak badira, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko komunikazioa behar duten egintzak dira, ondoko salbuespen hauekin:

–Instalazioak katalogoan jasotako eraikinak ukitzen dituenean.

–Instalazioak eraikinaren zimenduak edo egitura ukitzen dituenean.

–Instalazioak ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar duenean, aplikatu beharreko ingurumen araudiaren arabera.

Kasu horietan, Udalaren obra baimena eskatu eta tramitatu beharko da aldez aurretik, horretarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera.

Egitekoak diren lanetarako beharrezkoa izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da, instalazioaren ezaugarri zehatzak azalduz: kokapena eta antolaketa, neurriak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Instalazioaren memoria deskriptiboa, kotadun krokis edo planoak, eta aurrekontu xehatua izanen ditu barnean.

Udal lizentzia eman aurretik izapidetuko dira aplikatu beharreko araudiko baldintza partikularren arabera behar diren baimenak.

Nolanahi ere, lizentziak ematen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe, eta eskatzailea izanen da instalazioaren ondorioz sortzen ahal diren kaltegaleren eta/edo ekintza juridiko guztien erantzulea.

9. artikulua. Ikuskapena, kontrola eta zehapena.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz Iturengo Udalak dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

Iturengo Udalak bere udalerriko eguzki-instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egiten edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, instalazioa egoera onean dagoela eta ongi funtzionatzen duela bermatzeko.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoaren arabera, Iturengo Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada.

Iragarkiaren kodea: L2211268