181. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARIBE

Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Aribeko Udalak, 2022ko apirilaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza (iragarkia argitaratu zen 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 7an).

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsirik gelditzen da, eta argitara ematen da haren testua, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ariben, 2022ko abuztuaren 17an.–Alkatea, José Ignacio Ubau Balda.

ARIBEKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Etxebizitza hutsen gaineko zergak zergapetuko du udal-mugarteko etxebizitzen titulartasuna, baldin eta etxebizitza horiek ageri badira maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean araututako Etxebizitza Hutsen Erregistroan (Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen dutenak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean bestelako gozamen- edo xedapen-eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo xedapen-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

3. artikulua. Salbuespenak.

1. Zergaren aplikaziotik salbuetsita daude:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta etxebizitza duten herritik kanpo betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak beren ohiko bizileku den herritik aldi baterako kanpora joan behar izan duten langileak badira, hori gertatu denean arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla-eta, edo enpresa-jarduerari lotutako kontratazioengatik, edo langile horiek mugigarritasun geografikoari loturik daudelako.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatea), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2. Nolanahi ere, salbuespenak etxebizitza bakarra hartuko du barne.

4. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako indarra duena izanen da.

5. artikulua. Kuota.

1. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

2. Karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du: %0,25 eta %0,50 artean, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan ageri den lehen urterako; %0,50 eta %1 artean bigarren urterako; eta %1,5 hirugarren urterako eta hurrengoetarako. Karga-tasa bat bera izanen da udal-mugarte osoan.

6. artikulua. Sortzapena.

1. Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.

2. Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda dagoen bitartean.

3. Kuotak urtekoak izanen dira.

4. Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

7. artikulua. Etxebizitza hutsen zentsua.

1. Udalak etxebizitza hutsen zentsu bat izanen du, zergaren ordainarazpenerako.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio udal bakoitzari Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuko udalerriari dagozkionak.

3. Erregistroan alta emanda, udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta era berean zerga-oinarria eta indarrean den karga-tasa adieraziko dizkio.

8. artikulua. Zergaren kudeaketa.

Zerga kudeatzeko, lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak erabiliko dira, eta kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak batera eginen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

ERANSKINA

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzeko karga-tasak

Lehen urtea: %0,50.

Bigarren urtea: %1.

Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,5.

Ordenantza behin betiko onestearen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 19. artikuluak xedatutakoaren arabera (testu bategin hori onetsi zen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez).

Aditzera ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatua betetzeko.

Iragarkiaren kodea: L2211224