182. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

118/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 30ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zenbait muga ezartzen dituena prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen erabilerari dagokionez, zerealen 2022-2023ko kanpainak iraun bitartean.

Landare Osasunari buruzko martxoaren 30eko 4/2007 Foru Legearen 30. artikuluak ezartzen duenez (babes fitosanitariorako baliabideen mugak), arlo horretan eskuduna den departamentuak Estatuko Administrazio Orokorrari proposatuko dio baimendutako produktu bati zenbait muga jar diezazkiola, hura merkaturatzea eta erabiltzea murrizteko edo debekatzeko, baldin eta funtsezko arrazoiak badaude ondorioztatzeko produktu hori gizakien zein animalien osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria izan daitekeela; eta egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario baten edo babes fitosanitariorako beste baliabide bat erabiltzea arriskugarria dela gizakien zein animalien osasunerako edo ingurumenerako, bidezkoa izanen da produktu horren erabilera aldi baterako etetea edo arautzea.

Nafarroako Foru Komunitatean produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko programa ofizialaren esparruan egindako kontroletan atzeman da, 2015az geroztik, prosulfocarb materia aktiboa dagoela olioa ekoizteko bideratzen diren olibetan. Materia aktibo hori ezin da olibondoetan erabili, eta olibetan halakorik badago, elikadura-erabileratik kanpo uzten dira. Egindako kontrolen emaitzak aztertu egin dira, eta ikusi da zein da olibetan atzeman den prosulfocarb horren jatorria: neguko zerealak lantzean materia aktibo hori duten herbizidak erabili ohi dira.

Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak xedatzen du ezen, baldin egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario baten edo babes fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera arriskugarria dela gizakien edo animalien osasunerako edo ingurumenerako, bidezkoa izanen dela haren erabilera aldi baterako etetea edo arautzea.

Irailaren 20ko 969/2016 Ebazpenaren bidez debekatu zen, 2016-2017ko zerealaren kanpainan, beren formulatuetan prosulfocarb zuten produktu fitosanitarioak aplikatzea bildu gabeko olibadietatik 100 metro baino gutxiagora, hori beste neurri batzuen artean. Horrez gain, gomendio-sorta bat onetsi zen produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko, eta prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onetsi zen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 18ko 341/2017 Foru Aginduak eta urriaren 2ko 241/2018 Foru Aginduak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 17ko 14/2019 Foru Aginduak eta uztailaren 30eko 137/2021 Foru Aginduak berriro ere mugak ezarri zizkioten prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak neguko zerealen laborantzan erabiltzeari; izan ere, horien erabilera debekatuta egon zen udalerri eta eskualde jakin batzuetan, oliba biltzeko kanpaina amaitzear egon eta arriskua txikia izan zen arte.

Nekazaritza Zerbitzuak 2021eko azaro eta abenduan eta 2022ko urtarrilean egindako kontrolek berretsi dute prosulfocarb substantziaren erabilera mugatzea eraginkorra dela, eta muga horiek hurrengo kanpainarako mantentzea gomendatzen dute, oliben egokitasuna, Nafarroako olioaren ekoizpena eta elikadura-segurtasuna bermatzeko.

Arau honetako proiektua legez ezarritako epeetan jakinarazi zaie publiko orokorrari eta ukitutako sektoreei, eta ez da alegaziorik jaso.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzea.

Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen aplikazioa aldi baterako etetea, foru agindu honek indarra hartzen duenetik 2022ko abenduaren 15era, honako eskualde eta udalerri hauetan:

–III. eskualdea: Añorbe, Tirapu, Obanos, Eneritz, Gares, Legarda, Uterga, Adios, Muruzabal, Biurrun-Olkotz, Ukar, Girgillao eta Artazuko udalerriak.

–IV. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak, Marañón, Genevilla, Cabredo, La Población-Meano, Zuñiga, Lana, Larragoa, Aranaratxe, Eulate eta Ameskoabarrena izan ezik.

–V. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.

–VI. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.

–VII. eskualdea: Ebro ibaiaren eskuinaldeko lurzatiak.

Gainerako eskualde, udalerri eta eremuetan, data beretan, uzta bildu gabe duten olibadietatik gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da.

Nafarroako nekazaritza-eskualdeen lurralde banaketari eta horietako bakoitzak biltzen dituen udalerri eta lurraldeei dagokienez, 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez aditzera eman baitzen Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa.

2. artikulua. Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onestea, baita hurbileko laboreak ez ukitzeko gomendioak ere.

Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onesten da zerealen laborantzako 2022-2023 kanpainarako, zeina foru agindu honetako I. eranskinean zehazten baita, eta gomendioak onesten dira, II. eranskinean zehaztutako produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihestekoak.

3. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubidea.

Baldin foru agindu honen 1. artikulua betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau-hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio.

4. artikulua. Esperimentazio eta aholkularitza jarduketak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zuzenean edo Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) bidez eginen ditu nekazarientzako esperimentazio eta aholkularitza jarduketak, prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak ez diren alternatibekin.

5. artikulua. Babes fitosanitariorako baliabideen murriztapenei buruzko komunikazioa.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari proposatzen zaio berrazter ditzala prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.

6. artikulua. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 30ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Plan espezifikoa, prosulfocarb substantziaren erabilera kontrola dadin Nafarroan zerealen laborantzako 2022-2023ko kanpainan

Nekazaritza Zerbitzuko kontrol ofizialeko zerbitzuek gauzatuko duten planaren barruan, kontrol dokumentalak eta ikuskapenak eginen dira tokian bertan.

Ekintza hauek gauzatuko dira:

–Produktu fitosanitarioekin egiten diren Transakzio eta Eragiketen Erregistro Elektronikoa kontsultatuko da.

–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko haren erabilera mugatua duten zereal laboreetako lurzatietan.

–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko, inguruan zereal laboreak dituzten olibadietan.

–Ustiapen koadernoak kontrolatuko dira foru agindu honen ondorioz prosulfocarb aplikatzea mugatuta dagoen eremuetan.

II. ERANSKINA

Gomendioak, olibondoen inguruan prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko, haren erabilera etenda geratzen ez den eskualde eta udalerrietan

–Prosufocarb substantziaren ordez beste herbizida batzuk erabiltzen saiatzea.

–Ahal den neurrian, zereal berantiarrak ereitea eta oliba bildu arte itxarotea olibadien ondoko lurzatiak tratatzeko.

–Eguraldiaren iragarpenak kontsultatzea eta honako gomendioak jarraitzea olibondoetatik gertu dauden lurzatiak tratatzerakoan:

  • Haizearen abiadura < 2,5 m/s.
  • Tenperatura leuna (< 25º C).
  • Hezetasuna (> % 50).

–Haizea kalte har dezakeen eremurantz badoa, ez egin tratamendurik.

–Produktua aplikatzeko, hura jitoan ibiltzea %90 eta %95 bitarte murrizten duten pitak erabili, ez besterik.

–Barraren altuera behar bezala egokitu, tratatu nahi den laboretik 50 cm-ra mantenduz.

–Tratamenduak lur gorabeheratsuetan egiten direnean, barrak egonkortzeko sistemak dituzten zipriztingailuak erabiltzea gomendatzen da.

–Tratamendua kalte har dezaketen eremuetatik gertu egiten denean, ez joan 8 km/h-ko abiaduran baino azkarrago.

–Aplikazio ekipamendua kalibratzea eta pitak behar bezala daudela egiaztatzea aplikazioak hasi aurretik.

Iragarkiaren kodea: F2211806