179. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

78/2022 FORU DEKRETUA, abuztuaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua otsailaren 12ko 9/2020 Foru Dekretuak aldatu zuen; izan ere, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiaren izena aldatu zen, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia izena hartu baitzuen.

Ondoren, martxoaren 23ko 24/2022 Foru Dekretuaren bidez, beste aldaketa bat egin zen: bi atalen izenak eta eginkizunak aldatu ziren eta Datuaren Bulegoaren Atala sortu zen Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian, egitura departamentuaren beharretara egokitzeko.

Gaur egun, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak aldaketa berriak proposatu ditu egituran, azken urteotan informazio sistema korporatibo jakin batzuetan pixkana-pixkanaka eta ezarian-ezarian sortu diren beharrei erantzuteko, bai eta arreta emateko ere Osasun Departamentuari IKTen arloan.

Ildo horretan, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du atal bat sortzea Osasun Teknologien Zerbitzuan, dagoen bulegoa amortizatuz, eta bi atal Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuan, dauden bulegoak amortizatuz; eta, horretaz gain, proposatzen du zerbitzu bereko beste bi atalen izenak aldatzea, baita haien eginkizunak egokitzea eta berrantolatzea ere.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko abuztuaren hogeita lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Aldatzen da urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–38. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“38. artikulua. Osasun Teknologien Zerbitzuaren egitura.

Osasun Teknologien Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Osasun Antolamenduaren Atala.

b) Osasun Historia Elektronikoaren Atala.

c) Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Atala.

d) Osasun Sistemetarako Software Arkitekturaren Atala.

e) Osasun Teknologien Atala.

f) Osasun Ekipamenduaren Atala.”

Bi.–43 bis artikulua gehitzen da, eta testu hau izanen du:

“43 bis artikulua. Osasun Ekipamenduaren Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Osasun Ekipamenduaren Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu errendimendu-, segurtasun- eta jasangarritasun-bermeekin ezar daitezen irudi digitaleko sistemak, pazienteak monitorizatzeko ekipamendua eta pazienteei arreta egokia ematen zaiela bermatzeko departamentuko sistemekin integratzen diren gailu eta ekipamendu guztiak. Osasun Departamentuko hornidura unitateekin lankidetzan jardun beharko du, nolabaiteko softwarea duten ekipamenduek bete behar dituzten estandar teknologiko eta funtzionalak zehazteko, erosten direnean. Elektromedikuntzako mantentze-lanen unitateekin lankidetzan aritu beharko du, ekipamenduek sostengu eta jardun egokia dutela bermatzeko. Osasun Departamentuaren ekipamenduek eta gailuek sortzen dituzten datu, irudi eta bideo guztien segurtasuna zainduko du.”

Hiru.–45. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“45. artikulua. Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuaren egitura.

Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuaren egituran atal hauek daude:

a) Administrazio Elektronikoko Sistemak Mantentzeko eta Eboluzionatzeko Atala.

b) Administrazio Elektronikoko Sistemak Kudeatzeko eta Sostengatzeko Atala.

c) Ekonomia, Koordinazio eta Teknologia arloko Informazio Sistema Zentralen Atala.

d) Giza Baliabideen arloko Informazio Sistema Zentralen Atala.

e) Lurraldeko Informazio Sistemen Atala.

f) Ogasuneko eta Finantza Politikako arloetako Informazio Sistemen Proiektuen Atala.”

Lau.–46. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“46. artikulua. Administrazio Elektronikoko Sistemak Mantentzeko eta Eboluzionatzeko Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

Administrazio Elektronikoko Sistemak Mantentzeko eta Eboluzionatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arkitektura teknologikoa zehaztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko administrazio elektronikoko (Adele) informazio sistema korporatiboetarako, kontuan izanik estandar teknologikoak eta elkarreragingarritasuneko arau teknikoen betekizunak.

b) Informazio sistema korporatiboak aztertu, garatu, mantendu, eboluzionatu eta ezartzea, baldin eta tramitazio elektronikoa Administrazioan ohiko lan-modua bilakatzeko behar diren eginkizunak badituzte. Batzuk aipatzearren, jarduketa-arlo hauetako soluzioak daude:

–Interesdunen identifikazio sistema orokorrak.

–Sinadura elektronikoko plataforma.

–Egiaztapen kode segurua (EKS), dokumentu elektronikoak autentifikatzeko.

–Prozeduren katalogoa (Sian@) eta bere lotura Estatuaren Administrazio Informazioko Sistemarekin (AIS).

–Unitate organikoen direktorioa (DirNA) eta bere lotura Estatuaren DIR3 sistemarekin.

–Nafarroako Foru Komunitateko espediente elektronikoen kudeatzaile korporatiboa (Extr@).

–Jakinarazpen elektronikoko sistema. Dokumentuak digitalizatzeko sistema, EEN formatuan, elkarreragingarritasun tekniken arabera. Administrazio publikoek datuak trukatzeko plataforma. Dokumentuen gordailuak informazio sistemetarako tramitazio fasean.

c) Gainerako administrazio-unitateekin lankidetzan aritzea, Adeleren informazio sistema korporatiboak beste soluzio informatiko batzuekin integratzeko, elkarreragingarritasunaren esparruan.

d) Estatuko Administrazio Orokorrarekin lankidetzan aritzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektroniko korporatiboko (Adele) soluzioak Administrazio Elektronikoaren Batzorde Sektorialak ezarritako baldintzetara egokitzeko.

e) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo bere zuzendaritza nagusiak bere gain uzten dituenak.”

Bost.–46 bis artikulua gehitzen da, eta testu hau izanen du:

“46 bis artikulua. Administrazio Elektronikoko Sistemak Kudeatzeko eta Sostengatzeko Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

a) Administrazio-, konfigurazio- eta sostengu-lanak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko administrazio elektronikoko informazio sistema korporatiboetan (Adele), baldin horien eskumena ez badagokio Nafarroako Gobernuko ezein unitateri. Batzuk aipatzearren, jarduketa-arlo hauek sartzen dira:

–Interesdunen identifikazio sistema orokorrak.

–Sinadura elektronikoko plataforma.

–Egiaztapen kode segurua (EKS), dokumentu elektronikoak autentifikatzeko.

–Jakinarazpen elektronikoko sistema.

–Prozeduren katalogoa (Sian@) eta bere lotura Estatuaren Administrazio Informazioko Sistemarekin (AIS).

–Nafarroako Foru Komunitateko espediente elektronikoen kudeatzaile korporatiboa (Extr@).

–Dokumentuak digitalizatzeko sistema, EEN formatuan, elkarreragingarritasun tekniken arabera.

–Unitate organikoen direktorioa (DirNA) eta bere lotura Estatuaren DIR3 sistemarekin.

–Administrazio publikoek datuak trukatzeko plataforma.

–Dokumentuen gordailuak informazio sistemetarako tramitazio fasean.

b) Departamentuko unitate eskudunarekin lankidetzan aritzea jarduketa-politikak eta gidalerroak definitzeko eta ezartzeko arauak eta prozedurak planifikatzen, aztertzen, lantzen eta proposatzen, eta administrazio elektronikoaren eremuan beharrezkoa den esparru juridikoa ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomoentzat, administrazio elektronikoko soluzio korporatiboei dagokienez, baldin eta haien eskumena ez badagokio Nafarroako Gobernuko ezein unitateri.

c) Administrazio elektronikoko soluzio korporatiboekin lotutako hedapen-, orientazio- eta prestakuntza-jarduerak planifikatzea, eta horien erabilera sustatzea.

d) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo bere zuzendaritza nagusiak bere gain uzten dituenak.”

Sei.–47. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“47. artikulua: Ekonomia, Koordinazio eta Teknologia arloko Informazio Sistema Zentralen Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

Ekonomia, Koordinazio eta Teknologia arloko Informazio Sistema Zentralen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu kudeaketa ekonomiko-finantzarioko sistemari eta kontratazio elektronikoko sistemari dagokienez, eta, oro har, eremu horretako informazio sistema horizontal guztiei dagokienez, baita horiek aztertu, garatu eta ezarpenerako prestatzeko eginkizunak ere. Halaber, koordinazio lanak eginen ditu, beharrezkoak direnak sustapen, hedapen, aholkularitza eta lankidetzarako informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoen erabileran. Informazio sistemak estandarizatzeko lanak ere eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.

Halaber, koordinazio orokor eta teknologikoko eginkizunak beteko ditu SAP arloan.”

Zazpi.–47 bis artikulua gehitzen da, eta testu hau izanen du:

“47 bis artikulua. Giza Baliabideen arloko Informazio Sistema Zentralen Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

Giza Baliabideen arloko Informazio Sistema Zentralen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu giza baliabideen kudeaketari dagokionez, eta, oro har, eremu horretako informazio sistema horizontal guztiei dagokienez, baita horiek aztertu, garatu eta ezarpenerako prestatzeko eginkizunak ere. Halaber, informazioaren eta aplikazioen estandar teknologikoak erabiltzeko sustapena, hedapena, aholkularitza eta lankidetza egiteko eta informazio sistemak estandarizatzeko behar diren koordinazio lanak eginen ditu. Hori guztia, bere eskumenen esparruan.”

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengo xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.

Foru dekretu honetan unitate hauek sortzen dira:

a) Osasun Teknologien Zerbitzuan:

Osasun Ekipamenduaren Atala sortzen da.

b) Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuan:

Administrazio Elektronikoko Sistemak Kudeatzeko eta Sostengatzeko Atala sortzen da.

Giza Baliabideen arloko Informazio Sistema Zentralen Atala sortzen da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuan, honako hauen izendapena berresten da, baldintza berberetan: Administrazio Elektronikoaren Ataleko burua (hemendik aurrera Administrazio Elektronikoko Sistemak Mantentzeko eta Eboluzionatzeko Ataleko burua izanen da) eta Informazio Sistema Zentralen Ataleko burua (hemendik aurrera Ekonomia, Koordinazio eta Teknologia arloko Informazio Sistema Zentralen Ataleko burua izanen da).

Hirugarren xedapen gehigarria.–Izenak aldatzea.

“Administrazio Elektronikoko Sistemak Mantentzeko eta Eboluzionatzeko Atala” eta “Ekonomia, Koordinazio eta Teknologia arloko Informazio Sistema Zentralen Atala” izenak erabiliko dira foru dekretu honen maila bereko edo beheragoko xedapenetan jasotzen diren “Administrazio Elektronikoaren Atala” eta “Informazio Sistema Zentralen Atala” izenen ordez, eta, bereziki, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuan jasotzen direnen ordez.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 24an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2211524