180. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 29koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira, 2022ko irailaren 1etik aurrera, Tele Taxi San Fermín enpresan deitutako greba mugagabearen harira ezarritako gutxieneko zerbitzuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 27ko 41/2022 Foru Aginduan ezarritakoak. Greba mugagabe hori 2022ko uztailaren 1ean hasi zen, 07:00etan, eta, egun horretatik aurrera, lanaldi guztien gain du eragina.

2022ko ekainaren 17an, ELA sindikatuak grebara deitu zuen taxi zerbitzua ematen duen Tele Taxi San Fermín enpresan, 2022ko uztailaren 1eko 07:00etatik aurrera, mugarik gabe eta lanegun guztietan, egun horretatik aurrera.

Aipatutako greba-deialdia zela eta, Iruñerriko Mankomunitateak –bera baita Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan eskumena duen toki-erakundea–, gutxieneko zerbitzuak ezar zitzala proposatu zion Lurralde Kohesiorako Departamentuari, presidentearen ekainaren 23ko 289/2022 Ebazpenaren bidez proposatu ere.

Proposamen horri erantzunez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, ekainaren 27ko 41/2022 Foru Aginduaren bidez, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen, bi aldi bereizita: bata, 2022ko uztailaren 1etik 15era, eta bestea, 2022ko uztailaren 16tik aurrera. Hala, egun horretatik aurrera, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri ziren:

–Goizeko txanda, 07:00etatik 15:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: operadore kualifikatu bat.

–Gaueko txanda, 23:00etatik 07:00etara: operadore kualifikatu bat.

2022ko abuztuaren 24an, Tele Taxi San Fermín elkarteko presidenteak gutxieneko zerbitzuak aldatzeko eskaera aurkeztu zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Lan Zerbitzuan.

Eskaera horretan, aipatu zuen taxia badela bidariak garraiatzeko zerbitzu publiko garrantzitsu bat, eta grebak baduela eragina hartan (bi alderdi horiek aztertu ziren, jada, aipatutako 41/2022 Foru Aginduan). Horiez gain, beste bi gai zehatz hauek azpimarratu zituen eskaera justifikatzeko: alde batetik, greba-egun horietan erabiltzaileek egindako deietatik zenbat utzi ziren bertan behera edo hartu gabe (ehunekoa), eta, bestetik, aurreikusten dela zerbitzu-eskaera igo eginen dela irailetik aurrera. Horregatik, gutxieneko zerbitzu horiek aldatzeko eskatu du, arratsaldeko txandan 2 operadore kualifikatu aritu daitezen ezarrita.

2022ko abuztuaren 24an, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak eskaera horren berri eman zion Iruñerriko Mankomunitateari, proposamena egin zezan.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, abuztuaren 25eko 392/2022 Ebazpenaren bidez, proposatu zuen alda zitezela, 2022ko irailaren 1etik aurrera, 41/2022 Foru Aginduan ezarritako gutxieneko zerbitzuak, kontuan hartuta Mankomunitate horretako Garraio Zerbitzuak horri buruz egindako txostena, non aztertzen baitira Tele Taxi San Fermín elkarteak bere eskaera justifikatzeko erabili dituen bi gai horiek.

Alde batetik, lehenari dagokionez (deiak ez hartzea), txostenean alderatzen da, ehunekotan, zenbat dei ez ziren hartu grebaren aurretik eta zenbat ez diren hartu greba-aldian:

GREBAREN AURRETIK

GREBA-ALDIAN

GOIZEKO TXANDA

HARTU GABEKOAK %

% 12,1

% 23,0

OPERADORE KOPURUA BATEZ BESTE

3,0

2,0

OPERADOREAK %

% 100

% 66,6

ARRATSALDEKO TXANDA

HARTU GABEKOAK %

% 19,9

% 53,0

OPERADORE KOPURUA BATEZ BESTE

2,6

1,0

OPERADOREAK %

% 100

% 38,46

GAUEKO TXANDA

HARTU GABEKOAK %

% 19,4

% 27,0

OPERADORE KOPURUA BATEZ BESTE

1,1

1,0

OPERADOREAK %

% 100

% 90,1

Goizeko txandan, operadoreen ohiko kopuruaren % 66,6 lanean dela, % 90,8 hazi da hartu gabeko deien ehunekoa: % 12,1etik % 23ra.

Arratsaldeko txandan, operadoreen ohiko kopuruaren % 38,46 lanean dela, % 166,3 hazi da hartu gabeko deien ehunekoa: % 19,9tik % 53ra.

Datu horiek kontuan hartuta, txosten horretan adierazten da arrazoizkoa dirudiela arratsaldez ari diren agenteen kopurua handitzea, goizeko txandaren antzeko batez besteko ehunekoan gutxienez, hartzen ez diren deien ehunekoa izugarri igo ez dadin arratsaldeko txandan, gaur egun gertatzen ari den moduan.

Gaueko txanda ez da baloratu, pertsona bakarra dagoelako ezarrita gutxieneko zerbitzua emateko, gutxieneko kopurua baita hori, eta, gainera, pertsona bakarra aritu ohi delako grebarik ez den aldian.

Bestalde, bigarren gaiari dagokionez (irailetik aurrera zerbitzu-eskaera igo eginen dela), aipatutako txostenak aztertzen ditu, batetik, arratsaldeko txandako zerbitzu-eskaera eta, bestetik, irailetik aurrerakoa. Aipatzen da, era berean, arratsaldeko txandako eskaeraren ehunekoaren daturik fidagarrienak, egoera normal bati dagozkionak, 2018koak direla, “Eskaerari eta gogobetetzeari buruzko azterlanekoak”. Mota bereko datuak daude 2020ko azterlanean, baina oso bereziak dira, urte horretan COVID-19ak eragindako salbuespen-egoera izan baitzen.

Tele Taxi San Fermín enpresako txanden ordutegiak ez datoz guztiz bat inkestako datuekin. Nolanahi ere, 2018ko datu horiek aztertuta ondoriozta daiteke lanegun batean, gutxi gorabehera, zerbitzuen % 54 goizeko txandan ematen direla, % 34 arratsaldeko txandan, eta % 13 gaueko txandan.

Bestalde, mugikortasunari buruzko datuak, oro har, nabarmen igotzen dira udazkenean eta neguan. Horrela, irailetik aurrerako mugikortasuna askoz handiagoa da uztailaren 15etik abuztuaren 31ra bitarteko aldikoa baino. Hala, garraio publikoaren maiztasuna hobetu egiten da irailetik aurrera.

Antzeko zerbait gertatzen da taxi zerbitzuan, zerbitzu gehiago ematen baitira irailetik aurrera, ziklo guztietako jarduera akademikoa hasten denean, jarduera ekonomikoa handiagoa denean eta abar. Jarduera horrek, astelehenetik ostiralera, lotura handia du nahitaezko joan-etorriekin; larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, aisialdiarekin. Hona hemen COVID-19aren aurreko urteetan eskatutako taxi zerbitzuen datuak:

2018. URTEA

2019. URTEA

ABUZTUA

60.324

65.425

IRAILA

76.234

76.234

URRIA

82.486

82.486

Bi gai horiek aztertuta, aipatutako txostenean ondorioztatzen da arrazoizkoa dela modu batera arautzea uztailaren 15etik abuztuaren 31ra bitarteko aldia, eta 2022ko irailaren 1etik aurrera, aldiz, gutxieneko zerbitzuak handitzea 2 operadore aritu daitezen astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetan (larunbat, igande eta jaiegunetan operadore bakarra arituko litzateke, orain arte bezala). Horrela bada, arratsaldeko txandarako ezarritako operadoreen ehunekoa, egoera normalizatuaren aldean, % 66 baino zertxobait txikiagoa izanen litzateke; ehuneko hori txikiagoa da goizeko txandarako ezarritakoa baino, baina hartatik oso hurbil dago.

Horrenbestez, kontuan harturik bai Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, bai martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua, bat etorrita Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin eta erabilita Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 27ko 41/2022 Foru Aginduan ezarritako gutxieneko zerbitzuak, zeinak ezarri baitziren Tele Taxi San Fermín enpresan deitutako greba mugagabearen harira (greba hori 2022ko uztailaren 1ean hasi zen, 07:00etan, eta lanegun guztiei eragiten die egun horretatik aurrera). Horrenbestez, ezartzen dut greba egitean, 2022ko irailaren 1etik aurrera, gutxieneko zerbitzu hauek eman behar direla:

–Goizeko txanda, 07:00etatik 15:00etara: 2 operadore kualifikatu.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: astelehenetik ostiralera, taxi-tarifen egutegiaren arabera laneguntzat jotzen diren egunetan, 2 operadore kualifikatu.

–Arratsaldeko txanda, 15:00etatik 23:00etara: larunbat, igande eta jaiegunetan, taxi-tarifen egutegiaren arabera jaieguntzat jotzen diren egunetan, operadore kualifikatu bat.

–Gaueko txanda, 23:00etatik 07:00etara: operadore kualifikatu bat.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea greba batzordeari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 29an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2211751