174. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24/2022 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdia egiten duena Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko, eta deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 619254.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak txosten bat prestatu du, non proposatzen baita onets dadila deialdi hau egiten duen ebazpena: “Gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko II. edizioa”, Gradu Amaierako Lanaren (GAL) eta Master Amaierako Lanaren (MAL) kategorietan, eta haren oinarri arautzaileak onets daitezela.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak adierazten duenez, “gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako”. Halaber, helburu batzuk ezartzen ditu gazteen ikerketak sustatzeko eta sostengu aktiboa emateko.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa eta onesten baitira haren estatutuak, ezartzen du 18 artikuluko d) eta e) letretan ezen Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari dagokiola, besteak beste, gazteriarekin lotutako ikerlanak, azterlanak eta txostenak koordinatu eta egitea, eta editatzea gazteriaren arloan interesekoak diren argitalpenak.

Deialdi hau lotuta dago, halaber, 2021-2023 Gazteriaren III. Foru Planean aurreikusitako ekintza batekin: gazteriari buruzko gizarte zientzien ikerkuntza sustatzea.

Gazteriaren eta haien inguruko errealitateen gaineko azterketak eta ikerketak sustatzeko asmoz, hainbat sari emateko deialdiak antolatzea planteatu da, unibertsitate ikasketen amaierako lanak aurkezteko, Gradu Amaierako Lana eta Master Amaierako Lana kategorietan, haien edukietan jasoz gero gazteriaren inguruko gaiak, humanitateen eta gizarte-zientzien ezagutza-eremuan.

Sari horiek Europako Gazte Txartelari lotzen zaizkio, horren helburua baita, besteak beste, gazteen behar eta nahiei erantzutea hezkuntzan, prestakuntzan eta kulturan, besteak beste, xedea izanik gazteen garapena sustatzea, haien partaidetza eta garapen intelektuala sustatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko II. edizioaren deialdia egitea Gradu Amaierako Lanaren (GAL) eta Master Amaierako Lanaren (MAL) kategorietan, eta haren oinarri arautzaileak eta eskaeraren inprimakia onestea, ebazpen honi eranskin gisa erantsi zaizkionak.

2. Sarietarako, guztira 4.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko 090002 09100 4809 232106 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko II. edizioaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko II. edizioaren deialdirako.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2.–Hartzaileak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izanen dute 30 urte edo gutxiago dituzten gazte guztiek, baldin eta Nafarroan bizi badira, Europako Gazte Txartelaren titularrak badira eta unibertsitate ikasketen amaierako lana egin badute: Gradu Amaierako Lana (GAL) edo Master Amaierako Lana (MAL) gazteriaren arloan, Nafarroan aplikatzekoa humanitateen eta gizarte-zientzien ezagutza-eremuan.

3.–Betebeharrak.

Betebehar hauek konplitu behar dituzte aurkezten diren lanek:

–Nafarroan erroldatutako ikasleek eginak izan behar dira, kontuan hartu gabe zer unibertsitatetan egin diren ikasketak.

–GAL edo MAL bati eskatutako baldintza guztiak bete behar dituzte, eta fakultatean edo zentroan dagokien ebaluazioa gainditua izan.

–8,00 edo hori baino handiagoa izan behar da graduaren edo masterraren amaierako lanaren ebaluazioan lortzen den puntuazioa.

–2020-2021 edo 2021-2022 ikasturteetan aurkeztua eta defendatua egon behar da unibertsitateko ikasketen amaierako lana.

–Lan bera aurkeztu ez izana GAL eta MAL sarien deialdiaren aurreko edizioetan.

4.–Gaia.

Behar den fidagarritasun akademikoarekin, lanek ezagutza aipagarriak ekarri beharko dituzte Nafarroako gazteriari buruz, humanitateen eta gizarte-zientzien ezagutza-eremuan, hainbat diziplinatan: soziologia, hezkuntza, psikologia, ekonomia, zuzenbidea, gizarte lana, komunikazioa...

Ikerketa aberatsa izan dadin, deialdi ireki bat egiten da; hau da gaiak askotarikoak izan daitezke, eta lotura izan behar dute 2020-2023 Gazteriaren Foru Estrategian biltzen diren egiturazko edo zeharkako ardatzetan jasotako esparruetako batekin (https://www.juventudnavarra.es/eu/gazteriaren-foru-estrategia-2020-2023).

5.–Eskabidea: lekua, epea eta dokumentazioa.

Interesdunek hemen aurkez dezakete inskripzio-eskabidea, II. eranskineko eskabide-inprimakiaren araberakoa: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren erregistroko edozein bulegotan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Lanak Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzetako batean idatzita egonen dira, eta baztertu eginen dira beste sariketa batzuetan saria jaso dutenak.

Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:

–NANaren edo IFZren kopia.

–Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

–Unibertsitateko ikasketen amaierako lana egina izatea frogatzen duen titulazioa, oinarri hauen 2. puntuan zehazten den bezala.

–Lortutako kalifikazioa 8,00 edo handiagoa dela frogatzen duen agiria.

–Unibertsitateari aurkeztutako unibertsitate-ikasketen amaierako lanaren kopia.

–Bideo bat, 2 eta 3 minutu artekoa, non izangaiak azalduko baititu gradu edo master amaierako lanaren gaia eta justifikazioa, lana egiteko prozesua eta lanaren ondorioak.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, zazpi egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko.

6.–Epaimahaia eta balorazio irizpideak.

Epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Josu Laguardia Hontañón, Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Jesús Beitia López, NGIko Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Epaimahaiburuordea: NGIko Gazteriaren Behatokiko soziologoa.

Ordezko epaimahaiburuordea: Raquel Ezquerra Sales, NGIko gazteria-teknikaria.

–Epaimahaikidea: Rosa Horcada Baztán, NGIko erdi-mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Lucía Andía García de Olalla, NGIko Toki-erakundeen eta Gazte Elkarteen Bulegoko burua.

–Idazkaria: Arantza Lalinde Zabala, NGIko administraria. Hitza izanen du, baina botorik ez.

Ordezko idazkaria: Elena Latorre Requetibate, NGIko administraria.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak jasotzen ahal du Nafarroan kokatutako unibertsitateen aholkularitza eta laguntza (NUP, UNAV eta UHUN).

Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:

Kalitate teknikoa; Nafarroako gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lan onenen programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:

1. Kalitate teknikoa eta zorroztasun kontzeptuala eta metodologikoa:

a) Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduera esparrua): 10 puntu gehienez.

b) Planteamenduarekin koherentzia: 10 puntu gehienez.

c) Azalpen argiak: 5 puntu gehienez.

d) Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu gehienez.

e) Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala: 10 puntu gehienez.

Lehen atal honetan, guztira: 50 puntu gehienez.

2. Aztergaiaren garrantzia: ikasketaren xedeak gazteen bizitzan izan dezakeen eragina, emaitzei eta onurei dagokienez: 10 puntu gehienez.

3. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 eta Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuetan jasotako edozein esparrurekin: 10 puntu gehienez.

Foru estrategia horretan jasotako eremuak edo arloak honako hauek dira:

–Elkartegintza.

–Gizarte-inklusioa.

–Bizikidetza eta generoa.

–Boluntariotza.

–Lurralde garapena.

–Hizkuntza politika.

–Aisia eta astialdia.

–Hezkuntza formala.

–Hezkuntza ez-formala.

–Etxebizitza.

–Enplegua eta laneratzea.

–Osasuna.

–Kultura.

–Mugikortasuna.

–Kontsumoa.

–Kirola.

–Bizitzaren jasangarritasuna.

4. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

5. Bideoko azalpena berritzailea eta originala izatea. 10 puntu gehienez.

6. Ondorioak eta gomendioak: zehatzak, egokiak eta berritzaileak aztertutako kasuaren testuingururako. 10 puntu gehienez.

Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten lanak aukeratuko ditu: bi onenak (GALaren lehenengo saria eta MALaren lehenengo saria), eta bi bigarrenak (GALaren akzesita eta MALaren akzesita); eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

7.–Sariak.

Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:

Lan kategoria bakoitzean (GAL eta MAL) egindako lanik onena eta akzesit bat aitortuko dituzte sariek, banaketa eta zenbateko hauekin:

–GALaren lehen saria: 1.500 euro.

–GAL akzesita: 500 euro.

–MALaren lehen saria: 1.500 euro.

–MAL akzesita: 500 euro.

8.–Ebazpena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Sari-ematea, gainera, Institutuaren web orrian eta sare sozialetan argitaratuko da. Saria jasotzen duten lanak Gazteriaren webgunean argitaratuko dira: https://www.juventudnavarra.es/eu

9.–Jabetza intelektuala.

Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

10.–Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

  • Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.
  • Xedea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko eskumenekoak diren laguntzak, bekak, dirulaguntzak eta sariak eman, kudeatu, kontrolatu eta horien gaineko jarraipena egiteko prozedurak gauzatzea.
  • Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
  • Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
  • Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

–Informazio gehigarria:

  • Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu:

https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf#lnk

11.–Antolatzailearen erantzukizuna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabeheren gainean ebaztezko.

Orobat, ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.

12.–Harremanetarako datuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña

848 423900

juventud@navarra.es

www.juventudnavarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2205079