178. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 18/2022 FORU DEKRETUA, irailaren 5ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua aldatzen duena, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri baitzen, eta Nafarroako Gobernuaren eleduna izendatzen duena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, bateratu eta kentzea, eta bakoitzaren izena eta eskumenen esparrua zehaztea.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio departamentuak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta departamentu bakoitzaren eskumeneko jarduera administratiboa zein sektoretan arituko den finkatzea ere, foru dekretu bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 8ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen. Foru dekretu horrek, 2. artikuluan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari esleitzen dizkio Gobernuaren eledun izateko eginkizunak.

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 15.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuko lehendakariak ahalmena du Gobernuaren eledun bat izendatzeko.

Lehendakari honen asmoa da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria izendatzea Nafarroako Gobernuaren eledun.

Hori dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari gisa dagozkidan eskudantziak erabiliz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren 2. artikulua aldatzea.

Honela idatzita gelditzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren 2. artikulua:

“2. artikulua. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: Gobernuko Idazkaritza; Erregistro Orokorra; administrazioaren sinplifikazioa eta administrazio elektronikoaren garapena; Nafarroako Aldizkari Ofiziala; gobernu irekia, kode etikoa, jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa; Foru Komunitatearen aholkularitza juridikoa eta ordezkaritza eta defentsa epaiketetan; Foru Zuzenbide Zibila; hauteskunde prozesuak; departamentuen arteko politiken koordinazioa; funtzio publikoa; segurtasun politikak; polizia; jokoa eta ikuskizunak; babes zibila eta larrialdien kudeaketa; azterketa estrategikoak; herritarren parte-hartzearen gaineko politikak; lehendakariarentzako laguntza; Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, autonomia erkidegoetako eta Espainiako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuaren erakunde irudiaren babesa, garapena eta sustapena; informazio politikaren koordinazioa; herritarren arreta; komunikabide sozialak; Nafarroako Gobernuaren agerpena Interneten eta sare sozialetan; gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako politikak; gazteriak gizartean parte aktiboa izateko politika zeharkakoen garapena; gazteak elkartzeko eta gazteriaren sormena eta ekintzailetza bultzatzeko politiken sustapena; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.”

2. artikulua. Gobernuaren eleduna izendatzea.

Elma Saiz Delgado andrea Nafarroako Gobernuaren eledun izendatzen dut.

Xedapen gehigarri bakarra.–Egitura-aldaketak.

Aldaketa honen eraginpeko departamentuek egungo egoerara egokitzeko beharrezkoak diren egitura-aldaketak aurkeztu beharko dizkiote Nafarroako Gobernuari.

Azken xedapen bakarra.–Indarraldia.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko irailaren 5ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2211932