177. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

769E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio osasun-zerbitzuak emateko (edukiontzi higienikoak) eta lotutako hondakinak kudeatzeko instalazio bati. Titularra PHS Serkonten SA da eta Beriaingo udal-mugartean kokatuta dago.

Jardunean dagoen instalazio hori jarduera sailkatuak baimentzen dituen araubidearen menpe dago eta, aurkeztu den proiektuaren ondorioz, instalazioa ingurumen baimen integratuen gaineko araubidearen menpe egotera pasatuko da; Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean sartuko da, hots, “2 B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horregatik, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumenaren eraginaren gaineko ebaluazioaren araubidearen menpe dago, muga eta irizpide batzuen aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Proiektua ez dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan. Hortaz, ez da jarri ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren mende.

Baimen honen barruan sartuta dago azaleko uretan zeharkako isurketak egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Instalazioaren titularrak, ebazpen-proposamenaren entzunaldi-tramitean, alegazioak aurkeztu dizkio proposamen horri. Alegazioak, haien balorazioa eta erantzuna ebazpen honen VII. eranskinean daude jasota.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen-baimen integratua ematea osasun-zerbitzuak emateko (edukiontzi higienikoak) eta lotutako hondakinak kudeatzeko instalazio bati. Titularra PHS Serkonten SA da eta Beriaingo udal-mugartean dago. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Hondakin ez arriskutsuen kudeatzailearen baimena mantentzea instalazioari, hondakin ez arriskutsuen biltegi gisa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G05805090162017 erregistro zenbakiarekin. Halaber, hondakin arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea, hondakin arriskutsuen biltegi gisa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G02805090162021 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenaren indarraldia zortzi urtekoa izanen da, eta automatikoki berritutzat joko da ondoz ondoko aldietarako, Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuz.

Hirugarrena.–III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Entitate horri baimena eman beharko dio haren egoitza soziala dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloko eskumena duen organoak.

Laugarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Bosgarrena.–Era berean, teknika erabilgarri onenetako aurrerapenek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu ingurumen baimen integratuaren baldintzak.

Seigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoituta adierazi beharko du funtsezko aldaketa, aldaketa nabarmena edo garrantzirik gabekoa den, martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2022 Foru Dekretua, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena).

Zazpigarrena.–Instalazioa funtzionatzen hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

Bederatzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen, eta, edozein kasutan, proiektatutako handipena martxan jartzen denetik aurrera. Bitartean, jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpen baliozkoa aurkezten denetik aurrera, instalazioa Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ingurumen baimen bateratuari buruz ezarritakoaren bidez arautuko da, foru lege horren 1. eranskineko 5.2 multzoan sailkaturik baitago.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikagarria izaten jarraituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea PHS Serkonten SAri, Beriaingo Udalari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2210939