180. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko abuztuaren 31n hartua, Nafarroako Desjabetze Epaimahaiko idazkaria eta ordezko kideak izendatzen dituena.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 126. artikuluak 2. apartatuan ezartzen du Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaia bost kidek osatuko dutela, Nafarroako Gobernuak izendatuko dituela, higiezinen balorazioetan esperientzia profesionala duten pertsonen artetik aukeraturik, eta haietako bat epaimahaiko burua izanen dela.

Foru arauan ere ezartzen da epaimahaiaren osaera –ahaztu gabe legeria erkidea direla bai legea bai Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamendua– eta Nafarroako Gobernuari atxikitako organo administratibo gisa definitzen da, bost kidek osatutakoa, Nafarroako Gobernuak higiezinen balorazioetan esperientzia profesionala duten pertsonen artetik aukeratuta; bost pertsona horietako bat epaimahaiko burua izanen da. Epaimahaiko idazkari gisa zuzenbideko lizentziadun titulua duen funtzionario bat arituko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikia, administrazio horrek berak izendatua.

Kide anitzeko organo horren idazkari kargua hutsik dagoenez, bidezkoa da idazkari berria izendatzea. Horretarako, Javier Miqueleiz Garayoa jauna proposatzen da, zuzenbideko lizentziadun titulua duen funtzionarioa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikia.

Epaimahaiak bere kide guztiak dituela bermatzeko, karguak hutsik badaude edo titularrak kanpoan edo gaixorik badaude edo bilkuretara joatea eragozten duen beste edozein arrazoi gertatzen bada, proposatzen da Nafarroako Desjabetze Epaimahaiko hiru ordezko kide hauek ere izendatzea: Mikel Bengoechea Barber jauna, Javier Roldán Díaz jauna eta Eneko Ardaiz Ganuza jauna.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Javier Miqueleiz Garayoa jauna Nafarroako Desjabetze Epaimahaiko idazkari izendatzea.

2. Mikel Bengoechea Barber jauna, Javier Roldán Díaz jauna eta Eneko Ardaiz Ganuza jauna Nafarroako Desjabetze Epaimahaiko ordezko kide izendatzea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2211808