172. ALDIZKARIA - 2022ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

334/2022 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte irakaskuntzak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak irakaskuntza horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Arte Ikasketen Atalak 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, irakaskuntza horiek Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibideak eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

I.–Urteko programazio orokorra

1. Urteko programazio orokorraren (UPO) edukia.

Arte eta goi mailako diseinu eskolek, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra prestatuko dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, eskolaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela. Urteko Programazio Orokorra, ahal dela, telematika bidez prestatuko da, eta EDUCA aplikazioan idatzi eta argitaratuko da. Behin onetsirik, EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza-komunitateak eskura izan dezan.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (LOE) ezartzen duenari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.–LOEn araututako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak kasuan kasuko ikasketa planetarako.

C.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa

E.–Memoria administratiboa.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

G.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

H.–Kontingentzia Plana.

I.–Arreta ez-presentzialaren plana.

J.–Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.

A.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ordutegia zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko.

Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Ikasleen eskola ordutegia.

b) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu banaketa.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30a baino lehen, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

B.–Irakaskuntza-jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, diseinuko goi mailako irakaskuntzen irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, ordutegiak prestatzeko erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, eta programazio didaktikoak.

C.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.

Ildo horretan, arte eta goi mailako diseinu eskolek ikastetxearen prestakuntza plan instituzional bat ezarriko dute, 35 orduko nahitaezko prestakuntza izanen duena.

Ikastetxearen prestakuntza plana zuzendaritza-taldeak finkatu eta antolatuko du. Planifikatzen diren prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle talde jakin bati zuzendu ahal izanen zaizkio.

Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Izan ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

2022-2023 ikasturtean, Ikastetxearen Plan Digitala prestatze aldera, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza-ekintzen programa bat ezarriko du, 10 ordukoa, aipatu plan hori garatzeko. Prestakuntza ekintza horiek prestakuntza instituzional gisa hartuko dira, eta, beraz, irakasle guztiek egin beharko dituzte nahitaez.

Goian azaldutako prestakuntza hori lehentasunezkoa dela deusetan galarazi gabe, prestakuntza instituzionaltzat hartuko da, orobat, ikastetxeak, zuzendaritza-taldeak gidaturik, beste proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko lerroetan parte hartzea Hezkuntza Departamentuak proposaturik, bai eta ikastetxeetako klaustroaren eta irakasle taldearen lanaren ondoriozko prestakuntza beharrei erantzuteko jarduerak ere.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea borondatezkoa izanen da.

35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

2022-2023 ikasturtean, konpetentzia digitala (laborategiak) garatzeko eta LOMLOE ezagutzeko antolatzen diren prestakuntza jarduerak berriz eskuragarri egonen dira berritik sartzen diren irakasleentzat.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako programatzen diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek helburu izanen dute irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzea.

E.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bertan, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua sartuko da.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Jarduketa-planean programazio didaktikoak prestatu eta berrikusiko dira.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak indarrean dagoen araudiari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du, eta modu egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

G.–Curriculum proiektua.

Ikastetxeak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu diseinuko goi mailako irakaskuntzak. Agiri horietan, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez diseinuko goi mailako irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko).

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1. Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Diseinuko goi mailako ikasketen konpetentziak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakaslana, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

2. Tutoretza planaren ezarpena.

3. Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestaketa-lana koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa-plana, hezkuntza-proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta departamentuei dagokie horiek prestatzea.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaskuntza jarduera. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko programazio bateratuan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera modu objektiboan har daitezkeen eta neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpideak eta prozedurak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

H.–Kontingentzia Plana.

Pandemia egoeraren ondorioz beharrezkoa bada, ikastetxeek hezkuntza jarduera antolatzeko eta prebentziorako kontingentzia plana eguneratu beharko dute, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien garatzen dela bermatzeko.

Plan horrek bete beharko ditu Hezkuntza Departamentuak ezarritako berariazko jarraibideak.

Pandemia egoeragatik beharrezkoa baldin bada, zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen diren irakasleak izendatuko ditu, 2022-2023 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

I.–Arreta ez-presentzialaren plana.

Ikastetxeak arreta ez-presentzialaren plan bat prestatuko du, arreta akademikoa bermatzeko hezkuntza arreta presentziala etenez gero.

Arreta ez-presentzialaren planak honako atal hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza arreta ez-presentzialaren antolaketa.

b) Ikasketa planeko irakasgaiak emateko irakaskuntza-plangintza.

c) Gune, aplikazio eta baliabide digitalen erabilera.

d) Tutore lana ikasleekin.

e) Irakasleen koordinazioa.

f) Simulakroak egitea (proba berriak egitea).

g) Zuzkidura teknologikoa: ekipamendua eta konektibitatea.

h) Konpetentzia digitala indartzeko plana. Hezkuntza arreta ez-presentziala antolatuko da arreta emateko bai konfinatutako ikasleei, bai eta ikastetxe osoari ere, erabateko konfinamendua izanez gero.

Irakasleek zehaztuko dute zer arreta emanen zaien ikasleei ikasgai bakoitzean. Zuzkidura teknologikoari probetxurik onena ateratzeko, ikasturtearen hasierako egunetan, irakasleek beraiek emanen dizkiete ikasleei, ikastetxearen plangintzaren arabera, baliabide teknologikoak era egokian erabiltzen ikasteko behar diren eskolak, beharrezkoa izan baitaiteke gerta daitezkeen egoerei aurre egiteko.

J.–Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.

Beharrezkotzat jotzen da hausnarketa-prozesu bat bultzatzea, egungo testuinguruaren errealitatera egokitutako diagnostiko bat egin ahal izateko eta, ondorioz, zer hobetu hauteman ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, ikasturte honetan jarduna autoebaluatzeko tresna bat jarriko da ikastetxeen esku. Autoebaluazioa lan-tresna bat da, zeinaren bidez zuzendaritzak, taldeek eta irakasleek elkarrizketa irekia eta eraikitzailea izan dezaketen, hezkuntza hobetzeko bidean ikasteko, aurrera egiteko eta erabakiak hartzeko. Ikastetxean gauzatuko den hausnarketa-prozesuaren ondorioz, hobekuntza plan bat diseinatuko da, erantzuna emanen diena hautemandako beharrei, orientazio gida baten laguntzaz. Gida hori ororen eskura izanen da eskola kudeaketako EDUCA sisteman.

Ikastetxeek, 2022-2023 ikasturtean, hiru mailatan eginen dute autoebaluazioa:

a) Ikastetxeko zuzendaritza, Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen (KPB) laguntzaz.

b) Sailak

c) Irakasleak.

Ikastetxearen ebaluazio-esparrua eskuragarri dago eskola kudeaketako EDUCA sisteman. Era berean, EDUCAn plataforma digital bat jarriko da ikastetxeen eskura, autoebaluazioa modu objektibo eta zorrotzean egiteko.

Hausnarketa-prozesuan zehar identifikatzen diren indarguneak eta ahulguneak bilduko dira. Hautemandako beharrei erantzuteko, ikastetxeek jarduna hobetzeko planak eginen dituzte, urte anitzekoak, bai orokorrak (ikastetxe guztirako), bai sailetarako. Plan horiek, beraz, 2022-2023 ikasturtean diseinatuko dira, eta haien edukia 2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan aplikatuko da. Ikastetxeek plan horiek prestatuko dituzte EDUCAn horretarako sortutako egituran (Ikastetxea / Dokumentazio instituzionala / Hobekuntza Plana).

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio hobekuntza plana gainbegiratzea, ikastetxeen urteko programazio orokorrei jarraipena egiteko eta gainbegiratzeko esparruaren barrenean.

Zuzendaritza-taldeak, ikastetxearen prestakuntza planaren edukia zehazten duenean, jardunaren autoebaluaziotik eta hobekuntza planetik eratorritako premiak hartu beharko ditu kontuan; izan ere, prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da.

2. UPOa prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, zuzendariak onetsi beharko du; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan, dagozkien adostasun agiriak soilik sartuko dira; ez dira sartuko, beraz, irakasgaien programazio didaktiko osoak. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatuko dute zenbateraino bete den urteko programazio orokorra. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen jarduna

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzek Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan jadanik dauden gobernu organoak eta kide anitzeko organoak partekatuko dituzte.

1. 1.–Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailea.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean jadanik dagoen departamentu egituraren barnean sartuko dira. Hala ere, ikasketa horietan behar bezala jarduten dela bermatzeko asmoz, goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko lana koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek finkatzen dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzaileak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu erabiliko ditu lan horietarako, eta astean zenbatu beharreko multzotik beste 2 ordu.

2. Mugikortasun programen arduraduna.

Mugikortasun programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta gauzatzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburutzak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Eskolako ikasle eta irakasleek aurreikusiak edo eginak dituzten joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eskolako Mugikortasun Programen arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

3. Tutoreak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako tutoreen izendapena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioen etengabeko jarraipena egitea.

4. Zaintzak.

Kontuan harturik Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola-ordu guztietan irakasleen arretapeko guneak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, gune horietan beren ikaskuntza prozesuari dagozkion zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako diren eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Hortaz, eskola ordutegiaren barrenean, zuzendaritza da ikasleen arduraduna; beraz, uneoro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da ikastetxean.

III.–Irakaskuntzen ordu banaketa

1. Alderdi orokorrak.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena egokituko zaizkio indarra duen araudian ezarri denari.

IV.–Irakasleak

1. Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

2. Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola orduak.

Oro har, ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola ordutzat.

Astean egin beharreko eskola orduen kopurua Hezkuntza Departamentuak ezarritako araudi indardunean finkatutakoa izanen da.

Eskola orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie beren eskola-ordutegitik. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

b) Murrizketa adinaren arabera.

Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko dira.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak baturik, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen arteko koordinazio lanetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c), d) eta e) apartatuetan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Lankidetza orduak Diseinuko Urteko Jardunaldiak prestatzen laguntzeko, webgunearen mantentze-lanetarako, Facebook, Twitter, etab.

b) Irakasle taldeek ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

c) Zaintza orduak.

d) Beste batzuk.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

3. Ordutegiak egin, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen kopuruaren berri emanen die departamentuei, eta irakas-karga banatuko du.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Zuzendaritzak onetsiko du ikastetxeko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Irakasle bakoitzaren ordutegiak eta lantokia (bai eskola-orduei dagokienez bai tutoretza-orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez) jasotzen dituen informazioa iragarki-taulako eta ikasketaburuaren bulegoko toki ikusgarri batean eta sarbide guztietan erakutsi beharko da denbora guztian.

4. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean lan araubideko kontratudunak.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera joaten ez denean, ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolean Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja luzatzeko agiriak medikuak zehaztutako maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barnean daudenen kasuan; eta Muface-ren barnean daudenen kasuan, hamabostean edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak hala adieraziz gero. Alta agiri medikorik emanez gero, ematen denetik gehienez ere 24 orduko epean emanen da haren berri.

Bajaren edo altaren berri emateko jatorrizko agiriak Hezkuntza Departamentura igortzeko, bide hauek erabiltzen ahal dira: posta arrunta, aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialaren edozein bulegotan, edo Erregistro Orokor Elektronikoa.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da, ahal den guztietan, komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Agiriak bidaltzearen gaineko gorabeheren berri emateko, aukera osagarri gisa, mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera egonen da, helbide honetara: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, nahitaezkoa da lantokira kopia bat bidaltzea ahalik eta lasterren, lantokiak jakin dezan zehatz-mehatz zein egunetan huts egin behar duen, bajaren bilakaera eta/edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan. Ikastetxearekiko komunikazio bidea ikastetxe bakoitzak erabakiko du, zuzendaritza-talde bakoitzak finkatzen duen funtzionamenduaren arabera.

Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak kontrolatu eta komunikatzeaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa hiru eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak

1. Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2. Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikastetxeko Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko da zer den eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horrek zer ondorio duen.

3. Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea konpetentziak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

Halaber, ikasleek eskubidea izanen dute beren ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.

Ikastetxeak zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak...) arautu beharko du bere plangintza instituzionaleko agirietan.

VI.–Ikasleak onartu eta matrikulatzeko araubidea

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk

1. Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

Informazio akademikoa EDUCA aplikazioarekin kudeatuko da. Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.

Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Zuzendaritza taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeatzailetza eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.

Ikastetxeetan EDUCAren koordinatzaile lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, “EDUCA koordinatzailea” lanpostu osagarria esleituko dio.

Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeen ardura da eguneratuak edukitzea ikastetxean irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen diren langileen eta ikasleen datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, posta elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.

Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, lehenik, ikasleek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei erantzunen die; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.

Oso komenigarria da ikastetxeko langileek EDUCAk gaituta dituen funtzionalitate guztiak erabiltzen ohitzea.

EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutore lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > Ikasnova posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan erabiliko ikasleekin. Posta-kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Google-ko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Gomendatzen da ikastetxeak aplikazioaren erabilera sustatzea ikasleen artean.

3. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.

Kobrantzak eta ordainketak horretarako gaitutako kudeaketako kontu korrontearen bidez eginen dira.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek gastua justifikatzeko dokumentu-euskarria izanen dute beti; batez ere, ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

4. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

4.1. Konpetentzia digitala eta hezkuntzako teknologia.

2021-2022 ikasturtean, zortzi ikastetxe publikotan jarri da martxan Ikastetxearen Plan Digitala (IPD) prestatzeko proiektua. Plan hori garatu ahal izateko, lantalde batzuk sortu dira, zeinetan parte hartu baitute Ikasnovako arduradunek edo hezkuntza-teknologiako koordinatzaileek, zuzendaritza-taldeetako kide batzuek eta ikastetxeetako hainbat ikasmailatako ordezkari batzuek.

2022-2023 ikasturtean, ikastetxeek Ikastetxeko Plan Digitala garatu beharko dute, bakoitzak berea, eta, horretarako, ordu batzuk izanen dituzte, zeinak esleitu ahal izanen baitzaizkio arestian aipatutako eragileetako bati edo bi eragileri; horietako bat Ikastetxeko Plan Digitalaren koordinatzailea izanen da.

Gainera, plana prestatzeko, aholkularitza batzuen laguntza izanen dute, zeinek zehaztuko baitute ikasturtean zehar gauzatu beharreko jardueren kronograma.

Ikastetxeek lantalde edo batzorde bat sortu beharko dute Ikastetxeko Plan Digitala egiteko. Talde hori honako hauek osatuko dute: Ikastetxeko Plan Digitalaren koordinatzailea, zuzendaritza-taldeko kide bat, hezkuntza-teknologiako koordinatzailea edo Ikasnovako arduraduna eta irakasleen ordezkari bat. Gehienez 8 pertsona egotea gomendatzen da.

Ikastetxeko Plan Digitala prestatzeko ikastetxearen hasierako autoebaluazioa egin behar da, jakiteko nola erabiltzen dituzten zuzendaritza-taldeak, irakasleek eta ikasleek hezkuntza-teknologia eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Beharrezkoa da ikasleen %40k gutxienez egin dezan autoebaluazioa. Ikastetxeak aukeratzen ahalko du zein mailatan eginen den autodiagnostiko hori urrian. Ikasleek 20 minutu inguru beharko dituzte galdetegia betetzeko.

Ikastetxeek EDUCAn erregistratu beharko dute Ikastetxeko Plan Digitala, horretarako prestatutako atalean.

Ikastetxeak proposatutako ordu-tarteetako batean esleitu beharko ditu orduak: astelehenean, asteartean edo ostegunean, 09:00etatik 10:30era.

Hautaketa horren bidez, bermatu ahal izanen da, beharrezkoa denean, koordinatzaileak parte hartuko duela, aurrez aurre edo telematika bidez eta guztientzako ordutegian, prestakuntza-jardueretan, esperientzien trukean eta prozesu komunen jarraipena eta ebaluazioa egiteko jardueretan.

Ikastetxeak aukeratutako egunaren berri eman beharko du web-orri honetan:

https://ikasnova.digital/plandigitaldecentro

Ikastetxe publikoak hezkuntza-teknologiaren koordinatzaile bat izanen du, EDUCA aplikazioan hala identifikatuta egonen dena.

Haren egiteko nagusia da irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan hezkuntza-teknologiak txerta daitezen sustatzea. Horrez gain, bere ikastetxeko irakasleak trebatu eta gidatuko ditu, eta informazioa emanen die; gailu eta tresna digitalak erabiltzean suerta daitezkeen zalantzak argituko ditu; ekipamendu guztiak behar bezala etiketatuta eta inbentarioan jasota dauden kontrolatuko du, eta ikastetxearen zerbitzu eskaerak iragazi eta bideratuko ditu.

Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea ez da arduratuko ikastetxearen gailuak gordetzeaz eta kargatzeaz. Eskoletan gailuak erabiltzen dituen irakaslea arduratuko da horiek biltzeaz eta kargatzeaz, beharrezkoa bada.

Funtzio zehatzak Ikasnova atarian argitaratuko dira (https://ikasNova.digital).

Ikastetxeak ordu esleipena errespetatu beharko du proposatutako ordutegian (asteazken goizetan 09:00etatik 10:30era), bermatu beharra baitago, beharrezkoa denean, hizpide dugun arduradun horrek parte har dezan, aurrez aurre edo telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, bai prestakuntza jardueretan, bai esperientzia trukeetan bai eta prozesu komunen jarraipena eta ebaluazioa egiteko jardueretan ere.

Koordinatzaileak ikasleen hezkuntza digital segururako eta errespetuzkorako eskubidea sustatuko du, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren 83. artikuluan xedatutako baldintzetan.

4.2. IKT zerbitzuen katalogoa.

Hezkuntza-teknologiako koordinatzaileak edo zuzendaritza-taldeak ikastetxeko langile guztiei –irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei (AZL)– ezagutaraziko diete IKT zerbitzuen katalogoa. IKT zerbitzuen katalogora sartzeko, zuzeneko sarbide bat izanen da ordenagailu guztien mahaigainean. Eskola kudeaketako EDUCA sistemaren “Aplikazioak” izeneko menutik ere sartzeko modua izanen da.

4.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (ELZ).

Erabiltzailearen Laguntza Zentroak (ELZ) erantzunen die ekipamendu informatikoen, sarearen eta konektagarritasunaren gorabeherei, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan adierazitako zerbitzu-eskaerei ere.

Ikastetxeko irakasleek edo AZLek, ekipamendu informatikoren batean gorabeheraren bat izanez gero, ELZra deitu ahal izanen dute (848 42 50 50) eta zer arazo duten azaldu. Ekipamendua identifikatu beharko dute, haren eranskailuan ageri den inbentario zenbakia emanda.

ELZko langileak ezin badio urrutitik gorabeherari konponbidea eman, IKT ekipamenduaren mantentze kontratua esleitua duen enpresako (gaur egun CONASA da) teknikari bat bidaliko da ikastetxera.

ELZk hartuko ditu IKT zerbitzuen katalogoan eskaintzen diren zerbitzuen eskaerak. Ikastetxeko langile jakin batzuek baizik ezin izanen dituzte eskatu (hezkuntza teknologien koordinatzaileak edo zuzendaritza-taldeko kideak).

4.4. IKT ekipamenduaren inbentarioa.

Zentroetako ekipamendu informatiko guztiak inbentarioan jasota daude, eta bakoitzak bere identifikazio etiketa du (ordenagailuak, pantailak, ordenagailu eramangarriak, chromebookak, chromeboxak, tabletak, proiektagailuak, arbel digitalak, monitore interaktiboak, inprimagailuak eta MIFIak).

Eranskailuak oso garrantzitsuak dira matxura bat dagoenean ekipamenduak identifikatzeko; hori dela eta, ikastetxeak neurriak hartu beharko ditu ikasleek eranskailurik ken ez dezaten. Eranskailu horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du ekipamendu zenbakia (zenbaki hori inbentarioaren online aplikazioan bila daiteke).

Inbentarioko online aplikazioan (GLPI) (https://inventario.educacion.navarra.es/glpi/ edo horretarako gaitutako aplikazio baliokidea) ikastetxe bakoitzak bere ekipo informatikoen inbentarioa ikusten ahalko du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa edo jarraipenak gehitzen ahalko ditu.

IKT zerbitzuen katalogoan aplikazio hori erabiltzeko eskuliburu sinple bat dago.

Ikastetxeko hezkuntza-teknologiako koordinatzaileak aldizka berrikusi beharko du online aplikazioaren inbentarioa, eta bermatuko du ez dela falta ekipamendu bat ere eta ez dela ageri aurretiaz kendutako ekipamendurik.

4.5. IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratua.

Kontratu bat dago ikastetxeetako IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko, eta haren bidez egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak, edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.

IKT zerbitzuen katalogoan kontratu horren laburpena ikus daiteke.

Kontratu horrek barnean hartzen ditu hardwarearen matxurak (piezak edo ekipamendu osoak ordeztea) eta sistema eragilearen arazoak.

Konpondutako edo ordeztutako ekipamendua erabiltzeko prest gelditu behar da; horretarako, baliteke beharrezkoa izatea sistema eragilea berriro instalatzea, inprimagailuak eta arbelak konfiguratzea, antibirusa, inbentario-agentea eta ofimatikako aplikazioak instalatzea eta erabiltzailearen dokumentuak konpondutako ekipamendura pasatzea.

Ez daude estalita erorikoak, nahita egindako kalteak, ekipamendua gaizki erabiltzearen ondoriozko kalteak, lapurretak, gainkarga elektrikoak eta abar. Kasu horietako batzuk Nafarroako Gobernuak kontratatutako aseguru batek estaltzen ditu eta Ondare Zerbitzuak kudeatzen du aseguru hori. Ikastetxeak eman behar du ezbeharraren partea (informazio gehiago hemen: 848 42 32 37).

Informazio horretan guztian aldaketak izan daitezke, aurreikusita baitago laguntza kontratu berri baten lizitazioa egitea eta hura indarrean izatea 2022-2023 ikasturtean. Hori dela eta, gomendatzen da informazio hori zerbitzuen katalogoan kontsultatzea, hor adieraziko baita, azken berriak jasota, zein den kontratu berriaren irismena.

4.6. Ekipamendua erostea. IKT zerbitzuen kontratuak, lizentzia digitalenak eta bestelako IKT hornidurenak.

Hauxe dago jasota unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-taldeei IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT horniduren kontratuak egiteko eskumena eskuordetzen dien ebazpenean:

“Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariek kontratatu ahal izanen dituzte ikastetxearen IKT zerbitzuak, lizentzia digitalak eta IKT hornidurak, irakaslanerako beharrezkoak direnak, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, gastua zentralizatuta badago edo hornidurak eta zerbitzuak arautzeko esparru-akordioa badago.

Eskaintzen diren zerbitzuak hobetze aldera, bai eta ikastetxeetako ekipamendu informatikoaren eta sareen kudeaketa eta mantentzea hobetzeko eta ikastetxeen premiak hobeki ezagutzeko, IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuek (esate baterako, ekipamendu informatikoa, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, monitore interaktiboak, chromebook eta chrometabak, tabletak, inprimagailuak eta proiektagailuak eta antzeko ekipamendu guztiak) izan beharko dute Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren oniritzi teknikoa, diru kopurua edozein delarik ere”.

Esparru-akordio bat dago, eta horren arabera hornitzaile batzuk homologatu dira, eta ikastetxeetarako egokienak diren ekipamendu informatikoak aukeratu (ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, proiektagailuak, monitore interaktiboak, arbel digitalak, chromebookak, pantailak, inprimagailuak, etab.).

Ofizioz baimenduko dira esparru-akordio honetan sartutako ekipamendu-erosketak, 5.000 euro artekoak badira (BEZa kanpo). Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atala jakinaren gainean jarri beharko da.

IKT zerbitzuen katalogoan argitaratuta daude ekipamenduen nahiz hornitzaileen zerrendak, dagozkien eskaera-txantiloiekin, baita ikastetxeek ekipamendua erosteko argibideak ere.

Ikastetxeak ezin izanen du onartu dohaintzan emandako bigarren eskuko ekipamendurik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik.

Ekipamendu berriak dohaintzan emateko, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuarekin kontaktatuko da, dohaintzaren tramitazioa bideratzeko, egoki denean, Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuarekin.

4.7. Softwarea.

IKT zerbitzuen katalogoan hainbat sistema eragileren irudiak daude, ikastetxeek erraz klona ditzaten ordenagailuetan. Irudietan badaude aldez aurretik instalatutako hainbat aplikazio, bai eta ELZk horiek kudeatzeko zenbait soluzio ere.

Hezkuntza-teknologien koordinatzaileak hainbat eginkizun gauza ditzake (horien artean aplikazioak instalatzea) Hezkuntza Departamentuak prestatutako W10 sistema eragilea duten ekipamenduetan (mahaigainean Nafarroako Gobernuaren ikurra ageri da). “Panel nagusia” izeneko aplikaziotik gauza ditzake, zeina ekipamenduen mahaigainetan baitago.

Baldin ekipamendu askotan jarduketak gauzatu behar badira, laguntza eskatu ahal izanen zaio ELZri, zerbitzu-eskaera eginda.

ELZk urrutitik kudea ditzake Hezkuntza Departamentuaren W10 sistema eragilea duten ordenagailu guztiak. Ikastetxeak nahi izanez gero, sistema eragilea edozein ekipamendutan urrutitik instalatzeko eska diezaioke ELZri, edo eska diezaioke askotariko aplikazio informatikoak instalatzeko, Windows 10 duten ordenagailuetan. Hemen dago softwarea instala dezaten eskatzeko informazio guztia:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/serviciostic/solicitud-de-instalacion-de-aplicaciones

Gogorarazten da ezen ikastetxeek obligazioa dutela ekipamenduetan erabiltzen duten eta haietan instalatuta dagoen softwarea legezkoa dela ziurtatzeko.

LOMLOEren 132.d artikuluaren arabera, betebehar hori zuzendariari dagokio, araudiak esleitzen dizkion eskumenei jarraikiz.

Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak software librea erabiltzea gomendatzen du, baldin eta posible bada eta beharrei erantzuten badie.

Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekipamenduren batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.

4.8. Hezkuntza-teknologien koordinatzaileen eta IkasNovako arduradunen prestakuntza.

Ikasturte hasieran, lehenengo aldiz hezkuntza teknologien koordinatzaile lanpostuan arituko diren irakasleek, hau da, hezkuntza teknologien arduradunek eta, 2022-2023 ikasturtean, hezkuntzaren eraldaketa digitalerako arduradun lanpostuan arituko diren irakasleek, prestakuntza egin beharko dute, nahitaez, berdin aurrez aurre edo telematika bidez izan, horretarako gordetako ordutegian (asteazkenetan 09:00etatik 10:30era arte). Prestakuntza saio horietan azalduko zaie, beste eduki batzuen artean, zein den haien egitekoa, zer tresna dauden, nola jokatu beharra dagoen eta Hezkuntza Departamentuko zer baliabide jarri diren ikastetxeen eskura.

Era berean, prestakuntza saio horietara joan daitezke, hala nahi izanez gero, lanpostu horretan ari diren pertsonetatik aurreko ikasturteetan eginkizun hori bete izan dutenak.

Prestakuntza horretarako deia eginen da irakasleari laguntzeko zentroetako hezkuntza-teknologiaren arloko aholkularitzen bitartez.

4.9. Ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babestea.

Hezkuntza-teknologietako koordinatzaileak DBEDBLO (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa) bete dadin ere sustatuko du, ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babesteari dagokionez.

Hezkuntza Departamentuan orrialde bat dago datu pertsonalak babesteari buruzko informazio espezifikoarekin, eta informazio hori zuzendaritza-taldeek jakin behar dute, ikastetxeetako prozeduretan datu pertsonalak tratatzeko arduradunak baitira, eta, horrez gain, datu pertsonalak kudeatu behar dituzten ikastetxeko langileen artean ere hedatu behar da:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-sobre-proteccion-de-datos

Orrialde horretan honako atal hauek daude:

a) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: atal honetan Hezkuntza Departamentuak tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak eskatzen duen informazio guztia dago jasota.

b) Tratamendu jardueren erregistroa: atal honetan tratamenduko jardueren erregistro bat zer den azaltzen da eta Hezkuntza Departamentuak sortu eta argitaratutakoarekin lotzen da.

c) Ohiko galderak. Ohiko galderak: atal honetan azaltzen dira ikastetxeetan datu pertsonalak jasotzeari eta tratatzeari buruz egin ohi diren galderak.

d) Intereseko agiriak: atal honetan datuen babesarekin lotutako ereduak eta intereseko agiriak deskargatu daitezke, bereziki hezkuntzaren alorrekoak.

Horrez gain, irakasleak prestatzeko planaren baitan, online ikastaro bat eskainiko da, “Nafarroako Administrazio Publikoetarako datuak babesteari buruzko oinarrizko ikastaroa” izenekoa, zeinetan irakasle guztiek parte hartu ahal izanen duten. Prestakuntza hori sartuko da, era berean, zuzendaritza-taldeen akreditaziorako ikastaroan.

4.10. Ikastetxeen webguneak.

2021-2022 ikasturtean, kode irekiko edukien kudeatzaile berri bat jarri zen ikastetxe guztien eskura, web argitalpenetarako. Webgune berri bat sortzea eskatzen ahal da formulario honen bitartez:

https://ikasNova.digital/group/guest/solicitud- sitioweb-de-centro-con-liferay

Webgune berriak sortzeko, txantiloi korporatibo bat erabiliko da, eta ikastetxe bakoitzak nahi bezala pertsonalizatu ahal izanen du.

Hezkuntza-komunitatea Educako kredentzialak erabilita sartu ahal izanen da ikastetxeen webgunera.

Bada tresna bat, zeinak errazten baitu webguneetako edukietako batzuk, lehendik daudenak, plataforma berri honetara ekartzea.

Bada tresna bat garatze bidean, webguneko testuak automatikoki itzuliko dituena hainbat hizkuntzatara.

Plataformari eta txantiloiari buruzko informazio gehiago lor daiteke artikulu honetan:

https://ikasnova.digital/w/nueva-plataforma-para-los-sitios-web-de-centro

Izanen dira egun duten webguneari eutsiko dioten ikastetxeak. Ikastetxe horiei laguntza emanen zaie aurrerantzean ere, webgunearen segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko. Mantentze-lan zuzentzailea eginen da; ez da eginen mantentze-lan ebolutiborik, eta ez da emanen arreta pertsonalizaturik.

4.11. Ikasnova ikasgelak.

2021-2022 ikasturtean, gidaritza lana egin da zenbait ikastetxetan, Ikasnova ikasgelak sortu eta erabiltzean. 2022-2023 ikasturtean, esperientzia hori zabalduko da Ikasnova ikasgelaren proiektua egin duten ikastetxeetatik hautaketa prozesua gainditu duten horietara.

Ikastetxeek 3 ordu izanen dituzte proiektua koordinatzeko eta abian jartzeko (Ikasnova SEM). Ordu horiek esleitu beharko zaizkio aurkeztutako proiektuan koordinatzaile gisa ageri den pertsonari, edo edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio erreferentziazko aholkulariari 2022-2023 ikasturtearen hasieran. Pertsona horrek “Ikasnova ikasgelaren koordinatzailea” lanpostua izan beharko du EDUCAn.

Ikasnova ikasgela proiektuaren koordinatzaileak libre izan beharko du ostegunetan 09:00etatik 10:30era bitarteko tartea, koordinazio edo prestakuntza saioak egiteko. Baldin Hezkuntza Departamentuak proposatzen badie, ikastetxe bakoitzeko koordinatzaileari eta zuzendaritza-taldeko kide bati, ikastetxeetara bisitan joatea edo Hezkuntza Departamentuan aurrez aurreko bilerak egitea, Departamentuak kilometrajea bere gain hartuko du. Ikasnova ikasgela bat izanen duten ikastetxeei gomendatzen diegu lantalde bat sor dezaten, aurkeztutako proiektua garatzeko. Hezkuntza Departamentuak aholkularitza-, laguntza- eta mentoretza-zerbitzu bat eskainiko du.

Ikasnova ikasgela bat izateko aukera berriro eskainiko zaie ikastetxeei 2022-2023 ikasturtean, 2023-2024 ikasturtean gauza dadin.

Ikasturte honetan proiektua aurkeztu duten ikastetxe guztiei, aukeratuak izan ala ez, eta Ikasnova ikasgeletan interesa dutela adierazten digun edozein ikastetxeri, gela horien inguruko berritasunen berri emanen diegu, bai eta antolatzen diren prestakuntza- eta informazio-saioen edo jardunbide egokien berri ere.

5. Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

6. Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolez kanpoko pertsonak sartzea.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

7. Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2210710