177. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

749/2022 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022. urtean farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen deialdia, farmazia jarduketa bereziko eta/edo osasun jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik. DDBN identifikazioa: 642801.

Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legeak 4.1 artikuluan ezartzen ditu jarduketa bereziko oinarrizko eskualde batzuk, inguruabar jakin batzuk kontuan harturik, besteak beste sakabanatzea, bakartzea eta irisgarritasun eza, mugan kokaturik egotea edo eskualde bereziki deprimitua izatea. Osasun jarduketa bereziko eskualdetzat hartzeak berekin dakar laguntza eta baliabide bereziak eta handiagoak ematea, osasun sistemaren kalitatea berdintsua izan dadin eskualde horietan eta gainerako oinarrizko eskualdeetan.

Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 14.1 artikuluan, interes publikoko osasun establezimendu pribatutzat hartzen dira farmaziak.

Arau horren 27.1.c) artikuluan farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoak ezartzen dira, eta adierazten da haietan jendearentzako farmazia bat, gutxienez, izan beharko dela 1.400 biztanleko.

Gaur egun, farmazia horietako batzuk desagertzeko arriskuan daude. Hori gertatuko balitz, ukitutako herrietan hutsune bat sortuko litzateke farmazia laguntzaren arloan, eta osasun zerbitzuak jasotzeko lurralde-ekitatearen printzipioa kolokan geldituko litzateke.

Hortaz, interes publikokoa da eremu geografiko bakartu eta sakabanatu horietan farmaziak mantentzen laguntzea, farmazia laguntzako zerbitzua ematen baitute toki horietan.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Ikusirik Farmazia eta Prestazioen zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia onestea, farmazia jarduketa bereziko eta/edo osasun jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskin gisa gehitzen direnak.

3. 80.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuko “Farmazia prestazioak” izeneko 540005 52831 4809 313100 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara, Kontabilitate eta Aurrekontu Atalera, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzara eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzura.

6. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluko 3. apartatuari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 19an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

I. ERANSKINA

Farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia, farmazia jarduketa bereziko eta/edo osasun jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik. Oinarri arautzaileak

1.–Laguntzen xedea eta helburua.

1. Dirulaguntza honen xedea da arreta farmazeutikoa bermatzea landa-eremuetan eta biztanle gutxiko udalerrietan eta/edo geografikoki bakartutakoetan dauden farmazietan; izan ere, lurralde-ekitatea beteko bada, aipatu zerbitzua jasotzeari eta eskuragarri izateari dagokienez, beharrezkoa da finantzaketa neurri osagarrietara jotzea.

2. Dirulaguntzaren helburua da, batetik farmazietako funtzionamendu-gastuak konpentsatzea, eta, bestetik, oporraldietarako eta/edo guardia-zerbitzuetarako ordezko farmazialariak kontratatzea bideragarria egitea. Horrela lortuko baita erdietsi gogo dena: despopulazio arriskua eta ekonomia-egoera ahula duten landa-eremuetan arreta eta prestazio farmazeutikoa babestea, bai eta farmazietako fakultatibo titularrek lana eta familia bateragarri egiteko duten eskubidea zaintzea ere.

2.–Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 80.000 eurokoa da, eta 2022ko gastu-aurrekontuko “Farmazia prestazioak” izeneko 540005 52831 4809 313100 partidaren kargura finantzatuko da.

3.–Onuradunen betebeharrak.

Farmazien titularrek jasotzen ahalko dituzte laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Honako eskualde hauetan egotea:

–Farmazia jarduketa bereziko oinarrizko eskualdeetan, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 27.1.c) artikuluaren ezarritakoaren arabera, edo

–Osasun jarduketa bereziko oinarrizko eskualdeetan, Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko 1985eko azaroaren 13ko Foru Legearen 4.1 artikuluarekin bat, baldin eta farmaziak 500 herritarretik beherako udalerrietan badaude, udalaren azken erroldako datuen arabera.

2. Udalerriko farmazia bakarra izatea.

3. Urtean 235.000,00 eurotik beherako fakturazioa izatea, Nafarroako Foru Ogasuneko datuen arabera.

4. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiengatik epai edo zehapen bat betetzeko zain. Betekizun hau frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

5. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen dituen debekuetatik kanpo egotea. Betekizun hau frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1. Laguntzen eskaera egiteko, II. eranskinean ezarritako eredua erabiliko da. Eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta eranskin horretan zehazten den dokumentazioarekin aurkeztuko da.

2. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkez daitezke, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzara zuzenduta, edo, bestela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan (Tutera kalea 20, Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorraren bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusten diren gainerako erregistro eta bulegoetan.

4. Eskaerak ez baditu betetzen behar diren baldintzak, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio okerrak gehienez hamar eguneko epean zuzen ditzala. Adierazitako epean zuzenketarik egiten ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

5. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Laguntzak ematea.

Laguntza hauek norgehiagokako araubidean ematen dira. Hala ere, aurrekontuko zuzkidura ez bada nahikoa oinarri hauen 3. apartatuarekin bat onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituztenek aurkeztutako eskaerei erantzuteko, dirulaguntzarako bideratutako gehieneko zenbateko osoa onuradun guztien artean hainbanatuko da.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzak, eskaerak baloratuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

6.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Jarraian adierazitakoak soilik izanen dira gastu diruz lagungarriak, eta adierazten diren mugekin:

a) Lokaletako gastu orokorrak.

Ondorio honetarako, gastu orokortzat jotzen dira farmazien lokalen funtzionamendurako behar diren gastuak (garbiketa, argindarra, ura, berokuntza edo antzekoak).

Gastuak zehazteko, lokalaren metro karratu erabilgarrien araberako guztizko zenbateko bat kalkulatuko da, eta horretarako kontuan hartuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun kontsultategien funtzionamendu gastuak finantzatzeko Nafarroako udalei esleitzen dien diru-zenbatekoa (metro karratua/urtea kontuan harturik finkatzen dena), hain zuzen, II-A motako moduluari dagokiona. Ondorio horietarako, udalei laguntza horiek emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azkeneko ebazpenaren modulua hartuko da kontuan, hots, dirulaguntza hauek emateko ebazpena onetsi aurretik finkatzen den azkenekoa.

b) Langileria gastuak.

2021eko abenduaren 1etik 2022ko azaroaren 30era arte oporraldietarako eta/edo guardia-zerbitzuetarako ordezko farmazialariak kontratatzeko gastuei dagozkie.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izanen da kontzeptu honengatik, onuradun bakoitzeko.

2. Onuradun bakoitzari laguntza honengatik ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa 8.000,00 euro da, dirulaguntzak hartzen duen aldi osorako, lokaletarako gastuak eta langileriakoak barne.

7.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

–Osasun arloko administrazioek honako arlo hauen gainean sustatzen dituzten programetan kolaboratzea: farmazia eta osasun arretaren kalitate bermea, osasunaren sustapena eta babesa, eritasunen prebentzioa eta osasun hezkuntza.

–Farmazia arretaren gainean indarra duen araudia betetzea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arlo horren gainean ezartzen dituen prozedura eta jarraibideei men egitea.

–Publizitate egokia ematea jasotako laguntzaren finantzaketa publikoari. Horretarako, farmaziako bulegoan kartel bat paratuko da, ongi ikusteko toki batean, A4 folioaren tamainakoa gutxienez, non adieraziko baita: “Establezimendu honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du farmazia arreta ematen jarraitzeko”.

–Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin bat egokitzea komunikazioen testuak.

8.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira xede bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, dirulaguntzaren izaera eta/edo hura ematen duen entitatea edozein delarik ere. Ondorio horietarako, laguntza eskuratzen bada laguntza emanen dela onartu ondoren, onuradunak beharturik egonen dira Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzari jakinaraztera, 15 eguneko epean lortu zutenetik, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluarekin bat.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

1. Lokalen funtzionamendu-gastuei dagokien zenbatekoa oinarri arautzaile hauen 6.1.a) apartatuan xedatutakoa oinarri hartuta zehaztuko da, eta ofizioz ordainduko da, dirulaguntza emanen dela onartu eta hilabeteko epean.

2. Ordezkoak kontratatzeko gastuei dagokien zenbatekoa (langileen ordainsariak eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota) onuradunak eskatuta ordainduko da.

Eskaera horri honako egiaztagiri hauek erantsi beharko zaizkio:

–Nominen kopiak

–Langileen izen-zerrenda eta Gizarte Segurantzako kotizazioen likidazioaren zerrenda.

Eskaerak 2022ko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta beranduago aurkezten direnak ez dira onartuko. Hala ere, azaroari dagozkion gastuak justifikatzeko –hilabete horri dagozkionak bakar-bakarrik–, abenduaren 28ra arte aurkezten ahalko dira bai langileen izen-zerrenda bai kotizazioen likidazioarena.

10.–Dirua itzultzea.

Ez badira betetzen dirulaguntza ematearekin batera ezarritako baldintzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako gainerako arrazoiak gertatzen badira, edo ez badira betetzen deialdi honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz adierazten diren betebeharrak, kobratu gabe dauden diru kopuruak jasotzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, jasotako diru kopurua osorik edo zati batean itzuli beharra ere bai, gehi legezko interesak, laguntza ordaindu den egunetik itzulketari buruzko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.

Finantzaketa publikoa ezin da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, eta handiagoa bada, itzuli beharko da.

11.–Arau hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

12.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

13.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta haiek aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuaren Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Eskaera eredua (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2211510