181. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

270E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Castejóngo udal-mugartean dagoen energia elektrikoa ekoizteko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Iberdrola Generación Térmica SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 1097/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 255E/2018 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Geroago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 26ko 175E/2019 Foru Aginduaren bidez, partez baietsi zen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 6ko 255E/2018 Ebazpenaren aurka Iberdrola Generación Térmica SLk aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen uztailaren 31ko 2017/1442 Erabakiaren bidez; erabaki horretan errekuntza-instalazio handietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko ekainaren 24an Iberdrola Generación Térmica SLri eskatu zitzaion 2020ko urriaren 31 baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2017/1442/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2020ko urriaren 30ean aurkeztu zuen dokumentazioa.

T-699/17 auziari buruzko 2021eko urtarrilaren 27ko epaiaren bidez, Auzitegi Orokorrak baliogabetu egin zuen 2017/1442 Betearazpen Erabakia (EB), eta Batzordearen azaroaren 30eko 2021/2326 Betearazpen Erabakiak (EB) ordezkatu zuen.

2022ko martxoaren 15ean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txosten loteslea jaso zen, jabari publiko hidraulikora hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzkoa, eta baita instalazioa 2021/2326 Erabakiari egokitzen zaion egiaztatzeko erakunde horrek egindako azterketa ere.

Aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen azaroaren 30eko 2021/2326 Betearazpen Erabakiari.

Bestalde, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 6ko 255E/2018 Ebazpenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa partez baietsi zenez gero, ebazpen haren I. eranskineko eta III. eranskineko alderdi batzuen testua egokitu behar izan da.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei egindako arrapostuekin.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Berrikustea Castejóngo udal-mugartean dagoen energia elektrikoa ekoizteko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, instalazioa TEOei buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen azaroaren 30eko 2021/2326 Betearazpen Erabakiari egokitzeko proiektua gauzatu beharra dago, eta, horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Iberdrola Generación Térmica SL da.

Bigarrena.–Eguneratzea hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honakoetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bategina, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege dekretuaren bidez onetsia, hamargarren xedapen gehigarrian, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan, 6. artikuluan. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Etorkizunean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskatzen ahalko du informazio hidrologikorako bere sistema automatikora (IHSA) konektatzeko isurketaren kontrol jarraituaren emaitzak, Konfederazioak espresuki eskatu ondoren.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Iberdrola Generación Térmica SLra, Castejóngo Udalera, Ebroko Konfederazio Hidrografikora eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 18an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2211414