182. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

237E/2022 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita, onetsi aurretik, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarata-mapa estrategikoa, Inguruneko Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren laugarren fasearen aplikazioari dagokiona.

Inguruneko Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua onetsi zenez eta Zaratari buruzko Legeak eta hori garatzen duten erregelamenduek zuzentarau hori Espainiako antolamendu juridikora ekarri zutenez, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITERD) behartua dago estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokiko administrazioek prestatu beharreko zarata-mapa estrategikoak eta zarataren aurkako ekintza planak biltzera.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluak ezarri zuen ezen agintari eskudunek zarata-mapa estrategikoak prestatu eta onetsi behar zituztela honako eremu hauetarako: 250.000 biztanletik gorako aglomerazioak, urtean sei milioi ibilgailutik gorako trafikoa duten bide ardatz handiak, urtean 60.000 trenetik gorako trafikoa duten burdinbide ardatz handiak eta haien lurraldeetako aireportu handiak. Aurrekoa Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren lehen fasearen aplikazioa zen.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, autonomia erkidegoko administrazioak du zarata-mapak prestatzeko, onesteko eta berrikusteko eskumena, baldin maparen lurralde eremuak udal-mugarte bat baino gehiago hartzen baditu.

Horregatik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 1355/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko zarata-mapa estrategikoak onetsi ziren, Inguruneko Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren lehen fasearen aplikazioan identifikatutako unitateei zegozkienak. Horien artean, Iruñerriko Hiri Aglomerazioa zegoen, hemeretzi udalerritako lurraldea ukitzen zuena.

Zaratari buruzko Legearen 16. artikuluak ezartzen du ezen zarata-mapak bost urtean behin berrikusi eta, hala badagokie, aldatu behar direla, onesten den egunetik hasita.

Halaber, Zaratari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen du ezen bost urtean behin agintari eskudunek aurreko urte naturaleko egoerari buruzko zarata-mapa estrategikoak egin eta onartu behar dituztela. Mapa horiek hiri aglomerazio guztiei dagozkie (hiri aglomeraziotzat hartzen dira 100.000 biztanletik gorako udalerriak).

Nafarroako Foru Komunitatean Iruñeko udalerriak soilik betetzen du baldintza hori, baina udalerri hori dagoenez Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren barnean, eta, kontuan izanik Zaratari buruzko Legearen aplikatzeko orduan mapa estrategikoko unitate bakarra osatzen dutela, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarata-mapa estrategikoa berrikusi zen: mapa berriro prestatu eta onetsi zen.

Hala, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 1120/2012 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren bigarren zarata-mapa estrategikoa onetsi zen. Mapa hori dagokio Ingurumen Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko bigarren faseari. Horrez gain, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 533E/2018 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren hirugarren zarata-mapa estrategikoa onetsi zen, 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko hirugarren faseari dagokiona.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duenak, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari esleitzen dio, besteak beste, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren eremuko zarata-mapa estrategikoak egitea, 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatze aldera.

2022ko lehen seihilekoan, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarata-mapa estrategikoa berrikusi zen: mapa berriz egin zen (2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren fasea).

Amaitzeko, Zaratari buruzko Legearen 16. artikuluak ezartzen du ezen administrazio eskudunek zarata-mapa estrategikoak onetsi beharko dituztela, jendaurrean gutxienez hilabetez jarri ondoren.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak egindako txostena ikusita eta adierazitakoarekin bat, eta nire eskumenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Jendaurrean jartzea, hilabetez, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarata-mapa estrategikoa (mapa hori dagokio Ingurumen Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren faseari), baita hura prestatzean sortu den dokumentazio guztia ere.

Horretarako, zarata-mapa estrategikoaren proposamena eta aipatutako dokumentazioa eskuragarri egonen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan (González Tablas 9, behea, Iruñea), bulegoko orduetan, eta Interneten, Gobernu Irekiaren Atariaren webgunean, honako esteka hauetan:

–Gaztelania: https://gobiernoabierto.navarra.es/es/participacion/procesos/mapa-estrategico-ruido-aglomeracion-urbana-comarca-pamplona-4a-fase

–Euskara: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/irunerriko-hiri-aglomerazioko-zaratari-buruzko-mapa-estrategikoa-4-fasea

Alegazioak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta bide hauetako bat erabiliz aurkezten ahalko dira:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan.

–Telematika bidez: Nafarroako Atarian dagoen Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainontzeko bideetako edozein erabilita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Zerbitzuari; Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari; Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari; eta Antsoaingo, Aranguren ibarreko, Barañaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Zizurko, Eguesibarko, Esteribarko, Ezkabarteko, Galar Zendeako, Uharteko, Noain Elortzibarko, Oltza Zendeako, Orkoiengo, Iruñeko, Atarrabiako eta Zizur Nagusiko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko uztailaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2211284