173. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

768E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Allingo Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Aldaketak lurzoru urbanizaezinaren araudiaren 65. artikuluari eragiten dio, Mendia ENSak sustatu du.

Allingo Udalak 2022ko martxoaren 2an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da 65. artikuluan arautzen diren parametroetako batzuk aldatzea, abeltzaintzako instalazioak ezartzeko baldintzei buruzkoak. Zehazki, eraikuntzen okupazio-ehunekoa aldatzen da (%25etik %50era igotzen da), bide eta abelbideetarainoko distantziak 25 metrotik 10 metrora jaisten dira, lurzatiekiko muga 6 metrotik 3 metrora, eta errepideetarako distantziak arautzen dira, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Aplikazio eremua Allingo udal mugarte osoa da, eta, zehazki, abeltzaintzako instalazioak baimendu daitezkeen nekazaritza-lurzoruak. Hau da, natura aldetik ustiatzeko balioa izanik gorde beharreko lurzoru urbanizaezina (balio ertaineko lurzorua).

Biodibertsitatearen Zerbitzuak, 2022ko apirilaren 28an, errekerimendu bat egin zuen paisaia-inpaktuei aurrea hartzeko asmoz eta mota horretako abeltzaintza-eraikuntzak udalerri osoko paisaian integratzen direla bermatzeko asmoz.

Eskakizun horiek 65. artikuluaren idazketa berrian sartu direla ikusita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazten du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Allingo Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile baten gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak lurzoru urbanizaezinaren araudiaren 65. artikuluari eragiten dio, eta Mendia ENSak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Allingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2210878