180. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

353/2022 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2022. urteko deialdia. DDBN identifikazioa: 644589.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze horri esker, eskolako dinamika sustatzeko hezkuntza eta kultura jarduerak programatu eta antolatzen dira ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bitartez, eta elkarte horiek ikastetxeetako zenbait hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea sustatzen da. Horren adibide da, esaterako, gurasoentzako prestakuntza jarduerak antolatzea.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 202ko deialdia onestea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2022. urteko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2022ko gastuen aurrekontuan gehieneko gastu hau baimentzen da:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

63.654,00

420004-42700-4819-324200, Ikasleen eta gurasoen elkarte eta federazioentzako dirulaguntzak

2022

3. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2022. urteko deialdia

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2022ko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea laguntzak emateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioei, jarduerak programatu eta antola ditzaten.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da eskolako dinamika indartzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardunaren bidez eta haiek ikastetxeetako hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea bultzatzea.

3. Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute legearen arabera eratutako Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baimenduetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

4. Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honen xedea da gurasoek Nafarroako ikastetxeetako bizitza kultural eta sozialean eta heziketa prozesuan duten parte-hartzea bultzatzea. Horretarako, diruz lagunduko dira gurasoentzako prestakuntza eta informazio jarduerak, gai hauen ingurukoak: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.2. Federazioek ikasleekin eta hezkuntza komunitateko gainerako eragileekin ikastetxeko ordutegitik kanpo egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere diruz lagunduko dira, gai hauei buruzkoak badira: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.3. Garai honen berezitasuna kontuan hartuta, hezkuntza komunitate guztiarekin online egiten diren prestakuntza jarduerak balioetsiko dira. Jarduera horien helburua izanen da balioetan oinarritutako hezkuntza indartzea eta tresna telematikoen ezagutzan laguntzea eta sakontzea; izan ere, tresna horiek ikasten laguntzen dute eta ikasleen, gurasoen eta irakasleen arteko lotura indartzen dute aurrez aurreko harremanetatik haratago.

4.4. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

4.5. Dirulaguntza jasotzeko, federazioek bi baldintza bete behar dituzte: dirulaguntza eskatzea eta deialdi honetako 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan adierazten diren prestakuntza eta informazio jarduerak egitea. Hala egin ezean, eskaeratik abiatuta ematen den zati proportzionala ere ez da diruz lagunduko, ezta elkarte kopuruarengatik edo matrikularengatik ematen dena ere.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz. Eranskinari gehitu behar zaio federaziokoak diren guraso elkarteen ikastetxeen zerrenda.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie federazio eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten dutela ulertuko dela. Errekerimendu hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen webgunean argitaratuko da, horretarako irekitako datak adierazita, jakinarazpen ondorioetarako, eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie inplikatutako federazioei, informazioa emateko soilik.

7. Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

7.1. Honako hauek hartuko dira aintzat federazio eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko:

–Onartutako eskaeren zerrenda.

–Federazio bakoitzari atxikitako elkarte kopurua.

–Ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen kopurua (datu hori EDUCAren bidez lortuko da) eta

–Egindako jardueren kopurua.

7.2. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Federazioentzat esleitutako diru guztiaren %10 zati berdinetan banatuko da onartzen diren eskaeren artean.

b) Diru guztiaren %20, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren %20, ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera. Ikastetxeak hizkuntza ereduaren arabera bi guraso elkarte desberdin baditu, eredu bakoitzean matrikulatutako ikasleak esleituko dira. (Datua EDUCAren bidez lortuko da).

d) %50, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz egin beharreko jarduerengatik aurkezten duen gastuen aurrekontuaren arabera.

4.5 puntuan adierazten den bezala, a), b) eta c) ataletako laguntza bakarrik emanen zaie eskaeran 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan adierazitako prestakuntza eta informazio jarduerak egitea proposatzen duten federazioei, eta, betiere, ondoren horietakoren bat, gutxienez, aurrera eramaten badute.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

9. Prozedura tramitatzeko eta instruitzeko organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeburua: Inklusio Ataleko burua.

–Batzordekideak: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

10. Ebazpena. Behin-behinekoa eta behin betikoa.

10.1. Balorazio batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsiko du, ebazpen baten bidez.

10.2. Erakunde onuradunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, dirulaguntzak behin-behinekoz emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak eta/edo zuzenketak aurkezteko.

10.3. Erakunde onuradunek aurkeztutako zuzenketa eta/edo alegazio guztiak aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, dirulaguntzak behin betiko ematea onetsiko du, ebazpen baten bidez.

10.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Hala laguntza behin-behinekoz ematearen gaineko ebazpena, nola behin betiko ematearen eta ordaintzearen gainekoa Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpenaren ondorioetarako, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko diru kopurua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

12. Laguntza ordaintzea eta haren justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua: Dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, gastu justifikatutzat joko da, bakar-bakarrik, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, baldin eta gastu hori 2021eko azaroaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte egin eta ordaindu bada, bi egun horiek barne.

12.2. Dirulaguntzaren ordainketa:

12.2.1. Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntza kobratzeko, erakunde onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2022ko irailaren 30era arte:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azaltzen dutenak. Zehazki, diruz laguntzen den jarduera sustatzeko edo hartaz informatzeko egiten diren agirien ale bana sartu beharko da, eta, hala balegokio, kartelarena, esku-orriarena, triptikoarena edo publizitatearen beste edozein euskarrirena, baita, kasua bada, diruz lagundu diren argitalpenen aleak ere.

b) Gastuen justifikazio kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu, eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Aurreko kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz eginak izanen dira, honako datu hauek adierazita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura noiz egin den, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta egilearen sinadura.

Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen erakundeko idazkariaren ziurtagiria, erakundeko lehendakariak ontzat emana, non azalduko baitira jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo dirulaguntzak, horrelakorik bada.

e) Dirulaguntzaren xedeko informazio edo prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua, VI. eranskinaren arabera.

12.2.2. Justifikatutako gastua aurrekontuko gastua baino txikiagoa bada, proportzio berean murriztuko da 7.2.d) oinarrian zehaztutako dirulaguntzaren zati aldakorra.

13. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan adieraztea dirulaguntza nork eman duen. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatzen direla. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Gardentasun betebeharrak.

Erakunde onuradunek gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasotako gardentasun betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak jasotzen dituztenean eta bi baldintza hauek betetzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza erakunde onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza zer ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan erakundearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkez dezaten, egiaztatzearren benetakoak ote diren federazioa osatzen duten elkarteen kopuruari eta elkarturiko familiei buruz aurkeztutako datuak eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotei buruzkoak.

Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori izan eta, hala denean, eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari, egiaztapen eta kontrol jarduketak izan baititzakete.

17. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea barne.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabidea.

III. eranskina.–Jardueren azalpena-txostena.

IV. eranskina.–Jardueren zerrenda-laburpena.

V. eranskina.–Gastuaren justifikazio kontua.

VI. eranskina.–Sinadura-orria.

Deskargatu II. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2211267