174. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

774EE/2022 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Martzillako Las Planillas parajean 2.498 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; María Estela Arana Aicua SL da proiektuaren sustatzailea.

Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, María Estela Arana Aicuak, 2022ko martxoaren 14an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan aurkeztu zuen Martzillako Las Planillas parajean kokatutako 2.498 plazako zerri gizendegiaren proiektua.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, proiektua sartzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 3 epigrafean. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena

2021eko urtarrilaren 21ean, proiektuaren titularrak jarduera sailkaturako udal lizentziaren eskaera aurkeztu zuen Martzillako Udalean, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2021eko maiatzaren 3an (101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), ingurumen eraginaren azterketa eta jarduera sailkaturako udal lizentzia eskuratzeko aurkeztutako gainerako agiriak 30 egunez jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen Martzillako Udalak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, udalak kontsulta egin zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Martzillako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitateari. Espedientean honako hauen erantzunak daude: Ingurumen Eraginaren Atala, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Martzillako Udala eta Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatea. Interesdunei ez zitzaien kontsultarik egin.

Txosten honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko aldiaren emaitzen laburpenak.

2022ko martxoaren 18an, proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpenaren eskaera aurkeztu zion udalak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, baita horretarako dokumentazio osoa ere. 2022ko martxoaren 21ean, zerbitzu horrek Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.

Espedientea izapidetu bitartean, udalari lizentzia eskatu zitzaionetik eraginaren adierazpena idatzi zen arte, bost dokumentazio-eranskin gehitu zaizkio espedienteari, errekerimendu teknikoei eta arroko erakundearen kontsultetako erantzun-txostenari erantzuteko. Dokumentu horiek kontuan hartu dira ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozeduran.

Azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa:

Haragitarako ardi-ustiategi baten ekoizpen-orientazioa aldatzea proiektatu da, eta 2.498 plazako edukiera duen zerri gizendegi batera igarotzea, Martzillako 9. poligonoko 284. lurzatian dagoen garai bateko ardi-bazkaleku baten instalazioak aprobetxatuz. Instalazioak biltegi izaera duten eraikinen zati bat hartuko du, eta, horrez gain, gizendegirako nabe berri bat eta mindak eta ura biltegiratzeko kanpoko bi putzu izanen ditu.

Proiektuaren xede den lurzatia Arga eta Aragoi ibaiek bat egiten duten lekuan dauden terraza batzuen goiko terrazaren ertzean dago, lehorreko eremu estentsiboaren barruan, Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuan, “Erriberriko Merindadeko zereal-estepak”, kategoria “altuko” “La Plana” azpieremuaren barruan, eta kategoria “oso altuko” “La Planilla - Corraliza Baja” azpieremuaren albokoa da.

Eremuak ingurumen balio ezagunak ditu, batez ere katalogatutako estepako abifaunaren presentzian oinarrituak, eta horiek eragin zuten Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremua mugatzea. Hala ere, jarduerak ez du abifaunak erabil dezakeen habitatik okupatuko; izan ere, lurzati hori jada antropizatuta dago, ez du balio natural garrantzitsurik, eta aurreko jardueraren urbanizazioak eraldatu du.

Mindak banatzeko eremu potentzialari dagokionez, ustiategia nitratoen kutsaduragatik kaltebera den eremutik gertu dagoela adierazi behar da, hots, “Ebro-Aragoi” eta “Zidakos ibaiaren arroa” eremutik gertu. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2021eko abenduaren 9an eta 2022ko apirilaren 8an egindako txostenek adierazten dutenez, 2016-2021 aldiko Ebroko Plan Hidrologikoa kontuan hartuta, aipatutako azaleko eta lurpeko ur-masak kutsatzeko eta degradatzeko arriskua dago, jarduerak lurzoruan eragiten duen nitrogeno-karga handitzeagatik, baldin eta eremu kalteberetan ongarritzea egiteko mindak banatzea proiektatzen bada. Espedientea izapidetzean, sustatzaileak simaurrak eta mindak kudeatzeko plana aldatu du, nekazaritzatik eratorritako nitratoek eragindako kutsadurarekiko kalteberak diren eremuetako laboreetan halakoak ez aplikatuz.

Ingurumen eraginaren azterketan adierazitakoaren arabera, ez da aurreikusten eraikuntzak eragin nabarmenik izanen duenik kokalekuan; izan ere, instalazioak beharrezkoak diren sarbidea, hornidura elektrikoa eta zuzkidura ditu, eta, lehen esan bezala, jarduerak ez du abifaunak erabil dezakeen habitatik okupatuko. Era berean, azterketan kontuan hartu da ordezkatutako jardueraren aldez aurreko trafikoa eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukera, habitatak babesteko asmoz, eta minda nekazaritzako ongarri gisa aplikatzea eta abifaunak eremua erabiltzea bateragarri izan daitezen. Neurri horiek ebazpen honen eranskinean jaso dira.

Abifauna ukitzen duten trafiko-eragozpenek eragindako zeharkako ukipenei dagokienez, kasu okerrenetan ugalketarako, hazkuntzarako eta elikadurarako habitatak bertan behera uztea eragin dezaketenez, eta eremuaren erabilerari eta instalazioaren egungo konfigurazioari eragiten dietenez, komenigarritzat jotzen da baldintzak ezartzea jarduerarako aurreikusitako trafiko-mailak egungoaren maila gaindi ez dezan; izan ere, alderdi hori kritikoa da, eta etorkizunean zabaltzeko dimentsioa eta aukera baldintzatuko ditu.

Halaber, proiektuan aurreikusitako neurri zuzentzaileak indartu nahi dira, fauna eta gaueko zerua instalazioen kanpoko argiteriaren igorpenetatik babesteari dagokionez, bai eta garbitzeko, izurriteak kontrolatzeko eta gorpuak kudeatzeko jarraibideak ere, sarraskijaleak eta abere oportunistak ez daitezen bertaratu, estepako hegaztien dinamika naturala alda ez dezaten.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau berrikusita, baliabideen kontsumoari eta usainen sorreraren eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolari lotutako ondorioez gain –ingurumen baimen integratuaren espedientean ebaluatzen dira alderdi horiek–, honako hauek dira kontuan izan beharreko ingurumen alderdiak: faunaren eta habitat naturalen gaineko eragina, eta paisaiaren eraldaketa.

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), jakinarazi da ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela eragin larririk sortuko ingurumenean, ezta Natura 2000 Sarean ere, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egiten da Martzillako Las Planillas parajean kokatutako 2.498 plazako zerri gizendegiaren proiektuari dagokionez. María Estela Arana Aicua SLk sustatu du proiektua.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Ustiapena maneiatzeko sisteman, eta bereziki garbitasunari, elikadurari eta abere hilen kudeaketari dagokienez, aukeren bila dabiltzan animaliak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da, inguruetako basa hegaztiak harrapatzen aritu baitaitezke. Horrela, animalien hondarrak edo elikagaiak behar bezala estali gabe egotea saihestuko da.

Hildako animaliak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, estalki itxiekin, edo bestelako gailu baliokideak erabiliz, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak erakartzea mugatu eta horiek animalien hondakinetara iristea saiheste aldera.

–Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuko argi-kutsadura, argi arrotza eta fauna-espezieen gaineko eragina minimizatzeko, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan (Kanpo-argiztapeneko instalazioetako energia-eraginkortasunari buruzko Erregelamendua onesten duena) aurreikusitakoa bete beharko da, baita haren EA-03 jarraibide tekniko osagarria ere, eta, zehazki, honako hau:

–Argi-puntuen goi hemisferioaren gehieneko fluxua (GHF) % 1 baino gutxiago izanen da argi-puntu guztietan eta kanpoaldeko argiteriaren edozein erabileratarako.

–Lanparei dagokienez, aipatutako hegazti espezieak direla-eta, instalazio-eremua errege dekretuaren E1 eremuarekin parekatuko da, eta sodio-lurrunezko lanparak erabili beharko dira. Lanpara horiek erabili ezin direnean, 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragazi eginen da. Ez dira erabiliko argi zuri-urdina igortzen duten lanparak (LED argiak, adibidez, LED anbar argiak izan ezik).

Kanpo-argiztapena behar-beharrezkoak diren lanei dagokien denboran erabiliko da, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Ur putzuak honako neurri hauek izan beharko ditu, uretara istripuz erortzen ahal diren animaliek handik irteteko aukera izanen dutela ziurtatzeko: ezpondetako batek gutxienez 3H:1B malda izanen du, eta, ur mailaren eta lurzoru naturalaren artean, ezpondaren gainazal osoa ongi ainguratutako sare plastiko sendo batez estaliko da, zimurdurak sortzeko.

–Jardueraren ondoriozko trafikoaren eraginari dagokionez, ebazpen honetan jasotako baldintzek proiektatutako jardueraren dimentsioari, orientazioari eta ekoizpen-ahalmenari eutsi behar diete hertsiki, eta alderdi horien aldaketa kontuan hartu behar da, faktore horien eraginez adierazpenaren baldintzak berrikusi beharko baitira, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean ezarritako prozeduraren arabera.

–Jarduerak simaurra edo animalia-gorotzetatik eraldatutako beste produktu batzuk kudeatzeko formula gisa nekazaritzako aplikazioaren bidez balorizatzea erabakitzen badu, baimendutako simaurren kudeaketa planak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Lurzatiak eremu babestu baten barruan edo Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuan badaude, banaketak “Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa” bete beharko du. Protokolo hori ebazpen honen eranskinean dago.

b) Minda-putzua iraila eta otsaila bitartean hustuko da, biak barne.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak

–Katalogatutako abifaunaren gaineko eragina saihesteko, obrak irailaren 1etik otsailaren 28ra bitartean egin beharko dira, estepako abifaunaren ugalketa-alditik kanpo, eta obretako jarduketak (pilaketak eta makinak lekuz aldatzea) instalazioaren lurzatira mugatuko dira, okupatutako eremutik kanpoko larrea ukitu gabe.

–Lanak hastean, landare-lurra atera eta pilatuko da (lurzoruaren gainazaleko horizonte emankorra), landarediaren hazi-bankua daramana, eta gainerako hondeaketa-lurretatik bereiziko da. Lurzatian bertan betelanetarako erabiltzen ez diren soberako lurrak eta obra-hondarrak baimendutako zabortegira eraman beharko dira, eta ezin izanen dira pilatu edo utzi obren ingurunean.

–Obren ingurumen integraziorako, urbanizatu gabeko azaleretara edo instalazioko beste elementuekin okupatutako azaleretara zabalduko da landare-lurra, eta lurra prestatu eta landa- eta belar-ereintza eginen da. Proiektatutako landaketaren ordez, landa-ereintza sendotuko da, gutxienez landare zurkara hauetako hiru landatuz: Lavandula latifolia, Helichrysum estoechas, Thymus vulgaris, Dorycnium pentaphylum, Santolina chamaeciparisus.

–Lanak hasi baino lehen, gutxienez 48 ordu lehenago, Tuterako demarkazioko basozainari jakinarazi beharko zaio (ogfotude12 @navarra.es), hark deklarazioaren epeak eta baldintzak betetzen direla egiazta dezan.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza

–Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

–Fauna nekrofagoa gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartutako neurriari buruzko dokumentazio grafikoa.

c) Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

d) Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Basozainei (Tuterako barrutia) eta Martzillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Martzillako 9. poligonoko 284. lurzatian, haragitarako ardien ekoizpen-orientazioa aldatzea proiektatu da,eta zerri gizendegira aldatzea. Zerri gizendegi berriak 2.498 plaza izanen ditu, eta Martzillako 9. poligonoko 284. lurzatian dagoen garai bateko ardi-bazkalekuan instalatuko da.

Instalazioak 130 x 15,5 metroko eta 5,5 metroko altuerako nabe bakarra izanen du, abereak gizentzeko, eta plastikozko xaflaz iragazgaiztutako 3.042 m³ eta 730 m³-ko bi idoi, mindak eta ura biltegiratzeko, hurrenez hurren. Instalazioko eraikinen zati bat lokal tekniko eta biltegi gisa aprobetxatuko da. Kokalekuak ureztaketatik datorren ura du, eta gasolio bidezko sorgailu batetik elektrizitatea hornitzea aurreikusten da.

Nabea lurzatiaren hegoaldean eraikiko da. Horren mendebaldean, ustiategia alde horretatik mugatzen duen bidearen ondoan, minda-idoia egonen da. Osorik hondeatuko da eta isuriak murrizteko xafla malgu batez estaliko da. Ur-idoia lurzatiaren beste muturrean kokatuko da. Ia osorik hondeatuko da 1H:1B-ko barne-ezponda batekin eta 5H:1B-ko kanpo-ezponda batekin; plastikozko xafla batez iragazgaiztuko da hori. Gainera, alde batean faunak ihes egiteko egokitutako akabera zimurtsua izanen du.

Ustiategian dauden eraikinetatik, bat sarrera kontrolatzeko lokal tekniko bihurtuko da, eta eskorta, berriz, ipar-mendebaldean, nekazaritzako material eta lanabesentzako biltegi-nabe izanen da. Gainerako eraikinek ez dute erabilerarik izanen, eta egungo kanpoko patioa deseginda geratuko da. Aziendaren eskorta eta idoiak sare metalikozko hesi batekin itxiko dira.

Lurzatira hego-ekialdeko mugatik sartzea aurreikusi da, proiektatutako gizendegiaren nabearen ondotik, Caparrosoko geltokitik datorren kontzentrazio-pista bati jarraituz. Iruñea-Tutera N-121 errepidearen ondoan dago; 5,5 km ingurukoa da, eta abelbideen bi adar eta Milagro-Aezkoa errege altxonbidea zeharkatzen ditu. Instalazioak hornidura elektrikoa izanen du, gasolioz eta zuzkiduraz elikatutako multzo elektrogeno batetik abiatuta, eta gaur egun lurzatia hornitzen duen ureztaketatik datorren uraren emakida handituko du.

20-22 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, animaliak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta zikloen artean huste sanitarioa eginez. Ustiategiak 2.229 m³ minda balorizatzea aurreikusi du, 251 ha-tan banatzeko, nekazaritza-aprobetxamendua egiteko (horien hiru laurdenak Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuko lehorreko azalerari dagozkio, eta gainerako laurdena nitratoen kutsadurarekiko kaltebera den eremu ureztatuari); horrez gain, ustiategiko gorpuak kudeatzaile baimendu bati ematea aurreikusi da. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 1.366 tona pentsu, 5.500 m³ ur eta 1.800 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Martzillako Udala

X

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatea

X

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak organo substantiboari (udala) dokumentazioaren betekizunen eta espedienteak jarraitu beharreko urratsen berri ematen dio, ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko eta jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren Ingurumeneko Departamentuan ingurumen eragina ebaluatzeko izapidea has dadin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 39. eta 40. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak hirigintzako eta lurraldeko planeamenduari buruzko ohartarazpenak egiten ditu, eta horiei dagokienez, 5. lurralde antolamenduko planak (LAP-5 “Ebroko ardatza”) adierazten du lurzatia ez dagoela sartuta ez babes bereziko eremuetan, ez arrisku naturalak izateagatik babestu beharreko lurzoruetan. Hala ere, jakinarazten du 9. poligonoko 281. lurzatia (bertarako sarbidea finkaren hego-ekialdeko muturrean aurreikusita dago), masa komuntzat hartzen dela, eta nekazaritzako azpiegituren baimena lortu behar dela sarbidea egiteko; gainerakoan, proposamena bateragarria da lurralde planeamenduarekin.

Martzillako hirigintzako udal planeamenduari dagokionez, lurzatia “gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, ingurumen aldetik balioa duena-estepako zona” gisa sailkatuta dagoela adierazten da, eta plan horren araudi partikularrak ezartzen duela abeltzaintza intentsiboko eraikuntzak baimendu daitezkeela beharra justifikatuz, betiere lurzoruaren kontsumo handia eragiten ez badute.

Jakinarazten denez, okupazio eta eraikingintza baldintzak arautzen dituzten udal araudiko 4 eta 6.5 artikuluak aplikatuz, 4. nabea eraitsi behar da, lurzatiaren mendebaldeko mugarekin mugan dagoena. Izan ere, ez du udal plana betetzen, ez baitu mugatik gutxieneko distantzia errespetatzen eta ez baitu zerri-jarduerarako erabilera espezifikorik. Nabeei atxikitako eraikuntza txikiek ere ez dituzte betetzen baldintza horiek; beraz, horiek ere kendu egin beharko dira. Era berean, beste ohartarazpen batzuk ere azaltzen ditu udal planean, honako hauei buruz: eraikinen eraikuntza-ezaugarriak, nabeen arteko eta mugekiko distantziak, hirigunerako distantziari eragiten dion araudi sektorialaren baldintzatzaileak, aireko harguneak debekatzea eta zuhaitz landatzeen bidez eraikinak kamuflatzeko betebeharra, gutxienez eraikinaren bi albo zabalenetan, fatxada-hormetatik 6 metro baino gutxiagora.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazten da.

Martzillako Udalak udal arkitektoaren txostena bidali du. Txosten horren arabera, proiektatutako jarduera honelako lurzoruan dago kokatuta: “gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, ingurumen aldetik balioa duena-estepako zonak”. Lurzoru-kategoria horretarako, udal planeko erabilera-arau orokorrek eta zaintza-irizpideek estepako faunaren populazioak hartzeko gaitasuna ziurtatzeko baldintzak ezartzen dituzte, zonako nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerak mantenduz, egungo egoeran gertatzen den bezala (lehorrekoa, lugorria, larratze estentsiboa), eta ahal den neurrian aldaketak saihestuz.

Azaltzen denez, araudiak jarduera onartu gisa ezartzen ditu ardi abeltzaintzako eraikuntzak eta abeltzaintza intentsiborako baimendu daitezkeenak, betiere lurzoruaren kontsumo handia ez badakarte. Adierazten denez, eraikinen forma- eta eraikuntza-ezaugarriei eta elementu osagarrien ezarpenari dagokienez, aurkeztutako espedienteak oro har betetzen ditu udal planeamenduaren oinarrizko zehaztapenak.

Era berean, proiektua aplikagarri den sektore-araudiari, osasun-araudiari, antolamendu zooteknikoari eta animalien ongizateari buruzko araudiari egokitzeko bete beharreko alderdiak errepasatzen ditu, baita araudian ezarritako distantziei dagokienez proiektua egokia den ere. Azkenik, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerak izapidetzeko jarraitu beharreko urratsak azaltzen ditu.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak baieztatu du instalazioak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituenean, ezarritako kokapen baldintzak. Halaber, proiektuak ezarritako teknika erabilgarri onenak (TEO) betetzen direla justifikatzeko betebeharra duela adierazi du, etxeko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiboari dagokionez. Zehazki, pentsuen nutrizio-estrategia eta formulazioa aipatzen ditu, ugalketa garaiaren arabera nutrizio-baldintza desberdinetara egokitzeko, proteina gordinaren kantitatea eta eskortan atmosferako emisioak murrizte aldera, bai eta idoietan amonio-emisioak % 80 murrizteko teknikak aplikatzea ere, erreferentziako teknikarekin alderatuta.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txostena bidali du ingurumenaren ikuspegitik eta ingurune hidrikoan izan daitezkeen eraginei buruz, eta Valtraviesako sakanak eta Saso ibaiak mugatzen duten kokalekua identifikatu du, aztertutako eremuaren hegoaldean.

Lurpeko hidrologiari dagokionez, kokapena hurbil dago “Ebro-Aragoi alubiala: Lodosa-Tutera” deituriko lurpeko ur-masatik (kodea: ES091MSBT049). Erakunde horrek adierazten du azken masa horren egoera kuantitatiboa “ona” dela, baina haren azken egoera “txarra” da; lurpeko ur-masaren ingurumen helburua “egoera ona lortzea (2016-2021)” da.

Masa horri dagokionez, txostenak azpimarratzen du, mindak kudeatzeko, haztegiaren inguruko laborantza-lurretan ongarri gisa aplikatzen badira, horrek nitrogeno-karga handitzea eraginen duela eremu batean, eta, nekazaritza-jatorriko nitratoen kutsadurarekiko kalteberatzat jotzen ez bada ere, ustiategia ezartzeak bertan nitrato-kontzentrazioa handitzea eta masen kalitatea narriatzea ekarriko duela.

Azaleko hidrologiari dagokionez, “Zidakos ibaitik Arga ibairainoko Aragoi ibaia” deituriko azaleko ur-masak (kodea: ES091MSPF421), ustiategia kokatzen den isurialdeko arroarekin lotuta dagoenak, egoera ekologiko “ona” du, eta masaren egoera “ona edo hobea” da. Masa horren egoerari dagokionez, helburua “2021ean egoera onari” eustea da. Dena den, giza jarduerak eragiten dituen presioak eta ingurunean izandako eragina aztertzen dituen metodologiaren arabera, azaleko ur-masa kutsatzeko eta degradatzeko arriskuaz ohartarazten da, lurzoruan nitrogeno-karga handitzeak dakarren presioaren berri emanez eta ur-masak presio “handia” jasaten duela kontuan hartuz.

Adierazten denez, ustiategian sortutako minden osagai diren nitratoen (NO3-) eta fosfatoen (PO4/3-) soberakina lurzoruaren eta uren eutrofizazioaren erantzulea da, baita uraren kutsaduraren erantzulea ere, nitrogenoa nitrokonposatu moduan (No2X) igarotzen denean bertara.

Txostenean, arroko erakundeak, ur-masen gaineko presioak eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren egungo planean planteatutako ingurumen helburuak kontuan hartuta, zalantzan jartzen du, bere irizpidearen arabera, “zerri-ustiategiaren ingurumen bideragarritasuna eta bereziki kritikotzat jotzen du mindak ongarri gisa aplikatuz kudeatzea haztegiaren inguruko laborantza-lurretan, nitrogeno-karga handitzea ekarriko baitu; nahiz eta nekazaritza-jatorriko iturrietatik eratorritako nitratoen kutsadurarekiko kaltebera gisa sailkatuta ez dagoen eremu batean aplikatu, kontuan hartuta ‘Ebro-Aragoi alubiala: Lodosa-Tutera’ ur-masarako azaldutakoa, proiektatutako ustiategia eraikitzeak lixibiazio-arriskua eta kutsadura lausoa izateko arriskua handitzea ekarriko du”. Jarduketa baimentzea erabakitzen bada, ohar batzuk ezartzen ditu, jarduketa-eremuko ingurune hidrikoa une oro babesteko.

Era berean, titularrak Jabari Publiko Hidraulikoa Kudeatzeko Eremuari beste ur-emakida bat eskatzeko duen betebeharraren berri ematen du, horretarako behar den dokumentazioa aurkeztuz.

2022ko apirilaren 8an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ingurumen Kudeaketako Arloak txosten osagarri bat bidali zuen, titularrak 2021eko abenduaren 9an ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulten izapidean emandako txostenari erantzunez aurkeztutako dokumentazio berriari erantzuteko.

Txosten horretan, haztegiko simaurren kudeaketa planaren sarrera jaso izanaren berri eman zen (zk.: 1630090284/2/1), oraingoan behar bezala beteta, txostenaren lurralde-plana osorik ez zegoelako; izan ere, Martzillako udalerriko zenbait lursail ez zeuden jasota izapidetze-prozesuan.

Sustatzaileak alegatutakoaren arabera, mindak ongarri gisa aprobetxatzea ez zaie modu gehigarrian aplikatzen ongarri mineral artifizialei, baizik eta modu osagarrian; hala, karga nitrogenatua urtero berdina izaten da, eta arroko organoak berretsi egiten du, aurretiazko txostenean adierazitakoari dagokionez, mindak kudeaketa-planaren eremuan nekazaritza-banaketarako erabiltzea arriskutsua dela azaleko eta lurpeko urentzat.

Azken horri dagokionez, adierazten du ongarri organikoak ez duela laguntzen ur-masaren gainean izandako eragina hobetzen edo lehengoratzen, eta, beraz, egiazta daiteke lurzoruan aplikatzeak ez dakarrela kasuan kasuko lurraren karga jaistea edo gutxitzea. Gaineratzen denez, kudeaketa-plana simaurren kudeaketa planean (2022ko apirilaren 8ko txostena) sartutako lurzatien xehetasunekin berrikusi ondoren, ikusten da minda erabiltzea aurreikusten den lurzatietako batzuk nitratoek kutsatutako urengatik kaltebera den eremu baten barruan daudela, hots, “Ebro-Alagón” deituriko eremuan (kodea: ES22–ZONA2).

Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak adierazi du ordenantza fiskalen kudeaketak ezarritakora egokitu beharko dela bere eskumeneko hiri-hondakinekin pareka daitezkeen industria-hondakinen kudeaketa. Gainerako hondakinak baimendutako kudeatzaile baten bidez bideratuko dira, hondakinen sailkapenaren arabera.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza-plana

Tramitazioan jaso da ingurumen eraginaren azterketa bat, Jarduera sailkatuaren udal lizentzia lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa barne hartzen duena, eta ingurumenaren ikuspegitik aukera onuragarriagotzat jotzen duena hautatutako aukera.

Azterlanak alderdi garrantzitsuak jasotzen ditu, eta proiektuak ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen eraginak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa ziurtatzeko beharrezko diren neurriak ezarriz. Dena den, ez du sakontzen abifaunaren espazioaren erabileran eta jarduerak haren gainean duen eraginean; izan ere, alderdi hori garrantzitsua da izapidetzean, instalazioaren kokapena eta jardueraren simaurrak banatzeko lurralde-planaren zati esanguratsu bat Erriberriko merindadeko zereal-estepetako Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuetan baitago (La Planilla eta La Plana azpieremuak). Proiektuaren neurriek, alde batetik, prebentziozkoak, obrek proiektuaren eremuan izanen duten eragina mugatzekoak eta funtzionamenduan zehar ingurumenean izanen duen eragina murriztekoak dira.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

IV. ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltegi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak eragina badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta dagoen lurzatiren batean (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 Sarean edo Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Garrantzizko Eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, faunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatze aldera.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Leku horietan minda zabaltzeko, banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiekiko tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Otalur edo alfer lur horiek, bereziki intereseko habitatak badira –KBEan zein hortik kanpo egon–, ez dute zeharkako kalterik izan behar, mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren laborantzatik sor daitezkeen jariatzeen edo putzuen ondorioz.

–Debekatuta dago mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, kontuan hartuta bai ibilgu nagusiak bai bigarren mailakoak. Ur masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur-ibilguen eta hezeguneen kutsapena saihestuko da, sasoian sasoikoak izan nahiz iraunkorrak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta sakanetako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2210956