175. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

173/2022 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloetan bigarren onarpen aldiari dagozkion onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak, 2022-2023 ikasturterako.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak maiatzaren 5ean eman 97/2022 Ebazpenaren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen eskaintza eta horietan onartua izateko eta hasteko prozeduraren egutegia, 2022-2023 ikasturterako. Ebazpen horretan xedatu da onarpen prozeduraren epe arruntak bi aldi dituela.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenak prozeduraren jarraibideak ezarri ditu Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturterako urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloetan onartua izateko, epe arruntaren lehen aldiari dagokionez, eta 1. eranskineko 2.3 jarraibidean ezarri du Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen batean ezarriko direla onartua izateko bigarren aldiari dagozkion onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak.

Horrenbestez, eta ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloetan onartua izateko prozeduraren epeko bigarren aldiari dagozkion jarraibideak ezartzeko, 2022-2023 ikasturterako.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onarpen epe arruntaren bigarren aldiari dagozkion onarpen eta matrikulazio prozeduraren jarraibideak onestea urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatea egin nahi dutenentzat 2022-2023 ikasturterako. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean zehazten dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 8an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

URRUTIKO LANBIDE HEZIKETA ONLINE EGINEN DUTEN IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARAKO JARRAIBIDEAK. 2022-2023 IKASTURTEA

Onarpen epe arruntaren bigarren aldia

1.–Erabiltzaile izateko betebehar orokorrak.

Betebehar hauek bete beharko dira urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko eskaintzen diren moduluetan ikaspostua eskatzeko:

a) Frogatzea betetzen direla apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 5.1 eta 5.2 oinarrian eta 7.1 eta 7.2 oinarrian, hurrenez hurren, ezarritako sarrera baldintzak. Foru agindu horren bidez arautu zen erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartua izateko prozedura.

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

2.–Onarpen epe arruntaren bigarren aldia.

1. Urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartua izateko epe arruntaren bigarren aldi horretan, honako hauek soilik parte har dezakete: Nafarroan eskaintza-modalitate horretan lehen aldiz izena ematen dutenek edo modalitate horretan Nafarroan matrikulatuta egon ez direnek, eta, lehen aldian onartuak izateko baldintzak beteta, lanbide modulu batean ere parte hartu ez dutenek edo matrikulatu ez zirenek.

2. Eskaintzen diren ikaspostuak izanen dira onarpen epe arruntaren lehen aldian matrikula bidez bete ez direnak. 2022ko irailaren 2an argitaratuko dira Nafarroako Gobernuko Tramiteen Katalogoko «Urrutiko Lanbide Heziketako online inskripzioa» tramiteen fitxan. Helbide honetan dago:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

3.–Onartzeko irizpideak.

2022-2023 ikasturtean ikasleak onartzeko epe arruntaren bigarren aldian, aplikatzekoak dira Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 125/2021 Ebazpenaren 1. eranskineko 5. jarraibidetik 8.era bitartean ezarritako onarpen irizpideak (ebazpen horrek 2021-2022 ikasturtean ikasleak onartzeko prozeduraren bigarren aldia arautzen zuen).

4.–Ikaspostuak gordetzea.

Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 6.2 artikuluan xedatutakoa garatuz, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira desgaitasuna frogatzen duten ikasleentzat. Orobat, modulu bakoitzean bi ikaspostu gordeko dira goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izatea frogatzen duten ikasleentzat. Bigarren onarpen aldian onarpenerako lehen aldian bete ez diren ikaspostuak gordeko zaizkie.

Modulu batean gordeta dauden ikaspostu libreak baino pertsona gehiagok frogatzen badute desgaitasuna, edo modulu batean gordeta dauden ikaspostu libreak baino goi mailako edo goi errendimenduko kirolari gehiago badaude, honako irizpide hauek erabiliko dira erreserbako ikaspostuen adjudikazioa ebazteko:

a) Ikaspostua gordetzea desgaitasuna izateagatik: sartzeko nota altuenaren arabera esleituko da.

b) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzako plazen erreserba apirilaren 27ko 89/2022 Ebazpenaren (Lanbide heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituena) dagokion oinarrian adierazitakoaren arabera izendatuko da.

c) Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetako ikaspostu bat eman diezaiotela, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Bigarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

d) Bigarren aldian betetzen ez diren ikaspostuak eskaintza orokorrari gehituko zaizkio.

5.–Onarpen prozesua.

1. Onarpen epe arruntaren bigarren aldian onartutakoen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

2. Onarpen epe arruntaren bigarren aldiari dagokion matrikula epea amaitu ondoren, honako hauen ondorioz hutsik geratu diren ikaspostuak esleituko dira, lehentasun hurrenkera betez:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatutakoei ofizioz baja emateagatik; hala gertatuko da baldin eta ez badute ikasturtea hasten 15 eguneko epean, ebazpen honetan urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean eskolak ematen hasteko ezarritako egunetik hasita.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

6.–Eskabideak aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, heziketa ziklo bakar bateko moduluetarako; eskabide hori egokituko zaie Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko fitxan inskribatzeko agertzen diren ereduei. Honako helbide honetan daude ereduak:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

2. Bigarren aldiko eskabideak aurkezteko epea: 2022ko irailaren 5etik 9ra.

3. Jarraibideak: Izena emateko inskripzio-orria aukeratutako heziketa zikloa eta moduluak eskaintzen dituen ikastetxearen administrazio-bulegoetan aurkeztu edo entregatuko da, dagokion alditarako adierazitako egunetan.

Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

–Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Educa-Ataria bidezko erregistro telematikoa, aukeratutako zikloa eta moduluak eskaintzen dituen ikastetxeari zuzendua, eta, horretarako, erabiliko da Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean izena emateko” fitxaren esteka, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

Telematikoki izena emateko epea 2022ko irailaren 9ko 23:59an amaituko da.

b) Aurrez aurre, aukeratutako zikloa eta moduluak ematen dituen ikastetxean.

Aurrez aurre izena emateko epea 2022ko irailaren 9ko 14:00etan amaituko da.

–2022-2023 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, inskripzio orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2022-2023 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onartze prozesurako.

–Aipatu tramite fitxan onarpen prozesurako jarraibideak dituzten agiriak izanen dira. Gainditutako moduluak baliozkotzeko edo aitortzeko eskaerei buruzko informazioa ere egonen da, ikaspostua lortu eta zikloan matrikulatu diren ikasleentzat.

–Gehienez ere 6 modulu eskatzen ahal dira inskribatzeko inprimakian. Inskripzioa ez eskatzeko gomendatzen da honako egoera honetan dauden moduluetan: horien baliozkotzea Estatuko oinarrizko araudian ezarrita egonda, Nafarroako araudiaren arabera baliozkotu edo aitortzen ahal direnak.

–Ezin da izena eman urrutiko LHren online modalitaterako eskaintzen diren zikloetatik batean baino gehiagotan, ez eta ikastetxe batean baino gehiagotan ere. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

–Onarpen prozesuan parte hartuko dute, soil-soilik, urrutiko LHko modalitate honetarako eta epe arruntaren bigarren aldi honetarako ezarritako sarrera baldintzak egiaztatu dituztenek.

7.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Erantsi beharreko dokumentazioa:

a) Nahitaezkoa onarpen prozesuan aurkezten diren ikasle guztientzat:

–Izena emateko inprimaki bakarra, ziklo bakarrekoa, gehienez sei modulu markatuta.

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

b) Nahitaezkoa urrutiko LHren online modalitatean eskatutako zikloko moduluetan matrikulaturik egon ez diren ikasleen kasuan:

–Eskatutako zikloan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Eskatutako zikloari dagokion sarrera-nota frogatzen duen dokumentazioa.

c) Aukeran:

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak erreserbatzeko ezarritako bi kasuetako batengatik edo batzuengatik, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, bat etorriz Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenaren 2. eranskineko 6. jarraibidean adierazitakoarekin, 2022ko irailaren 9ko 14:00ak baino lehen.

–Hala badagokio, inskripzioaren xedeko moduluei dagokien zikloko moduluak gainditu izana frogatzeko dokumentazioa. Modulu horiek Nafarroan gainditu badira eta hori Educa kudeaketa sisteman agertzen bada, ez da frogagiririk aurkeztu beharko, ofizioz egiaztatuko baita.

–Hala badagokio, inskripzioaren xedeko moduluei dagokien Lanbide Heziketako titulu berean sartutako gaitasun-unitateak gainditu dituela frogatzen duen dokumentazioa.

–Hala badagokio, lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 8. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria edo Nafarroako enpresetan lan egin izanaren frogagiria.

8.–Lan esperientzia frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Beren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, informazio osagarria eskatzen ahalko du urrutiko LHren online modalitateko zikloko onarpen eta orientazio batzordeak.

2. “Erizaintzako zainketa lagungarriak” erdi mailako ziklorako lan esperientziaren kasuan, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 125/2021 Ebazpenaren 1. eranskineko 8. jarraibidean ezarritakoa aplikatuko da.

3. Urrutiko LHren online modalitateko zikloko onarpen eta orientazio batzordeak gainbegiratuko du aurkezten den lan esperientzia. Batzorde horrek lan esperientziaren gaineko frogagiriak aztertuko ditu, honako hauek egiaztatzeko:

–Aurkezten den lan esperientziak zenbateko zerikusia duen inskripzioaren xedeko zikloarekin.

–Inskripzioaren xedeko zikloarekin zerikusia duten lanetan zenbat urte egin dituen lanaldi osoan, eta zenbat urte egin dituen lanaldi osoan zikloarekin zerikusirik ez duten lanetan.

–Informazio hori eramatea onarpena barematzeko prozesua kudeatzen duen aplikazio informatikora.

9.–Sarrerako nota.

Eskatutako ikasketei eta zikloari dagokien sarrera nota frogatzeko, beteko da Nafarroan zikloetan onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarrian adierazitakoa.

Teknikariaren titulua izan edo Prestakuntzako Ikastaroa edo Sarrerako Ikastaroa egina dutenentzat, sarrerako nota izanen da erdi mailako zikloan lortutako batez besteko nota.

10.–Beste hezkuntza sistema batzuetatik etorritako pertsona helduak.

Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, inskripzio-orriarekin batera, ikasketen homologazioari buruzko baldintzapeko agiria edo behin betiko egiaztagiria aurkeztu beharko dute ikastetxean, batez besteko nota erakutsiko duena. Batez besteko notarik frogatu ezean, ikaslea bere taldeko azkeneko tokira eramanen da.

Dokumentazio hori 2022ko irailaren 9ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko da.

11.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Agiri bidez egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

12.–Zozketa.

2022-2023 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da urrutiko LHren online eskaintzako zikloetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2022ko martxoaren 4an egin zen.

13.–Onarpena.

Ikaslea modulu batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan (eta 40 egin arte gelditzen diren ikaspostuetako batean tokia badu), epe arrunteko lehen aldiko ikaspostuak bete ondoren, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostua esleitzen dionean, bat etorriz uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

14.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

1. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren pertsonen zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Dagokion zikloko moduluetarako, zerrenda horiek jendaurrean jarriko dira maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren (Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturterako urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena) 1. eranskinean aipatutako ikastetxeetan eta Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatean izena emateko” tramite fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_eu/servicios/ficha/3674/formacion-profesional-on-line

2. Behin-behineko zerrendak argitaratzeko datak maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean bigarren aldirako ezarritakoak izanen dira.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskripzio-orria, hango zuzendaritzari igorri beharko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, zuzendu daitezen dokumentazioa aurkeztean edo erregistratzean egindako akats edo hutsak, maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean bigarren onarpen aldirako zehaztutako egunetan.

4. Bigarren onarpen aldirako behin betiko zerrenden argitalpen datak arestian aipatutako maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean ezarritakoak izanen dira.

5. Bigarren onarpen aldiari dagozkion egunetan matrikula egin behar izanen dute ikaspostua lortu duten pertsonek, arestian aipatutako maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren 2. eranskinean aipatuak. Ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan egiten ez bada matrikula, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

6. Matrikula egiteko, jarraibide honetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da: “Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”.

15.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

Matrikulari buruzko 11. jarraibidean ezarritakoa aplikatuko da (Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenaren 2. eranskina).

16.–Onarpen prozesutik baztertzea eta matrikula bertan behera uztea.

Baztertzeari eta matrikula baliogabetzeari buruzko 12. jarraibidean ezarritakoa aplikatuko da (Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenaren 2. eranskina).

17.–Matrikulazio epeak bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen prozesuaren epe arruntaren bigarren aldia bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak adjudikatzen diren arte, edo itxaron zerrenda agortzen den arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Ikasturtearen hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, ikasle-jardueretan hasten ez direnei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak behin betiko itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

18.–Jaiegunak.

Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Egun bereziren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen dio ikastetxeak.

19.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Matrikulen bateragarritasunari eta bateraezintasunari buruzko 15. jarraibidean ezarritakoa aplikatuko da (Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenaren 2. eranskina).

20.–Moduluak baliozkotzeko eta gainditutako moduluak aitortzeko prozedura.

1. Hori ezarrita dago martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 27. artikuluan. Foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena.

2. Moduluren bat ikasteko onartzen diren pertsonek, matrikula egin ondoren, honako hauek eskatzen ahalko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari:

a) Moduluak baliozkotzeko, aplikatzekoa den oinarrizko araudian aipatutako kasuen arabera.

b) Gainditutako moduluak aitortzeko, araudi indardunean ezarritakoaren arabera.

3. Gainditutako moduluak baliozkotzeko eta aitortzeko eskaerak lehenengo egunetik aurrera aurkeztu beharko dira bigarren aldiko matrikula formalizatzeko, maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren (Nafarroan urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren eskaintza eta egutegia ezartzen duena) 2. eranskineko egutegiaren arabera, eta horretarako azken eguna urriko azken egun balioduna izanen da.

4. Moduluak baliozkotzearen aldeko ebazpenak eragina izanen du ikasleak modulu horien matrikulazioa egiten duenean. Erregistratuta geldituko da ikaslearen ikasketa-espedientean, ebaluazio aktetan eta ikasketen ziurtagirian.

Moduluak baliozkotzearen aldeko ebazpena jaso baina horietarako matrikula egiten ez duten ikasleen kasuan, baliozkotzearen aldeko ebazpenak ez du inongo ondoriorik sortuko ikaslearen ikasketa-espedientean.

5. Gainditutako moduluak aitortzearen aldeko ebazpenak eragina izateko, ez da beharrezkoa izanen modulu horiei dagokien matrikula egitea. Gainditutako moduluen kalifikazioa ikaslearen ikasketa-espedientean jasoko da.

21.–Lantokiko Prestakuntzan (LP) inskribatzea eta matrikulatzea.

LPren inskripzioari eta matrikulazioari buruzko 17. jarraibidean ezarritakoa aplikatuko da (Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenaren 2. eranskina).

22.–Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea.

Lantokiko Prestakuntzako moduluaren salbuespenari buruzko 18. jarraibidean ezarritakoa aplikatuko da (Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 119/2022 Ebazpenaren 2. eranskina).

23.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

24.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

25.–Komunikazio bideak.

–Lanbide Heziketa online ematen duten ikastetxeak.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoa: 848 423 232-848 428 981.

–Helbide elektronikoa: dpto-fponlinelh@educacion.navarra.es

Iragarkiaren kodea: F2210930