177. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

248E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio Pestriz eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari. Instalazioa Buñuelgo udal-mugarteko 2. poligonoko 533. lurzatian dago kokatuta eta Eólica Navarra SLk sustatu du.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Aurkeztutako dokumentazioan, honako hau da instalazioaren ezaugarri nagusien deskribapena:

“Pestriz eguzki-instalazio fotovoltaikoa 210 kWp-koa da, eta eguzkiak ematen duen energia energia elektriko bihurtzen du. Energia elektriko hori korronte zuzenean sortzen da, eta, ondoren, energia alterno bihurtzen da behe-tentsioan, inbertsore izeneko ekipo batzuen bidez. Behe-tentsioko energia alternoa erdi-tentsiora igotzen da transformadore elektrikoen bidez, eta bezeroaren transformazio-zentrora joaten diren zenbait zirkuitutan multzokatzen da. Bertatik, ebakitze zentro berriaren bidez aterako da (beste proiektu baten xedea), zeina kokatuko baita Iberdrola Distribución enpresaren jabetzako 13,2 kV-eko “Ribaforada-Poligono” goi tentsioko linearen egungo 429. euskarritik hurbil.

Instalazio fotovoltaiko horretan, egitura finkoaren gainean jarritako eguzki-modulu fotovoltaiko kristalinoak taldekatzen dira.

1. eranskineko kalkulu elektrikoen arabera, 450 Wp-ko modulua hautatuta, korronte zuzeneko konfigurazio elektrikoak ekartzen du 24 eta 26 moduluko kateak (edo string-ak) seriean konektatzea.

Modulu fotovoltaikoak altzairu galbanizatuzko egitura metalikoetan finkatuko dira, aluminiozko edo altzairu herdoilgaitzezko osagarriekin. Panelak posizio bertikalean muntatuko dira (erretratua), 3 bertikalean eta 156 horizontalean.

210 kW-eko inbertsore batek 466 modulu fotovoltaikoen konexioa jasoko du korronte zuzeneko eroaleen bidez (24 paneleko serie batean eta 26 plakako 17 serietan banatuta daude).

Inbertsorearen bidez, prozesu elektronikoen bitartez, behe-tentsioko korronte alterno bihurtuko da modulu-multzoek korronte zuzenean emandako energia; ondoren, transformazio-zentroan transformadoreak tentsioa beharrezko erdi-tentsioko baliora igoko du, banaketa-sare elektrikora lotzeko.”

Pestriz eguzki-planta fotovoltaikoaren ebakuazioak eta transformazioak honako zati bereizi hauek izanen ditu:

–13,2 kV-eko lurrazpiko linea trifasikoa. Abiapuntua IDEren ebakitze zentroa da (beste proiektu baten eta beste txosten baten xede da), eta helmuga “FV PESTRIZ” transformazio-zentroa da (txosten honen xedea). Gutxi gorabehera 15 metroko luzera izanen du, eta lurpetik joanen da PVCzko hodi batean.

–13,2 kV-ko lurrazpiko linea trifasikoa. Abiapuntua “FV PESTRIZ” transformazio-zentroa da, eta helmuga “LUIS PARDO SIMON” transformazio-zentroa (dagoeneko egina). 1.060 metro inguruko luzera izanen du eta lurpetik joanen da.

–“FV PESTRIZ” transformazio-zentroa, PFU-5 motako eraikin prefabrikatua.

Espedientean Buñuelgo Udalaren aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du 2022ko uztailaren 1ean, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoarekin. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Pestriz eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari. Instalazioa Buñuelgo udal-mugarteko 2. poligonoko 533. lurzatian dago kokatuta, eta Eólica Navarra SLk sustatu du.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita.

–Argi-kutsadura, argi sarkina eta faunaren gaineko eragina murrizteko, instalazioan argiguneak jarriz gero, bete beharko da aurreikusita dagoena azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) (errege dekretu horren bidez, kanpoko argiteriaren instalazioetan efizientzia energetikoa bultzatzeari buruzko erregelamendua onetsi zen). Gainera, ezinbesteko argiuneak bakarrik jarriko dira, talka eremu potentzialetatik urrun (hesiak, tenkagailuak, aireko linea elektrikoak, etab.). Argi-kutsadura minimizatuko duten argiak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta pantaila lurrera begira dutenak.

–Lanak egin bitartean lur azpian agertzen bada aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako larreko hazien nahasketa bat erabiliz, obrak bukatu eta 6 hilabetera gehienez. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatua.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek babesten du 466 moduluko eguzki-parke fotovoltaiko bat ezartzea, autokontsumorako eta isurketarako, guztira 210 kWp-ko potentzia nominala duena, bai eta hari lotutako instalazioak, transformazio-zentroa eta ebakuaziorako lurpeko linea ere, “LUIS PARDO SIMÓN” TZraino (180653500 zenbakia). Horren bidez, hargune bat egiten da ponpaketa-estazio baterako eta sarera isurtzen da. Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen diren determinazioei.

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Buñuelgo Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 3an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2210820