174. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

765E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Artzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Aldaketak Hiriberri Artzibarko 34. poligonoko 13. lurzatiari eragiten dio, eta Araceli Oroz Torreak sustatu du.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Artzibarko Udalak 2022ko maiatzaren 31n onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23koan.

Aldaketaren xedea da Hiriberriko hiri-lurzorua handitzea, 34. poligonoko 13. lurzatiaren zati bat gehituz.

13. lurzatia mistoa da, eta 2.596,31 m²-ko azalera du guztira; horietatik 137,61 m² baino ez daude hiri-lurzoruaren barruan (13A azpilurzatia), eta han dagoen etxebizitzari dagokion azalera da. Hiri-lurzoruaren mugaketa aldatzea planteatzen da, 13 D azpilurzatia sartzeko; bertan, biltegi ireki txiki bat, eraikin baten aurriak eta igerileku bat daude. Handitze horrek 572,19 m²-ko azaleraren sailkapena aldatzea dakar. L formako eremu bat da, gorde beharreko lurzoru urbanizaezin izatetik (nekazaritzako produktibitate ertainekoa) hiri-lurzoru izatera igaroko dena. Bertan, etxebizitzari atxikitako eremua kokatzen da, aisiarako erabiltzen dena. Eremu txiki bat da, eta bertan ez da ingurumen balio aipagarririk identifikatzen; beraz, ez da aurreikusten ingurumen ukipenik sortuko denik.

Egia da Hiriberriko gunea eta Artzibarko beste zenbait landagune, multzoan harturik, paisaiaren aldetik interesa duten gune gisa nabarmentzen direla. Beraz, balio horiek aintzat harturik, hiri-lurzoruan egiten diren jarduketak herriaren gainerako aldeetako paisaiarekin egoki integratu beharko lirateke.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Artzibarko Udal Planaren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak Hiriberri Artzibarko 34. poligonoko 13. lurzatiari eragiten dio, eta Araceli Oroz Torreak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Artzibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2210819