180. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

361E/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroaren antolaketa.

Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoaren 16. artikuluak onartu zuen hiltzeko laguntza ematearekin zuzenean inplikatuta dauden profesional sanitarioen kontzientzia-eragozpena, eta ezarri zuen osasun administrazioek erregistro bat sortu behar zutela hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioekin, eta erregistro horretan inskribatu behar zirela laguntza hori emateko kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak, osasun administrazioari behar den informazioa emateko, hiltzeko laguntza emateko kudeaketa egokia bermatze aldera. Erregistroak bete behar zituen konfidentzialtasun zorrotzaren printzipioa eta datu pertsonalak babesteko araudia.

Uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea sortu zen, bai eta Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozleak diren profesional sanitarioen Erregistroa ere. Horrekin batera honako hauek finkatu ziren aipatu erregistroari dagokionez: xedea eta helburuak, bertan inskribatu daitezkeen pertsonak, inskribatzeko eman beharreko datuak, inskribatzeko prozedura, erregistroko datuetan sartzeko modua, eta ondorioak eta indarraldia.

Uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluak ezartzen du erregistroaren antolaketa telematikoa izanen dela, eta osasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak emanen duen foru agindu baten bidez arautuko dela. Bestalde, foru dekretu horren 17. artikuluan xedatzen da berariaz gaituko diren osasun zentroen kudeatzaileak sartzen ahalko direla erregistroan inskribatutako adierazpenetan, baina, betiere, erregelamenduz gaitzen den moduan, behar diren konfidentzialtasun baldintzak bermatuz eta datu pertsonalak babesteko araudia betez.

Gaikuntza egiteko moduaren geroko erregelamendu garapen horrek kontuan hartu behar ditu Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 151/2014 Epaian adierazitako eskakizunak, hau da, sarbideek behar bezala mugatuta eta zedarrituta egon behar dute, sarbide generiko eta zehaztugabeen formula irekirik gabe. Izan ere, Konstituzio Auzitegiak adierazi bezala, datu pertsonalak babesteko eskubideak, Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikulutik ondorioztatzen denak, gizabanakoei bermatzen die beren datu pertsonalak libre xedatzeko gaitasuna, eta «botere publikoei ezartzen die informazio horren iturri bihurtzeko debekua, beharrezko bermeak izan gabe; era berean, informazio hori bidegabe eskuratzeak edo zabaltzeak eragin ditzakeen arriskuak prebenitzeko betebeharra ere ezartzen die» (Konstituzio Auzitegiaren 292/2000 Epaia, 6. OJ). Datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearen definizio konstituzionalaren elementu bereizgarriak dira ukitutakoak bere datu pertsonalak biltzea eta erabiltzea onartzeko eta ezagutzeko dituen eskubideak eta, gainera, ezinbestekoak dira norberak bere datu pertsonalak nork eta zertarako dituen jakiteko eskubidea eta datu pertsonal horiek izate eta erabiltze horiei aurka egiteko duena; horretarako, dagokionari eskatuko dio datuak izateari eta erabiltzeari uzteko. Hau da, fitxategiaren titularrari eskatuko zaio informatu dezala bere pertsonari buruz zer datu dituen, dagozkion erregistro eta idazpenetan sartuz, eta zertarako erabili diren, eta horrek balizko lagapen-hartzaileei ere eragiten die (292/2000 KAE, 6. OJ).

Alde horretatik, foru agindu honetan aurreikusten diren erregistrorako sarbideen oinarria da segurtasun baldintzak babesten saiatzea, eskatzen duen pertsonari prestazioa bermatzeko helburu bakarrarekin eta prozedurarekin aurrera egiteko. Sarbideak modu justifikatuan mugatzen dira prestazioan inplikatutako profesionalarengandik hurbilen dagoen mailara, haren jarduketaren gabe ezin izanen litzatekeelako bermatu prestazioa. Horrenbestez, ezartzen da prestazioan inplikatutako zerbitzuetako burutzak soilik sartuko direla beren taldeetako langileen erregistroetara; modu horretan, taldearen barruan prestazioa eman dezakeen profesional bat esleitzen ahalko zaio pazienteari. Soilik haiek ez daudenerako, edo taldeko profesional guztiek eragozpena banaka adierazten duten kasuetarako, ezartzen da hierarkian gorago dagoen bat sartzeko aukera, beste talde bateko mediku bat arduradun izendatuta prestazioa bermatzeko.

Bestalde, erregistroa telematikoa eta zentralizatua izanen da, profesional bakoitzak bere eskaera modu irisgarri eta azkarrean egin ahal izan dezan eta eskaera baliogabetu edo bere datuak aldatu ahal izan ditzan.

Proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa antolatzea.

1. Erregistroak uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretuko baldintza guztiak beteko ditu; foru dekretu horren bidez sortu dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea, eta bestetik, Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa.

2. Erregistroa telematikoa eta zentralizatua izanen da, Osasun Departamentuaren webgune instituzionalean dagoen eredu normalizatuaren arabera.

3. Honako hauetan aurreikusitako guztia aplikatuko da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. artikulua. Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistrorako sarbideak.

1. Horretarako gaikuntza duten osasun zentroen arduradunak Erregistroan inskribatutako adierazpenetara sartuko dira konfidentzialtasun berme guztiak errespetatuz eta datu pertsonalak babesteko araudia betez.

2. Foru agindu honen ondorioetarako, hauek dira osasun zentroen arduradunak, Erregistroan inskribatutako kontzientzia-eragozpenen adierazpenetarako sarbideei dagokienez:

a) Oinarrizko osasun-laguntzako osasun zentroetan, soilik zentroko zuzendaria sartuko da. Bera ez badago edo bere antolamendu unitateko kide guztiek banaka adierazi badute eragozpena, hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusia.

b) Osasun mentaleko zentroetan, soilik zentroko zuzendaria sartuko da. Bera ez badago edo bere antolamendu unitateko kide guztiek banaka adierazi badute eragozpena, hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusia.

c) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan: sarbidea izanen dute prestazioan inplikatutako zerbitzu medikoetako buruek eta, haiek ez badaude edo beren antolamendu unitateko kide guztiek banaka adierazi badute eragozpena, hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusiak. Erizaintzan, prestazioan inplikatutako arloetako buruak sartuko dira, eta, haiek ez badaude edo beren antolamendu unitateko kide guztiek banaka adierazi badute eragozpena, hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusia.

d) Tuterako eta Lizarrako ospitaleetan: sarbidea izanen dute prestazioan inplikatutako zerbitzu medikoetako buruek eta, haiek ez badaude edo beren antolamendu unitateko kide guztiek banaka adierazi badute eragozpena, hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusiak. Erizaintzan, prestazioan inplikatutako zerbitzu medikoetako buruek eta, haiek ez badaude edo beren antolamendu unitateko kide guztiek banaka adierazi badute eragozpena, hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusiak.

3. Estatistikarako sarbidea: Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularrarentzat sarbide estatistiko bat ezarriko da, Nafarroako profesionalen kontzientzia-eragozpenei buruzko datu kuantitatiboak sor daitezen eragozle diren profesionalen kopuruari, bilakaerari, altei eta bajei dagokienez. Beren eskubidea baliatu duten profesionalen segurtasun baldintzak eta anonimotasuna zainduz eginen da sarbide hori.

3. artikulua. Osasun sistema pribatuko erregistroak.

Osasun zentro pribatuek beren erregistro propioa izan beharko dute, konfidentzialtasun-araubidearen mende egonen dena, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudia bete beharko du.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 22an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2211559