179. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

790E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ingurumen eraginaren adierazpena, aldekoa, egiten zaio proiektu honi: Belateko eta Almandozko tunelen bikoizketaren trazadura N-121-A errepidean (Iruña-Behobia). Sustatzailea Lurralde Kohesiorako Departamentua da (Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua).

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen duenez, I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaie.

Ingurumen eraginaren prozeduraren laburpena

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, organo eskuduna den aldetik, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat, maiatzaren 18ko 35/2021 FORU AGINDUAREN bidez (2021eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 1ean), behin-behinean onetsi zuen N-121-A errepidean (Iruña-Behobia) Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko trazaduraren proiektua eta jendaurrean jarri zuen hilabetez, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Epe horretan hiru alegazio jaso dira. Horien edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbildu da.

21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, nahitaezkoak dira, besteak beste, jabari publiko hidraulikoaren arloan eskumena duen organoaren txostena eta kultura ondareari buruzko txostena. Hala, bada, 2022ko urtarrilaren 19an Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena jaso zen, aldekoa, zenbait baldintzarekin. Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak eta Ebrokoak aldeko txosten bana eman zuten, zenbait baldintzarekin, 2022ko maiatzaren 30ean eta 2022ko maiatzaren 19an, hurrenez hurren. Proposatutako baldintzak eta oharpenak ebazpen honen baldintzen atalean jaso dira, eta aipatu txostenen laburpena II. eranskinean dago.

Proiektuaren deskribapena (laburpena)

Proiektuaren xedea da Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko egin behar diren obrak zehaztea, bai eta bi tunelen artean galtzada bikoizteko egin beharreko jarduketak ere, galtzadak bi errei izanen baititu noranzko bakoitzean. Halaber, tuneletako sarrera eta irteeretan egungo errepidea eta bikoiztutako galtzada berria lotzeko jarduketak zehaztu behar dira.

2014an egin zen “N-121-A errepidean (Iruña-Behobia) Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko aukeren azterketa”. Trazadurarako lau aukera aztertu ziren, denak egungo errepidearekiko paraleloak, eta tunel berriak planteatu ziren egungo tunelen eskuinetara edo ezkerretara. Aldagai anitzeko analisia eginda, erabaki zen 1. aukera zela egokiena. Orain aurkeztu den proiektuak zenbait aldaketa ditu hasiera batean onartu zen soluzioaren aldean (murriztu egin dira proiektuak okupatzen duen azalera eta proiektua gauzatu eta garatzeko lur mugimenduak), eta ingurumen hobekuntzak dakartza, batez ere tunelen arteko errepide zatian. Bi tartetan zatitutako trazadura berria egiteko aukeren azterketan 2. aukera hautatu da 1. tarterako eta 1. aukera 2. tarterako.

Behin betiko proiektua Belateko mendatera igotzen den NA-1210 errepidearekiko bidegurutzean hasten da, N-121-A errepideko 27+040 KPan (Ultzamako bentetako lotunea), egungo errepidearen ezkerretara (mendebaldean) dagoen galtzada berri batean, eta 34+647 KPan amaitzen da; 7.647 metroko luzera du. Bost tarte bereizten dira: zeru zabaleko tartea Belateko tunelaren aurretik; Belateko tunela, 2.885 metro luze, egungoarekiko dibergentea; zeru zabaleko tartea tunelen artean, zubibide berri bat barne (32+635 KPtik 32+845 KPra), dagoen desnibel handia gainditzeko; Almandozko tunela, 1.355 metrokoa, 32+885 KPtik 34+240 KPra, egungoarekiko paralelo, hartatik 30 bat metrora, ardatzetik ardatzera neurtuta; eta zeru zabaleko tartea Almandozko tunelaren ondoren.

Proiektuaren deskribapen osoagoa dago ebazpen honen III. eranskinean. Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean jaso da.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa

Ingurumenaren ikuspuntutik proiektuaren eragin-eremua ia guztiz bat dator egungo errepidearen trazadurarekin. Nafarroako eskualde atlantikoan dago, pagadi azidofiloetako landaredi serie euskal-kantauriar eta mendebaldeko piriniarraren (Saxifrago hirsutae-Fago sylvaticae. S) eremuan, eta osorik sartzen da Natura 2000 Sareko “ES2200018: Belate” kontserbazio bereziko eremuan.

Izapidetzen ari den bide azpiegituraren exekuzioak zenbait ingurumen ukipen sortuko ditu ingurunean, aldi baterako ukipenak eta ukipen iraunkorrak. Jarraian horiek deskribatu eta ebaluatuko dira, ikusteko ea ingurumenarekin bateragarriak diren, behin aplikatuta prebentziorako, zuzenketarako eta eraginen konpentsaziorako neurriak.

Proiektuak Ultzama ibarrean du abiapuntua, izen bereko udal mugartean, Arraizko bentetako bizigunea igarota. Aurrerago Kantaurialdeko isurialdearen eta isurialde mediterraneoaren banalerroa zeharkatu eta Baztango udalerrian barneratzen da. Proiektuaren abiapuntua dagoen aldean bat egiten dute Nafarroako Naturaguneen Sareko “Ultzamako eta Basaburuko hariztiak” paisaia babestuak eta Natura 2000 Sareko “ES2200018: Belate” kontserbazio bereziko eremuak. Handik 600 metro pasatxora, trazadura tunel batean sartzen da (28+010 KP, Belateko tuneleko hegoaldeko ahoa), egungo tunelaren ezkerreko ertzean. Horretarako, aldez aurretik proiektuak galtzada zabaltzen du ertz horretan, lehendik dauden ezpondak ukituz (dagoeneko horiek egonkortzeko zenbait esku-hartze egin dira), bai eta, ezponda buruen eta goi tentsioko aireko linea bateko kale irekiaren arteko zerrenda estu batean, pagadi azidofiloa ere (Saxifrago hirsutae-Fago sylvaticae S.), zeina bat datorren “9120*; Saxifrago hirsutae-Fagetum” lehentasunezko habitatarekin (hamar pago).

Galtzada berriak, tunelaren iparraldeko ahotik irtenda (30+895 KP) eta jada kantauriar isurialdean, egungo tunelak baino eremu handiagoa ukitzen du ezkerreko ertzean, Loiketa parajeko mazelako baso-masa luberritu behar baita. Hortik aurrera, galtzadak bikoiztu ahal izateko, okupazioak eskuineko ertzerantz jotzen du. Hala, egungo ezpondetan lur gehiago erauzi behar da eta lubeta txiki bat sortu behar da Ospitaleko errekara isurtzen duen sakan txikiko betelanean. Aipatu eremu guztietan pagadi azidofiloaren formazioa garatzen da. Isurialde mediterraneoan irudikatutakoa bera da, baina kasu honetan kontserbazio egoera hobean dago. Gainera, tunelen jatorrizko proiektuan inguruak landareztatzeko egin ziren landaketa eta hidroereiteetako landaretza ukitu behar da. Beste eremu batzuk okupatu behar dira Belateko tuneleko kontrol zentroaren inguruan (lorategiak) eta V10 hondakindegian, non askotariko hostozabalen saila landatu zen tunelen jatorrizko proiektuan, eta ondorioz Goldaburuko errekako goiko aldea bideratu behar izan zen mendebaldera ekarrita; proiektu berriarekin berriz bideratu beharko da. Erreka horretako landarediaren osagai dira aurrean aipatutako sail landatuak eta ur bazterreko espezieak, landare komunitate nagusia den pagadi azidofiloko baso-espezieekin nahasturik.

Egungo errepidean ertz-efektua jasan duen zonan pagadia galdu izanaren ondorioz, sastraka eta larreetako komunitate batzuk kokatu dira bertan. Askotan halakoek lurzoruaren baldintzak aldatzen dituzte eta ondorioz lehengo espezieen ordez beste batzuek kolonizatzen ahalko dute eremua. Hala, gerta liteke ordezpen etapa horietan sartzea “4030; Pteridio aquilini-Ericetum vagantis” habitateko sastrakadi gune batzuk, batez ere Almandozko tuneleko iparraldeko aho berrian eta, oro har, errepide ertzetatik hurbileko baso ertzetan (ukitutako azalera: 3.993,14 m²).

Tunelen arteko tartearen amaieran, 32+635 KPtik 32+845 KPra (ezkerraldea), sei zutabearteko zubibidea dago, eta horren azpian, trazadura txirikordatuarekin, Mendiola auzoko sarbide berria taxutzen da N-121-A errepidetik. Kasu honetan, obra eremu honetan ukipen garrantzitsua espero da lur okupazioa dela-eta, kontuan izanik bideak ireki beharra, sarbide lagungarriak, lur erauzketetako ezponda berriak eta lubeta berriak. Sastraka garbiketetan eta ondorengo lur mugimenduetan ia erabat suntsituko da egungo landaretza. Landatutako hostozabalek eta koniferoren batek osatzen dute (Fagus sylvatica, Fraxinus excelsior, Acer campestre, Betula celtibérica, Salix sp, etab.), ongi garatuta eta estaldura trinkoarekin, errepide honen jatorrizko proiektuko landareztatze lanen ondorioz. Formazio bera dago V10 hondakindegian, zeina handitu egiten baita.

32+885 KPan errepidearen trazadura berriz sartzen da tunelean (Almandozko tuneleko iparraldeko ahoa) eta 34+240 KParen parean irteten da, egungo tunel-ahotik urrunduta. Kasu honetan, irteeran, obrek ukituko duten mazela batean pagadi mesofitiko neutrofiloetako serie orokantauriar-atlantikoaren (Carici sylvaticae-Fago sylvaticae S.) segidaren etapei dagokien landaredia dago, eremu ireki batean, non nagusi baitira Cytisus scoparius, Prunus spinosa eta beste zuhaixka batzuk, iratzeak (Pteridium aquilinum) eta han-hemenka sahatsak eta urkiak. Azken tarte horretan, egungo errepidearekiko konexioa baino lehen, fabrikako obra bat luzatzen da, bide emateko bide bati eta Irualkantarilleta errekari, garrantzizko ukipenik gabe.

Azkenean hautatu diren zortzi obra-hondakindegiak (V2, V,5, V6, V7, V8, V10, V12 eta V13) ustiatzeak sortuko duen ukipenari dagokionez, esan behar da gehienek belardiak okupatzen dituztela, Lino biennis-Cynosuretum cristati formaziokoak, V10ek izan ezik, horretan, gorago azaldu denez, askotariko hostozabalen saila baitago. Zenbait zabortegik errekak dituzte mugetan (Goldaburuko erreka, Lantzeko erreka, Iturriotz erreka). Horietako batzuk bideratuta daude, eta ertzak landareztatzeko hostozabalak landatu dira. Beraz, ur bazterreko landarediaren gaineko eraginak arindu edo saihesteko, babes zerrenda bat mantendu beharko da ur laster horietan, ur bazterreko basoak babesteko, kontserbazio ekologikoko egoera oso onean edo jada guztiz naturalizatuta baitaude.

Faunaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen eraginaren azterketak adierazten duen bezala, garrantzitsutzat jotzen da, gertagarritasunarengatik eta intentsitatearengatik, solido esekiez kutsatutako ura proiektuak ukitutako Lantzeko errekara, Goldaburuko errekara eta Iturriotz errekara isurtzeak ingurumenean sortzen ahal duen eragina. Eragin horren prebentziorako, tunelak zulatzean lurpeko akuiferoren bat zeharkatzen bada, zorrotz kontrolatu beharko da tunelen barnealdetik ateratako uraren kalitatea. Halaber azaleko jariatze-uraren kalitatea zaindu beharko da tuneletako ahoetan, zubibideko obren eremuan (zapatak eta estribuak) eta Mendiola auzoko sarbidean, bai eta hondakindegiek hartutako eremuetan ere, batez ere honako hauetan: V12, V10, V5, V8 eta V13. Eragina ahalik txikiena izan dadin, ingurumen eraginaren azterketan proposatutako neurriak hartu beharko dira (dekantazio putzuak egitea), ebazpen honetan jasotakoez gain (prentsa-iragazkiak jartzea, behar izatera).

Gogorarazten da ezen, salmonidoen populazioa susper dadin, Izokin Atlantikoa Kudeatzeko Nafarroako Planean, LIFE Irekibai programan eta beste batzuetan ibai ekosistemaren konektibitaterako ezarritako neurriez gain, ezinbestekoa dela arraba edo arrainkume galerarik ez izatea arraba-eremuak sedimentuz beteta egoteagatik. Bestalde, Oronoz-Mugairiko arrain haztegia, Nafarroako Gobernuarena, Marin errekan dago eta oso gune garrantzitsua da Nafarroako salmonido populazioak indartzeko. Goldaburuko erreka Zeberia errekara isurtzen da eta azken hori Marin errekara. Beraz, ez da Goldaburuko errekako ura uhertu behar arraba-sasoitik, hau da, azarotik, martxoaren amaierara bitartean. Egun batzuetan jarraian ur uherra badago, salmonidoen arrabak oxigenorik gabe geldituko dira eta enbrioi ia guztiak galduko dira.

Proiektuaren eremuan badira ibai inguruneko beste espezie batzuk (bi isurialdeetakoak) katalogaturik daudenak Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoko Babes Bereziko Espezieen Zerrendan –horietako batzuk galzorikotzat– eta proiektuaren eremuko erreken uraren egoera txarraren ondorioak jasan litzaketenak: ibai karramarro autoktonoa (Austropotamobius pallipes), desmana (Galemys pyrenaicus), bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba arrunta (Lutra lutra).

Ukipen arrisku txikiagoa badute ere, baso inguruneari lotutako animalien gaineko balizko eragina aipatu behar da. Proiektuak, aurreko paragrafoetan azaldu den bezala, suntsitu eginen ditu landaredi gune antropizatu batzuk (sail landatu gutxi-asko gazteak) eta baso ertzak, (gehienetan zuhaitz zaharrik gabeko baso gazteak). Ukitutako baso-masetan seguru aski ez dago intereseko espezierik, hala nola okil beltza (Dryocopus martius), okil gibelnabarra, galzorikoa (Dendrocopos leucotos lilfordi), baso-saguzarra (Barbastella barbatellus), gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri) edo pipistrelo arrunta (Pipistrellus pipistrellus). Hala ere, ebazpen honetan eraginak saihesteko neurri gehiago proposatzen dira espezie horiek kalterik jasan ez dezaten.

Fauna aztertzeko dokumentu osagarrian (ingurumen eraginaren azterketaren eranskina) adierazten da ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta ferra-saguzar txikia (Rinolophus hippossiderus) bizi direla (espezie hauek leize-zuloak behar dituzte aterperako), eta basoko beste kiroptero espezie batzuk ere bai.

Ingurumen eraginaren azterketan adierazten da proiektua eginen den aldea hegazti batzuen migrazio-igarobidea izan daitekeela, bai eta Vanessa atalanta eta Vanessa cardui intsektuena ere. Alde honetan baliteke beste ornogabe interesgarri bat bizitzea ere, Kemperko marraskiloa (Elona quimperiana). Nolanahi ere, uste da proiektuak faunako espezien migrazioan edukiko duen eragina puntuala, aldi batekoa eta probabilitate eta intentsitate txikikoa izanen dela.

Nahiz eta errepide berriaren inguru osoan hesiak jartzeko asmoa egon, uste da horrek ez duela oztopo-eraginik edukiko haren alboetan. Dauden tunelei eta (1,5 km-ra gehienez) egiteko asmoa dagoen tunelei esker ugaztun handientzako igarobide aski daude (animalia hauek konektibitate-beharrizan zorrotzagoak dituzte) egungo errepidearen ondorioz dagoeneko humanizatuta dagoen alde honetan.

Proiektuak onura publikoko mendietan edukiko duen eragina dela-eta, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren 2022ko abuztuaren 2ko txostenaren arabera azpiegitura berriek 1912an inguruabar ekologikoak edota sozialak kontuan edukita onura publikotzat jo ziren zenbait toki erakunderen (titular gisa ageri baitira) zenbait onura publikoko mendiri (OPM) eraginen diete. Proiektuak onura publikoko mendi hauei eragiten die:

–614. OPM, “Goitiko oihana” (511 hektarea) - Arraitz-Orkingo Kontzejuarena (Ultzamako udalerria).

–631. OPM, “Mortua” (3.460 hektarea) - Ultzamako Udalarena.

–530. OPM, “Galtzarraitz eta Otaño” (1.061 hektarea) - Lantzeko Udalarena.

–423. OPM, “Sastra eta Karramiztegi” (6.150 hektarea) - Baztango Udalarena.

Katalogatutako mendiek jasanen dituzten eraginak honako taula honetan laburtu dira:

TOKI ERAKUNDE TITULARRA

OPMAREN IZENA

POL. / LURZ.

ERAGINPEKO

AZALERA, GUZTIRA (HA)*

ERAGINPEKO

BASO-AZALERA, GUZTIRA (HA)*

ZUHAITZAK MOZTUKO

DIREN AZALERA
(HA)*

ERAGINA

2000 NATURA SAREAN

(KBE)

Arraitz-Orkingo Kontzejua (Ultzamako udalerria)

Goitiko oihana (614)

9/162;

9/185;

9/76

4,422

0,00

0,00

Ez

Ultzamako Udala

Mortua (631)

22/8;

22/24

1,343

0,24

0,24i

Bai

Lantzeko Udala

Galtzarraitz eta Otaño

(530)

5/53

1,534

0,00

0,00

Ez

Baztango Udala

Sastra eta Karramiztegi (423)

Zenbait

6,636

1,85

1,85

Bai

* Taula honetan ageri diren azalerak obrek okupatuko dituzten lurren azalerak dira (proiektuan aurkeztutako planoen arabera); beraz, ez dira kontuan eduki desjabetutako lurren azalerak (hori eginez gero, azalerak handiagoak lirateke). Zenbait kasutan, obrak okupatuko dituen lurren azaleran lehendik badagoen azpiegiturak okupatzen dituen lurren azaleraren zati bat sartu da (baina badirudi ez datorrela guztiz bat ortoargazkietan ageri denarekin).

Beste alde batetik, txostenean adierazten da honelako obra batek behin betiko eragina edukiko duela lurrean (galtzada berria sortuko da eta eraginpeko bideak berrituko dira) eta horretarako desjabetu behar direla obretan egiten diren azpiegiturek okupatutako lurrak eta haien ondoko jabari publikoko eremuak (3 metro lur-berdinketaren ertzetik) eta zortasun-eremuak (5 metro ondoko jabari publikoko eremuaren ertzetik). Bideak berritzea dela-eta, metro bateko lur-zerrenda bat desjabetzeko asmoa dago azpiegiturak okupatzen duen lur-eremuaren ertzetik.

Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearen 34. artikulua oinarritzat hartuta, desjabetutako lurren titulartasuna Nafarroako Gobernuaren ondarera pasatzen da (Errepideak) toki erakundeen (herri-lurrak) edo jabe partikularren kalterako. Gainera, 13/1990 Foru Legearen arabera onura publikoko mendiak honako titulartasun publikoko lur hauek dira: “Nafarroako Onura Publikoko Mendiak dira, orain arte halakotzat deklaratu izanak eta hemendik aitzinera ere deklaratuko direnak, dela ororendako interesari dagokionean ezaugarri nabarmenak dituztelako, dela degradazio arriskuak agertzen dituztelako”. Beraz, obrek erabat aldatuko dituzte proiektuaren eraginpeko lurren ezaugarriak edo inguruabarrak, eta gainera desjabetutako lurren titulartasuna aldatuko da.

Egin nahi den azpiegiturak behin betiko aldatuko dituenez lurrak eta hura behin betikoa izanen denez, txostenean adierazten da arreta berezia eman behar zaiola 13/1990 Foru Legearen 9.5 artikuluari. Hona zer ezartzen duen: “Foru Komunitateko administrazioak tramitatzen ari den plan edo proiektuaren onura publikoa edo interes orokorra deklaratu nahi duenean eta horrek Nafarroako onura publikoko mendien katalogoan sartutako mendi edo oihan lur bati eragin ahal baldin badio, Nafarroako Gobernuak aurretik bien arteko bateragarritasun deklarazioa egin beharko du, edo bati bestearen gainetik lehentasuna ematekoa, oihan administrazioak txostena eman ondoren.”

Oihan Administrazioaren txostenak OPMei eragiten ahal dieten hondakindegien aldi baterako okupazioen alde egiten du. Txosten horretan adierazten denaren arabera, proiektuaren eraginpeko katalogatutako mendietako lurren azalera oso txikia da, eta garrantzi urrikoa eraginpeko mendietako lurren guztirako azaleraren aldean. Gainera, kontuan eduki behar da proiektuko obren xedea dela dagoeneko badagoen azpiegitura bat handitzea segurtasuna hobetzeko. Halaber, txostenak dio hautatutako aukeran lurren (OPMak barne) eta baso-lurren gaineko eragina minimizatzen dela, zeren eta obrak lurrik egonkorrenetan eginen baitira, eta ahalik lur gutxien okupatuko baitira eta ahalik lur-mugimendu gutxien (batez ere tunelen arteko tartean) eginen baitira.

Zarataren eragina dela-eta, proiektuko obrak egiten hasitakoan oraingoa baino handiagoa izanen da. Eragina aldi baterakoa izanen da, hau da, obrek irauten duten bitartekoa, batez ere Arraitz-Orkinen eta bertako bentetan V2 eta V12 hondakindegien ondorioz eta Almandozen V13 hondakindegiaren ondorioz. Errepidearen zarata-eragina puntuala izanen da, etxebizitza batek baizik ez baitu jasanen, Gamioa baserriak (errepidearen eskuinaldean, 34+400 kilometro-puntua). Eraginaren azterketaren arabera eragina bateragarria izanen da, zeren eta, ustiapen-fasean bederen, ez baita ezertan aldatuko gaur egungo zarata-maila Nolanahi ere, etxebizitza horretan izanen den zarata-eragina moteldu nahian, metalezko hiru panelez osatutako pantaila akustikoa paratuko da. Gainera, zarata murrizten duen zoladura jartzeko asmoa dago Almandozko tunelaren iparreko ahotik herri horren lotuneraino.

Beste eragin batzuk ere egonen dira: erliebea aldatuko da, eta, ondorioz, paisaia ere bai. Lur-erauzketak eginen dira eta dagoeneko egindakoak handituko dira, eta horren ondorioz lur-sail batzuk landaretzarik gabe geldituko dira eta paisaiaren itxura, koloreak eta testurak asko aldatuko dira. Neurri zuzentzaileen ondorioz (lehengoratze topografikoa eta landaretza lehengoratzea) ez da lortuko proiektuaren ondorioak murriztea harik eta landare berriak suspertu arte (lubetak errazago eta azkarrago txertatzen dira paisaian). Antzeko ondorioak, txikiagoak baina, ekarriko dituzte obren ondoriozko soberako lurren hondakindegiek, Izan ere, denak ere aski handiak izanen dira, eta erraz ikusiko dira. Proposatu diren 8 obra-hondakindegietara soberako 935.096,03 m³ lur eramateko asmoa dago. Horien eragina murrizteko edo zuzentzeko neurrien lehentasuneko helburuak ingurunean ongi integratzea eta egonkortasuna bermatzea izan behar dira, ondoren eraginpeko lurzatiak berriro ere bazkatarako belardiak izan daitezen. Nolanahi ere, hautatutako lurzatiak bideragarritzat jotzen dira, eta agian bideragarria ez den bat, V2 hondakindegia, Arraitz-Orkindik hurbil dagoena, dagoeneko hautatuta dago N-121 A 2+1 errepide bihurtzeko eraldakuntza-obren proiektuetan (2. eta 3. tarteak).

Halaber, kontuan eduki beharko da nolako eragina jasanen duten bertako biztanleek, hau da, nolako eragozpenak sortuko dizkien trafikoak obretan, nolakoa izanen den istripu-arriskua obretako kamioien joan-etorrien ondorioz, zenbat hauts harrotuko den eta zenbatekoa izanen den zarata, batez ere Arraizko eta Almandozko bentetan. Horiek guztiak murrizteko babes-neurriak ezarri behar dira. Errepide berria ustiatzen hasitakoan tunelen bikoizteari, Mendiola auzoko sarbidearen hobekuntzari eta Almandozko lotunearen hobekuntzari esker aiseago gidatzen ahalko da eta istripu-arriskua txikiagoa izanen da, bai errepidea noizean behin erabiltzen dutenentzat, bai errepidearen ondoko herrietan bizi diren pertsonentzat (ohiko erabiltzaileentzat), eta horrek eragin guztiz positiboa edukiko du gizartean.

Proiektuak Natura 2000 Sarean edukiko duen eraginaren ebaluazioa

Aurrean adierazi den bezala, proiektuak Natura 2000 Sareko ES2200018 Belate eremuari eragiten dio, hain zuzen ere 27+683 eta 34+689 kilometro-puntuen artean. Proiektuaren trazadura ia osoa eremu horren barruan dago. Habitaten Zuzentarauaren 6.3 artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, proiektuak sortuko dituen ondorioak ongi ebaluatu dira, kontserbazio-helburuak kontuan harturik. Hain zuzen ere, berariaz aztertu da proiektuak Natura 2000 Sareko eremu horretako habitatak edo espezieak aldatzen ahal dituen edo kalte egiten ahal dien.

Beste alde batetik, obrak egitean kontuan eduki beharko da balitekeela zeharkako eragina izatea ES2200014 Bidasoa KBEan uren kalitatearen narriaduraren eta Zeberia errekako eta Bidasoa ibaiko (KBEko ur lasterrak) faunaren gaineko eraginaren ondorioz.

Tunel-trazadurari esker KBEko sail interesgarrienek eta garrantzi handiko espezieek ez dute eraginik jasanen. Guztira, proiektuaren eraginpeko habitaten azalera 6.772,51 m² da. Zatirik handiena Batasunaren intereseko 9120* BIH deritzon habitatari dagokio. Habitat hori, Belateko tunelaren hegoaldeko ahoan bederen, ez dago ongi kontserbatuta, lur-zerrenda estua baizik ez baita N-121 A errepidearen eta aireko linea elektriko baten zortasun-kale baten artean. Azalera hori KBEan habitat horrek hartzen duen azalera osoaren %0,0026 da.

Proiektuak ez die eragiten espezie interesgarririk egon litekeen zohikaztegiei ez ura pilatzen den esparru hidroturbosoei. Proiektuak ez ditu ukituko egur hila dagoen zuhaizti helduak, hau da, baso-animalia interesgarririk (baso-saguzaharra, okil gibelnabarra eta okil beltza) egon litekeen baso-esparruak, eta ez dirudi beste animalia interesgarri batzuk bertan bizi eta hedatuko direnik ere.

Egindako ingurumen analisiaren arabera, eta proiektuak Natura 2000 Sarean edukiko dituen ondorioak ikertzen dituen ingurumen eraginaren azterketaren 5. eranskineko ondorioak kontuan edukita, esan daiteke proiektuak ez duela zuzeneko eragin handirik edukiko eremu hauetan, baldin eta proiektuan bertan, ingurumen eraginaren azterketan eta ebazpen honetan azaltzen diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen badira beraren diseinuaren bidez.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren analisi teknikoa egin ondotik, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela, eta ados agertu da aztertutako alternatibarekin. Atalak uste du obrak hasten direnean eraginik handiena proiektuaren eraginpeko ur lasterrek jasanen dutela (Goldaburuko errekak eta urak isurtzen dizkienek –Zeberia, Marin eta Bidasoa–, Lantzeko errekak eta Belateko ibaiak), bai eta haien inguruan eta ertzetan bizi diren animaliek ere). Halaber, herritarrek proiektuaren eragina jasanen duten obren fasean (eragozpenak eta istripu-arriskua), eta, hain handia izanen ez bada ere, baita landaretzaren, eraginpeko eremuko baso-animalien eta paisaiaren gaineko ondorioak murrizteko prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen direnean ere. Ustiapen-fasean ingurumenak jasanen duen eragina egungoaren antzekoa izanen da. Hala ere, paisaiaren gaineko eragina handia izanen da, proiektuaren inguruko bazterrek edertasuna galduko baitute. Nolanahi ere, denbora pasatu ahala, ingurunea lehengoratzeko (landaretza berria ezartzeko) neurriei esker eragin kaltegarri hori moteldu eginen da. Obrak amaitutakoan uste da inguruko gizartean eragina oso positiboa izanen dela, N-121 A errepideko segurtasuna asko hobetuko da eta.

Horrenbestez, aurreko guztia ikusita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez adierazten du N-121-A errepideko (Iruña-Behobia) Belateko eta Almandozko tunelen bikoizketaren trazaduraren proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela. Horregatik, proposatzen da proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpenean adieraztea, ingurumen ondorioetarako bakarrik, proiektua gauzatzen ahal dela, baldin eta ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Honen bidez aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egiten zaio proiektu honi: Belateko eta Almandozko tunelen bikoizketaren trazadura N-121-A errepidean (Iruña-Behobia). Sustatzailea Lurralde Kohesiorako Departamentua da (Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua).

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

1. Landaretza babesteko neurriak.

–Eraikuntza-proiektuan, prebentzio-neurrietan, kontuan eduki behar dira ingurumen ukipenei buruzko egungo azterketan jasotako proposamenak (5. eranskina), eta jarraian azaltzen direnak ere bai:

–Zuhaitz-mozketak eta landaretza-erauzteak atsedenaldi begetatiboetan egin behar dira.

–Proiektuak landaretza naturala ukitzen duen tarteetan, nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaixkak ez ukitzeko, desjabetutako lur-zerrenda markatuko da, jakiteko zenbat lur okupatzen ahal diren gehienez obretan eta makinak behin-behineko bideetan joan-etorriak egiten hasten direnean, batez ere Batasunaren intereseko habitatetan (“9120*: pagadi azidofiloak”, Belateko tunelaren iparraldeko eta hegoaldeko ahoetan eta lur-erauzketen buruetan, tunelen arteko tartean, eskuinaldean eta ezkerraldean; “4090: Txilardi oromediterraneo endemikoak elorri-triskarekin”, egungo errepidearen ertzetan, tuneletako ahoetan, Almandozko bidean eta V10 hondakindegian). Gauza bera egin beharko da lur-hondakindegietan: batzuetan balio ekologiko handiko heskaiak daude (V2 hondakindegiaren inguruko haritzak, Ultzamako 9. poligonoko 41., 42. eta 69. lurzatietan) eta beste batzuetan ur-ertzeko landareak (Lantzeko errekaren ondoko hondakindegiak; nolanahi ere, proiektuan erreka ongi babesten duen lur-zerrenda ageri da). Beharrezkoa izanez gero, luiziei eusteko edo bestelako hondakinak edo gai kutsagarriak atxikitzeko sistemak ezarriko dira.

–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lanerako eremuaren bazterretan, sasiak eskuz kenduko dira, trazadura osoan. Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez da adarrik hautsiko ez urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko. Zuhaitz handienak eta aparteko zuhaitzak arloko teknikari espezialista batek markatuko ditu eta bakoitzari babesa emanen zaio.

–Ingurumen eraginaren azterketan jasotako landareztatze proposamena beteko da. Horretarako, ingurumena lehengoratzeko proiektua egin beharko da, eta eraikuntza-proiektuarekin batera aurkeztu beharko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, adostasuna adierazteko ingurumen eraginaren adierazpen honetan ezartzen denarekin bat etorriz. Nolanahi ere, ingurumen eraginaren azterketan eta babes-neurrien eta neurri zuzentzaileen kapituluan ezartzen diren gidalerroez gainera honako hauek ere sartu beharko dira:

  • 2,5 metrotik gorako lubetetarako proposatzen diren landatzeen osagarri gisa, proiektuko inguru-hesien ondoan zuhaitzak landatuko dira (teknikoki egingarria izanez gero), eta animaliak tunel-buruetara eta azpiko pasabide seguruetara bideratu nahi diren tarteetan ere bai. Honako espezie hauek landatzen ahalko dira: haritz kanduduna (Quercus robur), astigar arrunta eta ihar frantsesa (Acer campestris eta Acer monspessulanum), eta urkia (Betula celtiberica). Zuhaitz babestu behar dira abereek eta ungulatuek kimuak jan ez ditzaten. Gainera, zuhaitzekin batera honako espezie hauetako zuhaixkak ere landatzen ahalko dira: Ulex europaeus, Cytisus scoparius, Lonicera xylosteum eta Lonicera etrusca. Nolanahi ere, ahal dela, ez da landatuko fruitu ugari ematen duen landarerik.
  • Hidroereiterako belar eta zuhaixka espezieen hazien nahaskina bat etorriko da ingurumen eraginaren azterketan proposatutakoarekin.

–Komenigarria da eraikuntza-proiektuan adieraztea bioingeniaritzako teknikak erabili behar direla, eta tokian tokiko materialak hormigoiaren ordez: horma berdeak, geosareak, gunitatu ekologikoa, eta obrak natura-ingurunean ongi txertatzeko aukera ematen duen beste zeinahi teknika.

–Asfaltatutako hondar-aldeak lehengoratuko dira: zoladura erauzi eta landare-lurrez estali, eta landaretza berria ezarri (ereiteak, hidroereiteak eta landatzeak, behar izanez gero).

–Lur-hondakindegiak lehengoratuko dira. Hain zuzen ere, ahaleginak eginen dira topografia leuna, ertz gabea, sortzeko, ondoko lurrekin bat datorrena, eta lurrei lehengo erabilera emanen zaie berriz, belardia, eta lurren berezko drainatzea errespetatuko da.

2. OPMetako eraginari aurre egiteko baso-neurriak.

–13/1990 Foru Legearen 9.5 artikuluaren arabera, Baso Administraziora jo beharko da bidezko txostena eman dezan, ondoren adierazteko proiektua bateragarria dela edo erabilera berriak lehentasuna daukala Nafarroako onura publikoko mendien katalogoko mendien edo lurren aldean.

–Prozesuaren azken emaitza izanen litzateke obra egiteko desjabetutako lurrak onura publikoko mendien katalogoan sartzea, Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 9. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan adierazten den bezala. Horretarako, lurrak desjabetu ondoren desjabetutako eremuko mapa topografikoa egin beharko da eta informazioa Baso Administrazioari helarazi beharko zaio, Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoa eguneratu dezan.

–Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legeak 23. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, sustatzaileak basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektua aurkeztu beharko du, gutxienez okupatutakoa bezainbateko azalera hartzen duena, eta Baso Administrazioak eta ukitutako toki erakundeak ontzat eman beharko dute. Proiektu hori zehazteko laguntza emanen du Nafarroako Gobernuko Basoak Kudeatzeko Atalak;comarca.atlantica@navarra.es

–Azpiegiturak egiteko behar diren lanak amaitu eta gero, ukitutako alderdiak lehengoratu eginen dira; hori horrela, kaltetzen diren bideak eta mendiko pistak konponduko dira, baita jarduketa gauzatzean ukitu diren beste azpiegitura batzuk ere.

3. Fauna babesteko neurriak.

–Ezinbestekoa da Goldaburuko errekako, Iturrioxko errekako eta Lantzeko errekako urak ez uhertzea, batez ere arraba-sasoitik, hau da, azarotik, martxora bitartean. Eraikuntza-proiektuan ondoz ondoko dekantazio-putzuak ezarri beharko dira, neurri egokikoak, bi tunelen iparraldeko eta hegoaldeko ahoetan, edota iragazki-prentsa sistemak. Gainera, komeni da karelak edota eusteko bilbeak erabiltzea ukitutako ur ibilguen inguruetan obrak egiten direnean higadura-prozesurik ez gertatzeko.

–Baso-lurretan eginen diren lanek okil gibelnabarrari (Dendrocopos leucotos lilfordi) eragiten ahal dionez, kontuan eduki beharko dira katalogatutako espezieen ugaltze-aldiak, eta ahaleginak eginen dira pagadi-eremuak ez ukitzeko martxoaren 1etik ekainaren 1era bitartean, biak barne.

–Gainera, urari lotutako espezieak babesteko, obren hondakinak toki estankoetan gordeko dira; horrela, obren hondakinak ez dira helduko ur lasterretara.

–Orokorrean, animalientzako lurpeko pasabideak izan daitezkeen azpiegituretan (1.800 mm-tik gorako diametroa duten ZDOak) eta ura dabilen azpiegituretan 50 cm-ko igarobide lehorrak paratuko dira (bat edo bi, bat albo bakoitzean, kasuan kasukoa), zoru izurtsukoak, eta igarobide horiek malda leuneko (30º baino gutxiago) arrapalen bidez lotuko dira ur-ertzekin ur gora eta ur behera. Hoberena harrizko enkatxoz egitea litzateke, eta, beharrezkoa izanez gero, igarobide mailakatuak eginen dira: bi igarobide lehor paraleloan, baina maila desberdinetan.

–ZDOren bat ordeztu behar bada, hoberena handiagoak jartzea litzateke, eta hodi zilindrikoak gabe hormigoizko marko karratuak erabili behar lirateke.

–Eraikuntza-proiektuarekin batera aurkezten den landaretza berria ezartzeko proiektuan ezarri behar da zuhaitzak landatu behar direla tunelen ahoen inguruan eta aurrean azaldutako obren inguruan, bai eta 34+340 kilometro-puntuko 5 x 5,50 m-ko markoan ere. Horren guztiaren xedea da animaliak tuneletara eta ZDOetara bideratzea.

–Inguruko hesiak honelakoak izan behar dira: sare zinegetikoz egindako hesia, 2,20 m-ko garaierakoa (oreinak daudelako), beheko igarobideetako edo drainatzeetako muturrak barne (estribuetan ongi atxikita gelditu behar da), eta oinarrian 60 cm-ko beste hesi bat (zuloak 2 x 2 cm-koak), lurpean gutxienez 20 cm sartua, animalien igarobideez eta inguru-hesiez Ingurumeneko Ministerioak 2007an emandako preskripzio teknikoekin bat etorriz. Eskuinaldeko lur-erauzketetan, tunelen arteko tartean, ez da egonen itxitura horiek ezarri beharrik, edo txikiagoak izan daitezke.

–Inguruko itxituraren osagarri gisa, bidezko igarobide kanadarrak paratu beharko dira; igarobide horiek ongi artatu beharko dira (hondoan sortzen diren landareak kontrolpean eduki beharko dira). Halaber, parrilaren azpiko kaxan arrapala bat paratu beharko da igarobide kanadarrera erortzen diren anfibioak eta beste animalia txiki batzuk irten ahal izateko.

–500 metrotik behin ihes egiteko egiturak paratuko dira, errepidearen ertzetan animaliak igaro ezin diren lur-mozketarik egon ezean. Kontuan eduki beharko da, hesiaren muturreko garaiera iristeko, arrapalen malda ezin dela izan 45º-tik gorakoa, animalientzat erabilgarriak eta erakargarriak izan daitezen.

–Kutxetetan sareto zerratuak paratu beharko dira, animalia txikiak barnera eror ez daitezen, eta irteteko arrapalak eginen dira, 45º-tik beherako maldakoak. Kutxeta berriak honelakoak izan behar dira.

–Areka eta zintarri berriak makurrak izan behar dira, eta malda ezin da izan 45º-tik gorakoa.

–Farolak paratuko badira, saguzarrak N-121 A errepidera joan ez daitezen intsektuak jatera, merkurio-lanparak gabe sodio-lanparak paratu behar lirateke, intsektuak ez erakartzeko. Ez da erabili behar argi laranjarik ez gorririk, saguzarrentzat oso erakargarriak dira eta. Ahal dela, argia bidetik kanpo hedatzea eragotzi behar da.

–Orobat, saguzarrak direla-eta, tunelak irekitzean kanpoaldearekin lotuta egon daitekeen zulorik aurkituz gero, gai honetan aditua den teknikari batek ikuskatuko du saguzarrik ez dagoela egiaztatzeko. Oro har, lurpeko zuloak ez dira itxi behar, ez jalkinik bota barnera. Gainera, debekatuta dago halako zuloak barnetik aldatzea (fluidoak isurtzea, ura botatzea, ur-fluxua blokeatzea edo murriztea, gasa sartzea, etab.).

–Zuhaitz zaharrak moztu aurretik banan-banan aztertuko dira. Gauza bera eginen da giza eraikuntzekin ere, batez ere zaharrak badira, erortzear badaude edo gutxi erabiltzen badira. Kiropterorik egonez gero, abisua emanen zaio berehala Biodibertsitatearen Zerbitzuari, behar diren neurriak ezar ditzan.

–Baso-eremuetan, belar-sastrakak kentzean, zuhaitzak moztean eta basoa berritzeko lanetan, zur hila bertan utziko da koleoptero xilofagoak edo Kemperko marraskiloa (Elona quimperiana) hazteko.

–Proiektua eginen den aldean animalia espezie batzuen migrazio-bideak daudenez gero, obrak egitean linea elektrikoak berriz paratu behar badira, 1432/2008 Errege Dekretuan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira (Linea elektrikoetan neurri zuzentzaileak aplikatuz hegaztiak babestu beharreko eremuak).

4. Sistema hidrologikoa babestea.

–Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak egindako txostenean xedatzen denaren arabera, eraikuntza-proiektua idatzi baino lehen azterlan hidrogeologikoa aurkeztu beharko da, tunelek lurpeko ur-masetan nolako eragina edukiko duten azaltzen duena.

–Bidezko arroko erakundearen baimena beharko da arroen polizia-eremuan egin nahi diren jarduketa guztietarako, hondakindegiak ustiatzeko, esate baterako.

–Ur lasterretako animalien gaineko eraginaren prebentzioaren atalean adierazi den bezala, jalkinak kontrolatzeko eta atxikitzeko neurriak ezarriko dira: dekantazio-putzuak edota tratamendu-instalazioak (prentsa iragazkiak).

–Eraikuntza-proiektuan Goldaburuko errekaren lehen tartea aire zabalean bideratu beharko da, trazadura bihurriarekin; ur-ertzak makurrak izan behar dira eta lurrezkoak, eta ahalik gehien naturalizatu behar dira. Ur-ertzetan ez da egin behar hormigoizko harri-lubetarik, behar-beharrezkoa izan ezean. Aurrean adierazi den bezala, obra hauek eta ur lasterraren konexioa apiriletik urrira bitartean eginen dira, esekidurako solidoek izokinei kalterik ez egiteko.

–Obrak egiteko egindako aldi baterako eraikinen batek eragina badauka ur laster batean, eraitsi eginen da.

–Errekastoen eta lurretako berezko isurketen ur garbiak bideratuko dira obra-eremuetan ez sartzeko eta esekidurako solidoak atxikitzeko ezartzen diren sistemetako ur emaria ez handitzeko. Neurri hauek hondakindegietan ere aplikatuko dira.

5. Obraren ingurumen integrazioa.

–Landaretza berritzeko proiektua txertatu beharko da; bertan honako hauek hartu beharko dira kontuan:

  • Eraikuntza-lanak eta landaretza berritzeko lanak ongi programatzea, halako moldez non azken horiek mailaka egin daitezen obra zibilaren akaberak egin ondoren.
  • Ingurumen eraginaren azterketan 2,5 metrotik gorako lubetetarako, V10 hondakindegirako eta animaliak igarobide seguruagoetara bideratu nahi diren tarteetarako proposatzen diren zuhaitzez gainera honako hauek ere landatuko dira: haritz kanduduna (Quercus robur) eta ihar frantsesa (Acer monspessulanum). Zuhaitzak babestu behar dira abereek eta ungulatuek kimuak jan ez ditzaten. Gainera, zuhaitzekin batera honako espezie hauetako zuhaixkak ere landatzen ahalko dira: Ulex europaeus, Cytisus scoparius, Lonicera xylosteum eta Lonicera etrusca. Nolanahi ere, ahal dela, ez dira landatuko fruitu ugari ematen duen landarerik.
  • Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, proiektuaren eraginpeko erreken ertzetan honela landatuko dira zuhaitzak: lerroan, txandakatutako bi ilaratan, zuhaitz bat 5 metrotik behin; zuhaitzak 90-110 cm-koak izan behar dira gutxienez, eta ur-ertzeko berezko espezietakoak izan behar dira, hau da, haltza (Betula celtiberica), lizar arrunta (Fraxinus excelsior), sahatsa (Salix atrocinerea), ezki hostozabala (Tilia platiphyllos) eta zumar hostozabala (Ulmus glabra).
  • Hidroereiterako belar eta zuhaixka espezieen hazien nahaskina bat etorriko da ingurumen eraginaren azterketan proposatutakoarekin.
  • Komenigarria da bioingeniaritzako teknikak erabiltzea, eta tokian tokiko materialak hormigoiaren ordez: horma berdeak, geosareak, gunitatu ekologikoa, eta obrak natura-ingurunean ongi txertatzeko aukera ematen duen beste zeinahi teknika. Hori batez ere Goldaburuko errekaren ertzetan da beharrezkoa, zeren eta, aurrean azaldu den bezala, aire zabalean gelditu behar baita, lur gainean eta landaretza hartzeko moduko ezponda makurrekin.
  • Asfaltatutako hondar-aldeak lehengoratuko dira: zoladura erauzi, lur trinkotuak askatu eta landare-lurrez estali, eta landaretza berria ezarri (ereiteak, hidroereiteak eta landatzeak, behari izanez gero).

–Hondakindegiak geruzaka ustiatu behar dira, behetik gora, geruzen artean 2-3 metroko bermak utzita. Lehengoratzen direnean, ahaleginak eginen dira topografia leuna, ertz gabea, sortzeko, ondoko lurrekin bat datorrena, eta lurrei lehengo erabilera emanen zaie berriz, belardia, eta lurren berezko drainatzea errespetatuko da.

–Ereiteek eta landatzeek bi urteko bermealdia eduki beharko dute gutxienez.

6. Zarata.

–Eraikuntza-proiektuak ingurumen eraginaren azterketan kalitate akustikoaren helburuak betetzeko ezarritako neurriak beteko ditu, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak xedatzen duenarekin bat etorriz:

  • Etxebizitza (Gamioa baserria) zaratatik babesteko pantaila paratu, metalezko panel modularrez egina.
  • Zarata murrizten duen zoladura jarri Almandozko tunelaren iparreko ahotik herri horren lotuneraino.

7. Hondakinak.

–Eraikuntza-proiektuan ezarri behar da soberako lurrak hautatutako obra-hondakindegietan utzi beharko direla. Nolanahi ere, aurretik V2 hondakindegiaren bateraezintasuna konpondu beharko da, N-121 A errepidea 2+1 bide bihurtzeko proiektuaren II. eta III. tarteen leku berean baitago. Gainerako hondakindegiak egokiak dira, eta proiektuko topografiak bete beharko dira. Proiektuko lanetan ezusteko aldaketarik gertatuz gero, Biodibertsitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta aldaketaren ondoriozko konponbide topografiko berrien planoak aurkeztu beharko dira.

–Obretatik jariatzen diren uretako solidoak atxikitzeko sistemak etengabe mantenduko dira. Esekidurako solidoak atxikitzeko sistemetako lohiak behar bezala kudeatuko dira. Honelako hondakinak hezeak eta plastikoak dira, eta horregatik baliteke proiektuko hondakindegietako batzuk ezegonkorrak izatea. Beraz, kasu bakoitzean non utzi behar diren aztertu beharko da.

–Gainerako hondakinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira. Obrak amaitutakoan ingurunea garbi geratu behar da, hondakinik eta obra-hondarrik gabe.

8. Ondare historikoa eta kulturala.

–Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2022ko urtarrilaren 19an egindako txostenaren arabera, honako neurri hauek bete behar dira ondare arkeologikoa babesteko:

  • Mortuko aztarnategia obretatik gertu dagoenez gero, lan guztietan ongi seinalizatuta eta balizatuta egon beharko da, kalterik ez egiteko.
  • V2 eta V12 hondakindegiak eginen diren lurretan zundaketa arkeologikoak egin beharko dira aurretik. Hain zuzen ere, lubaki bat eginen da 20 metrotik 20 metrora garbitzeko kazoa daukan makina batez, kontrol arkeologikoarekin, lurpean hondar arkeologikorik dagoenez argitzeko. Lan hau presakoa izanen da, eta urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz eginen da (dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean indusketa eta prospekzio arkeologikoak egiteko lizentziak arautzen dira). Zundaketen emaitzak ikusirik, Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiak ondare arkeologikoa babesteko behar diren neurriak ezarriko ditu.

9. Ingurumen jarraipena.

–Obrak egiten diren bitartean, eta amaitutakoan (urtebeteko aldia), proiektuak ukitutako uren kalitatearen jarraipena eginen da, uretan bizi diren animalien gaineko eragina egiaztatzeko. Egiaztatuko balitz obretatik jariatzen diren uretan esekiduran dauden solidoak tratatzeko ezarritako neurriak ez direla aski, neurri osagarriak ezarriko lirateke, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ontzat eman ondoren.

–Ezbehar baten ondorioz substantzia hilgarriren bat isurtzen bada ur lasterretara, edo urak erabat uhertzen dituen gairen bat, larrialdi-plana eduki beharko da, eta berehala eman beharko zaio abisua Oronoz-Mugairiko arrain haztegiari.

–Obrak egiten diren bitartean behar bezala kudeatu beharko dira lanetan sortzen diren hondakinak, eta makinak ongi dabiltzan egiaztatu beharko da, isurketarik ez gertatzeko.

–Proiektuaren eraginpeko eremuak eta zuhaitzak babestuta dauden eremuak ongi balizatuta daudenez egiaztatuko da.

–Landaretza berritzeko lanetan ingurumen eraginaren azterketan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta landaretza berriaren bilakaera kontrolatuko da. Aldian-aldian (hilean behin gutxienez) hesia nola dagoen eta egiturekin ongi lotuta dagoenez egiaztatuko da.

–Obrak egiten diren bitartean, eta urtebetez amaitutakoan, drainatzeak, saretoak eta kutxetak ongi dabiltzanez egiaztatuko da, animaliarik harrapatuta gelditu ez dadin.

–Gainera, ingurumena zaintzeko planaren emaitzen berri jakin ondoren, ezusteko eraginik egonez gero, batez ere errepidearen iragazkortasunean eta animaliak harrapatzeko arriskuan, horiek murrizteko neurri osagarriak ezarri beharko dira.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko die Iruñeko barrutiari eta Bidasoko barrutiari.

3. 13/1990 Foru Legearen 29. artikulua oinarritzat hartuz, hondakindegi-eremuak aldi batez okupatzearen aldeko txostena egiten da. Aldi baterako okupazio horregatik titularrari kanon eguneragarria edo kalteordaina emanen zaio katalogoari jarraikiz, onura publikoko mendietan egindako hondakindegiek mendiari egindako denetariko kalteen arabera.

4. Baimena ematen da eraikuntza-lanek ukitutako herri-lurretako zuhaitzak mozteko, Basozainak / Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileek markatu ondoren. Mozketaren ondoriozko hondakinak edo hondarrak eremutik atera beharko dira eta toki egoki batera eraman beharko dira edo, bestela, ukitutako titularrarekin hitzartu ondoren, beste xede batzuetarako erabiltzen ahalko da (sutarako egurra, esate baterako).

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Ebazpen hau jakinaraztea sustatzaileari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Ultzama-Arakilgo eta Bidasoko barrutiak), behar diren ondorioak sortzeko.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio batzuk jaso dira. Hona hemen haien edukia eta emandako erantzuna:

1.–2021/692209 alegazioa, Juan María Iraola Mendiburu jaunak aurkeztua.

1. Adierazten du Ultzamako 9. poligonoko 76 A lurzatiaren eta Lantzeko 5. poligonoko 53. lurzatiaren jabea dela, lurzati horietan hondakindegia eginen dela proiektuaren arabera, eta oraingo tunelak egiteko obretan ere hondakindegi modura erabili zirela. Uste du aurreko obra egin zenean betelanak ez zirela ongi egin, eta eskatzen du obra berria baliatzeko orduko akatsak zuzentzeko.

Erantzuna:

1. Alegatutakoa ontzat hartzen da: eraikuntza-proiektuan zuzendu egin beharko dira egungo akatsak, eta eremua lehengoratu beharko da ura husteko eta egungo topografia hobetzeko neurriak ezarriz.

2.–2021/706987 alegazioa, Pello Sarratea Sanzberro jaunak aurkeztua Almandozko herria ordezkatuz.

Adierazten du proiektuaren arabera Mendiolako sarbidea Almandozko lotunetik eginen dela Belate gainean zehar eta San Blas bentan zehar, eta horrela auzoan bizi direnek bide luzeagoa egin beharko dutela eta denbora luzeagoa eman bidean, bai eta larrialdi zerbitzuek ere, eta ondorioz segurtasuna urrituko dela. Horrez gainera, proiektuak Gamioa baserriko bidea eta Baztango Donejakue Bidea ukituko dituela adierazten du.

Erantzuna:

Eskaera hein batean baiesten da. Mendiola auzoko sarbideek ez dute betetzen halako bideen trazadura arautzen duen 3.1-IC araua. Gainera, arau horrek ezartzen duenaren arabera, errei anitzeko errepideetan ezkerrera biratzeko maniobrak ez dira maila berean egin behar, baizik eta biribilguen bitartez. Horregatik guztiagatik, proiektuan proposatzen zen Mendiolako auzoko sarbideak Belate gainetik egitea.

Alegazioen fasearen ondoren hiru aukera aztertu dira, eta bideragarriena teknikaren aldetik, ingurumenaren aldetik, gizartearen aldetik eta ekonomiaren aldetik hirugarrena izan da: hirugarren erreia egitea Almandozko tunel berriaren hegoaldeko ahoaren ondoan eginen den zubibide berrian. Ingurumenean edukiko duen eragina oso txikia da: 13.000 m³ lur baino ez dira mugituko.

Almandozko tunelaren iparraldeko ahoan gaur egun Gamioa baserriarekin eta haren lurzatiekin lotzen diren zerbitzu, lotune eta bide guztiak mantentzeko eskaera dela-eta (Donejakue Bidekoak dira), jendaurreko informazioa eman den proiektuan ezarrita dago azpiko igarobidea egitea, egungo galtzadan dagoenaren antzekoa.

3.–2021/717349 alegazioa, María Josefa Obregozo Vergara andreak aurkeztua. 1.

Adierazten du ez dagoela ados Baztango 2. poligonoko 123A lurzatia hondakindegi modura erabiltzearekin, eta proposatzen du 453G lurzatia erabiltzea. 123 A lurzatia nahitaez erabili behar izanez gero, eskatzen du kontuan edukitzeko bertan dagoen aska, eta itxiturak ukitzen badira, atzera lehen bezala jartzeko.

Erantzuna:

Eskaera hein batean baiesten da. 123 A lurzatia erabiliko da, itxiturak lehen bezala jarriko dira, eta aska errespetatuko da. Isurketarik egin aurretik landare-lurra kendu eta bilduko da, eta gero, erabilera amaitutakoan, lehengo lekuan paratuko da. Gainera, belarra ereinen da, belardi-erabilera mantentzeko. Ez da onartzen hondakindegi modura ondoko lurzatia (Baztango 2. poligonoko 453 G lurzatia), zuhaitzak eta zuhaixkak daude eta.

II. ERANSKINA

Kontsulta proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

2022ko urtarrilaren 19an atal honek aldeko txostena egin dio proiektuari, esanez ez direla ukitzen Belate gaineko monumentu megalitikoak, ez eta Mortuko kare-labea ere. V2 eta V12 hondakindegiak Abaunzko leizetik gertu daude eta eremu horretan Erdi Paleolitotik Erromatarren Garaira bitarteko okupazioaren aztarna arkeologikoak daude; hori dela-eta, baldintza batzuk ezartzen dira, eta txosten honetako atal egokian azaltzen dira.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Erakunde horrek 2022ko maiatzaren 19an, jarduketaren eremu geografikoa deskribatu (azaleko hidrologia eta hidrogeologia) eta proiektuak jabari publiko hidraulikoan edukiko duen eragina aztertu ondoren, ondorioztatu du ingurumenaren aldetik proiektua bideragarria dela sistema hidrikoari dagokionez, baldin eta prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen badira ingurune hidrikoan eta horrekin lotutako landaretzan eta faunan edukiko duen eragina murrizteko, bermatzen bada ez dela aldatuko dinamika hidrologikoa, eta azaleko zein lurpeko uren kalitatea ziurtatzen bada. Neurriok obra-fasean zein bidearen ustiapenean aplikatu beharko dira.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa.

2022ko maiatzaren 24an Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak txostena egin zuen izapidetzen ari den proiektuari buruz. Lehenbizi, zenbait gogoeta egiten zituzten proiektuak ukitzen ahal dituen azaleko ur lasterren eta lurpeko ur-masen gaineko eskumenei buruz.

Ingurumen eraginaren azterketa dela-eta, neurri gehiago ezartzen dituzte: drainatze guztiak azpiegitura bakar batean ez pilatzea, ur lasterren erregimena errespetatzea, ur-ibilguen polizia-eremuetan hondakindegiak ez paratzeko debekua (arroko erakundeak berariazko baimena eman ezean), ur lasterrak ukitzen dituzten aldi baterako egiturak eraistea, etab. Halaber, neurri gehiago ezartzen dituzte uren kalitatea kontrolatzeko, eta ezartzen dute nahitaez aurkeztu behar dela azterlan hidrogeologikoa tunelak zulatzeko lanek lurpeko ur-masetan edukiko duten eraginaren berri edukitzeko.

Gainera, txostenean aipatzen da proiektuak eragina edukiko duela eremuan dauden kontzesioetan, eta isurketarik eginez gero, aurretik baimen administratiboa eskatu behar zaiola arroko erakundeari.

III. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Trazaduraren proiektuan zehazten da nolako obrak egin beharko diren Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko, eta nolako jarduketak beharko diren bi tunelen artean galtzada bikoizteko, galtzadak bi errei izanen baititu noranzko bakoitzean. Halaber, tuneletako sarrera eta irteeretan egungo errepidea eta bikoiztutako galtzada berria lotzeko egin beharko diren jarduketak zehazten dira.

Tarte bakoitzerako egin diren lau aukerak aztertu dira, eta erabaki da proiektua 1. tarteko 2. aukeraren arabera eta 2. tarteko 1. aukeraren arabera egitea.

Hautatutako aukeraren hasiera Belate gainera doan NA-1210 errepideak eta N-121A errepidearen 27+040 kilometro-puntuak (Ultzamako benten lotunea) bat egiten duten tokian dago, oraingo errepidearen ezkerraldean (mendebaldean) eginen den galtzada berri batean, eta 34+647 kilometro-puntuan amaitzen da. Guztira, 7.647 metro.

EBBIak (2005-2019 urteak) kontuan edukiz gero, 2040ko trafikoa 8.313 ibilgailu egunean izanen da, eta ibilgailu astunak % 30,94 izanen dira.

Ebakidurari dagokionez, 3,5 metroko lau errei egonen dira, eta alboetan 1,50 m-ko eta 1,0 m-ko bazterbideak eta 0,75 m-ko bermak egonen dira. Tunelen arteko tartean, barneko metro bateko bazterbideaz gainera 0,6 m-ko erdibitzailea egonen da. Ezpondetan 2H/1B malda egon behar da, lubetetan 1H/1B eta lur-erauzketetan 1H/2B. Tunelen barneko ebakidura honelakoa da: 3,5 metroko bi errei, 3,0 m-ko eta 1,0 m-ko bazterbideak, eta 0,75 m-ko espaloiak.

Lur-mugimenduak direla-eta, proiektuan lur-deskonpentsazio handia dago Belateko eta Almandozko tunelen ondorioz. Obraren guztizkoetara etorrita, lubetetan 63.359,00 m³ mugituko dira eta lur-erauzketetan 998.455,03 m³ (harrotzea barne). 935.096,03 m³ lur eramanen dira hondakindegietara.

Soberako lurrak biltzeko, hasieran bederatzi hondakindegi proposatu dira, baina lau ezabatu dira (V1, V3, V4 eta V9). Kontuan edukita ezarritako beharrizanak hautatutako gainerako hondakindegi guztien edukiera baino gehiago direla, beste lau leku aztertu dira (V10 - V13 artekoak), eta V11 bertan behera utzi da.

Zortzi hondakindegiak honela esleitu dira tarteka:

–I. tartea (Belateko tunelaren hegoaldea): Tarte honetako soberako lurrak V2 hondakindegian (Ultzamako 40/9, 41/9, 42/9 eta 69/9 lurzatiak) eta V12 hondakindegiak (lantzeko 53/5 lurzatia eta Ultzamako 76/9 lurzatia) kudeatzen ahal dira.

–II. tartea (tunelen artean): Tarte honetako soberako lurrak V2 hondakindegira, V10 hondakindegira (Baztango 171/1 eta 33/1 lurzatiak), V5 hondakindegira (Baztango 28/1 lurzatia) eta V6 hondakindegira (Baztango 132/2 lurzatia) eramanen dira. Guztira, edukiera handiagoa dute.

–III. tartea (Almandozko tunelaren iparraldea): Alde honetako soberakinak V6 hondakindegira, V7 hondakindegira (Baztango 154/1 lurzatia), V8 hondakindegira (263/2 lurzatia) eta V13 hondakindegira (Baztango 317/2 - 320/2 bitarteko lurzatiak) eramaten ahal dira. V13 hondakindegian 17.835,32 m³ gehiago hartzen ahalko dira.

Obra-etxatoak jartzeko, materialak biltzeko eta gainerako lanetarako instalazio osagarrien eremua 3.800 m²-koa izanen da, eta Belateko tunelaren iparraldeko ahoaren ondoan egonen da, eginen den galtzada berriaren ezkerraldean, kontrol-zentroaren zabalgunearen ondoan.

Trazaduraren deskribapena

Belateko tunelak bikoiztuko dira (N-121 A). Gaur egun errepidean zirkulazioa bi noranzkoetan dabil, errei motelarekin bi noranzkoetan, tunel bakarraren barnean izan ezik. Proiektuan bost tarte daude: aire zabaleko tartea Belateko tunela baino lehen, Belateko tunela, aire zabaleko tartea tunelen artean, Almandozko tunela, eta aire zabaleko tartea Almandozko tuneletik irtenda.

Aire zabaleko lehen tartean, hasierako tartean izan ezik, galtzada ezkerretik zabalduko da (27+700 kilometro-puntua). Hortik aurrera Belateko tunelaren ahorainoko tartea dago (28+010).

Belateko tunel berria 2.885 m luze izanen da gutxi gorabehera; eitea ez da izanen egungo tunelarena bezalakoa, 29 - 150 m bitarteko distantziak egonen baitira. Tunel honetan konexio-galeria bat eginen da 500 m-tik behin. Erdikoa ibilgailu astunak ibiltzeko modukoa izanen da, eta gainerako laurak oinezkoentzako izanen dira eta ibilgailu arinentzako sarbideak edukiko dituzte.

Iparraldeko ahokatzea 30+895 kilometro-puntuan eginen da, han dagoen kontrol-zentroaren ondoan, eta hango zelaigunetik (egungo tuneleko lurren hondakindegia zena) bat eginen du oraingo galtzadarekin obrako lubeta handienetako baten gainean (31+090 - 31+310). Bi galtzadek bat eginik, tunelen arteko zabalkuntza lur-erauzketarantz eginen da, eskuinaldean. Jarrian, lubetaren gainean, bertako fabrika-obra handituko da (32+440).

Almandozko tunela egin baino lehen, proposatu da zubibide berria eraikitzea (32+635 - 32+845), 35 metroko 6 baoduna, hango desnibel handia gainditzeko eta Goldaburuko errekari kalte ez egiteko. Zubibidea igaro ondoren Almandozko tunel berria egonen da (32+885 - 34+240), 1.355 metro ingurukoa. Egungo tunelarekin paralelo joatea planteatzen da, ardatzen artean 30 metroko distantzia utzita. Oinezkoentzako bi konexio-galeria egonen dira, beren artean eta ahoaren eta galeria bakoitzaren artean gehienez 500 metroko tartea utzita. Tunel berriaren iparraldeko ahoan lur-erauzketa handia egin beharra saihesteko, proposatu da tunela 160 metro luzatzea egungo tunelaren iparraldeko ahotik.

Almandozko tunelaren iparraldeko ahoaren ezkerraldean dagoen zerbitzu-bideari jarraitasuna emateko, 5 x 5,50 m-ko markoa eginen da, eta handik lau erreiko plataforma Almandozko lotunera helduko da.

Ukitutako bideak lehengoratuko dira (besteak beste, Baztango Donejakue Bidearen tartea), eta eraginak aztertu eta aurreikusi dira, besteak beste, Goldaburuko errekaren urez hornitzen den zentral hidroelektrikoaren kanalaren tarte bat hormigoizko zoladura bidez egokitzea.

Jendaurreko informazioaren epealdia amaituta, eta Mendiola auzoaren lotunea aldatzea planteatzen duen 2. alegazioa baietsi ondoren, proiektua aldatzen da, proposatutako hirugarren aukera onartuta: Almandozko tunel berriaren hegoaldeko ahoaren ondoan proiektatutako zubibide berrian hirugarren erreia egitea. Beraz, Iruñerako norabidean Mendiola auzotik N-121Arako sarbidea Almandozko tunel berriaren hegoaldeko ahoaren ondoan egonen da, zubibidearen hirugarren erreitik (txirikordatze-tartea), azelerazio-errei gisa.

Eta N-121A errepidearen irteera-mugimendua, Irundik Mendiola auzorantz, zubibidearen hirugarren erreitik eginen da, kasu honetan dezelerazio-errei gisa (txirikordatze-tartea), eta jarraitu eginen du bidezidorreraino, lubeta bidez, zubiaren azken baoaren azpian.

IV. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena

Ingurumen eraginaren azterketak proiektuaren eta haren ekintzen deskribapen orokorra egiten du, eta honako hauek identifikatzen ditu: jarduketa-eremua, errepidean izanen den trafikoa, ibilbidea eta haren ezaugarriak, okupazio-azalerak (osagarriak barne), lur-mugimenduei buruzko datuak eta horren beharrak betetzeko beharrezkoak diren maileguak eta zabortegiak. Azkenik, ingurumena lehengoratzeko eta integratzeko atala dago.

Azterlanak proiektuaren eremuari eragiten dioten plan eta programekiko bateragarritasunari buruzko atal bat jasotzen du (POT3, Intereseko Ondasunen Babesa. Kultura eta arkeologia ondarea, Nafarroako naturaguneen eta baso ondareko mendien babesa eta Espezieen Babesa), eta ondorioztatzen da proiektuak, oro har, horietan ezarritako premisak betetzen dituela.

Aukeren azterketari dagokionez, adierazten da proiektuak ez duela trazadura-alternatiben azterketarik behar izan, azterketa hori 2014ko abenduko trazadura-alternatiben azterlanean egin baitzen.Orain proposatzen diren aukera nagusiak hainbat proposamenetan oinarritzen dira. Proposamen horiek proiektuaren okupazio-azalera eta lur mugimenduen azalera minimizatzen saiatzen dira, proiektua gauzatu eta garatzeko.

Ingurune fisikoaren inbentarioak ingurune abiotikoaren eta faktore geofisikoen elementuak deskribatzen ditu, baita ingurune biotiko, pertzeptual, sozioekonomiko eta kulturalarenak ere.

I. eranskinean landaretzari buruzko berariazko azterlana aurkezten da. Bertan zehazten da nolako eragina edukiko duen proiektuak pago bakarretan, fuste-egoeran dauden gaztainondoz eta alertzez osatutako baso-masa batean, txilardi-otadi-iraleku atlantikoetan (azalera txikia), eta belardietan. Datu jakingarri gisa, floraren inbentarioan baztertu egiten da proiektua eginen den eremuko (Belate - ES2200018 KBE) landare espezie garrantzitsuei kalte egiteko aukera, hain zuzen ere zohikaztegietako espezieei.

II. eranskinean faunari buruzko azterlan espezifikoa dago, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari atxikitako Lurreko Espezieen Espainiako Inbentarioaren datu-baseak eta dagoen informazioa abiapuntu hartuta. Ondorioz, proiektuaren eremuan katalogatutako espezieak identifikatzen ditu, bai ibai-ingurunekoak, bai baso- eta leize-eremukoak, bai ornodunak, bai ornogabeak.

Informazio horretatik abiatuta, ingurumen eraginaren azterketak eragin potentzialak identifikatzen ditu, eta ondorioztatzen du eragin nagusiak lurraren aldaketa geomorfologikotik eta erabileren aldaketatik etorriko direla, eta horrek aldaketak ekarriko dituela egitura geologikoan, topografian, uren portaeran eta paisaian, batez ere. Faunaren eta floraren gaineko eraginei dagokienez, azterlanaren arabera, proiektuaren diseinuak tuneleko ibilbidearen zati handi batean eta aire zabaleko zatietan egungo trazaduratik berehala okupatzea proposatzen duenez, azalera berriak ahalik eta gutxien okupatuz, sega-belardietan edo bazkalekuetan eragina izanen duten zabortegietan izan ezik, inguruneko osagai horien gaineko eragina moderatutzat har daiteke. Gainera, uste da proiektuak ez duela aldatu lurraldearen egungo konektibitatea.

Proiektuaren eremua Natura 2000 Sareko naturagune baten barruan dagoenez, ingurumen eraginaren azterketak berariazko kapitulua dauka 5. eranskinean proiektuak Natura 2000 Sarean izanen dituen ondorioak ebaluatzeko. Bertan aztertzen da nolako eragina edukiko duen proiektuak Batasunaren intereseko habitatetan eta KBE izendapena ekarri duten funtsezko elementuetan, eta ondorioztatzen da proiektuak ES2200018 KBEan edukiko duen eragina bateragarria izanen dela hedadura zehatz batekin. Eremu horretan izanen diren ondorio kaltegarriak ez dira hedatuko ondoko eremuetara, ez eta KBEko intereseko elementuetara ere.

Garatzen den ingurunean eragina duten proiektuaren ondorio negatiboak minimizatzeko edo ezabatzeko proposatzen diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, eta ingurunearen hasierako eta amaierako egoera kontuan hartuta, balorazio orokorra da proiektua jasangarria dela eta beraren eragina honelakoa izanen dela: MODERATUA.

Eraginak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriei dagokienez, azterlanaren arabera, neurri nagusiak bat datoz jarduketaren diseinuarekin, eta, beraz, prebentziozkoak dira funtsean.

Honako hauek ezartzen ditu neurri nagusitzat: lurzoruaren eta uren kutsaduratik babesteko neurriak; lurraren higadura- eta egonkortasun-prozesuak aldatzea; airearen kalitatea; habitaten eta tokiko interes potentzialeko espezieen babesa; hondakinen kudeaketa; baldintza eta aurrerapen topografikoak; azken geruzako lurzoruaren osaera edafologikoa; eta landareztatze-lanak (landaketak eta hidroereintzak, tratamendu-azalerak bereiziz 2,5 metrotik beherako eta gorako lubeten artean, lur-erauzketak lurrean edo harrian, lorategi-eremuak eta hiri-eremuak).

Obrak jardunbide egokien eta teknika erabilgarri onenen arabera gauzatuko dira, eta ahaleginak eginen dira airearen kalitateari eta kalitate sozioekonomikoari ahalik kalterik gutxien egiteko makina astunekin eta trafikoarekin.

Ingurumena zaintzeko programa generikoa aurkeztu da, baina baliteke aski ez izatea.

Iragarkiaren kodea: F2211174