179. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

766E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Leitzako Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Aldaketak 5. poligonoko 20. eta 220. lurzatiei eragiten die, eta Juana eta Juan María Goikoetxea Zabaletak sustatu dute.

Leitzako Udalak 2022ko martxoaren 29an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 16koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da 5. poligonoko 20. eta 220. lurzatien azpikategoria aldatzea (lurzoru urbanizaezina), baso-lurzorua izatetik natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua izatera pasa dadin. Bi lurzati mugakide dira, Eguzkiko muinoaren hegoaldeko mazelan kokatuak, Gorriztaran auzoan. Bi lurzatiak nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerari lotuta dagoen baso eta nekazaritza giroko mosaikoan integratuak daude, non iratzeak, larreak eta Fraxinus excelsior espezieko zuhaizti txikiak ageri diren. Beraz, proposamenak ez du ingurumen ukipen berririk eragiten, lurzati horien egungo ezaugarri eta erabilerekin bat datorren lurzoru-azpikategoria bat esleitzen baitie.

Espedientean jasota dago Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren 2022ko ekainaren 25eko txostena, non adierazten baita proposamenak ez dakarrela erabilera-aldaketarik, eta, beraz, ez duela baimenik behar.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Leitzako Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten da. Aldaketak 5. poligonoko 20. eta 220. lurzatiei eragiten die, eta Juana eta Juan María Goikoetxea Zabaletak sustatu dute.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Leitzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2211232