182. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

89/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita gordailuak eskudirutan eratzeko eta deuseztatzeko prozedura, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen erakundeek nahitaezkoa dutenean horiek eratzea jarduerak gauzatzeko.

Prozedura bat artikulatu beharra dago, eskudiruzko gordailuak kudeatzen laguntzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek horiek eratu behar dituztenean jarduerak gauzatu ahal izateko. Arautu beharra dago nola eratuko eta nola deuseztatuko diren gordailu horiek.

Gordailu horiek eratzea eta deuseztatzea joko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako kobrantza eta ordainketatzat.

Gordailuak zer eratako jarduketari dagozkion, jarduketa hori gauzatzeko eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoa arduratuko da aipatu bezala eratutako gordailuak kontrolatzeaz, kudeatzeaz eta erregistratzeaz.

Horiek horrela, erabilita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 90.3 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Partikularrek gordailuak eratu ahal izanen dituzte, baldin eta beste partikular batzuen esku jartzen badituzte eta xedetzat badute Nafarroako Foru Komunitateko organoek, erakunde publikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko entitateek beren gain hartutako betebeharrak betetzea.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko organoek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek gordailuak eratu ahal izanen dituzte partikularren alde.

2. Ondorio horietarako, kasuan kasuko prozedura administratiboa egiazki betetzen dela aitortu behar duen organo kudeatzaileak ordainketa-gutuna emanen du.

3. Gordailuak eratzeko, dagokion zenbatekoa sartuko da “entitate laguntzaile” gisa aitortutako gordailu-erakundeetako batean, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako dirubilketa erregelamenduan jasotako baldintzetan. Gordailua eratutzat joko da entitate laguntzailean sartzen den unetik.

Baldin Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen organo bati badagokio gordailu bat eskudirutan eratzeko betebeharra, gordailua eratutzat joko da horretarako aitortzen den aurrekontu-betebeharra ordaintzen denean. Ordainketa hori eginen da formalizazio bidez ordaintzeko barne-mekanismoak erabilita.

Organo kudeatzaileek eskudirutan eratutako gordailuak erregistratu eta kontrolatu beharko dituzte.

4. Organo kudeatzaileak erabakiko du gordailua deuseztatzea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean. Behin erabaki hori hartuta, eta kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin ondoren, dagokion ordainketa eginen da dagokion hirugarrenaren alde.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 31n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2211811