172. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

770E/2022 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Oteitzako Baigorri Salada parajean kokatutako 2.962 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Biurrun SL da proiektuaren sustatzailea.

Ingurumen eraginaren ebaluazio prozedura arruntari hasiera emateko, 2021eko abenduaren 9an Ganados Peralta SLk zerri gizendegiaren instalazioaren proiektua aurkeztu zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, proiektua sartzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 3 epigrafean. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena

2021eko ekainaren 21ean, proiektuaren titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2021eko uztailaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez (173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Jendaurreko informazioko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak honako hauei egin zien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari; Lurraldearen Antolamenduaren Atalari; Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari; Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua); Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia); Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua); eta Oteitzako Udalari. Honako hauen erantzunak jaso dira espedientean: Ingurumen Eraginaren Atalarena, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalarena, Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, Animalien Ekoizpenaren Atalarena eta Oteitzako Udalarena. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Txosten honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioko aldiaren emaitzen laburpenak.

2021eko abenduaren 2an, proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zion titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. 2021eko abenduaren 9an, zerbitzu horrek espedientea bidali zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.

2022ko uztailaren 26an, titularrak ezarpenerako eta lurzatia urbanizatzeko aukeren azterketa aurkeztu zuen eranskin batean, eta instalazioa berdintzeko egin beharreko jarduketak eta lur-mugimenduak deskribatu zituen.

Azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa

Zerri ustiategi intentsibo bat ezartzea proiektatu da, gizentzeko 2.962 plazarako, lehorreko zereal soroa dagoen lurzati batean, Guadañongo eskortaren ondoan, Baigorri Salada parajean, Oteitzako udalerriaren hegoaldean.

Instalazioaren zati bat ibarbide txiki batean kokatuko da, Ega ibaiaren ezkerreko ertzean drainatzen den arro txiki baten glazisean dagoen paisaia ireki eta uhinduaren barruan. Eremuaren eraldaketa osatu ez bada ere, kokalekua Nafarroako Ubidearen 1. fasearen zabaltzearen eraldaketa-eremuaren barruan dago, eta horrek aldaketak ekarri ditu lurzatien erabileran, labore ureztatuen mesedetan.

Ikuspegi naturaletik, eraldatzen ari den eremu horrek 738 hektareako masa hartzen du, goragune eta sakonune txikiak dituen hegal batean, Ega ibaiaren eta Arga ibaiaren arteko eremu pseudoestepikoan. Proiektuaren eraginpeko eraldatu gabeko eremuan, azpiegiturarik gabeko kalitate handiko mosaiko bat identifikatu da. Bertan, lehorreko zereal soroak eta landaredi naturala (arteak, sastrakadi mediterraneo esklerofiloa, larre xerofilo bizikorrak) tartekatzen dira, eta haiek okupatu egiten dituzte lurraren irtengune gogorrak eta sakanetako ibilguak eta laborantza lur ureztatuak.

Eremu horretan, proiektuak minden zati bat nekazaritzako ongarri gisa balorizatzea aurreikusi du. Gainera, lugorriz egindako “bi urtetik behin” laborantzako aprobetxamendu tradizionalak eta habitat naturalen presentziak estepako fauna egoteko baldintza egokiak sortzen dituzte. Hortaz, estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu batzuk daude: “Riomayorko ingurua, kategoria ertaina; “Baigorri Hegoaldeko ingurua”, kategoria altua; “La Baigorrana”, kategoria oso altua; eta baita, hegoaldean, “Lizarrako Erriberako igeltsuak” kontserbazio bereziko eremua (ES2200031 KBE) ere, habitaten presentziagatik balio handikoa.

Instalazioak simaurra banatzeko lurralde-plan bat du, eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko azken bi interes eremuen eta “Lizarrako Erriberako igeltsuak” KBEaren % 47 hartzen du (115 ha). Dena den, azalera hori zertxobait txikiagoa da, kontuan hartzen bada jarduerak ez duela baso-lurzoruan banatuko.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau aztertuta, ikusi dugu, baliabideen kontsumoaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gain –Ingurumen baimen integratuaren espedientean zehazten eta baloratzen diren ondorioak–, hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, faunako espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: faunaren gaineko eraginak (hegaztien gainekoak batez ere), estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuarekin eta “Lizarrako Erriberako igeltsuak” KBEarekin lotutako nekazaritza sistemaren babesa, paisaiaren eraldaketa eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Ildo horretan, katalogatutako espezieen babesa indartze aldera, ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzetan neurri espezifikoak sartu dira, KBE eta EANKIE eremuetan abeltzaintzako simaurrak banatzeari eragiten diotenak. Neurri horiek bermatzen dute jarduerak dakarren ibilgailu trafikoak ez duela eragin nabarmenik sortuko katalogatutako estepako hegazti espezieak ugaltzeko garaian. Gainera, ustekabean ur-putzura iritsi ahal den fauna itotzea saihesten dute. Azterlanak, era berean, neurri zuzentzaileak jasotzen ditu instalazioa erliebearen formetara egokitzeko eta paisaiaren aldetik integratzeko.

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean edo katalogatutako espezieetan, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aldekoa, Oteitzako Baigorri Salada parajean kokatutako 2.962 plazako zerri gizendegiaren instalazioaren proiektuari buruz. Proiektua Biurrun SLk sustatu du.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Jarduerari lotutako trafikoaren arabera, lehentasuna emanen zaio proiektuan aurreikusitako sarbideari, NA-601 Arrizabalaga-Lerin errepidetik abiatzen baita azken herri horretatik hurbil dagoen puntutik. Sarbide horrek estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuaren barruko ibilbide laburra egiten du, bertan biltzen baitira katalogatutako abifaunaren begiztatzeak.

–Simaurraren, mindaren edo horren deribatuen balorizazio materiala ongarri gisa aplikatzen denean kontserbazio bereziko eremu baten barruan edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu baten barruan, jarduerak sortutako simaurrak kudeatzeko planak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Banaketak abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko ezarritako protokoloa bete beharko du. Protokolo hori ebazpen honen eranskinean dago.

b) “Lizarrako Erriberako igeltsuak” KBEaren barruan, ez da minda eta simaurrik banatuko karstifikatutako lurretan edo minda edo haren deribatuak akuiferoekin edo iturriekin kontaktuan jartzen dituzten lur oso iragazkorretan.

c) Minda banatzeari dagokionez, KBEaren barruan dauden urtaroko errekak (kudeaketa-planean jasotako Sardako errekaren ondoko lurzatiak barne) ibilgutzat hartu beharko dira, eta ibilgu ertzetik 35 metroko tartean ez da mindarik banatuko.

d) 35 metroko banaketa-murrizketa bera ezartzen da honako eremu hauetarako: Ega ibaiaren ezkerreko ertzeko lurzatiak, Sardako erreka-zuloarekin mugakide direnak; “Corraliza de la Sarda” eta “Corraliza de Uson” parajeetan jariatze-sakanaren ondoan daudenak, hegoaldean eta mendebaldean, hurrenez hurren; eta Saladoko erreka-zuloaren ondoan dagoena, eskuinaldean. Horiek guztiak KBEan sartuta daude, eta murrizketa hori simaurrak kudeatzeko planean jaso beharko da.

–Ustiapena maneiatzeko eta abere hilak kudeatzeko sisteman, aukeren bila dabiltzan animaliak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da, inguruetako basa hegaztiak harrapatzen aritu baitaitezke. Hildako animaliak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek animalien hondakinetara iristea saihesteko.

–2021eko azaroko dokumentazioaren eranskinean aurreikusitako neurriak aplikatuko dira, putzura ustekabean sartzen ahal diren animalien irteera bermatzeko. Horrela, putzuko ezpondetako bat, gutxienez, gehienez ere 2H:1V-ko maldan jarriko da, eta sare zurrun zimurtsu bat jarriko da ezpondaren hedadura osoan.

–Paisaiaren integrazioa errazte aldera, instalazioa bidetik ezkutatuko duten landaketak eginen dira, urbanizazio ondoko lursailaren hegoaldeko eta mendebaldeko mugan karraskaz (Quercus rotundifolia) eta abaritzez (Quercus coccifera) osatutako zuhaitz-pantaila, hain zuzen. Era berean, minda putzuaren mendebaldeko ezpondaren gaineko landaredi-masari jarraipena emanen zaio, zuhaixkak ereinda.

Alternatiba gisa, zuhaitz-landaketaren ordez olibondo-landaketa egiten ahalko da, landaketa-esparrua eta hazteko inausketak egokituz, antzeko estaldura izan dezaten.

–Nolanahi ere, ureztapena jarriko da landatzeko, landareen sustraitzea eta hazkunde azkarra bermatzeko, eta helburu hori bermatzeko behar diren zainketak emanen zaizkio jardueraren bizitza osoan zehar.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, bete beharko da Kanpo-argiteriako instalazioetako eraginkortasun energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

–Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi-puntuek emandakoak, % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi-puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala, argi emisioen mugak.

–Proiektuan argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argien kasua, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio-lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.

Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak

–Lanen hasieran, zelaigunea zuinkatu eta balizatu beharko da (instalazioen azken okupazioa, lur-erauzketen buruaren hondeaketa-ertza eta lubeten oineko betelana kontuan hartuta), lanek eragin beharreko eremua mugatzeko, eta lanen ondoko landaretza naturaleko habitatak okupatu gabe.

–Hautatutako irtenbidearen arabera, hondeaketa- eta betelan-ezpondak etzanak izanen dira, 2H:1V-ko malda izanen dute gehienez, eta ez dira 3 metrotik gorakoak izanen lur erauzketen kasuan, eta 4 metrotik gorakoak lubeten kasuan.

Ezponda horien ingurumen integraziorako (landa ereitea eskatzen den obrek eragindako gainerako eremuetarako bezala), landare-lurra zabalduko da bukatutako gainazaletan. Belarra ereinen da, eta zurezko espezie hauetatik gutxienez hiru gehituko dira: Lavandula latifolia, Helichrysum stoechas, Thymus vulgaris, Dorycnium pentaphylum, Santolina chamaeciparisus.

–Sarbide guztiak (obretakoak eta behin betikoak), materialen pilaketa eta makinen zirkulazioa zelaigunearen barruan eginen dira. Jardueraren elementu osagarriak konfiguratu beharko dira (siloak, kargategiak, hornidura-lerroa eta ur-biltegirako sarbidea), lurzatiaren barruko landaredi-esparruek eraginik izan ez dezaten jarduera gauzatzean edo mantentzean.

–Lanen hasieran, landare-lurra atera eta metatuko da (lurzoruaren azaleko horizonte emankorra), indusketako gainerako lurretatik bereizita. Lurzatiaren beraren nekazaritza eremuan betelanetarako erabiltzen ez diren soberako lurrak eta obra-hondakinak baimendutako zabortegira eraman beharko dira, eta ez dira biltzen edo uzten ahalko obren ingurunean.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza

–Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

–Fauna nekrofagoa gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartutako neurriari buruzko dokumentazio grafikoa.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41,4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, hargatik eragotzi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta basozainei jakinaraztea (Tafalla-Zangoza demarkazioa), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Zerri gizendegi bat jarri nahi da Oteitzako 7. poligonoko 370. lurzatian. Ustiategia bi nabe berdinek osatuko dute. Biek batera 2.962 gizentze plaza izanen dituzte, itxitura sanitario beraren barruan, eta dagozkien siloak, lokal tekniko osagarri bat eta mindak eta ura biltegiratzeko kanpoko bi putzu izanen dituzte.

Bi nabe berdin dituen instalazio bat aztertu da, 77,9 x 15,5 metrokoa eta 5,3 metro garai gailurreraino. Oteitzako 7. poligonoko 370. lurzatiaren ekialdeko erdian multzokatuta daude. Ustiategiak sarrerako lokal bat, elikadura-siloak, itxitura sanitarioa, minda-putzu bat (hormigoi proiektatuz iragazgaiztua) eta urarentzako beste bat (plastikozko xaflaz iragazgaitza) izanen ditu, biak hondeatuta. Proiektuak lurzati ondoko ur-hargune baten bidez aurreikusten du ur-hornidura, eta argindar-hornidura gasolioz elikatutako sorgailu elektriko baten bidez.

Proiektatutako nabeak lurzatiaren hego-mendebaldeko mugako goragune batean jarriko dira paraleloan, bidearen ondoan, lurzatiaren ekialdeko erdian, zabor-legarrez egokitutako zabalgune baten gainean. Zabalgune horretan, barnealderantz, minda-putzua eta hego-ekialdean ur-putzua kokatuko dira, eta 3.042 m³ gordineko eta 923 m³-ko edukiera izanen dute, hurrenez hurren. Nabeek bi isurkiko estalkia izanen dute, eta hobien gaineko ostatua; horien sestra lurraren aurrean altxatuta egonen da. Minda-putzua erdi hondeatuta egonen da, lurrak iparralderantz behera egiten duela aprobetxatuz, eta 2H:1V-ko ezpondak izanen ditu. Kanpoko xafla batez estalita egonen da, eta plastikozko xaflaz iragazgaiztuko da. Ur-putzua lubetaz eginen da erabat, eta 1H:1V-ko ezponda duen plastikozko xaflaz iragazgaiztuko da. Alde batean etzanda egonen da, faunari ihes egitea errazteko.

Instalazioak argindar-hornidura izanen du, gasolioz elikatutako multzo elektrogeno batetik abiatuta, eta ur-hornidura Oteitzako goragune partikular bateko hargune batetik etorriko da, lurzatitik gertu, bertara sartzeko pistaren ondoan. Instalaziora 5,7 km-ko nekazaritzako pistatik sartzea aurreikusi da, NA-601 Arrizabalaga-Lerin errepideko 44+686 kilometrotik abiatuta, jarduketa berririk egin beharrik gabe.

Aurreikusitako ingurumen-neurrien artean eta plangintzaren arabera, lurzatian okupatutako zatiaren ekialdeko, hegoaldeko eta iparraldeko mugetan perimetroa landatzea aurreikusi du proiektuak.

20 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, abereak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta zikloen artean huste sanitarioa eginez. Ustiategiak aurreikusitakoaren arabera, 2.298 m³ minda balorizatuko dira, nekazaritza ustiaketarako zabalduta 115 ha produktibotan, eta ustiategian hildako animalien gorpuak kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 1.533 tona pentsu, 5.924 m³ ur eta 1.000 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Oteitzako Udala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan Iruña

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak zonaren ingurumen balioak azaltzen ditu. Balio horiek eraldatu ez den eremuaren zatia kalitate handiko mosaiko-paisaiarekin parekatzen dute, azpiegiturarik gabe eta basafaunarentzako habitat egokiekin. Proiektuaren esparruan, estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu batzuk identifikatzen ditu: “Riomayorko ingurua”, “Baigorri Hegoaldeko ingurua”, “La Baigorrana” eta “Lizarrako Erriberako igeltsuak” kontserbazio bereziko eremua (ES2200031 KBE) lurralde-balioa duten elementuak dira, eta simaurrak kudeatzeko planak mindak baloratuko dituen lurralde-eremuaren zati handi bat jasotzen du.

Ingurumen inpaktuaren azterketak honako hauek ebaluatzeko eskatzen du: paisaiaren gaineko metatze-inpaktuak, habitaten kontserbazioa, KBEaren eta EANKIEaren gaineko eraginak, eta 7.200 plazako beste instalazioa. Azken hori titularrak berak sustatu zuen 6 kilometro baino zertxobait gutxiagora, eta horren izapidetzea aldi berean hasi du. Azterlana egiteko, alternatiben azterketa bat egin beharko duela adierazi du. Azterketa horretan, ustiategi bakarra osatzeko aukera jaso beharko da, bi proiektuen baldintza onuragarrienekin, banaketa-planeko lurzatien kokapenari dagokienez, eta txostenean adierazten diren alderdi kritikoak kontuan hartuta.

Horrez gain, simaurrak banatzeak ingurune naturalean duen eragina baloratzeko eskatu du, kontserbazio bereziko eremuetako (KBE) edo EANKIEko lurzatietan banatzeko neurri egokiak aurreikusiz. Gainera, ustiategia maneiatzeko sisteman sartu beharreko jarraibideak baloratzeko ere eskatu du, bereziki garbitasunari, pentsuagatiko elikadurari eta hildako animalien kudeaketari dagokienez. Hori guztia animalia oportunistak inguratzea saihesteko.

Aurreko guztia kontuan hartuta, txostenak dokumentazioak bete beharreko baldintza batzuk zerrendatzen ditu. Hor sartzen dira: instalazioa berdintzeko lur-mugimendua deskribatzen duen kapitulu bat; paisaia-inpaktuaren azterketa; usainen emisioaren eragina, batez ere inguruko herriei eragindako eragozpenei dagokienez; ur-putzuan fauna ustekabean ez itotzeko neurriak indartzea; eta kanpoko argiteriaren diseinua, gaueko zeruaren babesa kontuan hartuta.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, “Erdialdeko Zonak” 4. LAPak (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko muga edo berezitasunak ezartzen ahal dituelako. Lurzoruaren sailkapenaren arabera, babes bereziko eremuak eta arrisku naturalengatiko lurzoru babestuak eta faunarentzako interes bereziko eremuak dira horiek. Estepako eremuak, bai eta lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutako beste zenbait figura ere. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat egitea. Bereziki, ohartarazten da lurzatiko lurzoruaren zati bat II. Nekazaritzako II. Motan sartuko litzatekeela, eta, beraz, nekazaritzarako gaitasun handiko lurzoru kategoriarekin bateragarria dela justifikatu beharko du proiektuak, eta Lurzoru eta Klimatologia Bulegoaren Atalaren txostenak ematen duenaren mende egonen da.

Oteitzako hirigintzako udal planeamenduari dagokionez, lurzatia nekazaritza eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela adierazten da. Lurzoru horretan, lurzorua babesteko araubidearen arabera, abeltzaintza intentsiborako instalazio isolatuak baimendu daitezke, eta udal txostenaren esku uzten da egiteko dauden alderdi batzuk argitzea.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazten da.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen-baldintzak (148/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen-baldintza teknikoak ezartzen dituena), bai eta otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuan (zerri-haztegi intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena) ezarritako baldintzak ere herriguneari dagokionez. Gainera, eskortako hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiboari dagokionez ezartzen diren teknika erabilgarri onenak betetzen dira.

Azkenik, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretua betetze aldera, ohartarazi du egokitu egin beharko direla elikadura pentsuaren proteina gordinaren gehieneko edukiak, eta zenbait teknika edo tekniken konbinazio baliatu beharko direla zerritokiko eta mindak gordetzeko putzuaren amonio isurketak % 60 eta % 80 murrizteko, hurrenez hurren, erreferentziako tekniken emisioekiko.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Oteitzako Udalak bere txostenean adierazi duenez, proposamena bat dator udalari hirigintza-bateragarritasuna balioesteko aurretik bidalitako kontsultarekin, eta, horri dagokionez, aurreikusitakoa baimendu daiteke, nekazaritza eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinean baitago (B mota). Proiektuak Oteitzako herrigunearekiko duen distantzia nabarmena adierazten du, biztanleei eragozpenak eragiteari eta paisaian interferentziak eragiteari dagokionez.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza-plana

Izapidetzean ingurumen eraginaren azterketa bat sartu da, ingurumen baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin eta ingurumen eraginaren ebaluazioarekin koherentea, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa barne. Bertan, hautatutako alternatiba aukerarik mesedegarrientzat jotzen da ingurumenaren ikuspuntutik, eta bereizi egiten da proiektua sustatzaileak eremu horretatik hurbil izapidetzen duen beste garapenetik.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak proposatuz. Proiektuak hartutako neurriak, alde batetik, prebentziozkoak dira, obrek proiektuaren eremuan duten eragina mugatzeko eta funtzionamenduan zehar ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko. Bestalde, proiektuak simaurrak kudeatzeko plana egokitu du, eta ustiategira sartzeko alternatiba bat azaldu du, EANKIEaren barruan ibilgailuen ibilbidea murriztuko lukeena.

Ingurumen eraginaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde plan bat barne hartzen du. Plan horrek azaleraren % 48 betetzen du (54 ha) aipatutako EANKIE eremuetan eta “Lizarrako Erriberako igeltsuak” KBEan. Eremu horretan banatzeko, abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa edota simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa aplikatzea aurreikusten da.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

IV. ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltegi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak eragina badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta dagoen lurzatiren batean (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 Sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, faunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatze aldera.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Leku horietan minda zabaltzeko, banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiekiko tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Otalur edo alfer lur horiek, bereziki intereseko habitatak badira –KBEan zein hortik kanpo egon–, ez dute zeharkako kalterik izan behar, mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren laborantzatik sor daitezkeen jariatzeen edo putzuen ondorioz.

–Debekatuta dago mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, kontuan hartuta bai ibilgu nagusiak bai bigarren mailakoak. Ur masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur-ibilguen eta hezeguneen kutsadura saihestuko da, urtarotarrak zein jarraituak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta erreketako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2210873