176. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

215/2022 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, lekualdatze lehiaketarako deia egiten duena Justiziako Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen artean lanpostu hutsak betetzeko.

Ikusirik Justizia Administrazioan, Nafarroako Foru Komunitateak kudeatzen duen lurralde eremuan, badirela lanpostu generiko huts batzuk Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletan, aurrekontu-zuzkidura dutenak, bidezkoa da lanpostu horiek lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia egitea, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren VIII. tituluan ezarritakoarekin bat eta Justiziako funtzionarioak funtzio publikoan sartzeko, lanpostuak betetzeko eta lanbidean igotzeko Erregelamenduaren 43. artikuluari eta ondokoei eta xedapen indargabetzaile bakarrari jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hori guztia kontuan hartuz, Justizia Zuzendaritza Nagusiak I. eranskineko zerrendako lanpostuak betetzeko lehiaketarako deialdia egitea erabaki du, honako oinarri hauen arabera:

Oinarriak

Lehena.–Eskatzen ahal diren lanpostuak.

1.–Parte hartzen duten funtzionarioek I. eranskineko lanpostuetako edozein eska dezakete, baldin eta deialdi honetan eskatzen diren baldintza orokorrak eta baldintza zehatzak betetzen badituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta guztiei eusten badiete lehiaketa behin betiko ebatzi arte, destinoko herria dela-eta mugarik izan gabe.

2.–Lanpostu horiek organo judizialaren hurrenkera zenbakiaren bidez identifikatuko dira. Organo judizial baten hurrenkera zenbakia eskatuta, ulertzen da organo horretan dauden eta hurrenkera zenbaki horretarako iragarri diren kidegoko lanpostu huts guztiak eskatzen direla, bai eta prozesuaren ondorioz sortzen direnak ere, iragartzen badira.

3.–Lehiaketa hau ebaztearen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak ere eskatzen ahalko dituzte, eskainitako lanpostuei gehituko baitzaizkie prozesuaren ondoriozko lanpostu gisa, salbu eta behin-behinekoz atxikitako funtzionario titularrek betetzen badituzte, non ez diren amortizatu nahi, plantilla organikoa aldatzeko edo langileak birbanatu edo berrantolatzeko proiektua dela eta, edo organo judizial batek atxikia duen langile zuzkidura gaindituta badago funtzionario titular bat edo gehiagorekin, kasu horretan ez baita prozesuaren ondoriozko lanposturik iragarriko kasuan kasuko kidegoari dagokionez. Ezin izanen dira deialdi honetan sartu lanpostu bati behin-behinekoz atxikita dauden funtzionarioek uzten dituztenak deialdian parte hartu eta lanpostu bat behin betiko lortu ondoren. Lanpostu hutsak eta ondoriozkoak tarteka eska daitezke.

Bakar-bakarrik prozesuaren ondoriozko balizko gisa iragartzen diren lanpostuak ere organo judizialaren hurrenkera zenbakiaz identifikatu beharko dira. Organo judizialaren hurrenkera zenbakia eskatuta, dagokion kidegoko hurrenkera zenbaki horretarako prozesuaren ondorioz hutsik gera daitezkeen lanpostu guztiak ere eskatzen direla ulertzen da.

Honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten lanpostuak ez dira prozesuaren ondoriozkotzat hartuko.

Lehiatzaileak lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak eskatzeko eskubideaz baliatu ahal izateko, zerrenda bat jarriko da ikusgai, ebazpen hau argitaratzen denetik eskaerak aurkezteko epea amaitu bitarte, Justizia Ministerioaren web-orrian (www.mjusticia.gob.es) eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak hartzeko eskumena eskualdatua duten autonomia erkidegoetako departamentu eskudunetan. Zerrenda horretan, deialdian iragarritakoen izaera bera duten Justizia Administrazioaren organo judizialak, fiskalak eta zerbitzuak agertuko dira, eskatzen ahal direnak, organo horien hurrenkera zenbakia adierazirik.

Parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute beren eskabidean zehazten dituzten deialdiko hurrenkera zenbakiak lehiaketa honetarako argitaratu direnekin bat datozela, bai I. eranskinean bai ondoriozko lanpostuetan, beste lehiaketa batzuetako kodeak eman ditzaten saihesteko.

4.–Zenbait lanpostutan agertzen diren EAI siglek esan nahi dute organo judizial horiek, arlo zibileko eta zigor-arloko eginkizunekin batera, emakumeen aurkako indarkeriaren gainekoak ere hartuko dituztela beren gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2005eko ekainaren 22an egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz (2005-6-28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala). Hona hemen Izena eta ONN izeneko zutabeetako gainerako siglen esanahia: BL (biktimentzako laguntza); E (espetxea); DB (dedikazio berezia); GU (guardiak); OB (ordutegi berezia); AM (auzitegiko medikuntza); ORD. ZER. ADM. (ordezkaritzen zerbitzuko administrariak); ORD. PROB. ADM. (Ordezkaritza Probintzialetako administrariak); ATAL. ADM. LAG. (ataletako administrari laguntzaileak).

5.–Urteko lehiaketa honetan, orokorra nahiz ondoriozko lanpostuetarako izan, lanpostu hutsak eta ondoriozkoak kontuan hartuz eskatzen ahal den auzitegiko organoen gehieneko kopuruak ezin izanen du 200 hurrenkera zenbakia gainditu, ulerturik hurrenkera zenbaki bakoitzak auzitegiko organoaren lanpostu guztiak hartzen dituela, bai lanpostu hutsak bai, horrelakorik bada, ondoriozkoak ere. Muga hori abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 42. artikuluak baimentzen duen ahalmenarekin bat ezartzen da, lehiaketa arintzeko, funtzionario askok hartuko baitute parte, eta hiru kidego edo eskalak ukitzen dituen lehiaketa orokorra denez, Justizia Ministerioak eta langileak eta baliabideak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoek izenpetutako esparru hitzarmenean xedaturikoarekin bat.

6.–Ez da inolako aldaketarik onartuko egindako destino eskaeran, behin eskabideak aurkezteko epea iraganik. Ez da onartuko, era berean, lortutako destinoari uko egitea lehiaketa behin betiko ebatzi ondoren, edozein dela ere alegatzen den arrazoia, are lehiatzaileak huts egin badu ere eskabide-orrian hurrenkera zenbakia betetzean. Beraz, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskatzen diren deialdiko hurrenkera zenbaki guztiak bat datozela zehatz-mehatz eskainitako organo judizialen izenekin.

7.–Lehiaketan parte hartzeari uko egitea onar daiteke behin-behineko ebazpenari alegazioak egiteko epearen azken egunera arte, behar bezala justifikaturik dauden kasuetan.

8.–Ohiz kanpoko egoeretan, lanpostu huts gisa edo prozesuaren ondoriozko lanpostu gisa iragarritako lanposturen bat kentzen ahalko da hori egitera behartzen duen gorabeherarik gerora sortuz gero.

9.–Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuko epaitegi barrutiren bateko jurisdikzio banaketa gertatuz gero, ondorioztatuko da banaketak ukitutako lanpostuak, bai deialdi honen I. eranskinean iragarrita daudenak bai horien ondoriozkoak, izen berriko organo judizialetakoak direla.

Bigarrena.–Parte hartzeko betebehar eta baldintza orokorrak.

1.–Justiziako Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko funtzionarioek, Izapidetze Prozesal eta Administratibokoek eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletakoek parte hartzen ahal dute lehiaketa honetan, edozein delarik haien egoera administratiboa, eta, horrela, organo judizialetan kidego eta eskala horietan dauden lanpostu hutsak eskatzen ahalko dituzte. Hala ere, egoera hauetan dauden funtzionarioek ezin izanen dute parte hartu: aurreko lehiaketetan destinoa lortuta ere, esleitu zitzaien destinoaren jabetza hartu ez dutenak; epai irmo baten bidez eginkizunez gabetuak daudenak (gabetzeak iraun bitartean); eta nahitaez lekualdatzeko zehapena jaso dutenak, urtebete edo hiru urte pasatu arte, zehapena jarri zitzaien tokiari dagokion destinorako, falta astuna edo oso astuna denean, hurrenez hurren. Kasu horretan, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43.2.c) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz kontatuko dira epeak.

Jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioek egoera hori mantendu behar dute lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentzian daudenei, gordetako lanpostuan berriz sartzen badira, ez zaie eragotziko lehiaketan parte hartzea. Zerbitzu berezietako egoerara edo ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen diren jarduneko funtzionarioak ere ez dira baztertuko.

Jardunean, zerbitzu berezietan edo ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak lehiaketan parte hartzetik baztertuko dira baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesua bitartean, egoera hauetako batera igarotzen badira: borondatezko eszedentzia egoera sektore publikoan zerbitzuak emateagatik; borondatezko eszendentzia interes partikularragatik; borondatezko eszedentzia familia elkartzeagatik; edo behin betiko etenaldia.

Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko ordezko legelari gisa aritzeagatik borondatezko eszedentzian den funtzionario batek lehiaketan parte hartzen badu bere lanpostura itzultzeko eta, lehiaketa prozesua bitartean, Kudeaketa kidegora atxikitzen badute behin-behinekoz, haren administrazio egoera ez da aldatutzat joko, lehenengo oinarriaren 1. puntuan aurreikusitako ondorioetarako. Ez da baztertuko, ezta ere, administrazio egoera aldatzeagatik Kudeaketa Kidegora behin-behinekoz atxikitako funtzionarioa, ordezko legelari gisa aritzeagatik borondatezko eszedentzian izandakoa, baldin eta, eskaerak aurkezteko epea igarota, ordezko legelari izendatzen badute berriro.

2.–Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntzako kidego edo eskaletako funtzionarioek jardunean dauden kidego edo eskala bererako parte hartzen ahalko dute, baldin eta, eskaerak aurkezteko azken egunean, bi urteko epea igaro bada funtzionarioak abiaburuko kidego edo eskalako azken behin betiko destinoa esleitu zion lekualdatze lehiaketa deitzeko ebazpena eman zenetik, betiere destino horretatik hartzen badu parte, edo behin betiko destinoa esleitu zion ebazpena eman zenetik, funtzionario berrien kasuan. Urteak zenbatzeari begira, lehenengo urtea izanen da kasuan kasuko ebazpenak eman ziren urte naturala, zein egunetan eman ziren kontuan hartu gabe, eta bigarren urtea izanen da hurrengo urte naturala (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 art.).

3.–Jardunera behin-behineko atxikipenaren bidez itzultzen diren funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.c) art.), baldin eta behartuta badaude lehiaketetan parte hartzera indarra duen legediarekin bat, oinarri honen 2. apartatuan ezarritako aldi bateko mugapenetik kanpo egonen dira. Atxikirik dauden probintzian beren kidegoan edo eskalan iragarririk eta bete gabe dauden lanpostu guztiak eta ondoriozko guztiak eskatzera behartuak egonen dira. Behin-behineko atxikipenaren ondoren deitutako lehenbiziko lehiaketan parte hartu ezean, interes partikularragatiko borondatezko eszedentziara pasatuko dira. Atxikipenaren probintzian lanposturik egonda, baten batek lanpostu guztiak eskatzen ez baditu, edo lanpostuak beste probintzia batean eskatzen baditu eta ez badu destinorik eskuratzen, behin betiko esleituko dio lanpostu bat transferitutako autonomia erkidegoko organo eskudunak edo, zein ministeriori dagoen atxikita, haren esparrukoak, behin-behinekoz atxikita dagoen probintziaren eremuan, eta, halakorik ez badago, autonomia erkidegoaren eremuan.

Behin betiko destinorik lortzen ez badu eta behin-behinekoz betetzen ari zen lanpostua hartzen badiote, lehiaketari begira lanpostu hutsak bateratu diren probintziako edo lurralde eremuko edozein bulego judizial edo zentrotako lanpostu huts bat esleituko zaio behin-behinekoz. Hurrengo lehiaketan behin betiko destinorik lortzen ez badu, behin betiko esleituko zaio lehiaketa horretan edozein lurralde eremutan hutsik gelditzen diren lanpostuetatik edozein (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 69. art.). Eskabidearekin batera, egun jardunean dauden lanpostuari behin-behinekoz atxikitzeko F1R agiria ere aurkeztu beharko dute.

4.–Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan ezarritako borondatezko eszedentzia egoeran (sektore publikoan zerbitzuak emateko eszedentzia) dauden funtzionarioek ez dute inolako denbora mugarik izanen egoera horretan zein kidegotan dauden, bertara lanera itzultzeko.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoren 506. artikuluko e) eta f) letretan ezarritako borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek (familia elkartzeko eta interes partikularrengatiko eszedentziak) lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, bi urte iraganak izan behar dituzte gutxienez egoera horretan deklaratu ziren datatik.

5.–Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak aldatua) xedatuaren babesean, ahaideak zaintzeko eszedentzian dauden funtzionarioek parte hartzen ahalko dute lehiaketan, bakar-bakarrik, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako bi urteak iragan badira.

6.–Behin betiko gabeturik dauden funtzionarioek, betiere behin-behineko atxikipena badute (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.e) artikulua), lehiaketa honetan parte hartu beharko dute behin betiko lanpostua lortzeko. Lehiaketa honetan parte hartu ezean edo eskatutako lanpostua lortu ezean, beste lehiatzaileei esleitu ez zaizkien lanpostuetako bat emanen zaie behin betiko destinotzat, norbera atxikirik dagoen lurralde eremuaren barrenean betiere.

7.–Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren kidegoko funtzionarioek, behin-behineko atxikipena badute ordezko legelari izateari uzteagatik, lehentasunezko eskubidea izanen dute atxikiak dauden herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara lehen aldiz ateratzen direnean, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 70.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta ez dute lehentasuna galduko eskaerak aurkezteko epearen barruan ordezko legelari izendatzen badituzte berriro. Lanpostu horiek betetzeko modurik ez badute lehentasuna duten beste funtzionario batzuek eskaturik esleitu egin zaizkielako, behin-behineko atxikipena izaten jarraituko dute harik eta, ondoko lehiaketetan parte hartzearen ondorioz eta atxikita dauden herriko lanpostu huts guztiak eskatu ondoren, haietan behin betiko lanpostua esleitzeko modua izaten den arte.

Lehentasun hori eskatu ezean, lehiaketan parte hartu ezean edo beren atxikipeneko herriko lanpostu huts guztiak (I. eranskinekoak) eskatu ezean, behin-behinekoz atxikita dauden lanpostua iragarrita ez badago ere, eta, horren ondorioz, lanpostua eskuratzen ez badute, transferitutako autonomia erkidegoko organo eskudunak edo atxikita dauden ministerioaren eremukoak behin betiko destinoa emanen die esleitu gabeko edozein lanpostutan.

Behin-behineko atxikipen hori eskabideak aurkezteko epearen barrenean egin bada, ez daude behartuak lehiatzera.

8.–Funtzionarioren batek uko egiten badio berariazko lehiaketa bidez lortutako lanpostu bati (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.a) artikulua), eta lanpostu batean behin-behinekoz aritzea esleitu bazaio, lehentasunezko eskubidea izanen du, lehiaketara lehen aldiz ateratzen denean, kargua utzi zuenean lan egiten zuen herrian berean lanpostu generiko bat betetzeko, eta herri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lehiaketa honetan parte hartzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu esleituko zaio behin betiko.

Funtzionario batek uko egiten badio izendapen librearen bidez lortutako lanpostu bati edo halako lanpostutik kentzen badute (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 62. eta 68.a) artikuluak), betiere lanpostu batean behin-behinekoz aritzea esleitu bazaio, lehentasunezko eskubidea izanen du, lehiaketara lehen aldiz ateratzen denean, kargua utzi zuenean lan egiten zuen herrian berean lanpostu generiko bat betetzeko, baina herri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa honetan parte hartzen ez badu edo eskatutako destinoetako bat ere lortzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu esleituko zaio behin betiko.

9.–Herrirako lehentasunezko eskubidearen gaineko araubidea, oinarri honen 7. eta 8. puntuetan adierazitakoa:

9.1.–Lehentasunak herri bateko hurrenkera zenbaki huts guztiak hartzen ditu, baina horrek ez du esan nahi eskabidean interesdunak eskatutako lehentasun hurrenkerako lehen zenbakia esleituko denik, baizik eta arauak ezartzen duela eskubide hori duen lehiatzaileak destinoa lortuko duela herri zehatz batean lanpostu hutsen artean iragarritako edozein hurrenkera zenbakitan, hurrengo puntuetan adierazten diren zehaztasunekin; horrexegatik, eskubide horretaz baliatzeko, lehentasuna zein herritan erabiltzen den, bertan eskaintzen diren I. eranskineko hurrenkera zenbaki huts guztiak eskatu beharko dituzte nahitaez, eta eskaera horiek bildu eskabideko lehentasun hurrenkerako lehen zenbakietan, eta horien atzetik jarriko dituzte lehentasunik gabe eskatutako gainerako hurrenkera zenbakiak, eta horien artean eskatzen ahalko dituzte, nahi izanez gero, lehentasuna baliatzen duen herrian prozesuaren ondorioz sortzen diren gainerako hurrenkera zenbakiak. Halaber, eskabidean eskatu beharko dute, P-1 atalean atxikirik dauden destinoko herria adierazita, eta lehentasun hori frogatzen duten agiria aurkeztu (behin-behineko atxikipena), laugarren oinarriko 7. puntuan ezarritakoaren arabera.

9.2.–Bere puntuazioarekin, lehentasuna zer herritarako erabili den, herri horrexetan eskaturiko deialdiko hurrenkera zenbakiren batean destinorik lortzen ez badu eta lehentasuna herri bererako eta puntu gehiago dituen beste funtzionariorik ez bada, puntu gutxien dituen lehiakideak lortzen duen I. eranskineko herri horretako hurrenkera zenbaki bera esleituko zaio. Lehiakide batzuen artean berdinketarik bada, mailako zenbakiaren arabera erabakiko da. Horrek zenbaki hurrenkera horretan destinoa lortzeko eskubidea galduko du, baina parte hartzeko eskabidean adierazitako gainerakoak aukeratzen ahalko ditu.

9.3.–Lehentasunezko eskubidea ezin izanen da erabili honako baldintza hauek betetzen ez badira: kasuan kasuko herriaren I. eranskinean dauden deialdiko hurrenkera zenbaki huts guztiak eskatzea eskabideko lehentasun hurrenkerako lehen zenbakietan; eskabide ereduko P-1 atalean berariaz agerraraztea lehentasuna zer herritarako erabili nahi duen; eta 9.1 puntuan aipatutako agiria aurkeztea.

10.–Abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.f) artikuluan eta 72. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren funtzionario birgaituek, behin-behineko atxikipena dutenez, deitzen den lehen lekualdatze lehiaketan hartu beharko dute parte, lanpostu bat eskuratze aldera. Lehiaketa honetan parte hartu ezean edo eskatutako lanpostua lortu ezean, edozein lurralde eremutan beste lehiatzaileei esleitu ez zaizkien lanpostuetako bat emanen zaie behin betiko destinotzat.

11.–Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoetako Erregelamendu Organikoaren 52. artikuluan jasotako baliabideen berrantolamendua dela-eta lanpostua nahitaez esleitu zaion funtzionarioak zilegi du lekualdatze lehiaketetan parte hartzea, baita legeak eskatzen duen epea amaitu ez bada ere. Horrez gain, lehentasunezko eskubidea izanen du, behin bakarrik, zentro bereko beste lanpostu bat eskuratzeko, halakorik eskaintzen bada lehiaketa arruntean eta bertan parte hartzen badu (otsailaren 16ko 294/1996 Errege Dekretuaren 51. artikulua).

Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, zehaztapen hauek bete beharko ditu:

Lehentasun hori lantokiko zein lanpostutarako baliatu nahi duen, lanpostu horiexek eskatu bere eskaerako lehentasun hurrenkerako lehen lekuetan.

Lehentasunaz baliatzeko zein lantoki eta herri hautatu dituen, haiexek adierazi V-3 eskabide ereduko P-2 atalean.

P-2 atalean adierazten diren lantoki eta herrirako egin zitzaion nahitaezko izendapenaren egiaztagiria aurkeztea.

Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutako jarraibideei kasu egin ezean, galdu eginen du, lehiaketa honetarako, 52.c) artikuluak aitortzen dion lehentasun eskubidea.

12.–Lanpostua nahitaezko berresleipen prozesu baten bidez (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikulua) esleitua duen funtzionarioak lekualdatze lehiaketetan parte hartzen ahalko du, nahiz eta erregelamendu beraren 46.1 artikuluan ezarritako legezko epea bukatu ez. Era berean, lehentasun eskubidea izanen du abiaburuko destinoko zentroan lanpostua lortzeko zentro horretako lanpostu generikoak eskaintzen diren lehen lehiaketan.

Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, zehaztapen hauek bete beharko ditu:

Lehentasun hori lantokiko zein lanpostutarako baliatu nahi duen, lanpostu horiexek eskatu bere eskaerako lehentasun hurrenkerako lehen lekuetan.

Lehentasunaz baliatzeko zein lantoki eta herri hautatu dituen, haiexek adierazi V-3 eskabide ereduko P-2 atalean.

P-2 atalean adierazten diren lantoki eta herrirako egin zitzaion nahitaezko berresleipeneko izendapenaren egiaztagiria aurkeztea.

Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutako jarraibideei kasu egin ezean, galdu eginen du, lehiaketa honetarako, 67. artikuluak aitortzen dion lehentasun eskubidea.

13.–Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen librearen bidez lanpostu berezi bat betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ahalko dute lanpostu horretan gutxienez urtebete egin badute, jabetza hartu zuten egunetik hasita (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).

14.–Funtzionarioak eskaturik lortutako destinoak uko egin ezinezkoak direnez, lekualdatze lehiaketaren ondorioz zerbitzura itzultzen denak destinoa lortzen badu, zuzenean eszedentzia egoerara igaroko da jardunean zegoen kidegoan. Dena dela, funtzionario batek lanpostua berariazko lehiaketa bidez lortu badu, hari uko egiten ahalko dio, jabetza hartzeko epea amaitu baino lehen, lehiaketa honetan behin betiko destinoa lortzen badu; halakoetan, interesdunak organo dei-egileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazi ezik, esleitutako lehen destinoan hartu beharko du jabetza, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Berariazko lehiaketaren ebazpena lehiaketa arruntaren behin betiko ebazpena baino lehen ematen bada, eta aurreikusten bada berariazko lehiaketari dagokion jabetza hartzeko epea ere ordurako bukatua izatea, ukitutako funtzionarioak berariazko lehiaketan lortutako destinoaren jabetza hartu beharko du, eta ez du aukerarik izanen lehiaketa arruntean. Berariazko lehiaketaren ebazpena lehiaketa arruntaren ebazpena eman ondoren ematen bada eta azkeneko horretan jabetza hartzeko epea igaro bada, ez du aukerarik izanen berariazko lehiaketan.

Hirugarrena.–Baremoak.

Lanpostuak esleitzeari begira, merezimenduen balorazioa honela eginen da: batetik, antzinatasuna baloratzeko baremoari jarraikiz (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 48.1.a) artikulua), eta bestetik, autonomia erkidegoetako berezko hizkuntza ofizialaren ezagutza baloratzeko baremoari jarraikiz, artikulu beraren b) letran ezarritakoaren arabera.

1.–Antzinatasuna.–Parte hartzen den kidegoan edo eskalan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu urte oso bakoitzeko bi puntu emanen dira, eta denbora tarte txikiagoak proportzionalki baloratuko dira (0,00555556 puntu eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izanen dira, eta gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira.

2.–Nafarroako Foru Komunitateko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea.

Lanpostuak kokatuta baldin badaude Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten dituen eremu euskaldunean eta mistoan, euskara ahoz eta idatziz jakiteak, hori behar bezala frogatzen bada Foru Komunitateko ziurtagiri ofizialaren bidez edo aurkeztutako titulua eta tituluari dagokion maila homologatuz, gehienez hamabi puntu aitortzea dakar ondorio horietarako soilik, frogatutako ezagutza mailaren arabera, honela:

1.–B1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: lau puntu.

2.–B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: zortzi puntu.

3.–C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: hamabi puntu.

Hizkuntzaren ezagutza frogatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira Izena emateko laguntzaren esku-liburuaren 3.6 puntuan jasotako kasuetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzeko eguna izanen da merezimenduak baloratzeko erreferentzia. Ziurtagiri horiek ezin dira metatu. Hortaz, lehiatzaileak maila bateko baino gehiagoko tituluak baldin baditu, maila gorenekoa bakarrik baloratuko da.

Laugarrena.–Eskabide ereduak eta eskaerak aurkezteko epeak.

Izena emateko eskabide eredua ebazpen honen II. eranskinean dagoena da, baina ez du aurkezteko balio, biltzen dituen atalei buruzko informazioa emateko ez bada. Izan ere, oinarri honen 7. puntuan adierazita dagoen bezala baizik ezin da bete eta aurkeztu.

1.–II. eranskina. V-1 laukia: Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntzako kidego eta eskaletako lanpostuetan behin betiko destinoa duten funtzionarioek, baita zerbitzu berezietan daudenek eta ahaideak zaintzeko eszedentzian daudenek ere (lanpostua gordea badute lurralde nazionalean, eskumenak eskualdatuak ez dituen eremu batean), eskabidea bete beharko dute ebazpen honen II. eranskineko V-1 laukia adierazita, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, eta aurkeztu beharko dute 2022ko irailaren 5etik 16ra bitarteko epean, bi egun horiek barne, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

2.–II. eranskina. V-2 laukia: Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zuen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d) artikulua dela-eta Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntzako kidego eta eskaletan eszedentzian dauden eta destinoa Justizia Administrazioko beste kidego edo eskala batzuetan edo beste administrazio batzuetan duten funtzionarioek, baldin eta lehiaketa honetako lanposturik eskatu nahi badute, eskabidea bete beharko dute ebazpen honen II. eranskineko V-2 laukia adierazita, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, eta aurkeztu beharko dute 2022ko irailaren 5etik 16ra bitarteko epean, bi egun horiek barne, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

3.–II. eranskina. V-3 laukia: Egoera hauetatik edozeinetan dauden eskatzaileek:

–Familia elkartzeagatik edo interes partikularragatik borondatezko eszedentzian daudenak.

–Behin betiko etenaldia bukatuta lanera itzultzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak.

–Birgaitzea lortu ondoren lanera itzulzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak.

–Jarduneko zerbitzura itzultzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak (lanpostua gordeta izan gabe).

–Izendapen librez lortutako lanpostuari uko egitearen edo lanpostua uztearen ondorioz edo berariazko lehiaketa bidez lortutako lanpostuari uko egitearen ondorioz behin-behineko atxikipena dutenak.

–Behin-behineko atxikipena dutenak ordezko letradu izateari utzi eta lanera itzultzeagatik.

–Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 52.c) artikuluaren araberako langileen berrantolamenduan sartuta dauden funtzionarioak edo abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikuluaren araberako nahitaezko berresleipena dutenak.

Eskabidea bete beharko dute II. eranskineko V-3 laukia adierazita, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, eta aurkeztu beharko dute 2022ko irailaren 5etik 16ra bitarteko epean, bi egun horiek barne, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

4.–Interes partikularrengatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek eskabidearekin batera egoera horretan sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, bai eta edozein administrazio publikoren zerbitzurik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena ere, biak batera PDF formatuko artxibo batean.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 506. d) artikuluari jarraikiz sektore publikoan zerbitzuak emateko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera, epai irmo baten ondorioz eginkizunez gabetuak ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

5.–Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea bakarra izanen da funtzionario bakoitzarentzat, nahiz eta eskatutako lanpostuak eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetakoak izan. Izan ere, lanpostu horietarako deialdiak aldi berean eginen dituzte autonomietako gobernuek, eta tokian tokiko aldizkari ofizialetan argitaratuko dira.

Era berean, funtzionarioak, eskabide bakar batean, hautatu beharko du jardunean dagoen kidegotik parte hartu nahi duen edo jardunera itzuli nahi duen eszedentzian dauden kidegora ez beste batera. Kidego eta eskala ezberdinetarako bi eskabide aurkeztuz gero, biak indargabetuko dira. Beraz, funtzionarioa bazterturik geldituko da lehiaketa honetatik.

Inork bere eskabidea zuzendu nahi badu aurkeztu ondotik, beste bat bete eta aurkezten ahalko du parte hartzen zuen kidego edo eskala bererako, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago. Horrek automatikoki indargabetuko du lehenago aurkeztutakoa, oinarri honen 7. puntuan adierazitakoari jarraikiz.

6.–Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, lehiaketan parte hartzeari ere uko egiten ahalko zaio, behin-behineko ebazpenari alegazioak egiteko epea bukatu baino lehen betiere, lehen oinarriko 7. puntuan adierazitakoari jarraikiz.

7.–Eskaerak egin eta aurkezteko modua.

A) Eskaerak egitea.

V1, V2 eta V3 ereduetako eskaera guztiak telematika bidez eginen dira, izena emateko laguntzailearen bitartez.

Espainian Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Kidegoetako funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten funtzionarioek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Justizia Ministerioaren web orrian sartuz, honako helbide honetan: https://www.mjusticia.gob.es/es/ciudadania/empleo-publico/concursos-traslados/Concurso-traslados-ordinario-Gestion-Tramitacion-Auxilio-2022.

Behin orri horretan sartuta, bertan “G.T.A. Concurso de traslados” izenarekin ageri den estekan sakatu eta izena emateko laguntzailean sartuko dira; sistemak gidatuko ditu eskaera egiteko, ematen diren jarraibideak betez eta kontsulta eginez webean izena emateko laguntzarako esku-liburuan, orri horretan berean argitaratutakoan; halaber, zalantzarik izanez gero, erabiltzaileari arreta emateko telefonora deitu daiteke: 913904605.

Horrela, kodeen transkripzioan akatsak saihestea lortuko da; izan ere, lehiatzaileak grabatutako datuak automatikoki bilduko dira sistema informatikoan.

Lehiatzaileek, izena emateko laguntzailean sartu aurretik, beren identifikazio elektronikoa eman beharko dute Cl@ve plataformak dituen sistema hauetako baten bidez:

–NAN elektronikoa.

–Ziurtagiri digitala.

–Cl@ve PIN 24 or.

–Cl@ve iraunkorra.

B) Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko sistema hau oinarrituta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 10.1., 10.2.c) eta 36.1. artikuluetan.

Esparru nazionaleko lehiatzaile guztiek, V1, V2 edo V3 eskabide eredua dutenek, izena ematen laguntzeko esku-liburuan azaltzen diren jarraibideen arabera grabatu eta aurkeztuko dituzte eskaerak.

Funtsean, honakoa hartuko dute kontuan:

–Lehiaketan parte hartzeko eskabideak ez dira inola ere paperean aurkeztuko.

–Izena emateko laguntzailea ez da erabiliko eskabidea egiteko soilik, izena emateko prozesu osoa betetzen baita haren bitartez, hau da, laguntzaile horretan eskabidea grabatu eta egiaztatu ondoren, ezarritako epean, eskabidea aurkeztuta egonen da Justizia Ministerioko dagokion departamentuan.

–Eskatzaileetako batek dagoeneko egiaztaturik dagoen eskabide bat aldatu nahi badu, eskaerak aurkezteko epearen barruan, izena emateko laguntzailearen bidez beste eskabide bat sortu eta egiaztatu dezake.

–Izena emateko epearen barruan, nahi adina eskabide sortu eta egiaztatzen ahalko dira, baina kontuan hartuta lehiaketarako baliozkoa soilik izanen dela aurkeztutako azken eskabidea, esan nahi baita, lehen eskabidea grabatu eta egiaztatu ondoren egiten den ekintza berri bakoitzak (eskabide berri bat grabatzea edo lehiaketan parte hartzeari uko egitea) baliogabetuko du aurretik egindakoa, eta azkena baizik ez da aktibo geldituko.

–Eskabidearekin batera aurkezten ahal dira beharrezkoak diren agiriak, hala behar denean.

–Eskabideak ez dira onartuko ez badira telematikoki egin izena emateko laguntzailearekin.

C) Uko egitea.

Eskabideak aurkezteko epean, lehiaketako parte-hartzaileek nahi dituzten eskabide guztiak aurkezten ahalko dituzte, baita lehiaketan parte hartzeari uko egin ere, eta B puntuan aipatu den bezala, azken ekintza baizik ez da aktibo geldituko.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, lehiaketan parte hartzeari uko egiten ahalko diote, lehen oinarriko 7. puntuan adierazitakoari jarraikiz, baina hori ezin izanen da izena emateko laguntzailearen bidez egin, aldaketak egiteko itxita egonen baita ordurako, eta, hortaz, IV. eranskina (alegazioen eredua) bidali beharko da sinatuta eta eskaneatuta, ukoa justifikatzen duen dokumentazioarekin batera, helbide elektroniko honetara: concursos.admonjusticia@mjusticia.es.

Mezu elektronikoa bidaltzean, “Gaia” izeneko atalean “UKOA” adieraziko da, fitxategi bakar batean, interesdunaren izen-deiturekin, IFZarekin eta eskabide ereduarekin izendatuta (adibidez, “Luis Pérez Pérez 00000000K V1”).

Bosgarrena.–Baldintzapeko eskaerak.

Kidego edo eskala bereko nahiz desberdineko bi funtzionariok udalerri, barruti judizial edo probintzia berean dauden lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izanen dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek udalerri, barruti judizial edo probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, biek egindako baldintzapeko eskaerak deuseztatu eginen dira. Baldintzapeko eskaera egin nahi duten funtzionarioek eskabidean bertan zehaztu beharko dute, C atalean, norekin baldintzatzen duten, horrexen izen-deiturak eta IFZ adieraziz. Lehiatzaileetako batek ez badu hori adierazten C atalean, bi eskabideak baliorik gabe geldituko dira.

Eskabidearen C atala betetzearekin batera, ulertuko da Lanpostuak Betetzeari eta Sarrerari buruzko Erregelamenduaren 48.2 artikuluan ezarritako eskaera baldintzatua eskatutako hurrenkera zenbaki guztietan egiten dutela.

Seigarrena.–Tramitazioa.

Justizia Ministerioak eginen du baremazioa, bere bulegoetan antzinatasunaz eta hizkuntzaz dauden datu baseak eta eskaeretan jasotako datuak kontuan hartuz; horrez gain, informazio osagarria eskatzen ahalko die eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoei, beharrezkoa denean.

Zazpigarrena.–Esleipenak.

1.–Lanpostuak esleitzeko lehentasun hurrenkera deialdi honetako hirugarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortutako guztizko puntuazioak finkatuko du.

2.–Guztizko puntuazioan –hizkuntzakoa barne– berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasunik handiena duenaren alde ebatziko da, eta hala ere berdinketak irauten badu, kidegoan sartzeko hautaprobetan lortutako ordena zenbakia hartuko da kontuan.

Zortzigarrena.–Behin-behineko ebazpena

1.–Deialdi hau behin-behinekoz ebatziko da arlo horretako eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunekin koordinaturik; hala, emaitzak aldi berean argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean, Justizia Ministerioaren web orrietan eta aipatu autonomia erkidegoetako orrietan.

2.–Behin-behineko ebazpenarekin batera, honako hauek jarriko dira interesdunen eskura Justizia Ministerioaren webgunean (www.mjusticia.gob.es) eta eskumenak transferituak dituzten autonomia erkidegoen wegbuneetan: parte-hartzaile guztien III. eranskinak, baztertutako izangaien zerrenda, baztertuak izateko arrazoiak eta esleipenen zerrenda alfabetoaren arabera.

III. eranskina lehiatzailearen eskabidea da, non bere datu pertsonalak, administrazio egoera eta izena emateko laguntzailean grabatutako destinoen izena eta hurrenkera zenbakia adieraziko baitira, interesdun bakoitzaren lehentasunak adierazita. Gainera, honako hauek agertuko dira: merezimenduen baremoari buruzko informazioa, behin-behinekoz esleitutako destinoa, halakorik bada, eta arbuiatutako hurrenkera zenbakiak, arrazoi eta guzti. III. eranskin hori interesdun bakoitzak soilik ikusten ahalko du, baina ez gainerako lehiakideek, pertsona fisikoek oinarrizko eskubide baitute datu pertsonalak babestuta izatea. Eskubide hori Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikuluak babesten du, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak garatzen du. Bertan zehazten da nahitaezkoa dela pertsona fisikoen datu pertsonalak konfidentzialtasunez tratatzea.

3.–Behin-behineko ebazpenaren, III. eranskinaren eta baztertuen zerrendaren kontrako alegazioak egiten ahalko dira ebazpenean adierazten den egunetik aurrera eta adierazten den epean; horretarako, epe horretan IV. eranskina aurkeztu beharko dute, arrazoiak azalduz, sinatuta eta eskaneatuta, eta dagokion frogagiria, Administrazio Publikoen Administrazio-prozedura Erkideari buruzko Legearen 73. artikuluan ezarritakoarekin bat, helbide elektroniko honetara: concursos.admonjusticia@mjusticia.es, “Gaia” izeneko atalean adieraziz IZEN-DEITURAK ETA IFZ. IV. eranskina eta dokumentazioa fitxategi bakar batean bidaliko dira, izenean izen-deiturak, IFZ eta eskabide eredua jarrita.

Ezarritako epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, adostasuna dagoela ulertuko da, eta onartzen direla datuak, baita baremazioa eta behin-behinekoz esleitutako destinoa ere.

Alegazioak egiaztatuko dira, zuzenbidean egokia dena ebatziko da eta emaitza lehiaketaren behin betiko ebazpenean bilduko da. Horregatik, ez zaie jakinaraziko interesdunei banan-banan.

Honako hau ondoriozko lanpostuen lehiaketa bat denez, behin-behinekoz esleitutako destinoek aldaketak izan ditzakete behin betiko ebazpenean, eskabideen kudeaketan egindako zuzenketen ondorioz. Edozein modutan ere, behin-behinekoz esleitutako destinoak ez du eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

Bederatzigarrena.–Behin betiko ebazpena eta lanpostuaz jabetzeko epea.

1.–Alegazioen gainean ebatzi ondoren, deialdiaren behin betiko ebazpena emanen da, eskumenak transferiturik dauzkaten autonomia erkidegoetako organo eskudunekin koordinaturik

2.–Lehiaketaren ebazpenak kidegoz kidego ematen ahalko dira, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioen kargu-uzteak txandaka egin daitezen, hori baldin eta Administrazioak uste badu denak batera eginez gero zerbitzu publikoarentzat kaltegarria izan daitekeela.

3.–Ebazpena autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan aldi berean argitaratzea lortzen ez bada, epeak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatuko dira.

4.–Lanpostuaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izanen da, funtzionarioak bere herria aldatu beharrik ez badu; zortzi egun baliodunekoa, autonomia erkidego bereko beste herri batera joan beharra badu; eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia erkidego batera joan beharra badu, salbu eta Kanarietako eta Baleareetako autonomia erkidegoetara eta Ceutako eta Melillako hirietara joan beharra izanez gero, horietan epea hilabetekoa izanen baita, abiaburuko edo helmugako lanpostua uharte edo hiri horietan denean.

Lanpostu berriaz jabetzeko epe hori abiaburukoa utzi eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen. Abiaburuko lanpostua behin betiko ebazpenean aipatzen diren egunetan utzi beharko da.

5.–Funtzionarioa oporretan badago, edo baimen edo lizentzia bat badu, haiek bukatutakoan hasiko dira kontatzen jabetza hartzeko epeak, salbu eta haiek eteten badira edo baliogabe uzten badira behar bezala arrazoituriko inguruabar bereziak direla kausa.

Hamargarrena.–Esleituriko destinoen izaera.

1.–Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkoak dira zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2.–Behin betiko ebazpenean esleitutako lanpostuei ezin izanen zaie uko egin.

Hamaikagarrena.–Lehiaketan parte hartzeko mugak.

Lehiaketa honetan behin betiko destinoa eskuratzen duten funtzionarioek ezin izanen dute parte hartu kidego edo eskala bererako beste lekualdatze lehiaketa batean, harik eta Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 529.3 artikuluan ezarritako epeak eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako epeak igaro arte.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 18an.–Justiziako zuzendari nagusia, Rafael Sainz de Rozas Bedialauneta.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatea

Kidegoa: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa.

ORDENA ZK.

IZENA

LET

HERRIA

PROBINTZIA

LANPOSTU HUTSAK

HIZKUNTZA

220

JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA. ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA. Iruña

KUDEAKETA P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

2

X

Bai

13899

PROBINTZIA AUZITEGIA. ARLO ZIBILEKO 3. ATALA (MERKATARITZA ARLOKOA). Iruña

KUDEAKETA P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

1843

LEHEN AUZIALDIKO 5. EPAITEGIA. Iruña

KUDEAKETA P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

1846

LEHEN AUZIALDIKO 6. EPAITEGIA. Iruña

KUDEAKETA P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

5512

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN 3. EPAITEGIA. Iruña

KUDEAKETA P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

9575

TUTERAKO DEKANOTZAKO BULEGOA

KUDEAKETA P. ETA A.

TUTERA

NAFARROA

1

Ez

10227

ZIZUR NAGUSIKO BAKE EPAIT. (IDAZKARITZAREN ELK.)

KUDEAKETA P. ETA A. IDAZKARIA

ZIZUR NAGUSIA

NAFARROA

1

Bai

Kidegoa: Izapidetze Prozesal eta Administratiboa.

ORDENA ZK.

IZENA

LET

HERRIA

PROBINTZIA

LANPOSTU HUTSAK

ONDORIOZKO LANP.

13900

PROBINTZIA AUZITEGIA. ARLO ZIBILEKO 3. ATALA (MERKATARITZA ARLOKOA). Iruña

IZAPIDETZE P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

2

X

Bai

1844

LEHEN AUZIALDIKO 5. EPAITEGIA. Iruña

IZAPIDETZE P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

10813

LEHEN AUZIALDIKO 8. EPAITEGIA (GAITASUNA). Iruña

IZAPIDETZE P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

9701

INSTRUKZIOKO 5. EPAITEGIA. Iruña

IZAPIDETZE P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

5507

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN 1. EPAITEGIA. Iruña

IZAPIDETZE P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

12035

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO FISKALTZA. Iruña

IZAPIDETZE P. ETA A.

IRUÑA

NAFARROA

4

X

Bai

4490

LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 1. EPAITEGIA (EAI.). Lizarra

IZAPIDETZE P. ETA A.

LIZARRA

NAFARROA

1

X

Bai

4496

LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 1. EPAITEGIA (EAI). TAFALLA

IZAPIDETZE P. ETA A.

TAFALLA

NAFARROA

1

X

Bai

Kidegoa: Laguntza Judiziala.

IZENA

LET

HERRIA

PROBINTZIA

LANPOSTU HUTSAK

13901

PROBINTZIA AUZITEGIA. ARLO ZIBILEKO 3. ATALA (MERKATARITZA ARLOKOA). Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

X

Bai

1848

LEHEN AUZIALDIKO 6. EPAITEGIA. Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

Bai

11035

LEHEN AUZIALDIKO 7. EPAITEGIA. Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

Bai

14245

LEHEN AUZIALDIKO 9. EPAITEGIA. Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

Bai

14697

LEHEN AUZIALDIKO 10. EPAITEGIA (FAMILIA EPAITEGIA). Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

Bai

5514

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN 3. EPAITEGIA. Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

Bai

12387

LAN ARLOKO 4. EPAITEGIA. Iruña

LAGUNTZA JUDIZIALA

IRUÑA

NAFARROA

1

Bai

4488

LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 1. EPAITEGIA (ERREG. ZIB.). AGOITZ

LAGUNTZA JUDIZIALA

AGOITZ

NAFARROA

1

Bai

4494

LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 2. EPAITEGIA (ERREG. ZIB.). LIZARRA

LAGUNTZA JUDIZIALA

LIZARRA

NAFARROA

1

X

Bai

4497

LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 1. EPAITEGIA (EAI). TAFALLA

LAGUNTZA JUDIZIALA

TAFALLA

NAFARROA

1

Bai

4506

LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 2. EPAITEGIA (EAI). TUTERA

LAGUNTZA JUDIZIALA

TUTERA

NAFARROA

1

Ez

10177

BURLATAKO BAKE EPAIT.

LAGUNTZA JUDIZIALA

BURLATA

NAFARROA

1

Bai

10174

BAZTANGO BAKE EPAITEGIA (IDAZKARITZEN ELKARTEA)

LAGUNTZA JUDIZIALA

BAZTAN

NAFARROA

1

Bai

10185

CORELLAKO BAKE EPAITEGIA (IDAZKARITZEN ELKARTEA)

LAGUNTZA JUDIZIALA

CORELLA

NAFARROA

1

Ez

10192

NOAIN ELORTZIBARKO BAKE EPAITEGIA (IDAZKARITZEN ELKARTEA)

LAGUNTZA JUDIZIALA

NOAIN ELORTZIBAR

NAFARROA

1

X

Ez

II. eranskina.–Inskripzio-eskabidearen eredua.

III. eranskina.–Destino-eskabidea.

IV. eranskina.–Alegazioetarako eredua.

Deskargatu II. eranskinetik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2211333