180. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

31/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, araubide bereziko kirol ikasketen barrenean Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

ZIOEN AZALPENA

1

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza maila bakoitzak ezarritako betebeharren arabera. Bestetik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluan (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen dira bertan), zehazki, 5. artikuluko h) letran, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol teknikarien prestakuntza garatzea eta arautzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak kirol ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean artikulatzen ditu, zeinean kirol ikasketetako zikloek zeregin garrantzitsua betetzen baitute ikasleek kirol jarduera edo modalitate batean lan egiteko behar duten prestakuntzari begira. Eredu horrek, gainera, ikasleei laguntzen die lan eta kirol munduaren bilakaerari eta herritarren aktibotasunari egokitzen.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala ezartzen du, produkzio sektorearen eskakizunei erantzutera bideratutako prestakuntza ekintzen esparruan. Kirol ikasketen modalitate batzuek lanbide heziketaren kontzeptu orokorrarekin lotzen dituzten ezaugarriak dituzte, baina horrek ez dakar uko egin behar izatea kirol sistemara bideratutako berariazko eskaintza bat izateari, hau da, Gorputz eta Kirol Jardueren lanbide arloak hezkuntza sistemaren lanbide heziketaren barnean sektoreko gainerakoarentzat egiten duen eskaintzatik bereizitako eskaintza bat izateari.

Foru dekretu honen bitartez, Mendi Ertaineko kirol teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretua garatzen du, zeinak Arroila Jaitsierako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendi Ertaineko kirol teknikariaren tituluak ezarri eta titulu horietako oinarrizko curriculumak eta sarbiderako baldintzak finkatzen baititu.

Bestalde, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuak (haren bidez araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean) eredu bat zehaztu du araubide bereziko kirol ikasketen curriculuma garatzeko, egokitzeko modukoa kirol modalitate eta espezialitate bakoitzaren ezaugarri eta helburuetara, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere.

Horregatik, Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatera egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan titulu horren curriculuma eratzen duten elementuak jorratzen dira: antolaketa, lanbide-erreferentea, curriculuma, ikasketen iraupena, sarbideak, eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Ikasketa horiek antolatzeari dagokionez, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluko a) letran ezartzen denez, erdi mailako kirol ikasketak bi ziklotan banatuko dira: erdi mailako hasiera zikloa eta erdi mailako bukaera zikloa. Hori dela eta, foru dekretu honek ikasketa horien antolaketa eta iraupena ezartzen ditu 3. artikuluan.

3

Titulu horren lanbide-erreferentea arau honen 4. artikuluan aurkezten eta 1. eranskinean garatzen da, eta oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan jarduerari lotutako ingurune profesionala, pertsonala, lanekoa eta kirolekoa.

4

5. artikulua, hari lotuta dauden 2. eta 3. eranskinekin batera –hasierako eta bukaerako zikloei dagozkie, hurrenez hurren–, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, moduluen izena eta iraupena daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten moduluen garapena. Modulu guztietan, curriculumak egitura bera du: lehenik, multzo komun bat, bere baitan dituena kirol ikasketen modulu komunak (kirol hastapena, kirol teknifikazioa eta goi errendimendua izeneko prozesuei dagozkien lanbide-gaitasunei lotutako prestakuntza); bigarren, multzo espezifiko bat, bere baitan dituena kirol prestakuntza zientifiko eta teknikoko moduluak, espezialitate bakoitzari dagozkionak; eta, azkenik, prestakuntza praktikoaren multzoa, 6. artikuluan eta 4. eranskinean tratatzen dena. Ziklo bakoitzeko multzo komuna eta espezifikoa gainditu ondoren eginen da prestakuntza praktikoaren multzoa.

5

Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko baldintzei dagokienez, 7. artikuluan arautzen dira Mendi Ertaineko kirol teknikariaren ikasketetako sarrera proba berariazkoak eta eskatzen diren kirol beharkizunak. Hori guztia 5. eranskinean garatzen da.

Orobat, 11. artikuluan azaltzen da ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzeko aukera, eta 12. artikuluan eta 6. eta 10. eranskinetan azaltzen dira titulu honen baitan dauden moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, bai eta baliozkotze eta salbuespenak ere.

6

13. artikuluan honako hau azaltzen da (7. eranskina du lotua): irakasleek eduki beharreko titulazioa, tituluen baliokidetasunak irakaskuntzaren ondorioetarako, tituluen baliokidetasunak prestakuntza praktikoaren multzoaren segimendua egiteko, baita sartzeko probak egiteko ere, eta ikastetxe publikoetako irakasleen beharkizunak.

7

Azkenik, foru dekretu honek azaltzen dituen azkeneko elementuak hauek dira: espazioak eta ekipamendua, eta irakasle/ikasle ratioa. 14. eta 15. artikuluetan eta horiekin loturik dauden 8. eta 9. eranskinetan azaltzen dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 4an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori araubide bereziko kirol ikasketen barrenean kokatzen da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Mendi Ertaineko kirol teknikari titulua elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Mendi Ertaineko kirol teknikaria.

b) Maila: erdi mailako kirol ikasketak.

c) Iraupena: 1.260 ordu.

d) Europako erreferentea: HNSN-3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Antolaketa.

Mendi Ertaineko kirol teknikari titulua eskuratzeko ikasketak bi ziklotan banatzen dira:

a) Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloa, 570 ordukoa.

b) Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera zikloa, 690 ordukoa.

4. artikulua. Lanbide-erreferentea eta lanbide-jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta ingurune profesionala, lan ingurunea eta kirol ingurunea ere.

5. artikulua. Curriculuma.

1. Foru dekretu honen 2.A) eranskinean jasotzen dira Mendi Ertaineko erdi mailako hasiera zikloko kirol ikasketen helburu orokorrak. Foru dekretu honen 2.B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

2. Foru dekretu honen 3.A) eranskinean jasotzen dira Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera zikloko kirol ikasketen helburu orokorrak, eta 3.B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

3. Ikasketa hauek ematen dituzten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute Mendi Ertaineko kirol teknikariaren ikasketen modulu bakoitzerako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

6. artikulua. Prestakuntza praktikoaren modulua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 18. artikuluan azaltzen da prestakuntza praktikoaren modulua nolakoa izanen den.

2. Oro har, foru dekretu honen 4. eranskinean ezarritako kirol ikasketako moduluetan ebaluazio positiboa lortu ondoren, egoki diren prestakuntza praktikoaren moduluak garatuko dira.

7. artikulua. Araubide bereziko kirol ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko betekizunak.

1. Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera ziklora sartzeko, beharrezkoa izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua edo baliokidea izatea, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

2. Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera ziklora sartzeko, beharrezkoa izanen da Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloa gaindituta izatea.

3. Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloko ikasketetara Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulurik gabe sartzen ahal da, baldin eta izangaiak azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuan ezarritako berariazko beste betekizunak betetzen baditu, adin baldintzak betetzen baditu eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 31.1.a) artikuluan ezarritako proba gainditzen badu.

4. Horrez gainera, Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera ziklora sartzeko, foru dekretu honen 5.A) eranskinean ezarritako RAE-MOSE101 proba espezifikoa gainditu beharko da.

5. Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera ziklora sartzeko, foru dekretu honen 5.B) eranskinean jasotako RAE-MOME214 proba espezifikoa gainditu beharko da.

8. artikulua. Sarrera proba espezifikoen eraginak eta indarra.

1. Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera ziklora eta Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera ziklora sartzeko ezartzen diren berariazko probak gainditzeak Estatuko lurralde osoan izanen ditu eraginak.

2. 5. eranskinean ezartzen diren proba espezifikoak gainditzeak 18 hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

9. artikulua. Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak proba espezifikoa gainditzetik salbuestea.

Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera ziklora eta Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera ziklora sartzeko ezartzen diren proba espezifikoak gainditu beharretik salbuetsita egonen dira honako hau frogatzen duten kirolariak:

a) Goi mailako kirolaria izatea mendiko kirolen eta eskaladaren kirol modalitatean edo espezialitatean, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen baldintzen arabera.

b) Errendimendu handiko kirolariaren kalifikazioa edukitzea, edo baliokidea, autonomia erkidegoek beren araudiari jarraituz ezarritako mendiko kirolen eta eskaladaren modalitatean.

Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloaren kasuan, honako hau frogatzen duten kirolariak ere salbuetsita egonen dira:

a) Espainiako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioak Espainia ordezkatzeko hautatuak izatea, proba espezifikoa egin aurreko bi urteetan, federazio horri esleitutako edozein kirol espezialitateren kategoria absolutuko nazioarteko lehiaketa ofizial baterako, gutxienez.

b) Espainiako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioak kirol jarduera garrantzitsuak egiteko hautatuak izatea, federazio horri esleitutako edozein kirol espezialitatetan, proba espezifikoa egin aurreko bi urteetan.

10. artikulua. Desgaitasuna frogatzen dutenak sartzeko beharkizunak.

Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera sartzen ahal dira ziklo hauetara desgaitasuna duten pertsonak, eta administrazio eskudunen betebeharra da arrazoizko egokitzapenak egitea, sarbide horrek ez dezan sortu bidegabeko murrizketarik, aukera berdintasunaren kontra.

11. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluak Batxilergoko edozein modalitatetara sartzeko aukera ematen du.

12. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak ezarriko du foru dekretu honetan araututa dauden ikasketetatik zer multzo komun baliozkotzen ahal zaizkien honako ikasketa edo titulu hauek frogatzen dituztenei:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura, irailaren 24ko 1670/1993 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadunaren unibertsitate titulu ofiziala eta hura eskuratzeko ikasketa planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dira.

b) Gorputz Hezkuntzako diplomatura eta Gorputz Hezkuntzako lizentziatura, apirilaren 24ko 790/1981 Errege Dekretuan arautuak. Dekretu horretan Gorputz Hezkuntzako institutu nazionalak eta horietan ematen diren ikasketak ezartzen dira.

c) Gorputz Hezkuntzan espezializatutako irakaslearen titulua, abuztuaren 30eko 1440/1991 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan irakasle izateko unibertsitate titulu ofiziala eta haren espezialitateak ezartzen dira, bai eta hura eskuratzeko ikasketa planetarako jarraibide orokor berariazkoak ere.

d) Gorputz eta Kirol Jardueren Animazioko goi mailako teknikari titulua, abenduaren 22ko 2048/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Gorputz eta Kirol Jardueren Animazioko goi mailako teknikari izateko Lanbide Heziketako titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

e) Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Jarduerak Gidatzeko teknikariaren titulua, abenduaren 22ko 2049/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Jarduerak Gidatzeko teknikari izateko titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

f) Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan jasotzen den unibertsitate ikasketa ofizialen ordenamenduan araututako edozein gradu. Errege dekretu horretan, gaitasun egokiak eskuratzea bermatzen duten unibertsitate ikasketa ofizialen ordenamendua ezartzen da.

g) Batxilergoa, zehazten diren gaietan.

h) Abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako tituluak. Dekretu horretan kirol teknikari tituluak eskuratzeko araubide bereziko ikasketak ezartzen dira, eta tituluetako jarraibide orokorrak eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak onartzen.

2. 6.A) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen titulu honetako kirol ikasketetako gaitasun unitateen eta moduluen artean, haiek egiaztatzeko.

3. 6.B) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen moduluen eta titulu honetako kirol ikasketetako gaitasun unitateen artean, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko.

4. Baliozkotu eginen dira kirol ikasketetako modulu komunak eta espezifikoak, izen eta kode berberak izanez gero.

5. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako edozein modalitate edo espezialitatetan 1. edo 2. mailako multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloko edo Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera zikloko multzo komuneko modulu guztiak baliozkotuko dira. Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluko hasiera zikloan edo bukaera zikloan multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, dagokien mailako multzo komuneko modulu guztiak baliozkotuko dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluetan.

6. 10.A) eranskinean ezartzen da zer baliozkotze egiten ahal diren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol ikasketetako moduluen eta Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluko multzo espezifikoko kirol ikasketetako moduluen artean.

7. Foru dekretu honetan araututako zikloetako prestakuntza praktikoko modulua salbuesten ahal da, osorik edo partez, segun zer korrespondentzia duen kiroleko edo laneko esperientziarekin. 10.B) eranskinean zehazten da.

13. artikulua. Irakasleen titulazioak, eta beharkizunak betetzearen frogagiriak.

1. Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluko hasiera eta bukaera zikloetako moduluetan irakasteko eskudantzia duten irakasleen titulazio beharkizunak foru dekretu honen 7. eranskinean jaso dira.

14. artikulua. Irakasleek izan beharreko tituluak ikastetxe publikoetan jarduteko.

Ikastetxe publikoetako irakasleen titulazio beharkizuna irakatsiko duten kirol ikasketetako multzoaren araberakoa izanen da:

1. Foru dekretu honen 7.A) eranskinean ezarritakoari jarraikiz, bertan adierazitako irakasle funtzionarioen kidegoetako eta espezialitateetako irakasleei dagokie foru dekretu honetan araututako zikloko kirol ikasketetako multzo komuneko moduluak irakastea, ikastetxe publikoetan.

2. 7.B) eranskinean zehazten da nori dagokion ikastetxe publikoetan foru dekretu honetan araututako zikloko kirol ikasketetako multzo espezifikoko moduluak irakastea, eta honako profil hauei dagokie:

a) Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako Gorputz Hezkuntzako espezialitateko irakasleak, Goi Mendiko goi mailako kirol teknikari titulua badute, edo Eskaladako goi mailako kirol teknikariarena, edo Arroila Jaitsierako kirol teknikariarena.

b) Goi Mendiko goi mailako kirol teknikariaren, Eskaladako goi mailako kirol teknikariaren edo Arroila Jaitsierako kirol teknikariaren titulua duten irakasle espezialistak, edo lan eta kirol esparruan esperientzia dutela frogatzen duten titulurik gabekoak, edo 7.C) eranskinean zehaztutako irakaskuntza esperientzia dutenak.

3. Hezkuntza administrazioek baimentzen ahal dute Goi Mendiko goi mailako kirol teknikariaren, Eskaladako goi mailako kirol teknikariaren edo Arroila Jaitsierako kirol teknikariaren titulurik ez duten baina Gorputz Hezkuntzan espezializatuta dauden Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleek irakasle espezialista bati dagozkion multzo espezifikoak irakastea, baldin eta helburu horretarako taxututako edo hezkuntza administrazioek onartutako trebakuntza, edo lan esperientzia, kirol esperientzia edo irakaskuntza esperientzia badute. 7.C) eranskinean zehazten da.

15. artikulua. Titulazio beharkizunak ikastetxe pribatuetako irakasleentzat eta hezkuntzaz bestelako administrazioetako titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat.

Foru dekretu honen 7.D) eranskinean azaltzen da zer titulu eskatzen zaizkien ikastetxe pribatuetako edo hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleei, foru dekretu honetan araututako zikloa osatzen duen multzo komuneko zein espezifikoko moduluak irakasteko.

16. artikulua. Espazioak eta ekipamenduak.

1. Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluko ikasketak emateko baimenduta dauden ikastetxeek izan behar dituzten espazioak eta ekipamenduak foru dekretu honen 8. eranskinean jaso dira.

2. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta ikasketen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

17. artikulua. Irakasle/ikasle ratioa.

1. Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloan eta Mendi Ertaineko erdi mailako bukaera zikloan multzo komuneko moduluak irakasteko, baita multzo espezifikoko moduluen kontzeptu-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko ere, irakasle/ikasle ratioa 1/30 izanen da.

2. Mendi-ibilietako erdi mailako hasiera zikloan eta Mendi Ertaineko bukaera zikloan multzo espezifikoko moduluen prozedura-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko, irakasle/ikasle ratioa foru dekretu honen 9. eranskinean jasotakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Tituluaren baliokidetasunak.

Azaroaren 19ko 110/2014 Foru Dekretuan araututa dagoen Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluak eta foru dekretu honetan arautzen den curriculuma duen Mendi Ertaineko kirol teknikari tituluak ondorio akademiko eta profesional berberak izanen dituzte.

Bigarrena.–Tituluko moduluen urrutiko eskaintza.

11. eranskinean ezartzen diren kirol irakaskuntzako moduluak urrutitik eskaintzen ahal dira, irisgarritasuna kontuan hartuta, betiere bermatzen bada ikasleek horien ikaskuntzaren emaitzak lor ditzaketela, foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera. Horretarako, hezkuntza administrazioek, beren eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartuko dituzte eta jarraibide egokiak emanen dituzte.

Hirugarrena.–Tituluaren erreferentziako araudia.

Foru dekretu honetan jasotzen ez diren alderdietan, azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

2022-2023 ikasturtetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak noiznahi ezar dezake foru dekretu honetan arautzen den curriculuma, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako edozein modalitatetan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Araubide bereziko kirol ikasketetako Mendi Ertaineko kirol teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F2206783