174. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

31/2022 FORU AGINDUA, abuztuaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baitira abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Agindua eta haren aldaketak. Foru agindu haren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako.

Abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako zenbait prebentzio neurri hartu ziren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako ikasleek maskarak erabiltzeari dagokionez (unibertsitateko irakaskuntza barne). Era berean, neurriak hartu ziren irakasleek maskara erabiltzeari, jangelari eta eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez, eta maskara eskola-garraioan erabiltzeari dagokionez. Hiru urtetik gorako ikasleentzat derrigorrezkoa izan zen.

Ondoren, foru agindu hori partzialki aldatu zen (3.b puntua) Osasuneko kontseilariaren irailaren 8ko 33/2021 Foru Aginduaren bidez.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren irailaren 29ko 35/2021 Foru Aginduak, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta indarrean diren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak, berariaz deklaratu zuen indarrean zegoela abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Agindua (aldaketak barne), zeinaren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako.

Une honetan, maskarak erabiltzeko betebeharra apirilaren 19ko 286/2022 Errege Dekretuak arautzen du, zeinaren bidez aldatu baitzen maskarak erabiltzeko betebeharra COVID-19ak eragindako osasun-krisialdian; arau hori Estatuko lurralde osoan da aplikatu beharrekoa, eta, beraz, Nafarroan ere bai.

Aurrekoa oinarri hartuta, argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa lortu nahian eta egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, bidezkoa da indarrik gabe uztea abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Agindua (aldaketak barne), zeinaren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako. Horiek horrela, Nafarroan maskarak nahitaez erabili behar dira apirilaren 19ko 286/2022 Errege Dekretuan araututako kasuetan soilik (286/2022 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen maskarak erabiltzeko betebeharra COVID-19ak eragindako osasun-krisialdian).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Indarrik gabe uztea abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Agindua eta haren aldaketak. Foru agindu haren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako.

2. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntzako, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko eta Osasuneko idazkaritza tekniko nagusietara.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 23an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2211566