182. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2022 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abuztuaren 31koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea aldatzen duena. Haren bidez, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautu ziren.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 36. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, estatuan unean-unean indarra duten arau substantibo eta formal berak aplikatuko ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, foru lege mailako arauak ematen ahal ditu kasuan kasuko tributu arloko foru legeak aldatzeko, baldin eta tributu-araubide erkidearen erreforma batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoaren arabera, estatuan unean-unean indarra duten arau substantibo eta formal berberak aplikatzera Foru Komunitatean. Parlamentuaren legegintzarako eskuordetze hori 14/2004 Foru Legearen bidez egin dela ulertzen da, betiere estatuko tributu aldaketa horiek argitaratuz gero.

Aipatutako 53. artikuluak ezartzen du, halaber, ezen eskuordetutako legegintzarako eskumen horren ondorio diren Nafarroako Gobernuaren xedapenei tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu deituko zaiela.

Estatuan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea aldatzen duen uztailaren 8ko 14/2022 Legearen azken xedapenetako lehenengoak, kontratazio publikoan mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen (ETE) estatistikak arautzeko xedez, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga aldatzen du. Zerga hori urriaren 29ko 16/2013 Legearen 5. artikuluan arautzen da (16/2013 Legea, urriaren 29koa, ingurumen-fiskalitatearen arloko zenbait neurri ezartzen dituena eta beste zerga- eta finantza-neurri batzuk hartzen dituena).

Aldaketek zergaren funtsezko elementuei eragiten diete, eta horiek sinplifikatzea dute helburu, zergak berekin dakartzan betebehar formalak errazago kudeatu eta bete ahal izateko.

Lehenik eta behin, hemendik aurrera zerga-egitatea ez da izanen azken kontsumitzaileari gasak saltzea edo entregatzea, baizik eta zuzenean zergapetuko ditu zergaren eremu objektiboa osatzen duten gas fluordunen fabrikazioa, inportazioa, Europar Batasunaren barruko eskurapena edo edukitza irregularra.

Horrenbestez, zerga honen zergadunak dira fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena gauzatzen dutenak. Zergaren xede diren gasen edukitza irregularra dagoenean, berriz, zergadunak izanen dira gas horiek eduki, merkaturatu, garraiatu edo erabiltzen dituztenak; horrekin batera figura berri bat gehitzen da, “gas fluordunen biltegizaina”, hain zuzen.

Bestalde, zergaren sortzapen data aldatzen da, zerga-egitate berria kontuan hartuta, eta “gas fluordunen biltegizainak” aukera izanen du zergaren sortzapena atzeratzeko.

Zerga-egitatearen konfigurazioa zergapetu gabeko kasuekin eta salbuespen kasuekin osatzen da.

Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga arautzen duen urriaren 29ko 16/2013 Legea aldatu denez, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez estatuan indarrean dauden arau substantibo eta formal berberak aplika daitezen Foru Komunitatean.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko abuztuaren 31n egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen foru legea.

Martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluak testu hau izanen du:

“Bigarren artikulua. Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga.

Bat.–Araubide juridikoa eta aplikatzeko araudia.

Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga Foru Komunitateak galdatuko du Hitzarmen Ekonomikoaren 36 bis artikuluari jarraikiz, eta artikulu honetan eta bera garatzen duten xedapenetan xedatzen denarekin bat.

Bi.–Zergaren izaera.

Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga zeharkako zerga bat da, Espainiako lurraldean gas horien erabilera zergapetzen duena.

Hiru.–Esparru objektiboa.

Zerga honen ondorioetarako, “berotegi-efektuko gas fluordunak” honakoak dira: hidrofluorokarburoak (HFC), perfluorokarburoak (PFC) eta sufre hexafluoruroa (SF6), bai eta aipatutako substantzia horietatik edozein duten nahasketak ere. Substantzia horiek ageri dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean; erregelamendu hori berotegi-efektuko gas fluordunei buruzkoa da eta 842/2006 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

Lau.–Definizioak.

1. Zerga honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) “Europar Batasunaren barruko eskurapena”: zerga aplikatzen den lurraldera –Kanarietara, Ceutara eta Melillara izan ezik–, Europar Batasuneko beste estatu batetik eskuratzailearentzat igortzen edo garraiatzen diren eta zerga honen xede diren gasen gaineko erabiltzeko ahalmena lortzea transmisioaren egileak, eskualdatzaileak berak edo hirugarren batek aurreko edozeinen izenean eta kontura.

Era berean, Europar Batasunaren barruko eskurapenen pareko eragiketatzat hartuko da zergaren xede diren gasak gasen jabeak zergaren aplikazio-lurraldean jasotzea –Kanarietan, Ceutan eta Melillan izan ezik–, bidalketa Europar Batasuneko beste estatu batetik egin badu.

b) “Gas fluordunen biltegizaina”: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen den pertsona fisiko edo juridikoa edo entitatea, kudeaketa bulegoaren baimena duena, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, zergaren xede diren gasak erosteko, zortzi.4 apartatuan aurreikusitako araubidea aplikatuta.

c) “Suntsitzea”: berotegi-efektuko gas fluordun bat osotara nahiz zati handienean eraldatzeko edo deskonposatzeko prozesu iraunkorra, berotegi-efektuko gas fluordunak ez diren substantzia egonkorrak sortzeko (bat edo gehiago).

d) “Ekipo militarra”: berariaz helburu militarretarako diren armak, munizioak eta gerrako materiala, estatu kideen funtsezko segurtasun-interesak babesteko beharrezkoak direnak.

e) “Fabrikazioa”: zergaren xede diren produktuak lortzea.

Ez da fabrikaziotzat hartuko berotegi-efektuko gas fluordunak birziklatzeko eta birsortzeko eragiketak egitea. Nahasketak lortzea ere ez da fabrikaziotzat hartuko.

f) “Inportazioa”: halakotzat hartuko dira honako eragiketa hauek:

1. Zergaren aplikazio-lurraldean –Ceutan eta Melillan izan ezik– sartzea Europar Batasuneko aduana-lurraldean ez dauden lurraldeetatik datozen produktuak, zergaren xede direnak, horrek produktuen garraio librerako bide ematen badu, Batasunaren aduana-kodea ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 201. artikuluaren arabera.

2. Kanarietan sartzea Europar Batasuneko aduana-lurraldean dauden eta zergaren aplikazio-lurraldekoak ez diren lurraldeetatik datozen produktuak, zergaren xede direnak, horrek produktu horien garraio librerako libre mugitzeko bide eman balu, zergaren xede diren produktuen jatorria Europar Batasuneko aduana-lurraldetik kanpokoa izan balitz.

3. Ceutan eta Melillan sartzea zergaren aplikazio-lurraldekoak ez diren lurraldeetatik datozen produktuak, zergaren xede direnak, horrek produktuen garraio librerako bide eman balu, hiri horietan 952/2013 (EB) Erregelamendua aplikatu beharko balitz.

g) “Nahasketa”: bi substantziaz edo gehiagoz osatutako fluido bat, zeinetatik gutxienez bat 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako substantzia bat baita.

h) “Kudeaketa bulegoa”: Nafarroako Foru Ogasuneko organoa, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga kudeatzeko eskumena duena.

i) “Atmosfera berotzeko ahalmena” edo “ABA”: berotegi-efektuko gas batek karbono dioxidoarekin (CO2) alderatuta klima berotzeko duen ahalmena, zeina kalkulatzen baita berotegi-efektuko gas kilogramo batek ehun urtean duen berotzeko ahalmena eta CO2 kilogramo batek duena alderatuz, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera. Nahasketa baten ABA honela kalkulatzen da: zergaren xede den gas fluordun bakoitzaren pisuko frakzioen baturaren batez besteko haztatua bider haien ABA.

j) “Birziklatzea”: berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren aplikazio-lurraldean egiten den tratamendua, garbiketarako oinarrizko prozedura bidez.

k) “Birsorkuntza”: prozedura edo tratamendu fisiko-kimikoen bitartez berreskuratutako berotegi-efektuko gas fluordunen gainean egiten den tratamendua eta hobekuntza zergaren aplikazio-lurraldean; betiere, gas fluordunaren ezaugarri teknikoei buruzko arauaren araberako mailak berrezartzeko helburuarekin.

l) “Edukitza irregularra”: zergaren xede diren gasak edukitzea, merkaturatzea, garraiatzea edo erabiltzea, gas horiek dauzkanak, merkaturatzen dituenak, garraiatzen dituenak edo erabiltzen dituenak ez badu frogatzen gas horiek zerga aplikatzeko lurralde-eremuan fabrikatu, inportatu edo Europar Batasunaren barruan eskuratu dituela edo gas horiek aduana-zaintzapean daudela, 952/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera.

m) “Hirugarren lurraldea”: zerga aplikatzeko lurralde-eremuan sartuta ez dagoena.

2. Artikulu honetan agertzen diren eta substantibitate propioa duten kontzeptuei eta terminoei dagokienez, apartatu honetan definitzen direnak salbu, berotegi-efektuko gas fluordunei buruz Europar Batasuneko eta estatuko araudian xedatzen dena bete beharko da.

Bost.–Zerga-egitatea.

1. Zergapetuta daude berotegi-efektuko gas fluordunen fabrikazioa, inportazioa, Europar Batasunaren barruko eskurapena, edo haien edukitza irregularra.

2. Zerga-egitatea gauzatutzat joko da gas horiek ontzietan badaude edo produktu, ekipo edo aparatuetan sartuta.

Sei.–Zergapeturik ez dauden kasuak.

1. Ez da zergapeturik egonen:

a) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa, Europar Batasunaren barruko eskurapena edo edukitza irregularra zergaren aplikazio-lurraldean, gas horiek 150eko ABA edo txikiagoa dutenean.

b) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, baldin eta, fabrikatzaileak zuzenean edo beste batek haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora bidaltzeko erabiltzen badira.

c) Berotegi-efektuko gas fluordunak zerga aplikatzen den lurralde-eremutik kanpora bidaltzea, baldin eta zortzi.4 apartatuan aurreikusitako araubidea aplikatu bazaie.

2. 1.b) eta c) letretan aurreikusitakoa eraginkorra izan dadin, frogatu beharko da zergaren xede diren gasak zergaren aplikazio-lurraldetik benetan atera direla.

Zazpi.–Salbuespenak.

1. Ondoko hauek salbuetsirik geldituko dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan:

a) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena, gas horien konposizioa erabat aldatzen den prozesu batean transformazio kimikorako lehengai gisa erabiltzeko direnak. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, horretarako erabiltzen direla adieraziz, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Zergaren xede diren gasen inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena, suntsitzeko merkaturatzen direnak. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, adieraziz ontziaren edukia suntsitu beharrekoa dela eta ez duela beste erabilerarik, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena, ekipo militarretan erabiltzeko direnak. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, adieraziz ontziaren edukia horretarako dela, ez beste ezertarako, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Zergaren xede diren gasen Europar Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta, zerga-egitate horri dagokion zergaren autolikidazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen, gas horiek zuzenean bidaltzen baditu zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora Europar Batasunaren barruko eskuratzaileak, edo beste batek haren izenean edo kontura.

Salbuespen hori eraginkorra izan dadin, produktuak zergaren aplikazio-lurraldetik benetan atera direla frogatu beharko da.

e) Hirugarren lurralde batetik datozen bidaiarien ekipaje pertsonalaren parte diren produktuetan dauden eta zergaren xede diren gasen inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena, merkataritza-bidalketa ez badira.

Zergaren xede diren gasak dituzten ontziak ez dira bidaiarien ekipaje pertsonalaren partetzat hartuko, gas horiek ekipo edo aparatuetan kargak egiteko erabiltzen badira.

Bidaiariek daramatzaten produktuak ez dira merkataritza-bidalketatzat hartuko, noiz edo noiz erositako ondasunak badira, bidaiarien erabilera pertsonalerako edo familiarrerako badira edo oparitarako emateko eta, beren izaera eta kopuruagatik, merkataritza-jarduera baten xede direla pentsatzerik ez badago.

f) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena, gasak nazioarteko itsasoko edo aireko nabigazioan –aisialdiko nabigazioa kenduta– aritzen diren itsasontzietan edo aireontzietan sartzeko badira.

Zergaren xede diren gasak eskuratzaileen alde lehen aldiz ematen edo eskura jartzen dituzten zergadunek produktu horien xedea adierazten duen aurretiko aitorpena eskatu beharko diete eskuratzaileei. Aitorpen hori mantendu egin beharko da abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 55. artikuluan aipatzen diren zergaren preskripzio-epeetan.

2. 1. zenbakiko a), b), c) eta f) letretan aipatzen diren salbuespenak eraginkorrak izan daitezen, gas horiek benetan zertan erabili diren frogatu beharko da.

Zortzi.–Sortzapena.

1. Fabrikazio-kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da fabrikatzaileak zergaren xede diren gasak lehen aldiz entregatzen edo eskuratzailearen esku jartzen dituenean, zergaren aplikazio-lurraldean, edo, hala badagokio, fabrikatzaileak berak fabrikatutako gasak, zergaren xede direnak, erabiltzen dituenean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zerga-egitatea egin aurretik ordainketa aurreratuak egiten badira, zerga sortuko da benetan jasotako zenbatekoengatik prezioa osorik edo partzialki kobratzen den unean.

Kontrako frogarik ezean, ulertuko da zergaren xede diren gas fabrikatuetan izakin gutxiago izateko arrazoia dela fabrikatzaileak zergaren aplikazio-lurraldean erabili, entregatu edo eskura jarri izana. Halakoetan, izakinen diferentzia hori aurkitzen den unean gertatuko da zerga sortzapena, kontrako frogarik izan ezean.

2. Inportazio kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da inportazio-eskubideak sortzen diren unean, aduana-legeriarekin bat etorriz, inportazio horiek inportazio-eskubide horien mende egon ala ez.

3. Europar Batasunaren barruko eskurapenen kasuan, zergaren xede diren gasak eskuratzaileari bidaltzen edo garraiatzen hasten den hilabetearen hurrengo hilabeteko 15ean gertatuko da zergaren sortzapena, non ez den egun hori baino lehen egiten eragiketa horiengatiko faktura; kasu horretan, zergaren sortzapena hura jaulkitzen den egunean gertatuko da.

4. Aurreko zenbakietan ezarritakoa gorabehera, zergaren xede diren gasak fabrikatu ondoren gas fluordunen biltegizain bati entregatzen edo eskura jartzen zaizkionean, edo fabrikatzailea, inportatzailea edo Europar Batasunaren barruko eskuratzailea biltegizain denean, zergaren sortzapena gertatuko da azken horrek izaera hori ez duenari entregatzen edo eskura jartzen dizkionean edo gasak erabiltzen direnean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, gas fluordunen biltegizainak zergaren xede diren gasen saltzailearen aurrean edo inportazio-aduanaren aurrean egiaztatu beharko du izaera hori, kudeaketa bulegoaren dagokion baimena aurkeztuta.

Kontrakorik frogatu ezean, ulertuko da jaso diren eta zergaren xede diren gasetan izakin gutxiago izateko arrazoia dela biltegizainak erabili dituela gas horiek, edo biltegizainak eman edo eskura jarri dizkiola biltegizain izaera ez duen bati zergaren aplikazio-lurraldean. Halakoetan, diferentzia hori aurkitzen den unean gertatuko da zerga sortzapena, kontrako frogarik izan ezean.

5. Edukitza irregularraren kasuetan, zerga sortzapena gertatuko da edukitza irregular hori egiaztatzen den unean, kontrakorik frogatu ezean.

Bederatzi.–Zergadunak eta gainerako zergapekoak.

1. Bost.1 apartatuan jasotako kasuetan, zergadun izanen dira abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak, zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena gauzatzen dutenak.

Inportatzailetzat hartuko dira izaera hori dutenak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Aurrekoa gorabehera, zortzi.4 apartatuko kasuetan, gas fluordunen biltegizainak dira zergadunak.

3. Zergaren xede diren gasen edukitza irregularraren kasuan, zergaduna izanen da gas horiek eduki, merkaturatu, garraiatu edo erabiltzen dituena.

4. Zergaren xede diren gasak zertarako erabili diren justifikatzean irregulartasunik izanez gero, erabilera hori dela-eta salbuespen bat izan dutenean, zergadunek zerga ordaindu beharko dute, bai eta ezar daitezkeen zehapenak ere, baldin eta ez badute justifikatzen eskuratzaileak, jasotzeko ahalmena duenak, produktuak jaso izana, zortzigarren apartatuan aipatzen den aurretiazko aitorpena aurkeztuta. Hura jasotzen denetik aurrera, eskuratzaileek ordaindu beharko dute zerga.

Hamar.–Zerga-oinarria.

1. Zergaren xede diren gasen pisuaren araberakoa izanen da zerga-oinarria; pisu hori kilogramotan adieraziko da.

2. Aurrekoa gorabehera, zergaren eremu objektiboaren parte diren gasak dituzten produktu, ekipo edo tresnen kasuan, aurreko zenbakian xedatutakoaren arabera zerga-oinarria zehazteko behar diren datuak ez badaude, ulertuko da, kontrako frogarik izan ezean, haietan dagoen gas kantitatea honako hau dela:

a) Etxeko hozkailuak eta izozkailuak: 0,250 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

b) Hozteko industria-konpartimentuak eta merkataritza-instalazioak: 1,5 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

c) Izozteko industria-konpartimentuak eta merkataritza-instalazioak: 2,5 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

d) Aire girotuko ekipo eramangarriak: 0,250 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

e) Eraikinetako aire girotuko sistemetarako, bero-ponpetarako eta hezetasuna kentzeko gailuetarako hozte-ekipoak: 0,500 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

f) Autoetarako aire girotua: 0,600 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

g) Furgoneta, kamioi eta orga garraiatzaile-jasotzaileetarako aire girotua: 1 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

h) Karabanetarako, autokarabanetarako eta ibilgailu berezietarako aire girotua: 2 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

i) Autobusetarako aire girotua: 5 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

j) 250 mililitroko edo gutxiagoko edukiera duten aerosolak: 0,125 kilogramo ontziko.

k) 500 mililitroko edo gutxiagoko eta 250 mililitrotik gorako edukiera duten aerosolak: 0,250 kilogramo ontziko.

l) 500 mililitrotik gorako eta 1.000 mililitroko edukiera edo hortik beherakoa duten aerosolak: 0,5 kilogramo ontziko.

m) Ate eta ate isolatuak: 0,25 kilogramo m²-ko.

n) Apar zigilatzailea: 500 gramo produktuaren kilogramoko.

ñ) Isolamendurako poliestireno estruitua: 2,5 kilogramo m³-ko.

o) Hotz-ganberetarako eta izozkailuetarako panelak: 6 kilogramo m³-ko.

p) Esnea hozteko tangak, zeharkako hozte-sistema: 1 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

q) Esnea hozteko tangak, zeharkako hozte-sistema: 2 kilogramo hozteko potentzia-unitate bakoitzeko, kW-etan adierazita.

Hamaika.–Zerga-tasa.

Zerga-tasa kalkulatzeko, 0,015 koefizientea aplikatuko zaio zergaren xede den gas bakoitzak duen atmosfera berotzeko ahalmenari zerga-egitatea gertatzean, une horretan indarrean dagoen araudiaren arabera, kilogramoko 100 euroko gehieneko mugarekin.

Zergaren xede diren gasak dituzten produktu, ekipo edo aparatuen kasuan, haien atmosfera berotzeko ahalmena ezagutzen ez bada, aplikatu beharreko zerga-tasa kilogramoko 100 eurokoa dela joko da, kontrakoa frogatu ezean.

Hamabi.–Kuota osoa.

Zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzearen emaitza da kuota osoa.

Hamahiru.–Kenkariak.

1. Ondoko inguruabarrak gertatzen diren likidazio-aldi bakoitzari dagokion autolikidazioan, eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, zergadunek zergaldi horretan sortutako kuotetatik murrizten ahalko dute zergadunak berak edo beste batek, haren izenean edo haren kontura, zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora bidali dituen gasen gainean ordaindutako zergaren zenbatekoa.

Apartatu honetan jasotako kenkaria aplikatuko da gasak zergaren aplikazio-lurraldetik kanpo bidali direla frogatzen bada Nafarroako Foru Ogasunean, zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabiliz, bai eta zergaren ordainketa ere egin dela.

2. Baldin eta 1. zenbakiaren arabera bidezkoak diren kenkarien zenbatekoak likidazio-aldi batean sortutako kuoten zenbatekoa gainditzen badu, soberakina hurrengo autolikidazioetan konpentsatzen ahalko da, betiere ez badira lau urte igaro soberakina gertatu zen likidazio-aldia amaitu zenetik.

Hamalau.–Itzulketak.

1. Honakoek eskubidea izanen dute ordaindutako zergaren zenbatekoa itzultzea eskatzeko, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, hala badagokio:

a) Zergaren xede diren gasen inportatzaileak, zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora haiek bidali badituzte, edo beste batek, haien izenean edo haien kontura.

b) Zergaren xede diren gasen eskuratzaileak, zergadun izan gabe, gas horiek zergaren aplikazio-lurraldetik kanpora bidali direla frogatzen badute.

c) Zergaren xede diren gasen eskuratzaileak, zergadun izan gabe, egiaztatzen badute gas horien erabilerari zazpi.1.f) apartatuan jasotako salbuespena aplikatu beharko zitzaion.

2. Aurreko zenbakian jasotako itzulketak eraginkorrak izateko, letretan aipatzen diren egitateak gertatu direla frogatu beharko da Nafarroako Foru Ogasunean, zuzenbidean onargarri den edozein frogabideren bidez, bai eta zergaren ordainketa ere egin dela.

3. Hala badagokio, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, kenkarien zenbatekoak gainditzen badu urte naturaleko azken likidazio-aldian sortutako kuoten zenbatekoa, zergadunek eskubidea izanen dute likidazio-aldi horri dagokion autolikidazioan beren alde dagoen saldoa itzultzea eskatzeko.

Hamabost.–Kudeaketa-arau orokorrak.

1. Zergadunek nahitaez egin beharko dute zergaren autolikidazioa eta sarrera. Likidazio-aldia hiruhileko naturala da.

Hala ere, inportazioetan, aduana-zorrerako aurreikusitako moduan likidatuko da zerga, aduana-araudian xedatutakoaren arabera.

2. Zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezarriko ditu aurreko zenbakian aipatzen diren autolikidazioak aurkezteko ereduak, epeak, betekizunak eta baldintzak edo, hala badagokio, zergaren itzulketa eskatzekoak.

3. Erregelamendu bidez zehaztutako moduan, zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena egiten duten zergadunek, bai eta gas horien biltegizainek ere, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatu beharko dute nahitaez. Erregelamendu bidez ezarriko da erregistro horren edukia, bai eta inskribatzeko, baja emateko eta errebokatzeko prozedurak ere.

Inskripzioa jarduera hasi aurretik egin beharko da, eta artikulu hau indarrean jartzen denean hasita dauden jarduerak badira, erregistro horren erregulazioa indarrean jarri eta hurrengo hilabetean.

4. Merkataritza-arauetan eta beste arau fiskal batzuetan ezarritako kontabilitate-betebeharrak ukatu gabe, zergaren xede diren gasak fabrikatzen dituzten zergadunek, biltegizainek eta, hala badagokio, gas horien inportatzaile edo Europar Batasunaren barruko eskuratzaile jakin batzuek haien kontabilitatea eraman beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, eta, hala badagokio, horiek lortzeko behar diren lehengaiena.

Erregelamendu bidez zehaztuko da zein kasutan ez den beharrezkoa aurreko betebeharra betetzea, bai eta kontabilitate hori eramateko baldintzak zein diren ere.

5. Espainiako lurraldean establezimendurik ez duten zergadunek pertsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute zerga-administrazioaren aurrean ordezkatzeko, zerga honengatik dituzten betebeharrei dagokienez, eta izendapen hori egin beharko dute, behar bezala egiaztatuta, zerga honen zerga-egitatea den lehen eragiketa egin aurretik.

Zergaren aplikazio-lurraldean establezimendurik ez duten zergadunak ordezkatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek, erregelamendu bidez ezartzen diren salbuespenekin, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatu beharko dute aipatutako erregistroaren araudia indarrean jarri eta hurrengo hilabetean.

Hamasei.–Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Apartatu honetan aurreikusitako xedapen bereziak ukatu gabe, zerga honen araudia ez betetzeagatik egiten diren tributuen arloko arau-hausteak abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legean eta hura garatzeko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

2. Tributuen arloko arau-hausteak hauek izanen dira:

a) Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatzeko betebeharra ez betetzea, hamabost.3 eta 5 apartatuetan aurreikusitakoa.

b) Zergaren aplikazio-lurraldean establezimendurik ez duten zergadunek ordezkari bat izendatzeko betebeharra ez betetzea, hamabost.5 apartatuan aurreikusitakoa.

c) Gas fluordunen fabrikatzaileek edo biltegizainek zergaren xede diren gas gutxiago izatea, horiei zortzi.4 apartatuan aurreikusitakoa aplikatu bazaie.

d) Zergaren xede diren gasen eskuratzaileek zazpigarren apartatuan jasotako salbuespenak bidegabe baliatzea, justifikatzen ez bada gasen benetako erabilera izan dela salbuespena aplikatzea eragin zuena.

3. 1. zenbakian jasotako arau-hausteak astunak izanen dira, eta honako arau hauen arabera zehatuko dira:

a) 2.a) eta b) letretan ezarritakoak, 1.500 euroko diruzko isun finkoa.

b) 2.c) letran ezarritakoa, gas horiei zegokiekeen kuotaren zenbatekoaren ehuneko 100eko diruzko isun proportzionala.

c) 2.d) letran ezarritakoa: bidegabe hartutako zerga-onuraren ehuneko 150eko diruzko isun proportzionala, gutxienez 1.000 eurokoa.

4. Apartatu honetan aurreikusitako zehapenei abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 71. artikuluan aurreikusitako murrizketak aplikatuko zaizkie.

Hamazazpi.–Izakinen saldoaren jakinarazpena, dagokion autolikidazioa aurkeztea eta betebehar horiek ez betetzearen ondoriozko zehapen-araubidea.

Gas fluordunen fabrikatzaileek eta artikulu honen bost.8 apartatuan (aurreko testuan) xedatutakoaren arabera birsaltzaile direnek Nafarroako Foru Ogasunari jakinarazi beharko diote, 2022ko irailean zehar, beren instalazioetan 2022ko irailaren 1ean dagoen gas fluordunen kantitatea.

Aurreko paragrafoan adierazitako baldintzetan, komunikazioa egin beharko dute, halaber, berotegi-efektuko gas fluordunak ekipo edo aparatu berrietan lehen aldiz sartzeko erabiltzen dituzten enpresaburuek, bigarren artikulu honen zazpi.1.d) apartatuan (aurreko testuan) aurreikusitako salbuespena baliatzen badute.

Zerga arloko arau-hauste astuna da jakinarazpen hori epe barruan ez aurkeztea, edo osatu gabe, oker edo datu faltsuekin aurkeztea. Zehapena 500 euroko diruzko zehapen finkoa izanen da, eta abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 71. artikuluan aurreikusitako murrizketak aplikatuko zaizkio.

Erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, biltegizain ez diren birsaltzaileek 2022ko irailaren 1etik azaroaren 30era bitarteko aldian autolikidazio bat aurkeztu beharko dute beren instalazioetan 2022ko irailaren 1ean izandako gas fluordunen izakinei dagozkien kuotekin, eta, aldi berean, ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko dute.

Hemezortzi.–Sistema elektrikoen fabrikazioan erabilitako sufre hexafluorurorako araubide berezia.

2023ko abenduaren 31ra arte, salbuetsita egonen da, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, produktu elektrikoak fabrikatzeko sufre hexafluoruroaren fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, adieraziz ontziaren edukia horretarako dela, ez beste ezertarako, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hemeretzi.–Zerga honen xede diren gasen araubide berezia, gas horiek farmaziako osagaiak hornitzeko inhalagailu dosifikatzaileetan erabiltzekoak direnean.

2026ko abenduaren 31ra arte salbuetsita egonen da, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Europar Batasunaren barruko eskurapena, osagai farmazeutikoak hornitzeko inhalagailu dosifikatzaileetan erabiltzeko badira. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, horretarako erabiltzen direla adieraziz, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 31n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2211807