173. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MARTZILLA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko obra eta zerbitzuetako peoiaren lanpostu bat, koordinatzaile eginkizunak dituena

Mario Fabo Calero, Martzillako Udaleko alkateak, 2022ko abuztuaren 4ko 781/2022 zenbakidun Ebazpenaren bidez, erabaki zuen hasiera ematea obra eta zerbitzuetako peoiaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaketa-prozedurari. Lanpostu horrek koordinatzaile eginkizunak izanen ditu (D mailarekin/taldearekin parekatua, 05-01 kodea plantilla organikoan), eta funtzionario araubidean beteko da. Era berean, aldi baterako lan-kontratuetarako izangaien zerrenda bat eratuko da.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Martzillan, 2022ko abuztuaren 4an.–Alkatea, Mario Fabo Calero.

OBRA ETA ZERBITZUETAKO PEOIAREN LANPOSTU BAT, KOORDINATZAILE EGINKIZUNAK DITUENA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Kontratazioaren xedea eta baldintzak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da obra eta zerbitzuetako peoiaren lanpostu bat, koordinatzaile eginkizunak dituena, betetzea oposizio-lehiaketa bidez, Martzillako Udalaren zerbitzura jarduteko eta plantilla organikoan sartzeko. Hona hemen lanpostu horren lanpostu-zenbakia eta bete beharreko baldintzak:

Plaza, araubide juridikoa, maila edo taldea, lanpostua:

05-01, funtzionarioen araubidea, D maila, Obrak eta zerbitzuak, koordinatzaile eginkizunekin.

1.2. Kontrataziorako baldintzak.

–Probaldia: Bi hilabetekoa izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatzen edo desegiten ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

–Lanaldia: astelehenetik ostiralera, goizez (7:00etatik 14:30era). Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek alda dezakete.

–Ordainsaria: Honako lansari hauek izanen ditu lanpostuak: D mailari dagozkionak honako hauen arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamendua. Orobat, esleitzen zaizkion osagarriak, baldin eta administrazio kontratatzailearen plantilla organikoan ezarrita badaude.

–Eginkizunak: Hona hemen gauzatu beharreko eginkizunak:

Gainbegiratzeko erantzukizun orokorrak:

–Arloari atxikitako langileak koordinatzea, alkatetzak eta/edo hirigintza-zinegotzigoak ezarritako jarraibideen arabera.

–Bere kargura dauden langileen lanaren jarraipena eta kontrola egitea, eta lantaldearen lan-kargak banatzea, eskura dauden baliabideen eta aurreikusitako epeen arabera.

–Lan-programaren arabera, lana behar bezala egiteko behar diren ekipamenduak (makineria, materialak, erremintak...) kontratatzeko premiak proposatzea, behar besteko aurrerapenarekin, geldialdiak edo atzerapenak saihestuz.

–Bertaratzearen, ordutegi-kontrolaren eta lan-parteen jarraipena egitea.

–Gainbegiratzea behar diren segurtasun neurri guztiak betetzen direla zeregin bakoitzean.

Berariazko eginkizunak:

–Bide publikoan edo eraikinetan egiten diren lanetan ordena eta garbitasuna ezartzeaz eta mantentzeaz arduratzea; bide publikoko objektuak jasotzea.

–Egokitzat jotzen diren hobekuntzak proposatzea, zerbitzu publikoek ongi funtziona dezaten.

–Gertatzen diren matxurak, gorabeherak, larrialdiak, zailtasunak eta desbideratzeak konpontzea, eta behar diren ekintza zuzentzaileak egitea.

–Hondakinen Mankomunitatearekin koordinatzea, eta ur beltzen sarea mantentzen laguntzea.

–Garbigunea kudeatzea.

–Hustubide-ponpen ekipo elektrogenoak kontrolatzea euria egiten badu.

–Lorategietako ureztatzeak programatzea.

–Arduratzea eremuan dauden instalazioak eta bitartekoak behar bezala erabiltzeaz, kontserbatzeaz eta mantentzeaz.

–Arduratzea pirotekniarako (suziriak, zezensuzkoak, su artifizialak) beharrezkoez: prestatu, muntatu, gainbegiratu eta gauzatu.

–Herri-ekitaldiak prestatzea eta muntatzea (jaiak, entzierroak, herri-bazkariak, su artifizialak, kontzertuak, kirol-lehiaketak...). Hesiak muntatzea eta ateak kontrolatzea (urtean bi aldiz).

–Alarmak kontrolatzea biltegian eta udal eraikinetan.

–Kontrolatzea erosketak, alokairuak eta azpikontratazioak arlorako eta garbiketa-hornitzaileentzat, eraikuntza-materialentzat, produktu kimikoentzat, erremintentzat eta abarrentzat. Materiala erosteko fakturak eta albaranak jasotzea, zaintzea eta entregatzea, ondoren udal-diruzaintzak egiazta ditzan.

–Kontrolatzea tresneriaren, ordezko piezen eta materialen biltegiko ordena eta garbitasuna. Kontrolatzea ibilgailuen egoera (furgonetak, ibilgailu industrialak...) eta aldizkako azterketak egitea.

  • Lanerako prest eta lokalizatzeko moduan egotea ohiko txandatik kanpo (prestasun berezia, aparteko larrialdietan arreta emateko) eta, oro har, egitea arestian deskribatutako zereginen antzekoak eta zerbitzuaren ondorioz agintzen zaizkion eta lanpostuak berezkoak dituen zeregin guztiak.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek bete beharko dituzte honako betebehar hauek:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

e) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

f) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokidea. Edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, frogagiriak eduki beharko dira, agertzen dutenak baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.

Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

3. oinarria–Eskabideak eta dokumentazioa.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Martzillako Udaleko Erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hamabost (15) egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Martzillako Udalaren bulegoetan; Internet bidez ere eskuratzen ahalko da, http://www.marcilla.es helbidean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1. Nortasun agiri nazionalaren kopia.

2. B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.

3. Eskatzen diren ikasketen tituluak.

4. Deialdiaren araberako merezimenduak.

5. Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. oinarria.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Mario Fabo Calero, Martzillako Udaleko alkate udalburua.

–Ordezko epaimahaiburua: José Manuel Cantín García, Martzillako Udaleko alkateordea.

–Epaimahaikidea: Esther Villanueva Úcar, Martzillako Udaleko zinegotzia.

–Ordezko epaimahaikidea: Josu Villanueva Francés, Martzillako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: María Soledad Ayensa Méndez, Martzillako Udaleko ordezkari sindikala.

–Ordezko epaimahaikidea: José María Garrido Sánchez, Martzillako Udaleko ordezkari sindikala.

–Idazkaria: Iranzu Munárriz González, Martzillako Udaleko idazkari kontu-hartzailea.

–Ordezkoa: hura legez ordezten duena.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria–Hautapen-prozesua.

6.1. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioak honako proba hau izanen du: Ariketa bat teorikoa: erantsitako gai-zerrendako gaiei buruzko 60 galdera teorikori idatziz erantzun beharko zaie. Galdera bakoitzean hiru aukera emanen dira, eta bat bakarra izanen da baliozkoa.

Probak 90 minutu iraunen du, eta baztertzailea izanen da.

Zati honetan 60 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez. Erantzun zuzen bakoitzari puntu 1 emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 lortu behar da gutxienez (18 puntu).

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

Epaimahaiak erakundearen iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta bost egun naturaleko epea irekiko du interesdunek egoki deritzotena alega dezaten. Alegaziorik aurkeztuz gero, epaimahaiak ebatziko ditu, eta ondoren, eta bitarteko berberak erabilita, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu.

6.3. Lehiaketan honela baloratuko dira merezimenduak: (40 puntu gehienez).

–Lanpostuari dagozkion eginkizunak bete izana administrazioan, bere ardurapean pertsonak izanik: Egindako zerbitzuen balorazioa egiteko 5 puntu emanen dira urte bakoitzeko, deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasunaren arabera.

–Orga jasotzaileko gidabaimena edukitzea: 5 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

8. oinarria.–Gainditzen dutenen zerrenda.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak Udalaren web-orrian eta bertako iragarki-taulan argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Ariketen azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, proba teorikoan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez erabakiko da.

8.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartuko dira hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

8.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak Alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko dira. Deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendatik kanpo geratuko dira, eta galduko dituzte dagokion prozesuan parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak.

8.4. Izangaiei dei eginen zaie sortzen diren beharren arabera eta bat etorriz honako hauetan xedatutakoarekin: lanpostuak aldi baterako betetzeari buruzko arauak ezartzen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne sailburuaren abenduaren 31ko 814/2020 Foru Agindua eta gainerako araudi aplikagarria.

8.5. Deialdi honen bidez osatzen den zerrendak hiru urteko indarraldia izanen du gehienez, onesten denetik hasita.

9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Martzillako Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Lanpostuaz jabetzeak une horretara arte zegoen lanpostuari berariaz uko egitea ekarriko du, eta borondatezko eszedentzia-egoeran geratuko da, lanpostua gorde gabe.

9.2. Jabetza hartzea. Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Martzillako Udalean sartzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Hautaprobak gainditu eta deialdiko lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio, salbu jadanik afiliaturik badago edo izena emanda badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

–Bide-garbiketa arautzen duen udal ordenantza.

–Terraza eta beladoreak ezarri eta erabiltzea arautzen duen udal ordenantza.

–Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantza.

–Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

–Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza.

–Bide publikoaren gaineko udal ordenantza.

–Hilerria arautzen duen udal ordenantza.

–Martzillako kale-izendegia eta kaleen zirkulazio norabideak.

–Matematikako oinarrizko kalkuluak.

–Ortografia.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2211251