177. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

248E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita aluminioa galdatzeko eta injektatzeko eta aluminio estrusionatuzko profilak mekanizatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazioa Tuterako udal-mugartean dago eta haren titularra Fundiciones Mecacontrol SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa aplikatuz; izan ere, jarduera hori Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskinean jasoa dago, 2.7 taldean, hain zuzen ere.

Hala ere, ez dago ingurumen baimen bateratua ematen duen dokumenturik, zeinean biltzen baitira instalazio horrek bere jarduera garatzeko bete behar dituen ingurumen-baldintzak. Badaude jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko hainbat ebazpen. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen-baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da jarduera sailkatuaren udal lizentziaren emakidetan eta aldaketetan oinarritzen den dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen-baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Ondorioz, ingurumen baimen bateratua eguneratu behar da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Aluminioa galdatzeko, injektatzeko eta aluminiozko profil estrusionatuak mekanizatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua eguneratzea. Instalazioak eta jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Tuterako udal-mugartean dago, eta Fundiciones Mecacontrol SL da haren titularra.

Bigarrena.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 15eko 400E/2016 Ebazpenaren bidez instalazio honi emandako ingurumen baimen bateratuan hondakinen produkzioari eta hondakin urak isurtzeari buruz agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikagarria izaten jarraituko baitu.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Fundiciones Mecacontrol SLri, Tuterako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta NILSAri.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 4an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren bidez.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2211069